BIDAIAK 98. DANIMARKA
Ekainaren 5a. Ostirala. 41.a – D:14.a
HEGOA
Bukatu zaigu Seelendiako Iparraldea, bagoaz Hegora.
Autobideak ez du eskaintzen paisaia begiratzeko aukerarik; tarteka ikusten dugunaren arabera berdintsua jarraitzen du. Iparrean oso gutxi ikusi badugu ere, belarra agertu zaigu hegorantz, eguzkiak erdi lehortu duena iraultzen ari dira.
Eki-hegoaldeko itsas inguruetan belarra jasotzen da, belar lehortzen hasi berria iraultzen dute.
Kanpina. Tappernoje herrian. Bigarren hanka sartzea jarraian, ez baita uste genuena eta bila genbiltzana, haren hurreko bat baizik. Honek ere zerbitzu eskasak ditu, baina bakoitzaren partzela belatza zabala da, haltz zuhaizka moztuez mugatu eta bildua: aspaldikoa behar du izan kanpin honek sendokoteak baitira haltz gerriak.
Udalekua dirudi itsasertzak; ondo eta gustuz zaindutako txaletxo dotoretxoak dira granjak. Garia eta artoa bezala ilaran ereindako ezagutzen ez dugun zerbait dira soroetan nagusi: lekari asko omen da lurralde honetan; etxola edo transformadore luzeak: adreiluzko argi pintatuak dira itsasbazter honetakoak; badira batzuk utziak ere: nonbait sartu dute lurpetik kableteria; Holandatik ezkero oso gutxi ikusi ditugun belardiak, zaldi batzuk, behiak, ardi bakarrak; haize-errota ilun bat. Danimarka osokoen jite berdinekoak dira elizak, adreilu soileko gorriak edo adreiluzko zuri pintatuak; adreiluzko arkutxo borobil zein bestelako apaindurekin edo leunak, garaiak edo zaparroteak, sendoak eta gotorrak edo umilak eta apalak, lerdenak edo lodikoteak, teilatua ostenduzko fatxada luzatuarekin edo teilatu pikean bukatuak, erloju urre kolorekoarekin edo erlojurik gabekoak, kanpai hotsarentzako irekidurekin edo kanài-leihorik gabeak... badute ezberdintasunik baina era berean berdinak dira, taxu berdinekoak, arkitekto berak plano berarekin zerbait aldatuz soilik egin balitu bezala. Jatetxeak ugariagoak zenbait barrutitan.
Fakse golkoa inguratuz egin dugu ibiliaren erdia, tarteka bertan dugu itsasoa, eder, noizbehinka begi bistatik galduta, baina oso hurbil nabari eta biziz: itsasoak badu hurbiltasuna sentiarazteko berezkoren bat kresal usaiaz gain.
Daniarrok ez dute eguzki askorik hartuko, ez baita agertzen, nabigatu baina, nabigatzen dute: ontzi asko dago portuetan.
St. Elmue. Trikuharri luzea bi sagarrondoren alboan, errepide ertzean bertan: bidaiako ezustea, aurreikusi gabeko geraldia.
Zuhaitz eta baso kasko ugari. Zuhaitz sendoz bilduta, itzalpeko etorbidea da errepidea; bada basoa inguruan, faisaia aurkitu dugu errepide bazterrean: gure irudimenak asmatu du han behar duela kondearen gazteluak: ikusi, ikusi ez badugu ere han behar zuen inguruan, baldintza oro betetzen baitzen egon zedin. Herritxo batean eztia, ortuariak eta loreak eskaintzen dituzte salgai etxaurretan: turistengandik sosa batzuk atera nahiz nekazariak, agian hileko ordainsaria urri gelditzen zaien jubilatuak, adinekoak baitziren hainbat saltzaile.
Rodvig. Bere inguruan ikusi ditugu lehenengo itsas labarrak, ez sakonak baina ez nolanahikoak ere.
Zerriak, hiru toki ezberdinetan gaur arratsaldez, hiruretan larre librean, belartzan, tunel itxurako txabolen inguruan: bero izugarria egin behar du zink azpi horietan; hil ondoren hain gustura eta hainbeste jaten badugu ere, errespeturik gutxien zor zaion animalia da txerri gizajoa, gutxien zaintzen dena, erdeinatuena, edonola erabilia beti; gizentzean datza jaten ematen zaionaren etekina; behiek, zaldiek, ardiek... begirune bat dute gutxienez, txerriek ez.
