Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Publikoaren alde

Elena Laka 2007/10/04 11:28

 

Publikoki adierazten dut gauza publikoaren alde egite asmotan, astean behin zerbitzu publikoa erabiltzen dudala, eskubide publiko bat gauzatzeko joan-etorria egiteko. Astean behin, behintzat, autobusaz baliatzen naiz Bergara-Eibar ibilbidea egiteko, lanerako joan-etorria egiteko.

 

Publikoa oro har pozik dago zerbitzuarekin. Batez ere enpresa publiko baten ustiatzen duen errepide publikotik doan zerbitzua. Autopistari esker, ordu laurdenean egiten da ibilbidea, nahiz eta oso maiz Bergarara autobusa atzerapenaz etortzen den. Orain gainera ordutegia publiko egin dute, geralekuko poste batean orri bat itsasiz. Lehen ordutegi-orri bat zeukan bidaiari zortedunak miresmen publikoa jasotzen zuen geralekuren batean ateratzen zuenean. Bidaiariak inoren sorbalda gainera igotzeko kapaz ginen autobusaren ordua jakiteko.  

 

Bidaia laburra da, baina edozer gauza gerta liteke tarte horretan. Zerikusi handia daukate gidariek. Denetarik dago: garraio publikoan zaildutako txoferraren letxe txar zuzena daukatenak, funtzionario publiko topikoaren axolagabekeria agertzen dutenak, edo publikoarekin lanean ohituta, bereziki atseginak direnak. Zeresan handia du horrek bidaiaren nondik-norakoan. Hala ere, ia guztiek ipinita izaten duten irrati katea publikoa da, publikoan gehien hitz egiten den hizkuntzan egiten dena.

 

Autobus barruko zertzeladak ere konta daitezke. Behin, publiko txikian, bost bidaiari ezezagunen artean, suetenaren etena analizatu genuen. Gero esango dute zaila dela zenbait gauzaz publikoki hitz egitea! Beste behin, autobusean neu publiko bakarra izanda, txoferraren ondoan joan nintzen, berarekin berriketan.

 

Aste honetan nobedade bat daukagu garraio publikoaren komunitatean: txartel bakarra. Publikoa gustora somatzen da: erosoa da eta merkexeago aterako da. Administrazio publikoak baina publikoan azalduta inon ikusi ez dudan trikimailua egin digu: txartelaren prezio publikoa 1,30 eurotik 1,75 eurora igo dute, urte hasieran izan zen 5 zentimoko igoeraz gain. Hau da, 2007 urtean Bergara-Eibar bidai publikoa %40 garestitu dute. Justo txartel batuarekin lortuko den prezio beherapena.

 

Badago modu publikoan, publikoaren aurrean, honen zergaitia argudiatuko duen zerbitzu publikoaren arduradunik?  

Beste galdera bat

Elena Laka 2007/09/27 11:33

Oierren beste galderetariko bat. Joan zen udaberrian nahiko matraka eman zuen honekin, baina aspadi ez genion entzuten. Atzo berreskuratu zuen berriro, nonbait ez diogu asetzen duen erantzunik ematen:

 

-         Ama, ni nun neuan zu txikixa ziñanian?

 

Borges edo Cortazarren ipuinen bat irakurri dudanean sabelean sortu izan zaidan hutsune berbera sortzen dit galdera honek.

Itzulpen barik

Elena Laka 2007/09/23 13:13

Asteleheneko Goienkarirako

 

 "Ilunga”, itzultzeko hitzik zailena. Munduan dauden hitzetatik itzultzen zailena “ilunga” omen da, tshiluba hizkuntzekoa, Kongoko Errepublika Demokratikoko hego-ekialdean hitz egiten dena, mila hizkuntzalariek garai batean egindako ikerketa bitxi baten arabera. Esanahia, “gehiegikeria bat lehen aldiz barkatu bai, bigarrenean eraman bai, baina hirugarrenean sekula onartuko ez duen pertsona”. Gara, 07-9-23.

