Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK DANIMARKA

BIDAIAK DANIMARKA

Jon Etxabe 2020/12/28 10:35
FYN-FIONIA UHARTEA

Maiatzaren 28a. Osteguna.  33.a – D:6.a

 

Agian batua dago egon daniera, aspalditik gainera, ipuin zoragarriak idatzi baitzituen Andersenek. Izanen dute Europarekin arazoak gaurko daniarren ipuinek: nola idatzi O erdibituak edo AE hizki bikoitzak, etab. Nola sartu Europako konputagailuetan diru-eskari bat egin edo txosten bat idatziz azaldu behar dutenean Europa Batuko erakundeetan. Espainian gaztelera Ñ hizkia baztertu beharrean aurkitzen omen da. Gaurko gizartearen doilorkeria, ekonomia versus kultura, ekonomiaren kultura, kapitalismoaren eta liberalismoaren kultura ekonomizista, kultura ekonomiaren menpe.

Kaioak dabilzkigu burugainean biraka edo batetik bestera zeharka, leunki, hegoak zabal, haizeak soilik bultzatuta. Non gordetzen ote 25 gradu zeropeko negu zurian!. Ala migratzaileak dira hemen kaiook ere?.

 

Behe-lainoa. Errimea dugu egun tristea kanpin aldaketa egunetan.

Abentura kutsua du beti kanpinez aldatzeak, nola eta non aurkituko dugun zalantza, badakigun arren bila goazkion kokagunearen hainbat zertzelada.

 

Zuhaitz ilarek basoa bailego itxura eragiten du urrutitik begiradan, baina ez da horrela, lur-gain oro zuhaitz ilarez banatuta dagoenez, soro bazterretakoak soilik dira zuhaitzok.

Akaburik gabeko kamioiteria dabil errepidean, gehienak holandarrak, abiadura bizian denak, presaka itxuran, aurrekoak joana moteldu orduko aurreratuz: Kopenhagera doaz, agian Suediara. Badirudi  Eskandinavia eta Europaren arteko zubia dela Danimarka, errepide hau dela Rotterdam zein Amsterdam eta Eskandinaviaren arteko lotura egiten duen bidea, itsasoko buelta luzea ekidinez.

 

FYN-FIONIA UHARTEA.

Ingelesez Funen deitzen da. Ingelesezkoa diot, kosta zaidalako zertaz ari zen jabetzea eskuratu dudan ingeles liburuxka.

Bi arku erraldoik eta kable izugarri sendoz eutsitako zubi luze-zabal batez sartu gara uharte honetan, Danimarkako Ekirantz goaz Jyllan edo Jutlandia utziz.

 

Misterio kutsua dario lainopean zubiari zein itsasoari, baita han beheko Middelfart hiriaren auzoa osatzen duten lur-zatiez  inguratutako txaletxoei. Paisaiak ere halako misterio kutsua du, lurruna dario lurrari, behe-lainoak bilduta dago lur-zoroa, zuhaitzak dager soilik laino gainetik; eguzkiak aurpegia erakutsiko digun mezua dakar lainoak berarekin.

Horretaz gain paisaia ez da aldatu, betikoa da, agian gora-behera gehiago du, irregularragoa da. Arto-sail zabalak, arto erne berria, arto jorraketan ari da nekazari oro; koltza-sailak; belartzak, baina behirik ez larrean; korta eta pentsu biltegi handiak, behiak barruan daude beraz.

 

Psikologia bereziren bat dute kamioilariek atzerritar eta karabanenganako, ez gurekin soilik, baita daniar karabana zaleekin ere: tartetxoa ikusi orduko aurreratzen gaituzte, ondoren geure aurretxoan joateko abiadura bizitu gabe; kanpotarron maniobra okerren baten edo bidegurutzeetako zalantzen beldurrez, arriskua kendu nahi dute aurretik, segurtasunik ezaren punttua edo jitea usaintzen digute nonbait, agian eskarmentua dute, edo fama txarra dugu.

 

Kanpina.

Blommenslyst herritxoan. Erraz eta berehala aurkitu dugu: lakutxo baten alboan eta bueltan kokatuta dago, txikia da baina atsegina, gutxienezko baliabide guztiekin.

