Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Harakina eta ministrokeriak

Elena Laka 2008/01/13 22:24

 

Zapatu goizetan, merkatuan, Gotzon harakinak beti dauka berbaren bat erosle guztientzako, neretako beti ona. Okela ona eta tratu ona.

 

Atzo goizean oilasko-izterrak eta untxia erosi nahi nituen. Untxia oso gutxik erosten dugu Bixain harategian. Kanpokoren batek (hau da, Galizia edo Extremadurako jatorria duten emakumeak, Bergaran gutxienez hogei urte daramatenak, eta oraindik azentoan jatorria nabarmen erakusten dutenak), eta nik eta besteren batek.

 

Untxia gustatzen zait. Xerrazalea ez izanda, untxiaren zaporea gustoko dut, eta umeek ere ederki jaten dute. Gainera txikitatik jaten dut. Gogoan daukat Errioxako amona Carmen Torrecillak gure etorrera ospatzeko untxi bat edo bi akabatzen zituela, gero saltsan jateko.

 

“Ez daukat ezebe”, Gotzonek, “dana salduta”. “Ministroak urten zebanetik esaten konejua jateko, sekula baino gehixago saldu dot. Joan zan astian, inoiz baino gehixago. Gaur be, dana bukatu da, ez dago ezebe”.

 

Marka hau, ministroaren komentario tontoengaitik, hemendik aurrera goizago joan beharko merkatura, untxia bukatu baino lehen erosi ahal izateko.

Tradizioaren aldekoa

Elena Laka 2008/01/10 21:55

Egun batzutan, neuri ere, gotzainek esaten dutenaren antzera, gustatuko litzaidake famili tradizional bateko emazte-ama tradizional, ulerkor eta maitagarri horietako bat izatea.

 

Egun horrek dira goizean goizetik umeak ezin karriatu zabizenak, eurak edo zeu oker jaiki zarelako, gosaldu, jantzi eta garbitu beharrean, denbora guztian zirikatzen eta demandan dabizenak. Eta zu nerbioak jota, ez zaretelako ikastolara garaiz iritxiko, ez zarelako lanera garaitz iritxiko, ez dakit nora joan beharra daukazulako eta berandu eta zoroaren pare ailegatuko zarelako.

 

Umeak ikastolan bota orduko, konturatzen zara mobila etxean ahaztu zaizula. Eguna kamuts dator. Uf, arnasa hartu eta lanera.

Bidean banaketako furgoneta bateko auto-gidariaren amaz oroitu ondoren, sartzen zara lanera eta eseri orduko arnasa hartzen duzu. Ia.

 

Deitu dute Erregistrotik, duela sei hilabete eman zizuten oharra oker eman zizutela esateko, eta orain, hortik aurrera zeuk egindako lan guztia pikutara doala. Eman ezan arpegia besteen erruengaitik, norberarenak nahiko izango ez balira bezala.

 

Joan epaitegira, itxoin, epaile harroskoa tokatu zaizu, autoritatea eta edukazio txarra gauza bera direla pentsatzen duen horietakoa. Galdu denbora, zain. Egiteko gauza mordoa, zain eta telefono barik!

 

Lasaitu beharra daukat, kafe bat hartzera noa. Bost minutu ebaki oso bero bat hartzeko, lasaitu egiten nau. Kafetegia, familia tradizionaletako etxekoandrez beteta. Patxadan daude, berriketan. Nik honez gero bull-dog musua daukat. Metxa ilehori batzuk egin beharko nituzke, egonean dauden emakumeek ile horia bere tokian daukate. Nire ile ilun hauek, beti tximoso.

 

Arratsalderako lortu dut apur bat baretzea. Betozkoa ostera, ezin kendu. Egun txarra gaurkoa, ezin inorekin ulertu, dena iruditzen zait gaizki. Bukatzeko desiatzen.

