Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 98. DANIMARKA

BIDAIAK 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/01/15 08:35
SEELANDIA: Koge, Bjernede, Soro, Kalunborg, Slacelse, Korsor, Hobaek.

SEELANDIA

 

Ez dakit zenbatgarren zubia, eta Seelandia uharte nagusian gaude berriro.

 

Ateriak lagun egin digu egun osoan, baita haize hotzak ere.

 

268 kilometro, zubirik zubi, uharterik uharte, urez eta haize hotzez bildutakoak.

 

 

Ekainaren 7a. Igandea. 43.a – D:16.a

 

“Poema antologia”, Bukowski: "Burla-txoria" poema: Euskaldunok noiz izango ote katu udazken batean.

 

Gaueko zaparraden ondoren badirudi jaso egin nahi duela egunak. Lurruna darie zelaiei, lapikoa irakiten bailego. Banaka banakakoa baina sarria, zaldia da paisaiako abelburua; banakakoa baina urriagoa, ardia; noizbehinkako ezustea, behia. Bitxia, etxe alboan, belartzan, itsas-baporea: itsasoa hor inguruan dagoela jakinda ere anakronismo sentipena sortzen du.

 

Koge. Industria-gune zabala du, gureetan bezalako pabilioi berri itxurakoak, ez da fabrika handirik. Ia bost kilometrotan poste luzez argitutako etorbidea. Koge ibaia, berriz, ez da errekatxo bat baino askoz gehiago.

Izen bereko golkoan kokatua dago hiria. Kolore ezberdinez pintatutako, nahiz adreiluzko, etxe oso ederrek biltzen eta mugatzen dute plaza karratu izugarri zabala, hiriko eta erdiguneko bihotza; aldi berean ba da ere aparkaleku eta auto-pasabidea; plaza erdian militar baten estatua, agian badian jokatu zen suediarren aurkako itsaso-bataila irabazi zuen almirantearena. Txukun berritutako kaledia: kale zabalak, antzinako hainbat etxe, urte eta taxu orotakoak; bada teilategal azpiko zura landuta duenik ere.

Patio ikusgarriak: zabalik dituzte ateak, saltoki edo bulego direlako edo, bisitariek begiratzeko ere agian. Eliza tzarra, sendoa eta garaia, daniar gehienen taxukoa, leihoak ere adreiluzkoak, nerbio hirukoitz gotikoekin dotoretuak; barruko aldaera eta osagai aitatzekoenak: 3 maila ezberdineko pulpitua,  jauntxoen koru sekulakoa, pulpitu taila izugarria, ongileen argazki pintatuen sekulako tamainakoa, bataiarri aho borobila osoki hartuzko zilarrezko ur-azpila harrigarri landua eta hilarria. Ubidea, herriraino sartzen da, plaza osteraino, baina ez dago hirian integratua, ez du hiriko bizitzan partaidetzarik. Eskultura ugari, era guztietakoak: mutil koskorra sugandilarekin, beste nonbaiten ere ikusi dugu: agian ipuin edo mitoren bateko gaia da. Udal liburutegia etxe eder batetan.

 

Sustatzen dute hiria: plaza erdian kokatuta emakume batek hiriko merkatarien liburuxka banatzen dio plazara agertzen den kanpotar orori, eskertzeko laguntza, lagungarri izan zaigu guri. Kanpotar batzuk gabiltza, ez asko, baina banaka ugari. Nolanahi, hila dago herria goizerdian.

Apaiza sermoian ari zen pulpitutik, sermoi luzea, badirudi jendea ez dela aspertzen apaizaren hitzarekin elizara sartzeko. Bukatzeko zain egon gatzaie. Adin guztietako eliztarra atera da elizatik.

Komun garbiak, baliabide guztiekin, doan.

Komun publikoan ontzi berezia dago xiringa, bizar-orri eta orratzak botatzeko direla esanezko marrazkiekin.

Belea plaza erdian: zorutik jaso du lotsagabeki ogi zatia eta farol gainean jan du, oinezkoengandik bertan. Bele hiritarra, gizarteratua.

 

Dalby.  Okre pintatutako eliza, ez ohizko zuria, ez adreiluzko gorria.

 

Borup. Faisaia errepidean gaztelu inguruan:, baso orok du konde-jauregia, kondearen jabegora daramate etorbide denek.

