Eibar ez dago inon
"Eibar" aldizkariko Arrateetako alerako.
Bernardo Atxaga izan zen “euskal hiria” kontzeptua sortu zuena, eta seguru asko kontzeptua nola erabili den ikusita, joan zen uztailean hitzaldi bat eman zuen “Euskal hiria ez dago inon” izenburu esanguratsuarekin. Euskal hiria, nolabait Euskal Herriko herrien arteko mugarik eza, kontzeptu fisikoa izan daiteke egungo garapenaren ondorioz (garapena jasangarria den ala ez, beste kontu bat da). Baina baita ere, eta hortik ziurrenik Atxagaren azalpena, Euskal hiria kontzeptu sinbolikoa izan daiteke, “polis” grekoarekin zerikusi gehiago duena, euskal kosmopolitismoaren erakusgarri.
Euskal Hiriaren kontzeptu sinboliko hori aitzakiatzat hartuta, ez parekatze aldera, bai hausnarketarako oinarri moduan, Eibarko herriaren kontzeptu berri batez ere egin dezakegu berba. Kontzeptu berri honek, XXI mendeari lotua, eibartar izateko modu ezberdinekin zerikusia dauka.
Lehena: begira itzazu aldizkari honetan bertan “galería de eibarrereses” argazkien saila. Pedro Zabala, Pepita Etxeberria, José Mari Gabilondo, Mª Pilar Sarasketa … izan daitezke bertan ageri diren batzuetariko izenak. Begira orain, aldizkari honetan baita ere, azken hiruhileko jaioberriak: Oscar Díaz Arias, Ane Sarasketa Etxeberria, Ramah Jebari Benslaiman, Hodei Carrillo Urizar, Alazne Tuquerres Quinchuqui moduko izenak izan daitezke. Aintzinako argazkietakoak eta oraingo jaioberriak, guztiak dira eibartarrak. Lehenago etorri zirenak, betiko eibartarrak, eta etorri berriak. Guztiak hazi dira Eibarren, guztiek izango dute, nola edo hala, herri honekin zerikusia.
Bigarrena: eibartar izatea ez da izateko modu bat, ez behintzat gaur egun. Garai batean eibartartasuna lotu zen lanerako jarrera batekin, ekintzaile izateko modu batekin, eskuzabaltasunarekin eta harrokeria sano puntu batekin. Zorionez, kosmopolitasunetik behar bada gertuago, denetarik aurki daiteke. Eibartar ezagunen artean daude, besteak beste, ikerkuntzako sariak, eskaladako txapeldunak, euskaltzain urgazleak, mozkorrillo kaletarrak, gimnastak, poetak, goi mendiko gidariak, enpresari ekintzaileak, emakumeen kontra indarkeria erabiltzeagaitik kondenatuak, eraikitzaile espekulatzaileak, mediku ospetsuak, musikariak, mendi puntako anakoretak…
Hirugarrena: noski, eibartar izan daiteke Eibarren bizi gabe, jaiotze edo urte batzuetan bizitze hutsagaitik. Ez dakit zenbat, baina asko gara herri honetatik kanpo bizi garenok, herritik hogei zein lau mila kilometrora. Eibartar ugarik, XXI mende honetan batez ere, herritik kanpo bizi izanda ere, nahi izanez gero, herriarekin modu batera ala bestera, loturari eusten dio. Egungo teknologiek eta bidaiatzeko aukerak, erraz egiten dute herriarekin harremana gorde nahi duen eibartarrak herriaren berri eta parte izatea. Herrian urte askotan bizi izan ez zen eibartarra dauka herri honek seme kuttuntzat.
Laugarrena: are gehiago, Eibarren jaio, hazi eta bizi ez dena ere izan daiteke, neurri batean, eibartar. Alegia, eibartar izaten ere ikas daitekela. Horrela, Eibar football taldeko jokalari eta batzordekide guztiak eibartartzat dauzkagu, eta “eibar.org” elkarteko eta interneteko posta zerrendako guztiak, bertakoak izan ala ez, Eibarrekin lotura izaten ikasi dute, nahiz eta Untzaga plaza non dagoen esplikatu behar zaien.
Guztiak dira eibartar izateko modu desberdinak: Eibar XXI mendean zerbait fisikoa baino haratago, kontzeptu sinbolikoa izateko bidean.
Ariketa polita Elena, gustora irakurtzekoa, bai horixe.
eta goiko elgetar adarjotzaile horrentzat: Eibar sinbolikotaz aparte, Eibar errealean be badaude gauza polittak! Espaloian geratu barik, bajatu gehixau ! :-)