 

Zortziak laurden gutxitan etxeko atea zabaldu eta baba-usain ufadak inguratzen nau. Iñigo, biharko bazkaria gertatzen, azkar-azkar, bilera batera joan behar duelako. Penkak egosten dihardu afaltzeko, lurruna dago sukaldean. Paulo ikastolako lanetan. Ez dut txamarra kendu eta, “amaaaaaaaaaa, zer da ignorante?” Bainuan Oier beratzen, “amaaaaaaaaa, ekarri Merlinen muñekua”. Ah, iritxi naiz etxera.

 

Azelgen gaineko botere-traspasoa egin eta egoeraren ardura hartzen dut.

 

Hamarrak laurden gutxitarako bota diet bi orro umeei, lo egin ordez berriketan dabiltzalako ohean. Silloian jarri eta telebista gurtzen jartzen dut neuona nekatu bakarra.

 

Egun hauetan famili tradizional izan nahiko nuke. Hobeto esanda, gotzain tradizional izan nahiko nuke, eta arratsaldetako lana, siesta ondoren, neskameak zerbitzatutako txokolatea pastekin hartzea izan. Horrela bai tradizioaren aldekoa.

 

 

Zeure errua

Elena Laka 2008/01/08 09:40

"Ya le dije: no me provoques, que si te pego y te mato, y voy a la cárcel, será por tu culpa".

Jaietako barealdiaren ondoren, Errege-biharamona, epaitegian guardiako asistentziak egiten, eskua ukondorainoko lokatzetan sartzea bezala izan zen.

Goizean emakume bati esanda entzundako esaldi hori, burura etorri zitzaidan gaueko berrietan Igor Porturena entzun nuenean.

AHT ez

Elena Laka 2007/12/17 16:05

 Asteleheneko Goienkarirako

AHT bertan behera uzteko eskatu dute milaka herritarrek Arrasateko kaleetan. Egitasmoa gelditzeko eta eztabaida pizteko gizarte mugimendua indartu nahi dutela diote antolatzaileek (…)

Biteri plazarako bidea hainbat zatitan banatuta egin zuen jendeak, eta ibilbidearen erdian bat egin zuten hainbat manifestarik denbora luzea beren borondatearen kontra errepidean geldi eman ondoren (…) «Suntsipenaren» eta «inposizioaren» aurkako oihuekin heldu zen manifestazio burua helmugara. Biteri plaza jendez lepo bete zen amaiera ekitaldia jarraitzeko”. Berria, 07-12-16.  

Gobernuak ekin die trenaren megaproiektuaren lanei. Aldi berean, zapatuko manifestazioan argi geratu zenez, herritar asko, talde ugari, ez dago ados abiadura handiko trenaren ezarpenarekin.

Gobernuak proiektuarekin aurrera egiteko arguditzen dituenak ez naute konbentzitzen, arrazoi baino, kontsigna iruditzen zaizkit.

Gehiengoak nahi duela dioenean, Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdien gehiengoak oneritzia eman duelako. Ez dut uste tren honen moduko obra publiko erraldoia huteskunde orokorretako botuetan neur daitekenik. Obra publikoak aldaketa ikaragarria dakarkio herri txiki honi, lurraldearen orografian, ingurugiroan eta antolaketan, eta aldi berean, diru-morrontza inportantea Administrazioari beste arlo batzuren kaltetan. Lurraldearen kudeaketa, ingurugiroa eta zerbitzuetako baliabideak ikututua, herritarren bizitza eraginda gertatuko da. Eta hori ezin da Legebiltzarreko gehiengoaren aterkinpean sartu. Espainiako Legebiltzarreko hauteskundeetan euskal herritarrek botua emateak, ez du esan nahi herritar horiek Euskal Herriko autodeterminazioari uko egiten diotenik.

Horrexegaitik hain zuzen ez dut ulertzen abiadura handiko trenari buruzko galdeketa egiteari ezetz esate isil eta tematia. Eskubideari buruz galdeketak planteatzen badira, zergaitik ez herritarrengan horrelako eragina izango duen proiektu bati buruz?

