Itzulpen barik
Asteleheneko Goienkarirako
"Ilunga”, itzultzeko hitzik zailena. Munduan dauden hitzetatik itzultzen zailena “ilunga” omen da, tshiluba hizkuntzekoa, Kongoko Errepublika Demokratikoko hego-ekialdean hitz egiten dena, mila hizkuntzalariek garai batean egindako ikerketa bitxi baten arabera. Esanahia, “gehiegikeria bat lehen aldiz barkatu bai, bigarrenean eraman bai, baina hirugarrenean sekula onartuko ez duen pertsona”. Gara, 07-9-23.
Munduan dauden zazpi mila hizkuntzetatik erdia galtzeko zorian omen dago. Alaskatik Australiara, milaka hizkuntza galtzeko arriskuan daudela argitaratu du National Geographik News-ek. Mundu globalizatuan, pertsonen joan-etorriak, komunikabideen zabalkundeak eta inperioen nagusitasunak dira hizkuntza txikiei kalte egiten dizkietenak. Desagertzear dauden hizkuntza hauek ez daukate hiztun komunitate indartsurik, gutxi batzuenak baino ez dira. Kalkulatzen denez, munduko populazioaren %80ak 83 hizkuntz handi hitz egiten ditu, eta aldi berean 300.000 hizkuntz txiki daude populazioaren %0,2ak baino erabiltzen ez dituenak.
Madrideko lagun batek antzu irizten zion guk euskara berreskuratu nahiari. Antzu eta zentzubako, berak praktikotasuna esaten zion argudioa erabiliz. Zertako saiatu, zertarako horren beste ahalegin, horren beste diru beti gutxiengo baten hizkuntza izango dena berreskuratzeko? Zertarako hain beste neke euskara erakusten, erreibindikatzen, erabiltzen, jakin baldin badakigu gure lurralde txikitik irtenda, ez digula inorekin ulertzeko balio izango? Frantsesa eta espainola bezalako hizkuntz handiak izanda aldamenean, horrelako literatur tradizioa dutenak, zertarako haien ondoan galtzen dagoen hizkuntza bat berpizten saiatu, lana besterik emango ez digun hizkuntza batekin indarrak xahutu? Praktikotasuna argudiatzen zuen berak, nazionalismo espainiarra deitzen nion nik. Zeren argudio horri jarraituta, hobe munduko biztanle guztiok txinera edo ingelesa besterik ikasiko ez bagenu, munduko biztanle gehienekin elkarulertzeko erarik errazena.
Burugogorrak, nonbait, euskaldunak, arnas hestuka dabilen hizkuntza batean saiatu nahian. Burugogorragoak Debagoiendarrak, Bergara aldeko euskara aste honetan interneten ipini dutenean, Donostiara joateko ere balio ez digun euskalkia bultzatzeko. Euskalkia, batua, espainola eta ingelesa ikasi beharra jartzen diogu geure buruari, bizitza askoz errezagoa izan zitekeenean hizkuntza bakarrarekin.
Ezin baina guztia inperioetako hizkuntzetan esan: nik “pottolo” ezin dut beste hizkuntza batean esan, ezin ditut “pa”, “neba”, “matraka” hitzak beste hizkuntza batean esan, ez eta ama hizkuntza dudan gazteleraz ere. “Hau jiria” esateko modu bakarra ezagutzen dut, “politt horrek” ezin didate beste inongo modutan esan. Eta Bergara aldeko hiztegia interneten ipini denetik badakit asteburu hau “andafuerako soiñekua jantzita” nabilela asteburu osoan, zutabe hau idazteko ia denborarik gabe. Norberaren bizitzak ez daukalako itzulpenik.
Aitortuko dizut, ezagun egiten zitzaidala artikulua, hasiera kenduta, "betikoa" edo. Baina bukaera borobiltzeko modua... ona!!! Zorionak, eta "pa". ;)