 

Munduan dauden zazpi mila hizkuntzetatik erdia galtzeko zorian omen dago. Alaskatik Australiara, milaka hizkuntza galtzeko arriskuan daudela argitaratu du National Geographik News-ek. Mundu globalizatuan, pertsonen joan-etorriak, komunikabideen zabalkundeak eta inperioen nagusitasunak dira hizkuntza txikiei kalte egiten dizkietenak. Desagertzear dauden hizkuntza hauek ez daukate hiztun komunitate indartsurik, gutxi batzuenak baino ez dira. Kalkulatzen denez, munduko populazioaren %80ak 83 hizkuntz handi hitz egiten ditu, eta aldi berean 300.000 hizkuntz txiki daude populazioaren %0,2ak baino erabiltzen ez dituenak.

 

Madrideko lagun batek antzu irizten zion guk euskara berreskuratu nahiari. Antzu eta zentzubako, berak praktikotasuna esaten zion argudioa erabiliz. Zertako saiatu, zertarako horren beste ahalegin, horren beste diru beti gutxiengo baten hizkuntza izango dena berreskuratzeko? Zertarako hain beste neke euskara erakusten, erreibindikatzen, erabiltzen, jakin baldin badakigu gure lurralde txikitik irtenda, ez digula inorekin ulertzeko balio izango? Frantsesa eta espainola bezalako hizkuntz handiak izanda aldamenean, horrelako literatur tradizioa dutenak, zertarako haien ondoan galtzen dagoen hizkuntza bat berpizten saiatu, lana besterik emango ez digun hizkuntza batekin indarrak xahutu? Praktikotasuna argudiatzen zuen berak, nazionalismo espainiarra deitzen nion nik. Zeren argudio horri jarraituta, hobe munduko biztanle guztiok txinera edo ingelesa besterik ikasiko ez bagenu, munduko biztanle gehienekin elkarulertzeko erarik errazena.

 

Burugogorrak, nonbait, euskaldunak, arnas hestuka dabilen hizkuntza batean saiatu nahian. Burugogorragoak Debagoiendarrak, Bergara aldeko euskara aste honetan interneten ipini dutenean, Donostiara joateko ere balio ez digun euskalkia bultzatzeko. Euskalkia, batua, espainola eta ingelesa ikasi beharra jartzen diogu geure buruari, bizitza askoz errezagoa izan zitekeenean hizkuntza bakarrarekin.  

 

Ezin baina guztia inperioetako hizkuntzetan esan: nik “pottolo” ezin dut beste hizkuntza batean esan, ezin ditut “pa”, “neba”, “matraka” hitzak beste hizkuntza batean esan, ez eta ama hizkuntza dudan gazteleraz ere. “Hau jiria” esateko modu bakarra ezagutzen dut, “politt horrek” ezin didate beste inongo modutan esan. Eta Bergara aldeko hiztegia interneten ipini denetik badakit asteburu hau “andafuerako soiñekua jantzita” nabilela asteburu osoan, zutabe hau idazteko ia denborarik gabe.  Norberaren bizitzak ez daukalako itzulpenik.  

Million dolars galdera

Elena Laka 2007/09/19 10:24

Luistxok eskatuta

 

Umeekin dabilenak badaki txikiek, sei urte artekoek edo, dena galdetzeko ohitura dutela. Galderak, noski, umeen mundu ikuspegitik egiten dituzte, horietan konturatzen gara nagusiok beste galaxia batean bizi garela, nahiz eta ez nintzateken ausartuko gurea galaxia zuzena dela esaten.

 

Kontua da umeen mundutik abiatuta, helduoi egiten dizkiguten galderak bitxi iruditzen zaizkigula. Ume txikiekin zabiltzanean galderok barrea-edo, eragiten dizute, baina gero normalean segituan ahaztu egiten zaizkit, niri behintzat. Izan ere, umeen hazkuntza oso dinamikoa da, eta segituan doaz etapak pasatzen, etapa batek aurrekoa estali egiten du. Horrela, ohikoa da ikastolan hasi berria den ume baten gurasoa ez akordatzea noiz hasi zitzaion umeari berdurak ematen, edo noiz tokatzen zaien arraina jaten hastea (izango da gurasoren bat sekula jakin ez duena, baina hori beste kontu bat da).

 

Hala ere badira galdera batzuk bereziki ukitzen zaituztenak, eta baten batzuk behintzat buruan geratzen zaizkizu. Horietako batzuk:

 

Paulo txikia zeneko polit bat: aitxitxak esaten dio: “ikusi Paulo, ilargia laino baten atzean ezkutatzen ari da”. Eta Paulok: “zeinek ez ikusteko, aitxitxa?”