Modernitatearen kontsigna daukagu gero. Komunitate Erkidegoko hiru hiriburuak lotuko dituen tren azkarraren alde egotea, kontra egotea baino modernoagoa dela diote. Esplikatuko didate horren arrazoia, zeren, hiriburuan bizi ez naizen herritarren gutxiengo horretako kide naizen aldetik ez diot, hiritarraren mesedetan, lurraldea suntsituko didanari abantailarik ikusten. Helburua denok hiritar bihur gaitezela ez bada, behintzat.

Eta aurka daudenen aldean egonda, ez nau bat ere lasaitzen ETA aldekide izateak. Lemoiz, Leizaran, aurrekari dauzkagu, eta ez dut inondik inora onartzen obra publikoaren oposizioaren izenean inor hiltzeari. Ezetza borobila oposizio-mugimedua kriminalizatzeko eta indarkeriari lotzeko argudio txikiena ere emateari.

 

Burka bat Eibarren

Elena Laka 2007/12/08 23:04

Atzo ilunabarrean burka bat ikusi nuen Eibarren. Burka bat zeraman emakume bat, ume karrotxo bati bultzaka, gaztea beraz. Eibarren, Kalbetoi kalean, kalea erosketak egiten diharduen eta txikiteoan dabilen jendez josita zegoen ordu horretan.

 

Burka begiak bistan lagatzen dituen horietakoa zen, argazkikoa bezalakoa. Zapi beltz handi bat, azpian zegoen emakumea ia erabat estaltzen. Eibarren ikusten dudan lehena.

 

Lehen ere burua estalita daramaten emakumeak badabiltza herrian. Neska gazte asko ikusten da ilea estalita, beste apaingarri bat ematen du. Jatorria arabiarra daukate, euretariko asko herrian jaio edo hazitakoak dira. Iruditzen zait zapi hori ondo txertatuta dago kaleko arropatan. Atzoko burka, ez.

 

Laurogei euroko orrazkeradun buruak, modako ileapaindegi guztietan ipini dizkiguten flekillo zuzenak, kapelak modernoenentzako, txurroak, buruko zapiak lepoaren aurrekaldean lotuta, buruko zapiak lepoan buelta eta atzekaldean lotuta, denetik ikusten da Eibarren. Orain gainera, burka.

 

Zer pentsatuko ote du begiak bistan baino ez dituen zapi beltz horren azpian doan emakume gazteak Eibarko Kalbetoi kalean?

 

Printze urdinak

Elena Laka 2007/11/26 10:23

Asteleheneko Goienkarirako

 

Maitasun perfektuaren bila klown ikuskizunean.-"Sentimenduzko heziketari buruzko klown parodia” taularatuko dute gaur (…) Virginia Imazek zuzendu du (…). Pupika eta Puxika pailazo ameslariak dira. Ametsetako gizonaren zain daude, bere “printze urdina” noiz agertuko den itxaroten. (…) Hala, hainbat mitoren inguruan hitz egingo dute, ironiarekin. Esate baterako, zein da liluratzeko, limurtzeko modua? Nork hartu beharko luke aurrea? Maitasuna ala desira? Erromantizismoa, musuak eta leialtasuna ere hizpide izango dituzte. Berria, 07-11-25.

 

         Hamabost urterekin, erromantizismoak pertsona (bereziki emakumezkoa) gogorren eragiten duen bizitzako garai horretan, “las niñas ya no quieren ser princesas” kantatzen genuen Sabinarekin, metxeroa eskuan. Ez naiz ausartzen esaten ordurako printze urdina barne-barneko pentsamenduetatik erabat baztertuta geneukanik. Eta printze urdin bat ondoan izateko esperantza galduta ez genuen arren, argi geneukan hala ere, ez genuela printzesa izan nahi, bere bizitzaren jabe diren emakumeak baino.