 

Eguneroko herri, etxe eta zelaiak. Agiriko zurajea duen harrizko etxea eta zezen-plaza tankerako zementuzko ur-biltegi borobila izan dira gaurko aldaera.

 

Ringsted. Ez du ezer berezirik baina herri atsegina, argia, da, kale zabalekoa. Plaza bera ere argia eta zabala, aparkaleku bihurtuta; plazan daude eliza eta udaletxea, baina ez da erdigunearen bihotza, ertz bat baizik: dekorazio berezia eskaintzen diote mundu-ibiltari, trotamundos, ugariek. Haize errota herrian bertan dago, etxe artean,  erdigunetik gertu.

Berehala bukatu zaigu bai ikustekoa, bai kaledia.

Bertan bukatu zaigu argazki pelikula ere.

Komunik ez digu eman baina eliza bueltako berdegune ederra bai.

 

Fjenneslev. Elizatxo erromaniko xarmanta, bi dorretxo puntazorrotzak ezik, harrizkoa. Ohizko osagaik du barnea,  baina dena da bitxia, aparteko xarma dario; diru-kutxa ere bitxia du, altxor bat; freskoak, elizako ongileak pintatuta freskoetan; hilarri bakarra baina ondratua. Harri errunikoa eliza aurrean. Tailatxo xume erakargarria aurreko zelai bateko horman.

 

Slaglille. Eliza ikustera joan gatzaizkio baina itxita du atea. Leihotik ikusi daitekeenez fresko pila, berritu berri-berriak, erabat argiak eta biziak. Abside zein atea, erromaniko polita. Begi altueran leihoak, begiluzeentzako aukerakoak, baina kristal argikoak izanik argi bristadek eta ikusmira urriak ezinezkoa egiten du ganoraz ezer ikus ahal izatea.

 

Bjernede. Danimarkako eliza borobil onena omen: onena ez dakit, berezia eta xarmanta bai; nano borobila, bitxia, den txikirako garaia, erdi-erdian dituen lau zutabe sendoetan sostengatzen da nerbio gorriko ganga  esferikoa. Aldare gaineko Kalbarioko hiru pertsonaiak, pulpituko iruditxo tailatuak, Kristo txipi bat, horma bateko ilunpeko santu-iruditxoa, presbiterioan dagoen burdinez forratu eta gotortutako diru-kutxatzarra... dena da erakargarria eta atsegina. Kanpoko zelaian bada kanpai-lekua, beltz pintatutako berezia.

 

Gaztetxoen lehiaketaren bat ospatzen da herrian, eskubaloia edo saskibaloia: kotxe pila dago bertara inguratuta, errepide ertz eta tarte oro autoz kotxez mukuru.

 

Noizbehinka ahaztu egiten zait autoko argiak piztea baina berehala gogarazten dit aurrez datorren norbaitek argi zapladekin.

 

Soro. Herri txukun eta zabala, kale bakar batera mugatzen zaio erdigunea; herritarrak lasai eta egoki bizi izateko bezalako herria. Aurki daitezke antzinako etxe eta etxe baxuak. Laku baten alboan, herriko zati edo osagaia da lakua, parke ikusgarria sortu diote alboan berdeguneko zein ur-ertzeko bide-gorri atseginekin; zuhaitz ederrak, sendoak, ditu; igandezalea badabil ibili hirian, baina ez asko, dabilena parkean dabil batez ere, kanpotarrok ere parkean gabiltza; dozenaka dira ahate migratzaile edo etorkinak, belartzan jende artean lasaitasun osoan edo kumeekin bide-gorri ertzean egon lasaian; hegaztion artean gure kofiadun beltza ere hor da: aurreko batek ahots bitxia erakutsi zigun, peskari trebea dela gaurkoak baita arrantza teknika ere: murgilaldi luzeak egiten ditu eta noizbehinkako batean mokadu batekin agertzen da. “Academia” izeneko eraikin famatua, aspaldikoa, ikastetxea omen baina guk kafetegia besterik ez dugu aurkitu. Akademiaren alboan, lakua eta herriaren artean, ikustera jende asko sartzen zaion eliza: koloretsu pintatua barrutik, agian ez dira fresko zaharrak baina eliza atsegina bihurtzen dute; bataiarri gaineko urontzi  metalezkoa zizel-lan itzela da, zur-lan paregabea presbiteriorako sarrera eta hesia, bi Kristo apartak zein baino zein irudi tailatuzko gurutze apartekoetan;  presbiterio gaineko Kristoren koroa sekulako handia: sasitza osoa du gizajoak burugainean; gurutze berak bigarren Kristoa du pintatuta ostean; pulpitua filigranazko taila, zur kolore ilunean utzia; hilkutxak eta hilobiak erretaula ostean eta kaperetan, aldare osteko lurreko tranpolen pean ere bai seguru aski: era eta tamaina oroko katabutak jauntxo, andere eta seme-alaben irudi etzanak harrian tailatuak, bere burua zerbaitez zuten guztiak daude hemen, gotzainak tartean.