 

Oierren galderak gertuago dauzkat, txikiagoa delako eta den-dena galdetzen duelako, hitzontzi hutsa da. Joan zen udaberrian ahoan zerabilzkien bi galderek, oso normalak izanda ere, begiak bustita lagatzen zizkidaten:

- “ama, eta zu noiz hilko zara?”

-       “ama, eta zu hiltzen zarenean, zein izango da nire amatxo?”

 

Luistxorekin eta Mendigreenekin afarian, komentatzen genihardugun Pirritx eta Porrotxen ipuin berriak. Uste dut haria Luisek ekarri zuela, seme-alabei Eneko Haritza irakurtzen dabilkiela kontatu zuelako, bere umeek adi-adi entzuten dutela. Ni Oierrekin Pirritx eta Porrotxen ipuin mega-korrektoak irakurtzen nabil, ez niri gustatzen zaizkidalako, umeak eskatzen dituelako baizik. Ipuin hauen artean badago “Gorka konpontzailea”rena, gurasotzat ama-bikotea duen mutiko baten istorioa. Hasieran arraro samarra egiten zitzaion Oierri bi ama edukitze hura: “zelan, bi ama?”. Orduan ni, korrekto-korrekto, erantzuten nion posible dela bi ama edo bi aita edukitzea, badaudela horrelako bikoteak. Ondorengo galdera, logikoa berarendako, Luisi horrelako grazia egin ziona:

-         “ama, eta nik zergaitik ez daukat bi ama?”

Korrekzioa barneratu du, bai, Oierrek.  

 

Eibar ez dago inon

Elena Laka 2007/09/10 17:07

"Eibar" aldizkariko Arrateetako alerako.

 

Bernardo Atxaga izan zen “euskal hiria” kontzeptua sortu zuena, eta seguru asko kontzeptua nola erabili den ikusita, joan zen uztailean hitzaldi bat eman zuen “Euskal hiria ez dago inon” izenburu esanguratsuarekin. Euskal hiria, nolabait Euskal Herriko herrien arteko mugarik eza, kontzeptu fisikoa izan daiteke egungo garapenaren ondorioz (garapena jasangarria den ala ez, beste kontu bat da). Baina baita ere, eta hortik ziurrenik Atxagaren azalpena, Euskal hiria kontzeptu sinbolikoa izan daiteke, “polis” grekoarekin zerikusi gehiago duena, euskal kosmopolitismoaren erakusgarri.

 

Euskal Hiriaren kontzeptu sinboliko hori aitzakiatzat hartuta, ez parekatze aldera, bai hausnarketarako oinarri moduan, Eibarko herriaren kontzeptu berri batez ere egin dezakegu berba. Kontzeptu berri honek, XXI mendeari lotua, eibartar izateko modu ezberdinekin zerikusia dauka.

 

Lehena: begira itzazu aldizkari honetan bertan “galería de eibarrereses” argazkien saila. Pedro Zabala, Pepita Etxeberria, José Mari Gabilondo, Mª Pilar Sarasketa … izan daitezke bertan ageri diren batzuetariko izenak. Begira orain, aldizkari honetan baita ere, azken hiruhileko jaioberriak: Oscar Díaz Arias, Ane Sarasketa Etxeberria, Ramah Jebari Benslaiman, Hodei Carrillo Urizar, Alazne Tuquerres Quinchuqui moduko izenak izan daitezke. Aintzinako argazkietakoak eta oraingo jaioberriak, guztiak dira eibartarrak. Lehenago etorri zirenak, betiko eibartarrak, eta etorri berriak. Guztiak hazi dira Eibarren, guztiek izango dute, nola edo hala, herri honekin zerikusia.