 

Odense. Uharteko hiriburua, hiri handia, kale biziko hiria. Ordu batzuk lasai egiteko herria, ibili begiratu bilatu eta ikusiz edo/eta patxaran eseri eta ikusmiran garagardo bat hartuz. Zabala dira oinezkoentzako kaleak, 3 kilometro ei ditu-eta. Patio zabalak, negozio edo saltoki dira gaur egun. Bisitari asko dabilela dirudi, baina ez da atzerritarra, daniarra baizik, agian hirikoa bertakoa. Dendateria edo egonleku diren kale-arteko pasabide luze-zabalak dira hiriko zer ezberdin edo deigarriak. Bizi-biziak daude kaleak; ugariak dira kale-musikariak; ugariak mundu-ibiltariak, gazteak, bizikleta eta atoitxoekin, apaingarri eta itxura egiteko kalean jarriak bailira; kale konbentzionalak, arautik at edo arau berezikoak lez; bada egon etxe ederrik, batez ere aspaldiko etxe eta etxetxo pospolin xarmagarriak, bilatzea merezi duten hainbat txoko eta bazter, hiri osoan barreiatuta baina batez ere Andersen idazlearen etxe inguruan: asko ibili behar da.

Ez dago oinezkoentzako kalerik, bizikletek erabat hartu baitute hiri osoa azken kaletxo eta zirrikituetaraino. Ezin da lasai oinez ibili kaleetan, beti duzu bizikletaren baten mehatxua, guardia jaitsi gabe, beti erne, bizikletak toreatzen ibiltzeko herria.

Bizirik dago hiri osoan, presente beti, Andersen idazlea, bere ipuinetako pertsonaiak brontze bihurtuta edozein kale ertzetan; polita da bere Museo ingurua, etxetxo baxu kolore anitzeko kalexketan murgildua.

Skt Knuds kirke, S.Kanuto eliza, adreilu multzo erraldoia kanpotik, zuri garai biluzia barrutik; erretaula paregabea du altxor nagusia, urre kolorea nagusi duen polikromatu erraldoia, izugarria tamainaz eta artelanez, zurean zizelatutako santueria aparta eskainiz; badu kripta ere,  presbiterio azpi osoa hartuz zabala; hilkutxa deigarriak: kriptan daude Kanuto erregearena eta bere arrebarenak, erregea hezur biluziak erakutsiz arkuak eginez zizelatutako zurezko hilkutxan; zenbait ertz urreztatutako zur leuneko hilkutxan eta hezurrak erakutsiz arreba ere, erabat osorik zuen hortzeria nabarmentzen zaiola, baina zerbait gordeaz bezala zapi zuri azpian ezkutatuta daude arrebaren hezurrak: gonak jarri beharra hezurrei ere!; eliz zoru mailako kapera ezberdinetan errege eta jauntxo ezberdinen katabutak, Hans erregearena eta emaztearena izan behar duena handia da, letoiz, brontzez eta latorriz estaliak, arnasa hartzeko bide eta guztia dutela gainean!; beste hilkutxa abar luzea; hilarri erraldoiak; bataiarria,  bai formaz bai brontzezko iruditegiagatik oso erakargarria; hormetan dauden zer bakarrak: jauntxoen irudiak harri landutako koadroetan, jostailukoa dirudien organotxo aspaldikoa; goietan dago organo handia.  Udaletxe aurreko plazan brontzezko emakume biluzi erraldoia datza erdi etzanda, zeinen bularretik hanka puntetaraino irristatzen diren umeak erdigune luzeari distira atereaz. Fatxada polita du S. Albanok, zink berdozka luzea da dorrea.

"Hitzen ondoeza", Joseba Sarrionandia: Andersen Olaztitik pasa zen; bertan egin omen zuen gaua hurrengo eguneko trenaren zain.

Ordaindu beharra dago  aparkalekua hiri honetan, garesti ordaindu ere.

Izozki gozoa egiten dute.

Koruko handiaz gain, sarriak dira organo txikiak elizetan, zoruan, presbiterio inguruan.