 

Arrosa eta zuriak dira Soroko autobusak, agi dago kolore propioa dutela hiri edo barruti bakoitzeko autobusek.

 

Auto ugari dabil gaur errepidean, eguraldi epelak atera du jendea kalera. Errepide bazterreko egonleku edo kafetegi bakanetan ere auto sailak daude.

 

Berdegune batean, benetan da urrutitik deigarria eliza baten fatxada zuria.

 

148 kilometro, geldiune askoko atseginak, "margarito"k huts egin badigu ere sarri.

 

Ez da erraza izanen kanpin honetan zozo-kantua entzun ahal izatea.

 

 

 

Ekainaren 8a. Astelehena. 44a. – D:17.a

 

Ez dut "destatu" hitza ezagutzen: irakurtzen ari naizen eleberrian maiz agertzen zait. Guk beti erabili izan dugu "destera" hitza, antzerakoa, erreminten ahoa zorrozteko edo lehuntzeko harri biribila zen, zorroztarria bezalakoa. Baina "destatu"k ez du horrelakorik esan nahi.

 

Agertu digu aurpegia lehen orduan eguzkiak, baina lainopera egin digu gero.

 

Kanpin aldaketa honetan ezer guti berririk eman digu bidaiak: jadanik ohizkoa zaigun paisaia dugu lagun.

Iparralde urrutira, lehenengoz ikusten dugu uharte honetan ke zuria botatzen tximinia luzea, laino multzo zuria sortzen du laino beltzen pean.

Paisaia idiliko honetan, ke kutsaduraren kontrastea itxura besterik ez dela deritzot, zeren nekazarien ongarri kimikoen ezkutuko erasoa ere bortitza izan behar du eta.

Haize errota.

Arto-sailak dira sail erne berriak, dudarik gabe.

 

Kanpina.

Bjerget herrian dugu kokagune berria. Itsasgainean: entzun egiten dugu itsasoa, hor bertan sentitu ere bai, baina ikusi tartetxo batetik soilik ikusten dugu, han urrunean. Zozo kanturik ez da, txoritxoena bai. Astoa dugu kanpinean, Danimarkan ikusten dugun lehena: berak jaten ditu kanpinlarien hondar guztiak, jendea hurreratzen zaio, bera ere hurreratzen zaio jendeari jan bila, zalditxo batekin, lagunkiro. Karabana asko, bertan finkaturikoak gehienak, izugarrizko antolakuntzekin, txaletxo bihurtuta. Berdinak dira karabanen luzagarri gehienak: norbaitek egin du irabazi ederra.

 

Eskolaume koadrila 3 irakasleekin, ilaran, bizikletan, inguruko bide txikietan: bada ekintza interesgarria.

 

Orain artekoaren baino beherantz sakonago eta gorantz garaiagoko lurraldea; ikuspegi eder-ederra, ikusgarri ederra agertzen da lautada uhindu berdea eguerdiko eguzkitan.

Lastozko etxea eta aurreko berdegunean txalupa, galsoro baten alboan: idilikoa ikusteko.

Lasai gidatzeko bidaia paregabea. Kontrastez, tarteka, gurpilpean galdu den trikua.

 

Tisso aintzira inguratzen dugu, ibili erakargarrian; zisne pila, mota zuri handiak dira ur bazterrean. Urak badu halako apar itxurako xingola ertzean: kutsadura ote?. Berdinak baina bakoitza ezberdin, elizak dira paisaiako eraikin deigarrienak; elizen  gorri-zuriak nabarmenak dira urrutira; bitxikeria zaizkigu lastozko teilatudun etxe bakanak. Etxe gainetarako azaoak pilatuta laku bazter eta paduretan. Urtxori pila. Danimarkan ikusten dugun bigarren astoa.

