Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Million dolars galdera

Million dolars galdera

Elena Laka 2007/09/19 10:24

Luistxok eskatuta

 

Umeekin dabilenak badaki txikiek, sei urte artekoek edo, dena galdetzeko ohitura dutela. Galderak, noski, umeen mundu ikuspegitik egiten dituzte, horietan konturatzen gara nagusiok beste galaxia batean bizi garela, nahiz eta ez nintzateken ausartuko gurea galaxia zuzena dela esaten.

 

Kontua da umeen mundutik abiatuta, helduoi egiten dizkiguten galderak bitxi iruditzen zaizkigula. Ume txikiekin zabiltzanean galderok barrea-edo, eragiten dizute, baina gero normalean segituan ahaztu egiten zaizkit, niri behintzat. Izan ere, umeen hazkuntza oso dinamikoa da, eta segituan doaz etapak pasatzen, etapa batek aurrekoa estali egiten du. Horrela, ohikoa da ikastolan hasi berria den ume baten gurasoa ez akordatzea noiz hasi zitzaion umeari berdurak ematen, edo noiz tokatzen zaien arraina jaten hastea (izango da gurasoren bat sekula jakin ez duena, baina hori beste kontu bat da).

 

Hala ere badira galdera batzuk bereziki ukitzen zaituztenak, eta baten batzuk behintzat buruan geratzen zaizkizu. Horietako batzuk:

 

Paulo txikia zeneko polit bat: aitxitxak esaten dio: “ikusi Paulo, ilargia laino baten atzean ezkutatzen ari da”. Eta Paulok: “zeinek ez ikusteko, aitxitxa?”

 

Oierren galderak gertuago dauzkat, txikiagoa delako eta den-dena galdetzen duelako, hitzontzi hutsa da. Joan zen udaberrian ahoan zerabilzkien bi galderek, oso normalak izanda ere, begiak bustita lagatzen zizkidaten:

- “ama, eta zu noiz hilko zara?”

-       “ama, eta zu hiltzen zarenean, zein izango da nire amatxo?”

 

Luistxorekin eta Mendigreenekin afarian, komentatzen genihardugun Pirritx eta Porrotxen ipuin berriak. Uste dut haria Luisek ekarri zuela, seme-alabei Eneko Haritza irakurtzen dabilkiela kontatu zuelako, bere umeek adi-adi entzuten dutela. Ni Oierrekin Pirritx eta Porrotxen ipuin mega-korrektoak irakurtzen nabil, ez niri gustatzen zaizkidalako, umeak eskatzen dituelako baizik. Ipuin hauen artean badago “Gorka konpontzailea”rena, gurasotzat ama-bikotea duen mutiko baten istorioa. Hasieran arraro samarra egiten zitzaion Oierri bi ama edukitze hura: “zelan, bi ama?”. Orduan ni, korrekto-korrekto, erantzuten nion posible dela bi ama edo bi aita edukitzea, badaudela horrelako bikoteak. Ondorengo galdera, logikoa berarendako, Luisi horrelako grazia egin ziona:

-         “ama, eta nik zergaitik ez daukat bi ama?”

Korrekzioa barneratu du, bai, Oierrek.  

 

etiketak: ume, pirritx, galdera, porrotx
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.