Holandakoak baino sofistikatuagoak dira Danimarkako bizikletak, modernoak, ez Holandako betiko sendoak. Lapurretak saihesteko gailu beresia dute, bizikletak berarekin dakarrena, betiko kate eta loturen ordez: gurpila alderik alde trabeskatzen duen ziri bat da, presoaren eskuburdinak eskumuturrak bezala klask lotuz gurpila lotzen duen ziria, giltzez askatzen dena. Danimarkan ia bizikleta denek daukate zepo hori, Holandan batzuei soilik ikusi genien.

 

140 kilometro, aintzira idilikora ekarri gaituztenak.

 

 

Maiatzaren 29a. Ostirala. 34.a – D:7.a

 

Unai Iturriagaren "Isladak", eta Joserraren "Ibiltariarena" poema irakurriz: Gurea da ere "agur eta banoa, ni ez bainaiz hemengoa", ez naiz "arrotz arrotzen artean" sentitzen baina. Zama astuna dugu, herriarena, euskaldunarena; gure bideak azken bat du nolanahi; agur eta bagoaz baina ez "ilundurik gogoa". Ez dugu "helbururik ibiltzea besterik", hein handi batean bai, baina 2 hilabetez soilik. Ametsekin batera goaz, haizeak garamatza, baina gu bai bagara nongoak. Ez gara ibiltariak, gabiltzan euskaldunak baizik.

 

Ez dugu etxetik kanpo bazkaltzen eguerdian, ez baitago non zer jan eskaintzarik ere; ogitarteko, pizza zati, gozoki, eta eguerdiko jota-pasako mila aukera dago: afalordurako irauten laguntzeko mokadutxoak egiten ditugu. Bada gozotegi eta jatetxerik ere, baina ez masiboki jendeak eguerdian mokadu bat jateko aukera, ohitura edo kulturarik, merke bazkaldu ahal izateko alegia. Uste dugu jendeak bazkaldu egiten duela, baina etxean, ez duela eguerdian mokadu batekin pasatzen Holandan bezala.

Garagardo botila eskuan ikusten dira gazteak zein nagusiagoak ere; garagardo asko edaten dela dirudi, supermerkatuetan masiboa da garagardo eskaintza, garagardo kaxa pila izugarriak daude. Alkohol edari denda espezializatu gutxi ikusten da, ez da holako saltokirik nabarmentzen, Holandan, ordez, bai. Esneki aukera gutxiago dago Holandan baino. Ogi aukera ere ez da hain zabala.

 

Zelatan egon natzaio zozo bati arbola azpian, habia non ote, iruditu baitzait mokoan janaria zuela etsaia nahasi nahian zebilela adarrik adar. Ni neu nintzen, ordea, etsai eta arrisku: nik alde eginaz bat sartu da, ni azpian nengoen zuhaitz enborreko kaxan, han baitzeukan habia nondik kumeek burua ateratzen zioten.

 

Gaurko bidaian hainbat bertako etxe ikusi dugu, museoa bailitzaz, errepide ertzean barreiatuta: horma zuri eta estalki lastozkodunak; askok zuen zurezko egitura agirian, ilun edo beltz pintatuta. Bogensetik Sondersera lauki egitura hartzen dute landetxeko eraikuntza ezberdinek, erdian patio zabala sortuz, Txekia, Eslovakia edo Austrian bezala. Kalerik ez duten etxe txikiko nekazari herritxoak dira gehienak; koskortuagoek ez dute oinezkoentzako kalerik baina bai kale luze bat denda denak biltzen dituena.

Jutlandian ikusi genituen hainbaten antzerakoak dira ia eliza denak: dorre karratua, isurialde biko teiladun teilatu zorrotzekin. Gari-sail asko, arto erne berria, beste zereal motaren bat izan behar duen sail batzuk, belartza, zenbait zaldi eta noizbehinka behi bakartxoak talde bakartietan.

 

Ez dirudi kanpotar askorik dabilenik errepide zein herrietan, dabilena bertakoa da, daniarra; hauek ez dira turista herriak; eguzki berorik ez dutenez  ikusmin diren gu bezalako kanpotar batzuk gatoz soilik: udan agian besterik da. Kanpinetan ibili badabil jendea; gure kanpina txikia da, baina Bogensekoa ikaragarria da, itsasertzean kokatuta dago, bertan finkatutako erremolkez josia.