 

Birfindegia Kalunborg, lakuaren bestaldean, golkoaren alboan: hemengoa zen goizean ikusi dugun ke zuriko tximinia luzea.

 

Kalunborg. Zabala izanik ere industrialdea, portuak du bizitasun izugarria; garabiak, itsasontziak, kamioiak, trenbidea, trenak, auto garraiorako trenak, biltegiak…  portu handietako irudi petoa.

Ez du ezer aipagarririk, hiri daniarren osagai betikoak ditu, osotasunean da gustagarria hiria bera: oinezkoen kale luzea, bizia, eskaintza oparoa kale erdiraino jarria. Herri lasaia: gazte asko dabil kalean ibili barean, bukatua dute nonbait ikasturtea. Baditu plazak baina kale luzetik at, aparkaleku edo auto-biltegiak besterik ez dira, ez dira herriaren zati biziak, ez dago kafetegirik, ez lasai egoteko giro edo aukerarik, galdu dute plazen jatorrizko betebeharra, herriko bilgune izate hura. Badu etxe ederrik, erabiliak gainera, denda-leku eta bizilekuak. Parke eder eta zabala du oinezkoen kale gaintxoan. Katedrala da hiriko altxorra, erakustekoa da izan ere; adreiluzkoa; gotorleku itxura ere badu kanpotik; beso berdineko gurutza egitura izanik beso bakoitzaren ertza dorrea da eta erdiguneko gurutzaduraren gailurra bosgarren dorrea, agian horrek ematen dio gotorleku usaina; teilatuak, zink berdekoa, ematen dio bitxitasuna; eliza bueltako berdegunean jarri dituzte hilarriak, eliza barruan zeudenak edo agian hilerrikoak zirenak; barrutik: borobil tankerakoa, erdiko lau zutabek eusten diote gangari; 1650.go erretaula bitxi naifa: Azken Afari koloretsua; bataiarri xumea marrazki zizelatuekin: antzinakoa behar du; presbiterioko leiho batean fresko hondar ederra. Ederra da katedral ingurua, herri zaharra, multzo ikusgarria egiten du, gaur egun turistentzako dendateri bihurtuta. Gutxienez elizaren garaikoa da antzinako kale eta etxeteria: esan daiteke bi herri direla: elizaren ingurukoa, goikoa, turista-gunea, bata; behekoa bestea, herriarena: horra joan da biztanleria eta bizitza. Eliza aurrean labirinto antzeko lorategia, hesi berdez egina, kiribildua, sartu eta nondik aterako zaren ez dakizuna.

 

Umeek entseatu dute zerbait apaizaren gidaritzapean, elizan.

Balkoirako gortina bat erosiko ez erosiko egon gara: ez dugu erosi.

 

Lagun izan dugu tarteka eguzkia, baina iluna izan da eguna. Trumoi zaparrada eta guzti, polita eta ezberdina izan da arratsaldeko ibilia itsasertz-itsasertz; lehenengo zatian belarra bere naturalean, berdin eta mehe, zuhaizka tortoak han-hemenka, abereak atzerarazteko burdina sareak Aralar eta Urbasan lez errepideko zoruan alderik alde: Euskal Herriko mendi-gain lau batean ginela zirudien, artaldeak, kare-harria eta pagoa falta ziren; itsasertzean ginen ordea, itsasoaren sestra berdinean, itsasoa lurraren jarraipena bailitzan; lurralde berezi ezberdina.

 

Ez urruti Kekselo uharte txikitxoa, itsas kontrako tontor bat eta itsaslabarra Deba eta Zumaia tarte xumeago bat bailitzan. Sejero uhartea azaldu zaigu tontor-gune batetik. Itsasertz-itsasertz egin dugu luzaro bidea, hondarra da bazterra, harri-lubetekin nolabait babestua, etxetxoak errepide gainaldean, igandezaleen edo udatiarren itxurakoak: udan izanen da hau jende bilgunea. Hainbat haize-errota.

 

Havnso.  Graziarik gabeko arrantzale herritxo nanoa, etxe bakanek osatua, ez dago turismo etxeteriarik, kanpotarren etxetxoak bai, oso xumeak, txabola handiak antzo, aratzak eta zainduak; portu nanoa: bikeztatutako oholeria da nasa gaineko hesia edo horma, ez du hemen itsasoak erasotzen nonbait; bospasei ontzi txiki portuan: arraina jasota eta kaxetan prezintatuta, kirol ontziak, batez ere belaontziak, Sejero uhartera ferrya. Ikuspegi hitsa, tristura sentipena sortarazi digu, oso pobrea dirudi: sare konponketan ari zen arrantzale heldu batek munduko sufrimendu osoa zeraman aurpegian, bera zen dena ontzian, sare konpontzailea ere. Haize-errota.