 

 Beste belaunaldi, beste mende batean gaude, garai haietatik geratzen den ia bakarra praka pitilloen moda da, eta horiek ere, eraberrituta, bueltatu egin direlako. Baina umeei ekarri diedan jostailu-katalogo dotorean, neskatila guztiak printzesekin dihardute jolasean eta soineko arrosa luzeak baino ez dituzte amets. Neskatila nerabeei nobioa izateak prestigioa ematen die, euretariko ama baten esan kezkatsuetan. Ondorioa: gizarteko bufoioek espilu konkaboa ipintzen digutela, printze urdinarena ateratzen da, eta errealitatea desitxuratua islatzen da. Desitxuratua, baina errealitatea.

 

Errealitatea baita neskek printze urdinaren zain segitzen dihardutela, bizitza Disneyren filme azukretsu bat izango balitz bezala. Planta oneko mutila, orojakile, egoera ororen konpontzaile. Errealitatea da zenbat zalantza eta autoestima falta sortzen dituen liluratzeko modua ez topatzeak, zenbat eztabaida eragiten dituen aurrea hartzeko kontuak, nola banatzen den desira mutilentzat, maitasuna neskentzat.

 

Gure hamabost urteetako praka pitilloak algodoi hutsezkoak ziren, gaur egunekoak ostera elastina ere badaukate, askoz bigunagoak dira eta gorputzaren formari moldatu egiten zaizkie. Pitilloak eguneratu diren bezala, hala zabaldu eta eguneratu beharko litzateke printzegai berriei egin beharreko galdera zerrenda: guapoa da? Ondo ematen ditu musuak? Eta, etxeko lanak eta umeen zaintza partekatuko ditu? Nire lanbideari ez dio oztoporik ipiniko? Nire lagunekin irteteari eta nire aisia izateari ez dio trabarik jarriko? Ez da saiatuko nire bizitza kontrolatzen, ez psikologikoki, ez indarkeriaren bitartez? Alegia, elastina piska bat ipiniz gero betiko printze urdinarentzako betebeharretan, harremanak askoz erosoago.

 

Musu bana benetako printze urdinei, maite gaituztelako gure ondoan dauden gizon horietxei, alor guztietan maila berekotzat gauzkatenei. Horrexegaitik gehiago maite ditugulako. Eta printze urdin bila dabilenarentzako, kontuz paper arrosa hutsa baino ez diren horiekin. Bizitza askoz errazagoa baita erromantizismoak praktizismoan oinak ondo errotuta dauzkanean.

 

Txinatarren ipuina

Elena Laka 2007/11/05 10:11

Asteleheneko Goienkarirako

 

"Dendari txinatarrek kezka dute Jaurlaritzak onartuko dituen merkataritza ordutegiekin.- “Inori ez diogu kalterik egiten”. Euskadiko Txinatar Elkarteko idazkari Zhong Jing Yangenak dira hitzok. “Inguruko dendek merkataritza gune handiengatik saltzen dute gero eta gutxiago”. Besterik uste du Eusko Jaurlaritzak, eta 400 metro koadrotik gorako muga berberak ezarri nahi dizkie 150 metro baino gehiagoko guztiei. Bazar txinatarrei, alegia". Berria, 07-11-3.

 

Gizartean aldaketak oso azkar ematen diren garai honetan, inor gutxi akordatuko da norbere herrian lehen denda txinatarra noiz zabaldu zuten. Gogoan daukagu denda txinatarra ez zegoenekoa, nola zapatu arratsaldean ez zegoen modurik herrian bertan errotulagailu batzuk, zeloa, gabonetako zuhaitzarentzako argiak, plastikozko kaxa bat edo tarta bat egiteko molde bat erosteko.