 

Ekirantz argindar tantai sendo ugari dago, komunikabide dorreren bat ere bai, baina transformadore txabola txikiek eta egurrezko argindar-tantaiak diraute.

 

Arup. Dorrea behar duen harrizko eraikin mehe luze karratua, zurezko txapelarekin. Okrea da nagusi fatxadetan.

 

Bide txikietatik ibiltzera, betaurrekoak ere jantzi egin behar dira, mapa ondo aztertu eta ez galtzeko, bidegurutzean soilik baitago jarrita herritxoetarako norabidea, bertarakoa soilik. Oso trinkoa da bide-sarea, herritxoz herritxo denak elkar lotuz, labirintoa bihurtzen da mapa on bat eta norabide-sena ez duenarentzat.

 

Erakusgai dute jauregi bat, turista-ibilbideak bertara eramaten du.

Garia da ia uzta bakarra sail zabaletan, noizbehinka baso kaskoak.  Mendebalera pagua da nagusi haritza eta izeia lagun zaizkiola.

 

Gamborg. Padura da itsabazterra, ugariak dira bertan batel eta txalupak, itsasoa lur barrura bihurritzen da edo lur muturrak kiribiltzen dira itsasoan: lurra eta ura elkarrekin ezkonduta.

 

Itsas ertzean, padura taxuko lurretan egiten da etxe-estalkiak egiteko lasto edo antzerakoa den gaia, agian kanabera motaren bat da.

 

Sventrup. Behigorri aldra izugarrizko errapeekin.

 

Bide erakargarria da itsas kontra doan hau; golf zelai zabala, paraje zoragarrian: hainbat golfari dabil bertan aberaskerietan.

 

Middelfart. Jutlandia eta Fionia lotzen dituen zubien alboan: zubi erraldoia presente dago batez ere portu eta moiletatik ikuskizun; zubi zaharra ere ez da makala!. Herri lasaia, ia jenderik ez dabil goiz erdian erosketa-kalean. Handia ez denez ez da zaila erdigunea aurkitzea, ibili atsegina eskaintzen du, etxeei begiratuz, zurajea ageriko etxe eder asko baitago. Museoa: eraikina bera da batez ere begiratzekoa. Portua,  inguru zabala da, ez ordea ibiltzeko atsegina, bertan ugariak dira peskariak, aingira antzerako arraina ateratzen ikusi dugu bat, baina ondoren uretara  bota du amua kendu bezain laster; aisia ontzi gutxi dago parajeak itsas kirolerako tentagarria dirudien arren. S. Nikola eliza, 1667an bukatua: adreilu forma ezberdinez arinduta dago fatxadaren leuntasuna; barruak itxura alaia du zuriz pintatutako arkuei esker, 1603.go bale hezurrak gordetzen ditu atzean sarrerako horman, arabierazko idatziak dituen erretaula zur-kolore ilunez bernizaturiko zurezko taila ikusgarriekin, irudi eta egitura antzerako tailekin edertutako pulpitua, fresko hondarrak, bankuteriako ilara: bakoitzak kandela jartzeko metal urre koloreko argimutil nanoa du ilara bakoitzak, Arrateko eliza gogarazten diguten arrantzaleen promes itsasontziak zintzilikatuta, hilarriak: hainbeste dira, ze sarrerako harmaila zabalak egiteko erabili dituzte hilarri tailatuok.

SEATak garaje du hirira sarreran.

 

Zati estu batean soilik ebakitzen dute errepide bazterreko belarra, harantzagokoa bere-berean utziz: hala behar luke, bazterra bera ebakita nahiko du errepide ertzak. Gureetan badirudi askotan  sega-makina saltzaileekin dutela negozioa edo lagunartea gure agintariek.

 

Nahiko erliebe du lurraldeak, gora-behera leunak ditu, ez da galgarekin berdindutako lurraldea. Hemen ez dute herrietara sarreretan errepidea estutzen, bai ordea koskor antzerako oztopoak jartzen abiadura geraraziz herriaren izena iragartzen duen agiriaren parean.

