BIDAIAK 98: DANIMARKA
Maiatzaren 30a. Larunbata. 35.a – D:8.a
"Baleen berbaroa", Edorta Jimenez: Baleez irakurtzen eta hara non atzo Middelfart-eko elizan baleen hezurrak aurkitu nituen.
Erruz ikusi ditugu errepideko zutabeetan “JA” hizki gorriak; paperak banatuz arrosa gorria eman zigutenak ere JA-ren aldekoak ziren. “JA” hitzak BAI esan nahi du. Ugariak dira, baina ez hainbeste,”NEJ”, EZ, dioten errotuluak: kartel urdinak dira oin-arrasto beltz parearekin, ez dira JA gorria bezainbat begietan sartzen direnak. Ezer gutxiaz jabetu ginen Holandan hango hauteskundeez: gaur jakin dugu Europarekin banatu ala ez erreferenduma izan dutela hemen Daniarrek. Egunkarian irakurri dugunez, zundaketa ez bada behintzat, JAk, baietzak, irabazi du. Erruki ditut daniarrok.
Orain arteko Kanpin daniarretan giza-gela edo familiarena deritzoten gela bat dago, jateko, jardunerako edo jolasteko gunea; gaur karta jokoan ari dira bi bikote nagusi, atzo berriz partxisean ari ziren bi bikote gazte.
Gureetan ziri edo taket luzeak, zuri-gorriak gehienetan, jartzen dira goieretako errepide bazterretan neguan, elurra denean, errepide ertzak iragartzeko. Hemen pendizik ere ez dute, baina elurra besterik ez neguan, nola iragartzen ote errepide ertzak; autoak gordeta edukitzen ote, ala errepideak garbitzen dituzte?.
Ez da Amabirjina zein Santokristoren irudi edo ermitatxorik errepide-gurutze eta herri sarreretan. Ezta kale-kantoietan ere. Kale-gurutze, plaza eta plazatxoetan brontzezko eskulturak ikus daitezke, maiz ikusi ere, politak batzuk, irudimen handikoak bestetzuk.
Bellinge. Daniar herri tipikoa omen, baina lur-sailtxoz inguratutako solairu bateko txaletxoak besterik ez da; itxuraz nahiko berriak dira etxetxook, herri baten ertzeko etxe-multzo berria dirudi; errepideko herriaren iragarpenei jarraituz, mila buelta eman badugu ere beste zerbaiten bila, herrian sartuz eta herritik atereaz, herri konbentzional baten bila, ohizko kale-sorta edo etxe-multzoa non ikusiko, guk ez dugu besterik aurkitu; agian besterik ez da, ikusi dugun hori da herria. Elizarik ere ez dugu aurkitu, gidaliburuak ikustea merezi duela badio ere. Ez herri ez eliza geratu gara, beraz, errepideko iragarkiek eta zoruko oztopoek hura zela herria esaten ziguten arren.
Etxe soltez osatutako hainbat herri ikusten dugu gaurko bidaia luzean; errepide luzeran kokatuta, bakoitzak bere lur-zati zaindua du bueltan; nortasuna duten herriak eta etxeak.
Tximinia pila dago inguruan, adreiluzkoak gehienak, berotegien alboan tximinia oro. Ugariak dira berotegiak, handiak, itxuraz loreak ustiatzekoak.
Lekale asko omen Fionia uhartean: agian nik arto-sailtzat ditudan sail erne berriak beste zerbaiten landareak dira.
Bandera zabalak etxaurre askotan: abertzaleak dira daniarrok, euskaldunok ere izan ginen ikurrina kaleratu zale.
Glamsbjer. Jaietan dago: kale luzea mastez eta banderez apaindua, plazan txosnak, mahaiak, musika eta jendea. Gureetako jaietan bezala, jai-giro antzeratsua.
Jauntxo asko izan zen Fionia uhartean: gaztelu edo palazio asko dago, ederrak, zainduak, baso apurren erdian edo ertzean zenbait, urez inguratuta edo lakutxoa aurrean: lurrak ematen zuen, lurrak edo menpeko nekazarien izerdiak; erakusgai daude gazteluetarik asko, baina ezin gara gazteluok ikusten hasi, ez dugu ere jakin-min handirik, antzerakoak izan baitira gehienak barrutik: gure jakin-min bakarra da ordaintzen ote den eta zenbat begiratzea.
