Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 98. DANIMARKA

BIDAIAK 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/01/11 10:20
HEGOKO UHARTEAK: FALSTER, LOLLAND: Maribu, Nakskov, Nykobirg, MONN.

 

Seelandiako hegoan dauden uharteetan izanen da gaurko ibilbidea.

 

Zubi txipi bat, gaurko lehena; uhartetxoa ondoren, gaurko lehen uhartea hau ere. Ondoren zubi luzeeeeeea itsas gainean, ziklistentzat bide gorria alde batera trenbidea bestera, errepidea erdian; argi-zutabe garaiek luzeagoa egiten dute zubia, trenbideko errailak bezala elkartzen dira bestaldean, zutabeak, errepidea eta gainetiko marra guztiak puntutxo batean bildurik, pintoreentzako perspektiba ariketa aukerakoa.

Zubi gehienetan errepikatzen diren zisneak hemen ere zubi inguruan.

 

 

FALSTER UHARTEA

 

Itsasoari jandako lurraldea dirudi, erabat laua; errepidea, erabat arteza.

Seelandiari buruz esandakoa bera aplika dakioke behealdeko uharte hauei ere.

 

Hirugarren zubia, motxa, ez dirudi uhartera pasa garenik ere, mapan agertzen den arren. Agian nahastu egin naiz zubi honekin nire oharretan, Mariboko aintziran  ere zubia baitago eta itsasoa baitirudi aintzirak. Noiz itsasoa, noiz aintzira, zein nongo zubia...

 

 

LOLLAND UHARTEA

Aintzira eta laku gainean zubia, Maribo aurretxoan: uhartea inguratzen duen itsasoko ura nahikoa ez eta itsasoa dirudien aintzira du erdian. Aintzira ertzean Maribo hiria. Badirudi uharte honetan ia erabat galdu dela lastozko teilatu eta zurajeko etxeen altxorra: noizbehinka bakarrik agertzen da bakarren bat. Trokotetan ebaki eta tolesduran pilatutako su-egurra dago etxe inguru askotan, borobilean tolestutako egurrez egindako pare bat pilo borobil izan dira deigarrienak; oraindik egurra ebakitzen ikusi ahal da zenbait landetxetan.

Nondik ateratzen ote dute egurra, ez baita ageri basorik inguruan; zuhaitz ilarak eta baso-kaskoak soilik ageri dira eta ez dirudi hainbeste egurretarako eman dezaketenik.

Txapazko transformadoreek diraute: Danimarkan ere Iberduerok nazio osoko monopolio du, eta monopolioak nazio osoa du bere atzaparretan: argindarra negozio handia, indartsua da berez, bakartxo batzuen agintekoa. Argindar hariak egurrezko posteetan doaz, txikitako kristalezko kikaretan isolatuta. Ez da ageri gasaren presentziarik.

Orain arteko sagasti bakar zabala; inausiak dituzte gorazko adarrak sagarrondoek, aterkia dirudite albora zabaldutako adarrekin.

 

Igandezaleek ere ez dute irten gaur etxetik.

 

Maribo.

Aintzira alboko gaintxoan kokatua, etxe baxuko herri zabala. Kale luzea du ardatz honek ere, bertan dena da denda eta autoek  orduko 15ean ibiltzeko agindua dute. Bada antzinako hainbat etxe eder, baita behe solairu soileko etxetxoko ilarak ere; horretaz gain Danimarkako etxe txukun baxuak. Plaza, zabala, kale nagusian, bertan udaletxea, iturria, urmaela eta brontzezko emakume biluzia. Herri giroa, jende askorik ez badabil ere, ez kalean ez plazan, agian eguerdi berandua delako: ezkontza udaletxean eta herri-azoka plazan; 4 gaztetxok osatutako taldea ari zen plazan musika egiten furgoneta batean eratutako oholtza mugikorrean. Laku ertzean parkea, ibilaldiak egiteko aproposa, ongi zaindua bide-gorri eta aukera ezberdinekin; inguru polita, ura zikina badago ere; ahate migratzaileak, urte erdirako etorkinak: ogi eske datozkigu; kofiadunak, moko gain zuria duen hegazti beltza alegia,  halako hots ezberdin bitxia ateratzen du: ogi eske etorri zaigu bera ere. Laku gaintxoan eliza, ezberdina da baina ez bitxia, halako sentipen zehatz zaila uzten du: luzea, zuria, presbiteriorainoko buelta osoko koruak zurezko baranda ilunarekin luzeagoa eta zuriagoa egingo balu bezala; pulpitu tailatua esaldi pintatuekin: "incitando, monendo, inspirando, terrendo" dira tailatutako lau irudiak, herriko artistak tailatuak nonbait, mongoltxoak  edo halako aurpegi kokolo bitxiekin, bakoitzak hitzaren betebehar bana azpimarratuz; ederra dirudi bataiarriak gida orriko argazkian, baina "tira" sentipena besterik ez du sortarazten; benetan xelebrea da 1641.go erretaula, Azken Afaria eta gainerako iruditeria zelebrea du:  hau ere herriko artistak egina.