 

Udan izanen du bizitza, jendea ibiliko da; gaur arratsaldez etorri, moilan begiluze buelta bat eman autoz eta alde egiten du datorren bisitari apurrak; guk jaitsi, moilan ibili, ze arrain mota hartzen duten begiratu, eta argazkia atera egin dugu gutxienez.

 

Lur barrura egiten du errepideak: lurralde izugarri ederra, lautada uhindua. Gora eta behera, bide nahiko pikoa aspaldiko partez; irrikan geunden aldatsak eta bihurguneak noiz aurkituko; gogokoa izan zaigu gidatze erritmo aldaketa: aldats gainetatik ze ezuste izango kili-kilia, aurretik datorrena urrutitik ez ikustea... Baso baten sartu garenez badirudi ilundu egin zaigula bertan, hain da  baso trinkoa. Galipotariak zoru berritzen: ez dute gureetako aurpegi beltza edo belztua, eguzkirik ezaren ondorioa ala ardura handiagoz lan egitearena?.

Ikuskizun zirraragarria da eliza bat, zuri, urrutiko tontorrean, herriak eta etxeak berriz ez dira nabarmentzen, ilunak direlako teilatuak zein hormak eta sakabanatuta daudelako, zuhaitz eta berdegunez inguratutako banakatasunean.

Lakutxoa, alboko soro landu berrian urtxori eta itsastxori piloa, ehunka,  afari bila mokoka lurrean.

Bigarren tximinia bat.

Sei haize-errota izan dira aurkitu ditugunak  gaurko iparraldeko ibilian, itsas aireaz baliatu asmoz eraikitakoak: utziak bezala daude, batzuk osorik, beste batzuk besorik gabe.

 

Herri orok du aparkalekua, batetik gora gehienetan, doakoa, hiri handietan ezik. Baina badaki egonaldi mugatua izaten, ordu-erdikoa edo hiru ordukoa izan daiteke egonaldia herriaren edo kokagunearen arabera; lekua eta orduaren arabera  aldatu egiten da egonaldi baimena. Auto denek dute ze ordutan heldu den erakusten duen plastikozko ordularia: guk ere lortu genuen bat olioa aldatu ziguten garajean.

Saltoki erraldoietan ez ezik, fruta eta ortuari eskaintza oparoa eta ugaria dago kaleetan eta denda txikietan.

Elizak eta gazteluak ditu batez ere turistei eskaintzeko Danimarkak: garai batekoak zein oraingoak, jauntxo boterearen ezaugarriak.

 

Harri eta etxe zaharretara jotzen dugu guk hiri bat bisitatzerakoan. Turista gazteak berriz garagardotegietara, tabernetara, kafetegietara, gau girora: hirietako beste giro ezberdin bat bizi dute. Bi turismo mota: beraiek  gaurko herriaren  bizitzaren zati bati hartzen diote neurria, guk beste bati, herri beraren taupada ezberdinera jartzen gara.

 

126 kilometro, erabat ezberdinak arratsaldekoak.

 

Merezi zuen iparralde honetara txangoak, uxatu egin digu hasia genuen beti berdinaren, monotoniaren, asperdura; bidaia eta ibili poza sartu digu berriz ere gaurko ibiliak.

 

Luzeagoa da eguna goi lurralde hauetan: hamarrak laurden gutxiagotan itsas-marratik nahiko goian dago oraindik eguzkia, hamarrak eta laurdenetan oraindik mendi beheran sartu gabe dirau, laino artean ezin badugu bola bera ikusi ere.

 

Latza da euskaldunon patua: espainiarrak ez garela errepikatu beharra eta zer garen argitu ezina. Kanpineko gizona maparekin agertu zaigu: azaldu ahal izan diot Euskal Herriaren kokalekua baina ezin zuen ulertu ez espainiarra ez frantsesa ez izate hori; andre-gizonek zerbait esan diote elkarri eta hor bukatu da elkarrizketa gure hizkuntza nahastuan; Espainian egonak beraiek, eta kanpin honetan zenbait espainiar egon omen direnez, andereak badaki gaztelerazko zenbait hitz eta esaldi, baina ezer gutxi, beraz oso zaila zaigu elkar ulertzea.