Haize-errotak tarteka, hemen, hegoan ere.
Nekazari herria da Danimarka; hainbeste gari!, nekazari pobrea ote daniarra ere?.
Lastozko teilatuak, horma zuriak, zuraje beltza agirian: granja eta nekazari etxeak dira, sarriak eta ederrak ageri zaizkigunak gaurko bidaia osoan ere. Berdearen monotonia etenez halako eraikin bat aurkitzeak eramangarriagoa ez ezik atsegina egiten du ibilia.
Assens. Merkatal kale luze bakarra, errepidetik porturainoko gainbeheran: bizi-bizi dago, giro alaian bildua, kalean da jende oro larunbateko goiz epelean; etxe ederrak; musikari hirukotea esku-soinua saxofoia gitarra joz, pailazo ukituarekin, kalea girotzen; tarteka tabernaren bat; arrain ketu, saltxitxa erre eta gazta txosnek lana dute kalean; disko erraldoia jaso ezinikoen eskultura txiki polita. Portua: arrantzontziak eta gerraontzia. 5 ateko eliza Andre Mari eliza: adreiluzko dotorea kanpotik, gotiko zuri argia barrutik: grada luzera osoa hartuzko alfonbra gorriak zapaltzeko kezka ere sortzen du garbiaren garbiaz; taila ikusgarriekin zurezko eta zur koloreko pulpitua, zur koloreko erretaula, brontzezko bataiarria, burdinsare eder baten ostean 1690- 1748.go 3 katabut izugarri sendoak eta betiko hilarri piloa; apaizak kamerinotxoa du aldare ostean, ispilu eta guzti, aldarera irten aurretik itxura prestatzeko.
Bideko herritxoetan izugarrizko etxe peto karratuak patio izugarriarekin: badirudi herri barruan daudela landetxeak; landetxe gutxi dago, berriz, herritik kanpo; herriok ez dute ohizko kalerik, errepide luzeran erreskadan, elkarrengandik lorategi eta berdegune zainduez banatutako etxe solteek osatzen dute herria.
Ez dabil ia autorik errepidean, igandezale gutxi dago nonbait; bizikletadun bakarren bat, heldua edo adindua.
Lore lila-biziko belar-sail zabala; ez dakit ze belar mota den, sekulabelarraren tankera du baina lore gorrizkoen ordez lore lila du.
Itsas inguruan gabiltza, baina ez itsas bazterretik, noizbehinka itsasoa begiz joz soilik.
Bojden. Itsas ertzean egonik ez da arrantzale herria; ferryaren moilan bukatu zaigu errepidea: jendea, autoa eta kamioia.
Hego Jutlandiara doa ferrya, errepide-bidea itsasoz moztuz.
Haize lekua.
Trikuharria galsoro erdi-erdian, nabarmen, deigarri; ez zuen iragarki beharrik.
Faaborg. Ate bat da herrira sarrera. Okrea nabarmen nagusitzen zaio etxe-hormetan, elizakoan ere. Aspaldiko kale-sare estu zahar polita, bertan galdu eta etxeei begira paseatzeko aukerakoa: hori egiten dugu gaur kaleko jabe garen bisitariok. Etxe ederrak. Patio zabalak lirateke ikusgai deigarri eta berezienak: ateak zabalik, erakusgai dituzte. Eliza, ezberdina da: dorre karratu sendoa, bi mailatan ia borobilduz doana, teila gorriz estalia lehen zatia arbel beltzez azken estuena. Itsas kontra dago, portua du: gaur eguerdiz sartu-irten handia dago, belaontzi eta yateena batez ere. Hila dago herria, lore-merkatuko hondarrak jasotzen ari dira: bizia egonen zen goizez.
Kaleko. Izenez euskalduna.
Jauregi edo gaztelu aparta, urez inguratua, baso ertzeko berdegunean. Aspaldiko partez baso baten erditik goaz, bihurgunea bihurgunearen ondoren, gora-behera leunean; pagoa, haritza eta izei tantai enbor sendokotekoak: jauregiko jauntxoaren basoa. Aintzira zabal bat; kaioak zelaian: ez dute nonbait jakirik aurkitzen itsasoan.