 

Hilik geratu da herria eguerdiko ordu baterako, dena ertzi da, saltokiak ezik, gureetan giroa pizten den orduan itzali egiten da hemen kaleko bizitasuna. Gero azokako mahaiak ere jaso dituzte. Egun-pasa dabilen inguruko lau katu gelditu gara parkean zein kalean.

Kristalezko basoa eta helduleku bitxiko pitxartxo bitxia erosi ditugu azokan. Gehiago dirudi plastikoa basoaren kristalak.

 

Pagadi eta bestelako zuhaitzez baso tantai ederrak Maribo iparraldean; safaria iragartzen dute bidegurutze orotan. Gaztelu batek harrizko hesiz inguratuta du baso itzela: jabego ondo gordea.

 

Bandholm. Arrantzale herria, etxetxo baxu okreek osatzen dute kale sarea; oso bertakoa da agian, baina biluzia eta hitsa dirudi. Kontrastez, itsaso zabala. Portutxoa eta ferrya: kirria dago itsasoa gaurko haizearekin: zisneak bezalatsu mota zuriak dira itsas olatuak lehertzean. Badu alderdi bat txaletxoz osatua. Dorre-orratz zorrotza du elizak: halakoak izanen dira irlako denak berriro gorantz egin dugun arte.

 

Herri piloa zeharkatzen dugu: xumeak, xaloak, pobre itxurakoak: nekazaria ez da aberatsa, bakar batzuk aberatsak badira ere. Bada korta izugarri handirik ere, beti du alboan etxebizitza ikusgarria: nekazari aberatsa. Lurretik bizi da urez inguratutako gizarte hau, arrantzale ordez nekazari: dena da itsaso berdea errepidearen alde bietara.

Kolore ezberdina dute autobusek: orain artekoak horiak zirelakoan nengoen baina uharte honetakoak berde-urdinak dira, agian administrazio barruti ezberdina delako.

 

Kong Svends Hos, Jaettestuen: 5.200 urteko trikuharri erraldoia, orain arte ikusitakoen artean ezberdina eta izugarri handiagoa: harriz bildutako esparru oso zabala; gaina ere estalia du erabat, beraz lauki zabal eta garai itzela da, sekula holakorik iruditu ez dudan bezalakoa. Errepideko ezustea izan da gaur.

 

Nakskov.  Bi kale luze T eran, denda-kale ia bakarrak biak, komertzio oparoarekin; plaza karratua erdian, eta zaldizko militarra plaza erdian, bere bueltan negarra zerion txakur beltza laguntzaile zuen paper-jasotzailea; plaza azpian komunak. Zuraje agiriko etxe banaka ederrak, horiez gain ohizko etxeteria txukuna, taxu eta kolore guztietako etxe ponposo eta potxoloekin. Kariloia duen habe edo dorretxoa erlojuarekin kale-gurutze batean. Badu portua ere, zamaontzien portua, turistontzako ezer erakargarririk ez duena, batere atsegina ez dena; ubide edo itsasadarraren alboan, urpekontzia ur gaineko lehorrean, museo bihurtuta: urrutitik ere entzuten da pelikuletako soinu zorrotz sarkor larria.

Aste barruan etortzeko  aukerako herria dirudi, gaur ardi galduak lez ibili gara kaleetako bakardadean, hitz egitea bera sakrilegioa zirudien isiltasunean.

 

Larunbat arratsaldez autorik ere ez dabil errepidean, basamortu berdea da lurralde osoa, pertsona bat bakarra ez da ageri herri edo atarietan, txakurra ateratzera irten den bat ez bada: ikusi dugun txakurdun bakar bera oso berezia zen aurpegieran. Aurrean edo atzean noizbehinka agertzen zaigun auto bakarra berehala desagertzen zaigu hurrengo bidegurutze edo herrian: bertatik bertarako ibili laburrekoak dira autook; hiri nagusi edo hiri koskortuen sarrera-irteeretan ugaltzen da trafikoa, baina berehala galtzeko.