 

Ordea, txinatarrak etorri ziren eta jauzi handi bat eman zen aurrera: halako batean, posible egin zuten aste osoan etxean egin ezin duzun hori egiteko beharrezko duzuna erostea. Etxetik salto batean eta zapatu arratsaldean. Nik behintzat eskertu egin nuen.

 

Gero herrian beste denda txinatar bat zabaldu zuten, eta beste bat. Hurrengoak aurrekoa baino handiagoak. Baita ere jatetxe bat. Mesfidantza sartu zitzaigun orduan: konturatu orduko denaren jabe egingo dira, lokalak “takatá” erosten dituzte auskalo zein dirurekin… Komentario onik ez, susmo txarra barra-barra. Nola ez, ez dago amaren alabarik txinatarren berbetan ulertuko dituenik, eta gainera denak berdinak dira.

 

Saltokien ordutegiak arautzea ez da kontu erraza izango. Aurrera doan herriak lehenik erraztasunak ipini zizkien egun osoa zabalik dauden megadendei, hirigintza planak aldatu zizkien, errepideak eta sarguneak egin zizkien, dena erraztasuna beraientzat. Gerora konturatu zen lelo berriaren premiaz: denda non, bizitza han. Herriguneak jendez husten ari zirela, alegia. Debagoieneko herriren batetik zapatu arratsaldean osteratxoa egingo ondoren, ziur.

 

Eta herriak aurrera segi dezan dendak eta bizitza suspertu nahian dabiltzan horretan, kale kantoiko denda zerbitzu-publiko txinatarrari, egurra. Saltoki handien muga berberak ordutegi aldetik. Honez gero nahastuta gaude, zein ote zen helburua? Aurrera joan, bizitza suspertu eta herri erdian dauden denda txiki eta ertainei erraztasunak eman, ala hesiak ipini?

 

Gizarte aldaketetara azkar ohitzen garenez, nekez akordatuko gara urte gutxi direla herrietan domeketan ogirik ez zegoela, zapatu edo domeka arratsaldetan aldizkari edo egunkaririk erosterik ez zegoela. Gaur egun aukera horiek eusten diote kale giro apurrari. Denda txinatarrek, lagatzen bazaie, lagun dezakete bila gabiltzan herri bizitza hori berreskuratzen, gaur egun errealitate delako denda (txinatarra) non, bizitza han.

Gerora bururatua

Bazar txinatarrak ordu gehiegi zabaltzeari muga. Mugak ere izango ote ditu kapital txinatarrak Realeko akzioak erosterakoan?

Gizasemea adibide

Elena Laka 2007/10/31 15:34

Badaukat lagun bat gazteleraz baino ez dakiena, nahiz eta euskararen alde dagoen. Sarritan, elkarrekin egonda, entzun dizkit honen moduko komentarioak: "jo, otro letrero que ponen sólo en castellano", "mira esa anuncio, la versión en euskara está mal"... Lagunak diozta begi hiperkritiko bat daukadala, beti nagoela euskararen kontrakoa noiz harrapatuko. Ez, erantzuten diot, gertatzen da euskara eta gaztelera gutxienez maila berean ikusi nahi ditudala, eta nabarmena dela hori, eguneroko paisaian, ez dela gertatzen. Uste dut edozein euskaldunek ikus dezakela bere burua islatuta egoera honetan.

Ba omen dut beste begi hiperkritiko bat, beste lagun batzuren ustetan. Konturatzen naiz testu asko idatzita daudela gizona, gizasemea, gizartearen zentroa bezala izango balitz. Hau da, munduko biztanleak gizasemeak baino ez balira bezala, emakumeak gizarte honetan salbuespen bat izango balira bezala.

Beraz kontu honekin ere ematen die matraka nire ingurukoei, askotan besteek ezer ikusten ez duten arren.

Denbora gutxian bi testuk eman didate atentzioa esandako horrexengaitik: bata Anjel Lertxundik Berrian eta blogean idatzitako bat:  "Erregeak eta bilauak, nobleak eta morroiak, aita-santuak eta fraide baratzainak, den-denak berdintzen ditu Heriok". Joño, pentsatu neban, erreginak, neskameak, monjak, hilezkaitzak dittun!.