Svendborg. Oso hiri handia eta ederra;, egia da halako kutsu berezia duela. Kale zabaleko kale-sare zabala, ez du antzinako jitea galdu; bizia eta gozagarria behar du izan astegunez jendea dabilenean, baina baita gaur ere, hila arren, bertara joan eta bertan galdu eta kaleetan ibiltzeko hiri atsegina. Etxe ederrak ikusteko aukera paregabea: plazan dago bat, aparta bera; baina banku eta saltoki berriak egin dituzte beraietan antzinakoen taxua inolaz ere kontutan hartu gabe. Eliza biak dira adreilu sendoko ederrak; biak aurkitu ditugu itxita. Txu-txu trena: bi zalditxok tiratutako gurditzarra, loraz eta abarrez hala-hola apaindua: sos batzuk lortzeko gazte baten irudimena.
Gaztelako dialektoan bi emakume kale batean. Ez dugu Hego Amerikako gaztelaniarik entzuten.
Tasinge uhartea. Zubi batek lotze du irla handiarekin. Ez du ezer berezirik errepide garaitik begiratuta, ez auto gidariarentzat ezta ere gidaliburuaren egilearentzat.
Sio uhartetxoa: zubi batez heltzen da bertara, hurrengo uharterako jauziari pausalekua eskainiz bezala.
Langeland uhartea: zubi piko batez heltzen da bertara, trumoi zaparradapean eta haizeak astinduta zeharkatu dugu guk. Ia galdu egin gara errepide txikien sarean. Fionia uhartearen osagai guztiak ditu: baditu haize-errota bakar batzuk, badu lastozko zenbait teilatudun etxe, badu kolore gorriko gaztelua.
Rudkobing: irlako hiri nagusia, ikustera gelditu ez gatzagiona. Ez uharteak ez hiriak, ez dute ezer apartekorik bertan gerarazteko.
Zisne pila zubi ertz inguruetan, multzo zuri dotoreak ur gain urdinean.
Portuak egon daude, baina ontzi ibiltaririk ez.
Egezkov slot: uharteko postal eta iragarki orotan agertzen da gaztelua, albora utzi dugu guk, ez gatzaio hurreratu ere, urez inguratua, ikusgarrietakoa dirudien arren: 1554an uretan haritz enbor gainean eraikia omen. Bideak eta bidaiaren nondik norakoak bere arauak ditu: ezin da beti edonora edo denera heldu.
Zabalak eta apartak dira patioak, edozein herriko etxe askotan.
289 kilometro, irlako hegorantz
Ibili luzea izan da gaurkoa, kanpina aldatzea ekidin digu, ezbaian baikeunden pare bat egunerako etorri edo ez: ez du merezi.
Maiatzaren 31a. Igandea. 36.a – D:9.a
Walt Whitman: "Denbora lar galdu dut bai alperrik amets labainetan, denbora lar egin dut bai ibi igarotzen, ohol bati helduta ur bazterrean, baina nire burua sarri bota dut, ur azalean mila aldiz berragertu naiz eta orain abian naiz".
Ezinezkoa zait Danimarkan gor-mutu bizitzea, keinua uler-bide bakartzat hartuz bidaiatzea: azken postal saltzaileari keinuz eginiko postalena zenbat zen galderari, fifty five, ingelesez erantzun dit berak, diru-kutxaren kontagailua erakutsi ordez. Denek dakitenez ingelesez, ingelesez saiatu behar naiz neu ere, keinura mugatu gabe.
Garai honetan, Txekian eta Eslovakian antzera, ugaritu dira holandarrak Danimarkan, Ekaina du nonbait opor-hila holandar askok. Bezeroz girotu da kanpina asteburuan, baina batez ere alokairu etxoletara dator asteburuko bisitaria.
Bertako iragarki eta portaerara egin garen arren, jadanik nahiko gurean aurkitzen garen arren, irteera bakoitzean esnatzen zaigu abentura sentipena, aurkikuntzara bagindoaz bezala. Biziagoa da sentipen hori gaur, mapan ez herririk ez errepide zenbakirik agertzen ez zaigun bide txikietan sartu nahi baitugu tarte luze batean behintzat. Badugu, baina, edozein labirintoan azken irtenbidea bilatuko dugun segurtasuna.
Asteburuko motorista aldrarik ez dabil, bakarra ikusi dugu gaur; motorista banakakoak ere ez dira ugariak.
Pilatuta dago su-egurra granja, landetxe atarietan, batzuk taxuz tolestua dute egurra, ebakitzen ari den zenbaitek pilatuta.
