Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Destinu petrala

Destinu petrala

Elena Laka 2007/05/07 10:17
"Arnado Otegi ez dago partehartze politikoko eskubideaz gabetua, ez eskubidearen alor aktiboaz, ez pasiboaz (…). Alderdi bat legez kanpo ipin daiteke, baina ezin da herritar bat, herritar denez, legez kanpo ipini, epai batek delitu baten ondorioz horrela ez badu ezartzen, nazionalitateak berez daukan eskubidea delako. Konstituzioaren barruan ezin da horrelakorik egin. Erabat ezinezkoa da". Javier Pérez Royo, El País, 07-5-5.

Leggingak modan egon ziren aurretiko aldian, Hertzainak taldearen lehen abestiak entzuten genituen garaian. Unibertsitateari orduan langabetuen fabrika esaten zioten. Bederatziehun ikasle ginen Zuzenbideko lehen ikasturtean. Interes piska bat sortzen zigun irakasgai bakarra, zuzenbide politikoa. Horren barruan, lehen ikasturtean konparatutako zuzenbide konstituzionala ikasi genuen, bigarrenean 1978ko Espainiako Konstituzioa.

Ikasi genuen Konstituzioak Estatu bateko arau nagusi moduan daukan garrantzia, eta Konstituzioak nola hezur-mamitzen duen Estatu bat. Baita ere nola iritxi zen Espainiako Erreinua "estado social y democrático de derecho" izatera, eta zelako aurrerapausu demokratikoa izan zen oinarrizko eskubideen aldarrikapen bat edukitzea bere baitan, are gehiago, aldarrikapen hori babesa ematen zioten berme juridikoz lagunduta zetorrelako.

Berdintasun eskubidea, osotasun fisikorako eskubidea, ideologia askatasuna, ohore eta intimitate eskubidea, askatasun eskubidea, ideia askatasuna, elkarteak sortzeko eskubidea, arazo publikoetan parte hartzeko eskubidea, indarrean ez dauden delituengaitik kondenatua ez izateko eskubidea… Horrek eskubideok Konstituzioaren muina dira. Irakatsi ziguten ondo babestuta
zeudela, eta nahiz eta legeen bitartez garatuko ziren, aldarrikapena
erabatekoa eta zabala zela. Ikasleok ez horren beste, baina irakasleek buruan zeukaten Konstituzioaren aurreko errejimena, eta hain zuzen, horrexegaitik ematen zioten horren besteko balioa 1978 urteaz geroztik abiatutakoari.

Laurogeigarren hamarkadan horren zabala erakusten zitzaigun eskubideen ortzemuga murriztuz joan zen hortik aurrera eskubideok garatzen (praktikan mugatzen) zituzten legeen bitartez. Gogoangarria gertatu zitzaigun Herritarren Segurtasunaren Legea (Corcuera legea), askatasunaren eta atxiloketaren arteko muga itzaltsu bat ezarri zuena, askatasun eta legalitate eskubideen kontra erabat.

Konstituzioa eskuan, bertan harro jasotako eskubideei men eginez, herritar espainiar batek hautatzeko eta hautatua izateko oinarrizko eskubidea du. Eta eskubide horretaz gabetzeko, delitu batengaitik epaitua izana behar du, eta epaian espreski sufragio aktiboko edo pasiboko eskubidea kentzen zaiola adierazia. Horrelakorik ez den bitartean, politikan parte hartzeko eskubide osoa du espainiar nazionalitadun orok. Bestelakoa Konstituzioaren kontrakoa da. Hori da irakatsi zigutena.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.