Fakse. Garagardo fabrika da aipamena merezi duen herriko zer ia bakarra, iragarrita dago, bisitariak datoz bertara garagardoa nola egiten den ikusi eta garagardoa bera dastatzera. Danimarkan jai denez, gaur itxita dago. Ikastetxeetako gazteei luzatzen die oporretarako gonbita, liburuak noizbehinka jai behar dutela-eta. Eskolako ekintza bezala bultzatuta dago!. Hori ez bada gaztetxoak alkohola edatera bultzatzea!.
Dalby ondoren, Haslevra bidean hiru gaztelu edo jauregi aurkitu ditugu ia jarraian: zuriz pintatutakoa bata, 1547.go adreiluzkoa bigarrena, bertako eraikuntza petoen jitekoa hirugarrena; hirurak izugarriak, herriak dirudite, jauregia, alboko etxeteria, morroi zein zaindari menpekoen bizitoki, eta abereen korta zein gaztelu baten zerbitzu hornidurentzako eraikinez osatua; behar zuenez, jauregiotarako errepidea enbor sendoko zuhaitzez mugatutako etorbidea da; basoa eta aintzira edo putzu zabalez inguratuta daude. Gazteluon egitura errepikatzen da, bai egitura fisikoa bai giza egitura ere. Pribatuak dira.
Gaztelu asko dago inguru osoan, beraz jauntxo asko, menpeko edo oinpekoak ere asko, gerrak eta borrokak ere asko izanen ziren, makinatxo bat hilko zen jauntxoa defendatzen; zenbatek egin behar zuen jauntxoarentzat!. Gaur egun lantegietako langileek antzo. Amorrua ematen du jauregiok ikustea, giza esplotazioa gordinago bezala ikusi egiten baita, gaurko langilearena antzerakoa den arren.
Baso batean "Villa Gallina" jatetxea. Bezero asko du.
Tarteka eroarenak egin baditugu ere bitxilorearen bila, turista ibilbideko ikurraren bila alegia, hau da mapako ibilbide berdearen atzetik, nahiko zuzen bideratu gara gaur.
Naestev. Ez dakigu polikiroldegia ala udaletxea den baina delako eraikuntzak aparkaleku izugarri zabala du aurrean: ia herri orok du aparkaleku zabala sarreran, ez baitago hiri barruan autoa uzterik. Herri hasia, 47 mila biztanle ditu. Ez du aparteko interesgunerik, agian astegun soil batean atsegina izanen da bertan paseatzea jende artean. Erabat hila dago. Ez da jenderik inon, dena hertsia dago, bi janari eta izozki denda ezik. Jaia da gaur Danimarkan ez dakigu ze santuegun edo ospakizun dela eta. Erdiguneak ez du ohizko egitura, oinezkoentzako eta saltoki kale luze bakarrarena alegia; plaza du, karratu zabala izatea beste aipamengarririk ez du, ez baitu bestelako interesgunerik, kioskopean komuna eskaintzea ez bada; plaza inguruan saltegi eta oinezkoen kaledia, kale motzak bere dendateriarekin. Herriraino heltzen zaio kanala itsasotik: ez dirudi kanalak bizitasun handirik duenik, baina portuak ematen dio aberastasuna herriari; gaur hila dagoen arren portu sendoa dirudi, mugimendu handia behar du egon hor; herriari urruntxo gelditzen zaio, gu jaitsi, jaitsi gara bertara baina ez da oinezkoentzako ibilekua. Etxe bikainak dituen kalea da ibilia merezi duena; supermerkatu alboan ere badira antzinako pare bat etxe bikainak. Bi eliza ditu, ederrak kanpotik biak, baina biak itxita daude: jai du gaur elizak ere.
Onik dagoen herria dirudi, dirua darabilena.
Fruta-dendan ez dugu ezer gustukorik bilatu, baina gero izozki ederra eta supermerkatua ere eskaini digu. Penarik gabe alde egiteko herria gertatu zaigu.