Faisaiak, bospasei aurkitu ditugu gaurko ibilian: kilometrotako etorbidea dirudi errepide estuak, aspaldikoa behar du izan sendoak eta garaiak baitira alboko ezki eta gaztaina zimelak, garai batean pasealekua, zaldizkoen zein zalgurdien bidea; gaztelu ego jauregi eder eta handi baten sarreran bukatzen da beti; faisaiak agertzen dira gaztelu inguruko bide bazter hauetan, dotore egiteko edo gaztelu ingurua girotzeko jarrita bezala; agian kondea ehiztari ateratzen denerako gizentzen ari dira.
Gaztelua, urez inguratua, inguruetako baso bakarraren alboan: "Privat" jartzen du garbi ikusi dugun lehenengoko sarreran, inor ausartu ez dadin begiak barrura luzatzen. Zenbait gazteluk herritxoa dirudi, bada bat Odensetik hur, Ipar-Ekirantz, izugarrizko granja duena alboan, agian gazteluko eraikinez egina; bada ere beste bat Odense beretik Hegorantz harrizko hesi batez inguratutakoa. Bidaia-kide dugu bitxilorea, letreroan marraztuta, turismo-ibilbidea iragarriz: gaztelu batera zuzentzen gaitu beti, erakusteko baitituzte gazteluok, baina kanpotik begiratzera mugatu behar gara, aberatsak nola bizi diren miretsiz edo madarikatuz: fantasiako edo filmetako gaztelu, etorbide, lorategi, berdegune, kondearen ehiza-basoa... Nola dakiten bizitzen dirudunek!. Beraien etxeak hurretik begiratzen ere uzten digute!, zein onak diren aberatsak!.
Gaztelu batek ia bere kontra duen aintziran ehunka, agian milaka, ahate biltzen dira ur-gainean ikuskizun aparta eskainiz; autoa gelditzean denak bazterreratu zaizkigu janari errazaren bila. Erdi aberrigabeak, urte erdi hemen eta beste erdia hegoren batean, atzerritik atzerrira, aberritik aberrira, gureetan tiroka hartzen ditugun migrariak: giza migratzaileek bezain zaila dute bizimodua hegazti migrariek ere.
Barne-patio ikusgarria dute granjek, zabala, zaindua, gordea, egonleku bildu aparta.
Hamarretakoa egiten ari da errepide ertzeko egonleku batean txangoa autoan egiten ari den koadrila bat, bapo eta alegera, jan-edanean.
Geu biok bakarrik gara errepide txikiotan, gozamena da horrela gidatzea, bidaia lasaia, gozagarria, uharte barruko bidexketatik Hego-Eki alderantz bitxilore turistikoari jarraiki.
Sinestezina egiten zaigu lautada hauetan % 8ko malda.
Svindinge. Antzinako herria, orduko etxeak gorde ditu; latorrizko dorretxoa du teilatu-gailur erdian, lurraldean ohi denez. Jakin badakite herri osoa altxorra dela eta zaindua dute.
Gereziondo pila Nyborg bidean, txikiak, zainduak: ikusten dugun lehenengo frutarbola saila, beraz oraingoz bakarra; izan badira gereziondo bakarrak etxe inguruetan eta lorategietan, lorea galtzen ari dira garai honetan.
Nyborg. Itsaso-kontrako bidegurutzean; portu zabala du, bertatik dabiltza Seelandia uhartera ferryak gaur egun, ertz biak lotuko dituen ferrokarrila eta autobidea izanen da laster. Hiriak berak ez du zer ikusi edo non ibili berezirik, handia da besterik gabe, erosketa hiria inguruko herrientzat, gaur bertan zabalik dago saltoki bat. Bizitasunak izan behar du nagusi astegunez, kanpotarroi utzia dago gaur. Andre Mari eliza. Merezi du sartzea: elkarketa atsegina egiten du zarpeatu zuriak adreilu gorriarekin; fresko hondarrak; pulpitua zur-lan aparta da; bataiarria zaharra, oso gutxi landua; bataiarriaren estalkiko 8 emakume tailatuek tuntuxa dute; jauntxo familien pintatuzko argazkiak zur landuko marko oparo handietan; burdineria forjatu ederra; hilarriak; badira ezohizko bi ikusgai: erloju edo kariloiaren makineria eliza-zoruan ikusgai, baina batez ere Kristo erraldoia presbiteriora sarreran gangatik langa batean zintzilikatuta: indar handiko aurpegiera du, gurutzea bera landuta dago, bai gurutzearen bi besoen lau ertzak, bai oholen ertzen luzadura osoa: bikaina.