 

EK hizkiak eta ikurrina jarri dizkiogu autoari, hizkiak DK pegatinaz egin dugu, ikurrina berriz bandera daniarra erabiliz moldatu dugu, aspertuta baikeunden NA matrikularen azalpenak ematen. Daniarrek K jarri diote D-ri alemaniarrengandik bereizteko, guk aldiz K jartzen diogu Eri Espainiarengandik bereizteko: ulertuko duten ala ez beste arazo bat da.

 

 

Ekainaren 9a. Asteartea. 45.a – D:18.a

 

Erabatekoa da isiltasuna kanpinean, itsas soinua, txorien sinfonia, zozo maitemindu agian bakartiaren txistu bizi zorrotz eta bihurritua eta tarteka zozoen hegazkada larriko kakaraka laztua dira hots bakarrak.

Txori ezberdina dugu auzo kanpin honetan: ia erabat horia, kanarioa baino gorpuztuagoa, ez hain fina ez hain dotorea. Horrez gain Euskal Herriko pasoko arabazozo guztiak.

Harea fineko hondartza luzea golkoaren  magalean, itsasertza bere horretan berde hondarrera arte, algak hondartzan... Haize finagatik, mendebal hotza!, ez balitz toki aukerakoa, paregabea.

 

Zirimiri  umela, paisaia lanbrotsu lausoa.

 

Eperra izan dugu gaur errepideko agerpen ezustekoa, autoetara ohitua lez, mantso gorde zaigu gari artean.

Slagelseko sarreran ostruka granja, ostrukategia, ekoizpen masiboa; oraingo hau hegian izan da, aurrekoa Hegoan zen: errentagarria da nonbait.

 

Slagelse. Gidaliburuak dionez hiri honek ez du ezer berezirik erakusteko, hala da izan hein batean, baina herri orok du zerbait interesgarria begiratzeko, edonon aurki daiteke erakargarritasunen bat. Industria herria omen industria-gune berezirik ikusi ez badiogu ere. Eskultura pila ditu, era guztietakoak: eskulturok bilatu eta begiratzea dugu hiriko ibilaldiaren interesgune edo ardatz aproposa: beirazko bat aukeratu dut argazkirako, sotila gaitik, baita egituraz zein materialez bitxia eta ezberdina delako. Bi plaza: udaletxe aurreko karratu zabala, etxe funtzionalez inguratua, gainaldea zein azpia osoki auto-biltoki bihurtua; eliza ostekoa bigarrena, aurrekoarengandik hurbil, autoengandik libro, hiriko oinezkoen zati bakarraren zabalgunea, hiriko bilgune izan daitekeena. Erdigune osoa da denda-leku, industrialtasunak egitura bera ere aldatu egiten dio nonbait hiriari. Eliza alboan hilerria zitekeen berdeguneko albotxo batean, 40-50 gerrateko hilerria, herritar hildako bakoitzeko harritxo bat, bakoitzak bere lore landaretxoa lagun: gizon heldu bat hurreratu da, kapela erantzi du, eta begira egon zaie harrioi.

 

Bic boligrafoa aurkitu dut: kaskarra, baina oroigarri bezala jaso dut.

 

Arindu zaigu pitin bat eguratsa. Korsor badia bere zabalera osoan begi-bistan hartzeko haina gutxienez, baita etzi ferrytik alboan izango dugun bukatzear dagoen zubia ere, uharte bien zilborrestea.

 

Korsor.  Koge-koan lez, bertan ere itsaso-bataila jokatzeko adinako golko zabaleko golkoan gordea, badia ertzean. Portutik bizi den industria-hiria: beira omen ekoizpen nagusia, baina ez dugu inolako beira eskaintzarik ikusi saltokietan, agian erakusleiho eta leihoetarako kristala da soilik egiten dutena. Fionia uharterako-uharteko ferry oro hemendik-hona doa-dator, baina hiritik urrutitxo dute atrakalekua; hiritik bertatik badu izan abiapuntua ferry linea bakarren batek: kamioi ilara luzatzen da bertan hurrengo ontziaren zain.