Danimarka osoan hotel gutxi dagoela iruditzen zaigu, ez zaizkigu behintzat nabarmentzen.
Deigarriak dira itsasbazterrak, berezko horretan daude, gu itsasbazter, hondartza, portu eta ertz atsegin orotan turista esplotazio ikustera ohituta baikaude. Etxetxoak egon badaude baina gehienak behe solairukoak, bi solairukoa da garaiena.
266 kilometro, kanpin aldaketa eta turismoa.
Nurenbergo zozoa dut kanpinean: adar ihartu batean, zilueta beltza laino zuriko ortziaren aurrean kokatua, arratseko airea sonez beteaz, lagun bila segur aski; amodio kanta, agian bakardade samina habiarik inorekin partekatzen ez duelako. Izugarria da kanpin honetako isiltasuna, ozena, zozo-kanten sinfoniak soilik urratua, aparta udaberriko zozoen kontzertua, harrigarria naturaren sinfonia.
Gorri bizia geratu da laino ertza zuhaitzek mugatzen duten zeru-marran. Jainkoa, espiritua edo zerbait extralurra sortarazi zuen horietako misterioz bildutako oste argitsu berezia. Zozoak eurak ere isildu egin dira.
Ekainaren 6a. Larunbata. 42.a – D:15.a
Amazonian kokaturiko Luis Sepulvedaren historia. Harrigarriak dira bizitza horretako filosofia eta jokabideak: asmakizunak dirudite baina errealak behar dute giro hortaz ari den orok baitakartza antzerako kontakizunak.
Emakumeen bainugeletan soilik jarri dute ontziak garbitzeko debekatuzko oharra; ez zaie burutik ere pasa gizonezkook ontzi-garbiketa egin dezakegunik. Oharrik gabe, lasaiago egin dut nik gizonezkoon bainugelako konketan ontzi-garbiketa, erabat hondatuta baitago arraskako harria.
Asteburuak ohi duenez, euria eta hotza. Egun oso iluna. Oso behean dugu lainoa, zerumugaren ordezko, ikuspegia erabat laburtuz. Egun likitsa eta hitsa bideari ekiteko. "S.Kristobal ora pro nobis" bururatu zait abiatzerakoan: gaztetan ezarritako txipa automatikoki jartzen da abian, txikitako mekanismoak ez dira erabat herdoildu: garunetako makineriaren misterioa.
Hemengo herritxoek ez dute erakargarritasun berri eta berezirik, Alemaniako herriek, Italiakoek eta nolabait Austria, Txekia edo Eslovakiakoek zuten bezala, ia bakoitzak berea. Paisaia eta paisaiako osagaiak berdintsuak dira Iparrean, Hegoan zein uharteetan. Errepikagarria egiten zaigu ia dena, aspertu samar bezala uzten gaitu, berdetasunez ase, hau hura eta bestea ikusteko amorru bizi edo eztenik gabe, lilurarik gabe. Baina gustura.
Sasoi oneko mutila dabil bizikleta itxurosoetan, abiada arinean, txirrindulariak entrenamenduetan bailitz. Agian beste bidaia-gailurik ez dutelako dabiltza txirrinduan gazteok.
Ez da herri aberatsa ikusten Danimarka, ezta industrializatua ere, noizbehinka industria-gune edo fabrikarik ikusten bada ere. Nekazari herria da daniarra, gariak ematen dionarekin bizi dela dirudi, Sarria bada ere belarra hegoan.
Gora-behera guneak tarteka, bihurgunerik gabeko artez-gune amaierarik gabeak, errepidea han urrutian orbantxoa, marra ilun fintxoa egiten den arterainoko luzea. Sarriak dira artez guneok eguneko ibili osoan, ez da hainbeste gorabeherarik, Hego-Ekialdeko itsasertzera heldu garen arte.
Errepide ertzeko atseden-gune batean familia edo lagunarte osoa hamarretakoa egiten, hamarretan, eta sakotontziarekin ohi den bezala: tripazainak daniarrok ere.
Etxebizitza askok du uralitazko teilatua: adreilua egiten bada, teila zergatik ez?. Giza kulturen misterioa, azalpen argia izanen duena.