Ka-ka-ka lakarrean jendearengana, batez ere eseritakoengana, hurbilduz ibili zaigu ahatea portuan, ogi apurrak eskatuz: aberri edo etxe jakin gabekoen patua, etorkinen sinboloa edo parabola.
Bada hirian edo inguruan errege gaztelu famatua, baina ez dakigu bertara norabiderik, eta ahalegindu ere ez gara ahalegindu bilatzen.
Bagenuen Seelandiara zubiz pasako ginen ustea baina amets geratu zaigu: oraingoz nahitaezkoa dugu ferrya, nahitaezkoa ez ezik garestia. Kosta zaigu bertara bideratzea eta nondik hartu behar dugun jabetzea.
Bovensen lila kolore bizian loratutako belar-sail hura hemen ere, bere alboan ezagutzen ez dudan lore-saila.
Harresia bailitzan lasto-fardo piloa luze, zabal, garai eta plastikoz estalia zelai erdian.
Itsas kontra-kontra, bidaia aparta.
Badiara begira bazkaldu dugu ere, gazta-ogitartekoa eta mahatsa.
Paperezkoak dira irla osoan zabor-ontzietako poltsak.
Keterminde. Badia eta fiordo luze zabala du, gaur arratsaldez dozenaka asko belaontzien oihalek zuritasunez bildua: bada belaontzi lehiaketaren bat; fiordoaren altzoan, sakonenean, portua. Arrantzale herria da herria bera, luze-zabal osoan antzinakoa, behe-solairu soileko etxetxo baxuko kaleak; ateek, bakoitza ezberdin pintatuta, merezi dute begirada bat; herritxo atsegina; paseatuz jelatu bat milikatzeko aukerakoa, oinezko-kalerik ez badago ere; izozki famatua da nonbait bertakoa, jende askok erosten du: oso handiak dira eta norbere aurrean egiten dituzte jelatuaren barkiluak.
Jaialdiren bat da hondartzan, jende asko dago bertan, bada musika-emanaldiren bat ere, eserita baitago jendea hondartzan entzute asmo gisan, oholtza bat... ohizko giro jendetsua.
Hesolak estekatuta itsas bazterrean ilaran, hesola bakoitzaren gainean itsas hegazti ilunak erabat luze hesolen luzagarri bailira.
Viby eta Male, zaldiz joango zen bertara lehen, gaur egun errepidez eta autoz, hori litzake aldaketa bakarra. Ziren bezalakoak diraute, lastozko teilatudun etxe bakanak. Herri txiki xumeak biak: kotxez geldiro zeharkatu, begiratu, txunditu eta kaskezur barruan edo argazki makinan gorde irudiak!. Beste mundu bat, beste aldi bat, beste giro bat!. Antzinako garaietan murgiltzea.
Ladby. Bikingo baten hilobia, han lurperatu zuten duela 1100 urte hogei metro inguruko itsasontzi batean bikingo jauntxoren bat 11 zaldi eta 4 txakurrekin; ontzia 4 bat metro zabal izanen da, metro erdia sakon; hondarpean iraun du, urteek eta itsas umeltasunak belztu eta jan egin dute, baina oraindik han dago ontzia, han daude oraindik hezurrak, han iltzeak: horrelako ontzietan bereganatu zituzten bikingoek Ingalaterra zein Europako hainbat herri.
Berotegiek osaturiko industrialdea dirudi: kristalezko muntaia handiak, industria pabiloi tankerakoak, tximinia luze eta guzti, industria-gunea bailitza: ez dakigu zertara jarriak dauden, zer ekoizten duten.
Zaila da askotan errepide-labirinto honetan norabidea usaintzea, mapak ez baitakartza herritxo guztiak; tarteka ernegatzen dugu, batak hemendik, besteak handik jo behar dugula eta; azkenez beti zuzentzen gara etxera.
188 kilometro.
Arratsean, idatzi, irakurri edo egonekoan, uretan zein belartzan lau egunez auzo zaizkigun kanpineko aintzirako dozena erdi ahateri begiratzen diet: bakarren batek agian Etxarriko lapikoren batean bukatuko du udazkenean.
Bihar hegazkada berria kokaleku berri baten bila.