 

Bigarrena: eibartar izatea ez da izateko modu bat, ez behintzat gaur egun. Garai batean eibartartasuna lotu zen lanerako jarrera batekin, ekintzaile izateko modu batekin, eskuzabaltasunarekin eta harrokeria sano puntu batekin. Zorionez, kosmopolitasunetik behar bada gertuago, denetarik aurki daiteke. Eibartar ezagunen artean daude, besteak beste, ikerkuntzako sariak, eskaladako txapeldunak, euskaltzain urgazleak, mozkorrillo kaletarrak, gimnastak, poetak, goi mendiko gidariak, enpresari ekintzaileak, emakumeen kontra indarkeria erabiltzeagaitik kondenatuak, eraikitzaile espekulatzaileak, mediku ospetsuak, musikariak, mendi puntako anakoretak…

 

Hirugarrena: noski, eibartar izan daiteke Eibarren bizi gabe, jaiotze edo urte batzuetan bizitze hutsagaitik. Ez dakit zenbat, baina asko gara herri honetatik kanpo bizi garenok, herritik hogei  zein lau mila kilometrora. Eibartar ugarik, XXI mende honetan batez ere, herritik kanpo bizi izanda ere, nahi izanez gero, herriarekin modu batera ala bestera, loturari eusten dio. Egungo teknologiek eta bidaiatzeko aukerak, erraz egiten dute herriarekin harremana gorde nahi duen eibartarrak herriaren berri eta parte izatea. Herrian urte askotan bizi izan ez zen eibartarra dauka herri honek seme kuttuntzat.

 

Laugarrena: are gehiago, Eibarren jaio, hazi eta bizi ez dena ere izan daiteke, neurri batean, eibartar. Alegia, eibartar izaten ere ikas daitekela. Horrela, Eibar football taldeko jokalari eta batzordekide guztiak eibartartzat dauzkagu, eta “eibar.org” elkarteko eta interneteko posta zerrendako guztiak, bertakoak izan ala ez, Eibarrekin lotura izaten ikasi dute, nahiz eta Untzaga plaza non dagoen esplikatu behar zaien.

 

Guztiak dira eibartar izateko modu desberdinak: Eibar XXI mendean zerbait fisikoa baino haratago, kontzeptu sinbolikoa izateko bidean.

Eibar bizigune

Elena Laka 2007/05/23 09:56

 

 (Eibarko ...eta kitto! aldizkarirako)

Nik ezagutzen dudanetik behintzat (eta badira urte mordoskatxo bat) Eibar sekula ez da izan bizileku atsegina, bizileku atsegintzat hartzen badugu herri polit bat, ondo urbanizatua, zuhaitz eta parkez betea, umeak eta zaharrak herri barruan lasai ibiltzeko moduko herri bat. Eibarren kotxeak, tailerrak eta etxeak, guztiak batera, pilatuta daude, eta kanpoko lagun bati iruditzen zaionez, umeak parkeetan hesituta daude. Kotxe pilaketak zarata eta zikinkeria handia sortzen ditu erdialdean,. Lasaitasun piska bat izateko erdialdetik irten egin behar da, eta beraz, aldaparen bat igo. Eraikitzen diharduten erdialdeko etxeak lehengoak baino gorago jasotzen dituzte, eta gero eta gaitzagoa da erdiko kaleetan eguzkia ikustea, nahiz eta Arrate aldea zerua urdin-urdin egon.

 

Hala ere ez nuke esango Eibar toki txarra denik bizi izateko. Herri bizia da, kanpoko jendea txunditu egiten da kale-giroarekin, badauzka zerbitzuak, ezagun du jendea ekimentsua dela, eta herrigunetik bertatik irtenda, paraje politak daude. Zalantza daukat, hala ere, etorkizunean herri dinamiko industrial bat, zerbitzuen hastapenetan dagoena, nahikoa izango ote den biztanle berriei erakargarri gertatzeko, eta azkeneko urteetako etengabeko biztanle galerari bukaera emateko.

 

Hauteskundeetara aurkezten direnen meritua edo profesionaltasun modukoa baino zerbait gehiago beharko da ostera herriari garaiak eskatzen duen beste itxura bat emateko. Jai daukagu bestela.

 

Volvone

Elena Laka 2007/05/11 10:10

 

Atzo Eibar-Ermua tranbian, eguerdiko hamabietan. Hiru emakume etxera bueltan trenean berriketan. Elkarrizketa gaia: euren lana. Etxe banatan garbiketa-lanak egiten dituzte, Eibarren. Batak San Juan kalean, besteak Toribio Etxeberria kalean, hirugarrenari ez diot ulertu.