 

Skaastrup. Txikia. Etxe eta denda aurreek kandelak jartzeko argimutil txikiak dituzte, hori litzake herriko berezitasuna, bestela ez baitauka ezer, ezta eskalerik ere.

 

Letxuga sail oso zabalak.

Latza dirudien belar multzo zabalak.

Ortuari eta fruta denetik dago dendetan, ez ordea jaki prestatutakorik, entsalada edo bestelakorik, ikusi ditugun Europako herrialde gehienetan egon ohi den bezala.

 

Komunak dira Danimarkako lurralde-zatiketa politiko eta ekonomikoa; nahiko barruti txikiak dira komunok; herri handi batek hartzen ditu inguruko herritxoak: errepidean ikusten dugu iragarrita komuna, baina ez dakigu komuna horrek ze eskumen, betebehar, ahalbide edo zeregin duen.

 

Bogense. Ez du oinezkoen kalerik, baina kale batean bilduak daude erosketa aukerak. Etxe eder pila, bat 1713ko handia, patioan dendak dituena. Etxe askok du patio zabala, bizimodua patioan egiten zen nonbait, ez kalean gaur bezala. Etxe txikiko kaletxo bat ubide baten luzeran, baina batez ere etxe nanoz inguratutako plaza da deigarria, jostailuko etxeak irudi, eta berrari aukeran datorkio iturria. S. Nikola eliza, debozio handiko santua nonbait inguru honetan: erretaula eta pulpitu loretsuak, biak gorrixkak eta alegerak; 1604ko pulpitua  tailatutako iruditxoz edertua; erliebeak ia galduta dituen 1150.go bataiarria; 1490.go Kristo zahar handia letoiz estalitako eta tailaz apainduriko gurutzean; Arrateko ontziak, arrantzale edo behintzat marinel herria izan baitzen Bogense; 1700.go argi-lanpara zintzilikatuak; jauntxoen hilausak. Merezi zuen bisita. Hilerria izugarri zabala, itsasgainean, eliza bueltan; badu berezitasun bat: belar-sail trinkoa du, belartza soilik da dena, lurrean itsatsitako harri zapal txikiak besterik ez dago, belarrak ia janda, bakoitzak lurretik bizi den bere lora sorta freskoa duela.

 

Izugarri zainduak daude hilerriak Danimarkan: hau bai bada hildakoei gurtza.

 

Uhartearen erdirantz jo dugu berriro. Lurralde laua da, galgarekin berdindutakoa ez bada ere.

 

Sonders. Eliza baten bila joan gatzaizkio; elizarik ez dugu aurkitu  baina galdua genuen hobi-eremura bidea erakutsi digu. Herria bera xumea da, bere garaian konpondu zuten, baina zimelduz doa: etxe zahar bat aukeratu behar izan dugu oroitzapen-argazkirako.

 

Ez bakarrik gazteek, berdin heldu eta nagusiek, izugarrizko garagardo kaxa pila darama jendeak supermerkatutik, astebururako nonbait.

 

Skamby. Hilerria zen nonbait, auskalo noiz: hilarriak omen diren harritzarrak, bikingo ontzia irudikatzen dutela diruditen pare bat harri ilara, hainbat harri erruniko edo harritzar itzelak idazki zizelatuekin.

 

Erbia gurutzatu zaigu errepidean, han joan zaigu artasoroa saltoka.

Trokotetan ebakita edo ebakitzeko pilatuta dute hainbat etxetan negurako su-egurra.

Danimarkan ere bitxilorea errepide-bazterra alegeratuzko lorea da.

 

154 kilometro, irlari bira emanezko lehenak.

 

Naturgunea da kanpina, ikusgarria da zozoen presentzia eta kantua arrats eguzkitsuan; bi ahate ditugu gaur lagun, aurrean jarri zaizkit lo-kuluxkan, mokoa lumapean; esnatzean ahate batek burua erabat jiratu du, 90 gradutan, atzera begiratzeko, hotsa zerena ote kurios.

etiketak: Bidaiak 98, Danimarka
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.