Oinezkoen kale motz bat eta ezer guti gehiago: nahiko erakargarria da arrantzale edo marinelenena datekeen  portu ondoko auzoa. Portuak ez du interesgarritasunik eskaintzen;  museoa bere baitan duen eraikuntza bera da bere dorrearekin interesgarria: egoki eta deigarri jarri zuten bere garaian,  baina utzi planta du inguru denak gaur egunean; arrantzale portuak ere ez du xarmarik. Ibili nahi-eta aukeratu dugu inguru hau eguneko ibilirako, baina ez atsegina zaigulako, besterik ez dugulako baizik. Pintoreak lanean zebiltzalako aurkitu dugu zabalik eliza: pulpitua ohizko zur-taila aparta da, sabaia zurezko pintatua, pintatua ere presbiterioko bobeda: honek ematen dio halako itxura ezberdina, baina eliza bera kaxa karratu luzexka handi bat besterik ez da, inolako grazia eta apaindurarik gabe.

 

Txekeak aldatu ditugu, baita zerbitzuari etekinak atera ere banketxeak, orain arte ez bezala kobratu egin digute aldaketa.

 

Lardatzera jo digu berriz ere eguraldiak: etxera jo dugu bazkaltzera.

 

Lixiba egin dugu arratsaldez: ikuzgailua dabilen tarte luzean hondartzako ibili bakartia egin dugu, lanbroan, haizetan, olatuen soinu goxoa belarrietan eta aparren kili-kili leuna begietan; ordubete atsegina, aspaldian ez bezala bakartasun osoan, norbera bi hankako bakarra natura zabalean, kantatuz, harriak bilduz, indarberrituz, moila mehar kulunkarian itsasora barneratuz.

 

Garagardoa ez da fraideen patrimonioa Danimarkan: ez dago inon fraide potolo irudirik garagardoa sustatu, bermatu eta aldarrikatzen, Holandan bezala.

 

124 kilometro kotxez, oinezkoak izan dira ordainik ez duten atseginenak.

 

Herriko jantzitako bi militar, ditugu auzo edo albo kanpinean: kamioneta, jeep, zodiak eta bi dendaz armatuak. Ostutako armekin Balkanetatik alde egindako gerrillaritzat jo ditu lehenengoz gure irudimenak, baina uste dugu benetan militarrak direla, urpekari eta antzerako zereginetan.

 

 

Ekainaren 10a. Asteazkena. 46.a – D:19.a

 

"Euskara Batuaren ajeak” Ibon Sarasola: Idaztea gauza serioa eta larria da, baina buruarin ajetsu asko behar du Euskarak. Arrazoia du, nahiz niri planfetorik merkeena idazteko konplexua sartzen bazait ere.

 

Kondoi salmenta automatikoa dago kanpineko komunetan: bejondeiela!.

 

Goizeko laurak, eguzkiarentzat ordu-biak, argituta dago eguna: goiz hasten da eguna Danimarkan.

 

Saevy inguruan arbi edo erremolatxa  sail zabalak, neguko bazka animalientzako; negurako ere, pilatuz doa egurra etxaurretan; errimeak dira zaldi lehiaketarako langak granja inguruetan, jauzi lehiaketarako hezten dituzte nonbait zaldiok; garia, garia, garia, hareago ere garia; noizbehinka behiak saldoka, holandarrak zein gorriak.

Paisaia tristea dugu gaur, eguratsa ateria da, baina laino ilunekoa. Ze itxura tristea haize-errota hondatuak!. Lurraldeak ez du ezer deigarririk bidaiariok begiratzeko, ez edukitzearren elizarik ere ez digu eskaintzen, oso arruntak dira etxeak uralitazko teilatu ilunekin; ez kondearen gaztelurik, ez baso edo etorbiderik, faisai koloretsuaren ordez eper arrea errepideko agerpena; etxaurreak, halaz ere, dotore zainduak.

 

Ugerloje, ezohizko eliza-dorre zorrotza, ezohizko zinkeko teilatu berdoxka.

 

Itsasertza izan bazen atzo inguru berezia, muinoz tontortutako lurraldea zaigu gaur ezberdintasuna eta aldaera: uhindu egin zaigu lurzorua, uhin sakon berdez, muino koskortuak bata bestearen ostean eta alboan, muino bat basoa da, beste denak galsoroak. Garitza artean goaz gora-behera lasaian.

Bideak jarraipenik ez duen asfaltatu gabeko herritxo batean sartu gara nahaste ustekabean: ohizko etxetxo zainduko herri txukuna, bazter batean isolaturik egon arren.