 

“Zenbat gehiago zikintzen den garbitzen dudan etxea neurea baino! Hautsa astean bi aldiz kenduta ere, beti dago zikin. Eta ohe azpiak? Pasa dezakezu aspiradorea astean bi aldiz, eta hala ere, beti hauts pelotak ohepean, hile osoan garbitu ez bazenu bezala!. Eta telebistako pantaila, eta leihoetako kristalak, dena askoz gehiago zikintzen da, oso sarri garbitu beharra dago. Jo, eta persianak? Hori bai zikinkeria! Jakina, Eibarren trafikoak, kontaminazioak, asko zikintzen dute, bat ere zerikusirik ez Ermuarekin, nire etxea ez da horren beste zikintzen, tira, balkoia bai, baina hautsa? Hautsa ez da horren beste aldiz pasa beharrik. Askoz zikinagoa da Eibar Ermua baino. Eskerrak Volvoneri. Nik gauza guztietarako erabiltzen dut: persianak, leihoak, lurra… Kristalak ez, kristalak Glassekin garbitzen ditut. Baina beste guztia? Volvonekin. Urarekin nahastu, piska bat igurtzi eta oso, oso garbi lagatzen du, segituan gainera. Telebistako pantaila ere, Volvonekin. Ez dago Volvone modukorik. Eta oraindik ez dut probatu, baina aldizkari batean irakurri nuen Volvone erretzeko alkoholarekin nahastuz gero, oraindik hobea zela. Hori ere probatu behar dut ba, ea zelan garbitzen duen”.

 

Hori dena entzuten nindoala akordatu nintzen Leirek bidalitako mezuarekin eta Eibarko PSEk hauteskundeak direla eta etxeetara bidali duen aldizkariarekin, Eibar herri marabillosoaren argazki mordoa zeukana. Erretratoetan Eibar eguzkitsu, moderno, trankil eta garbi bat ageri da, itsaso gabeko Marina D’oreko maketa bat izango balitz moduan. Gogoan daukat aldizkaria ikusi nuenean bururatu zitzaidala zenbat montaje eta photoshop erabili zutela argazki horrek ateratzeko. Baina Ermuko hiru garbitzaileen berbeta entzun ondoren badakit ez dela photoshop, ez dela George Lucas: hauteskundeetarako herria Volvonekin garbitu digute.

Destinu petrala

Elena Laka 2007/05/07 10:17
"Arnado Otegi ez dago partehartze politikoko eskubideaz gabetua, ez eskubidearen alor aktiboaz, ez pasiboaz (…). Alderdi bat legez kanpo ipin daiteke, baina ezin da herritar bat, herritar denez, legez kanpo ipini, epai batek delitu baten ondorioz horrela ez badu ezartzen, nazionalitateak berez daukan eskubidea delako. Konstituzioaren barruan ezin da horrelakorik egin. Erabat ezinezkoa da". Javier Pérez Royo, El País, 07-5-5.

Leggingak modan egon ziren aurretiko aldian, Hertzainak taldearen lehen abestiak entzuten genituen garaian. Unibertsitateari orduan langabetuen fabrika esaten zioten. Bederatziehun ikasle ginen Zuzenbideko lehen ikasturtean. Interes piska bat sortzen zigun irakasgai bakarra, zuzenbide politikoa. Horren barruan, lehen ikasturtean konparatutako zuzenbide konstituzionala ikasi genuen, bigarrenean 1978ko Espainiako Konstituzioa.

Ikasi genuen Konstituzioak Estatu bateko arau nagusi moduan daukan garrantzia, eta Konstituzioak nola hezur-mamitzen duen Estatu bat. Baita ere nola iritxi zen Espainiako Erreinua "estado social y democrático de derecho" izatera, eta zelako aurrerapausu demokratikoa izan zen oinarrizko eskubideen aldarrikapen bat edukitzea bere baitan, are gehiago, aldarrikapen hori babesa ematen zioten berme juridikoz lagunduta zetorrelako.