Aparkaleku arazorik ez dugu gaur.

 

Lautadak eta errepide artezak hego muturrean ere.

Danimarkan ez dugu oraingoz umleitum-omleiding edo desbideratzerik aurkitu, gehienez bide bikoitza batera mehetzea edo argi gorriz norabide biak bide bakarrean sartzea.

 

Rodby eta Rodbyhavn: saihestea erabaki dugu, nahiko antzerakoak baitira bai herri bai portu guztiak; gaur arratsaldez erabat hilak daude eta nekea besterik ez digu ekarriko bertan gelditzeak.

 

Antzar bandoak zeharkatzen dute, ilun, lainope zuria: migrazio bidaia bukatzear, kokagune aldaketa edo ohizko barne hegaldia uharterik uharte, zokorik zoko.

 

Errepideko aparkalekuan bazkaldu dugu ogitartekoa eta fruta, gari-soroei so: zorurik ikusten ez denez, nabigatu egiten dutela dirudite autoek,  gurpilik gabe, gari-buruen gainean leunki narrastuz, ikusezinezko esku misteriotsu batek tiratu edo bultzatuta balebiltza bezala: bitxia da autoen galsoro berdean ontziak itsasoan bezala mugitzen ikustearen efektua.

Bazkal garaian neska-mutil bikotea itxuraldatu zaigu alboan: hondartza edo ibiliko jantzita agertu zaizkigu kotxez eta musika emanaldi baterako etiketaz joan zaizkigu irribarrez.

 

Gazteluak berriro, osagai guztiekin, faisaiak barne.

 

Zubitxoa, Falster uhartean gaude  berriro, etxerakoan orain, hegoagotik.

 

Nykobing. Lolland eta Falster uharteak banatzen dituen itsasadar edo berezko ubide ertzean, gehiago dirudi fiord baten sakoneko herria. Halako irudi berezia eskaintzen du urrutitik: itsasargia herri barruko goian, itsasadar zabala portuan, fabrika garaiak, biltegiak, tximiniak, itsasontzi handiak, gauza ezberdin asko, banaka ez politak baina irudi polita osotasunean ikusita.

Portua du, segur aski hiriko bihotza: hiru ontzi poloniar moilaratuta bertan. Mendebalekoa dirudi hiriak: plaza handia erdian eta dendateria-kaleak inguru osoan. Alde bata, konpondua, atsegina da, zaharkituta dago bestea, baina bere garaian zerbait ederra izanen zen; zenbait kale-zoru harrotuta, berrikuntzetan murgilduta dago hiria.  Plazan, harrizko hartza hanka zabal askan ura edaten. Kanpotar gutxi batzuk gabiltza kalean, hozka egiten du haize hotzak.

 

SEAT garajea: deigarria egiten zait, baliteke espainiar kotxe batek hain goian tokirik ez duela usteak edo espainiar kutsuak nigan erroak dituelako. Nik nahi nukeen baino espainolagoa naiz agian.

 

Zubia, ikustekoa, aparta: bi V buruz beherakoz eta kable lodiz eutsia; goizeko zubi luzearen paralelo doa, urruti batean ikusten dugu beste hura.

Zubiaren muturrean Faro irlatxoa: meharra, ura alde bietara begi bistan, ia bertan: errepidearentzat eta pare bat herritxoentzako lekua besterik ez du.

 

MONN UHARTEA

 Dike batek lotzen du Faro irlarekin: beraz uharte bikoitza lirateke.

 

Bide galduak, herri galduak, itsasertz galduak dira hauek. Eki itsasbazter dena da baso barruan gorderiko txaletxo eta etxe polita, udaleku petoa: banakakoak, bakartiak, solteak, oso zainduak. Herriak ez dira herriak, etxe bakan solte batzuen ingurua baizik, herria ez diruditen herritxoak. Noizbehinka zerbait eskaintzen dute etxaurre batzuetan: etxeko produktuak. Uharteko elizak Danimarkako klasikoak dira berriz ere; bakarren bat, dotoretxoa. Uharte osoa da errepide labirintoa, hor gabiltza batera eta bestera, "margarito" bitxilorea galdu zaigu, baina gu geu ez gara galdu. Zeruan antzar bakar bat lepo luze, uhartea zabaleran zeharkatuz, auskalo nora zeren edo noren bila, irlen labirintuan galduta ote bera ere.

etiketak: Bidaiak 98, Danimarka
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.