Iparraldeko lurralde galduetan galtzeak badu xarma pasokoontzako, bertako nekazariek izanen dute, agian, bestelako zeresanik.

Izan ditugu kondearen etorbidea zitekeenaren zuhaitz hondarrak baina gaztelurik ez zaigu agertu.

 

Holbaek. Fiordo batean. Muino bat fiordo gainean, gailur eta maldak eraikinez estalita. Gidaliburuak ez du aitatu ere egiten. Egia da ez duela ezer bitxirik erakusteko, eliza bera ere itxita du, baina hiri atsegina da, ordubeteko ibili aukera eskaini digu. Tontorrenean, eliza alboan, geratzen zaio lehengo arrastoa, museotarako egokitua. Ia plaza izaterainoko kale zabalak igotzen du alde batetik eta jaisten bestetik: txukuna eta zaindua, non oraindik zerbait berritzen ari diren ertz batean; plazarik ez dugu inon aurkitu. Kaledia nahiko hits eta iluna dago egunaren eraginez edo. Udal Liburutegian sartu gara. Ikusiak ditugu Udal Liburutegiok, beti erdigunean daude,  beti eraikin aukeratuetan, hau ere hala dago: barrutik ere txukuna, gustagarria, epela, orduak lasai egitekoa, fotokopiagailua nork bere esku, baina batez ere bizia da, etengabeko ilarak dakartzaten liburuak utzi eta daramatzatenak erakusteko; pilaka daramatzate liburuok, poltsetan eraman ere; irakurleak irakurgeletan, egunkari eta aldizkari aretoetan ere irakurle ugari. Gaztea da bezero sarriena. Portua, txikia, argia, lasaia, ikuspegi zabalekoa fiordora begira; ohol eta habez gotortuak, agian bigundu edo leunduak, moila hormak. Ferrya ere badu ez dakit norakoa, agian aurreko Oro uharterako zein bestaldeko lehor aldeko muturrerako.

 

Ez digu Espainiako egunkaririk eman geltokiak. Kopenhagen soilik aurkitu dugu orain arte espainiar egunkari bat Danimarkan.

Patrika handi eta askoko praka motxak eman dizkit hiri honek.

 

Nykobing. Fiordo bateko golko baten magalean. Merkatari herria, saltoki kale luzearekin, gaintxoan. Ez dugu aurkitu ez elizarik ez udaletxerik; polizia bai aurkitu dugu. Izozki gozoa eman digu baina berehala bukatu zaigu gozokia xurgatu ahal izateko kalea, gelditzen garen herri bakoitzean argazkia ateratzeko nire ohitura bera esnarazi ere gabe. Badu portua, aurki-gaitza, batere deigarria izan ez zaiguna.

 

Lurmuturra, ia dena basoa, txabola handiak besterik ez diren etxetxoz betea.

 

Rorving. Lurmuturreko ertz-ertzean. Portu txikitxoa du; aisia-ontziak dira bezero ugarienak. Fiordo bestaldeko lurmuturrera etengabeko joan-etorrian dabil ferrya auto eta oinezko bidaiariak garraiatuz. Egurrez eginiko moilak: burdinazko xafla lodiak jartzen dituzte ferryari hormarena egiteko.

 

Danimarkan ez dugu motorrik  ez duen gurpil-aulkirik ikusi, ez dugu ikusi eskuz eragin beharreko bat bera ere. Motordunok, ordez, pila ikusten da herri orotan.

 

Ernegagarria atera zaigu etxera bidea, mapak aholkatutako bitxilorearen ibilbide berdea aurkitu ezinik. Ederra gelditu zaigu arratsaldea, areago luzatzen eta zabaltzen dira lautada eta garitzak etxerako bidean.

 

194 kilometro, ezer gutxi ikusteko eta ernegu ugari bideratzeko.

 

Are finekoa da hondartza, luzea eta estua, gorde gabe uzten dituzte karelez-kanpoko motoreak;  txalupak, aldiz, itsas ertzetik metro gutxi lehorrerago: ez da nonbait ez itsaso bizien kezkarik ez lapurren beldurrik.

 

Astoa eta zaldia, kanpin honetako fauna berria. Elkarrekiko losentxak ikusiz, maiteminduta daudela dirudi gainera.

etiketak: Bidaiak 98, Danimarka
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.