Berdintasun eskubidea, osotasun fisikorako eskubidea, ideologia askatasuna, ohore eta intimitate eskubidea, askatasun eskubidea, ideia askatasuna, elkarteak sortzeko eskubidea, arazo publikoetan parte hartzeko eskubidea, indarrean ez dauden delituengaitik kondenatua ez izateko eskubidea… Horrek eskubideok Konstituzioaren muina dira. Irakatsi ziguten ondo babestuta
zeudela, eta nahiz eta legeen bitartez garatuko ziren, aldarrikapena
erabatekoa eta zabala zela. Ikasleok ez horren beste, baina irakasleek buruan zeukaten Konstituzioaren aurreko errejimena, eta hain zuzen, horrexegaitik ematen zioten horren besteko balioa 1978 urteaz geroztik abiatutakoari.

Laurogeigarren hamarkadan horren zabala erakusten zitzaigun eskubideen ortzemuga murriztuz joan zen hortik aurrera eskubideok garatzen (praktikan mugatzen) zituzten legeen bitartez. Gogoangarria gertatu zitzaigun Herritarren Segurtasunaren Legea (Corcuera legea), askatasunaren eta atxiloketaren arteko muga itzaltsu bat ezarri zuena, askatasun eta legalitate eskubideen kontra erabat.

Konstituzioa eskuan, bertan harro jasotako eskubideei men eginez, herritar espainiar batek hautatzeko eta hautatua izateko oinarrizko eskubidea du. Eta eskubide horretaz gabetzeko, delitu batengaitik epaitua izana behar du, eta epaian espreski sufragio aktiboko edo pasiboko eskubidea kentzen zaiola adierazia. Horrelakorik ez den bitartean, politikan parte hartzeko eskubide osoa du espainiar nazionalitadun orok. Bestelakoa Konstituzioaren kontrakoa da. Hori da irakatsi zigutena.

Itsasoratzea

Elena Laka 2007/04/16 09:24

Atzi goizean Debako hondartzan Izaskunen errautsak itsarotu zituzten.

Gaueko isiltasuna, sehaska baten kulunkaren hotsa, eta ahots monotono bat behin eta berriro kantari: lotarataaaa, lotarataaaa, lotarataaaa, lotaraaaa. Nik bost bat urte izango nituen eta ondoko gelan egiten nuen lo aiton-amonen baserrian.Sehaskan Izaskun txikia zegoen, amak kantatzen zion. Hori da daukadan bere lehen oroimena.

Hogeitabost urte baino gehiago pasata, abestia berriro entzun nuen, txikitako gauzen ganbara horretatik aterata. Gure aitak kantatzen zion Paulori, sehaskari eragiten zion bitartean:

Paulo txikixa
lotara etaaaaaa,
uso, eperrak,
kortaraaaa.
Lotarataaaa,
lotarataaaa,
lotarataaaa,
lotarataaaa,
lotaraaaaa.

Heriotzak ez du eperik errespetatzen, badakigu, ezin zaio denboraren legerik ezarri. Gogorra da, horrela da. Hala ere, sekula ez litzateke gertatu behar pertsona beraren jaiotza eta heriotza ezagutu behar izatea. Biak ikusten dituzunean pertsona berarengan, naturaren legean zerbait hautsi dela iruditzen zaizu.

Fitokiller

Elena Laka 2007/04/13 15:55

Azalea (ez aza-alea) eder bat oparitu zidaten orain hilabete inguru. Zuhaitz txikitxo moduko bat da, biribila, larrosa koloreko lorez beteta, ederra. Hementxe daukat bulegoan, leiho ondoan.

Oporretatik bueltan lore guztiak ximelduta topatu ditut. Hiru egunetan hortxe dihardut, ura bota eta bota, abisatu zidatelako azaleek ur asko behar dutela. Baina iruditzen zait alperrik nabilela. Ikutu orduko hostoak jasi egiten zaizkio. Pena, asko gustatzen zitzaidan nola alaitzen zuen bulegoa, loreak zabalik, bizi-bizi.

Bulegoan baita ere, leihoan dauzkadan zuhaiskak lehortu egin zaizkit. Guztiz kaka-kolore geratu dira, gezurra dirudi, horren beste euri eginda. Lankideen leihoetakoek berde-berde diraute.

Eta bart limoiondo zuhaitxo bat oparitu zidaten etxeko terrazan ipintzeko.

Pertsona ez-egokia landareez arduratzeko.

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.