Bigarren argia Quim Monzók Franckforteko liburu azokaren irekieran irakurri zuen diskurtsoa irakurtzerakoan piztu zitzaidan. Dio Monzok: "De fet, si tot discurs és part d’un ritual i, com en tots els rituals, el que importa realment és la forma, el protocol, l’americana, la corbata (o l’absència de corbata)". Korbata batzurendako, besteendako soineko luzea, bururatu zitzaidan momentuan

Ez da nire asmoa, inondik inora, hain gustora irakurtzen ditudan idazle handi hauen zuzentzaile lanak egitea, ez da nire atrebentzia.

Era berean ziur naiz oso zaila dela bereizketarik gabe idaztea, ezin dela, eta seguru idazleak ez duela helburutzat, uneoro genero biak aipatzea, nekagarri eta astun izango litzateke oso.

Kontua da testu bi horretxek irakurriz, irakurlea segituan ohartzen dela, bi kasuetan, adibide moduan gizasemeak baino ez aipatuta, pertsona guztiez ari dela. Ostera, bi testuotan egiten diren aipamenak emakumeak baino izendatuko ez balituzte ("erregina", "neskamea" batean, "soineko luzea" bestean), idazlea emakumeez baino ari ez dela ulertuko genukela gehienok.

 

Tostoiak bigundu dituzte

Elena Laka 2007/10/18 13:43

Urtero gustora egiten doten lan baten truke, sari gozoa jasotzen dot (eskerrik asko, Mari Carmen!): Larrañaga gozotegian xigortutako kafe poltsa bat eta tostoi poltsa bat, baita ere Larrañaganekoa (kafea eta gozoak, ez nau bat ere ezagutzen!). Egia esan, horri esker jaten ditut tostoiak, ze urtean zehar ez daukat erosteko bat ere ohiturarik, nahiz eta gustora jaten ditudan.

Aurten plastikoa eta paper zuria zabaldu, usaindu, bat atera, eta, sorpresa! Tostoiak bigundu egin dituzte!

Inoiz tostoirik probatu badozue, daukaten ezaugarririk nabarmenena da oso gogorrak direla. Jateko haginka fuerte egin behar da, edo bestela esnetan-edo busti, eta hala ere, kosta egiten da jatea. Ostera, atzo jan genituenak, itxuraz lehengoen berdinak, askoz bigunagoak ziren, gaileta normal baten gogortasuna zuten. Gustoa ere ez zen zeharo lehengoa, edo hori iruditu zitzaigun, testura bigunagoa izanda, gustoak ere xuabeago ematen zuen.

Tostoiak ere aldatu dira, beraz. Askotan komentatuta geneukan Bergaran lagun artean, tostoia piska bat aintzinako gauza moduko bat zela, pasta gogorregia gaur egungo aho finentzako, oraingo turismoak eta barne kontsumoak beste gauza bat eskatzen zutela. Eta begira, itxura denez egokitu dute aro berrietara. Bigundu egin dute gaur eguneko zaporeengandik gertuago egoteko.

Tostoia eguneratu eta egokitu badute, ezer gutxi geratzen da Bergaran ezin ikutzekoa! 

España, España!

Elena Laka 2007/10/14 17:09

Asteleheneko Goienkarirako

"Banderak guztiok ordezkatzen gaitu.- Espainiako Gobernuaren ordezkariak, Paulino Luesmak, azpimarratu zuen bandera dela espainol guztiak batzen gaituen ikurra. Espainia bera eta bandera espainol guztiona delako, esklusibitaterik gabe, eta aldi berean, guztion ikur". Diario Vasco, 07-10-13.


Espainiako herritarrak batzen dituen ikurren bat aipatzekotan, nik ez nuke bandera aukeratuko. Eta baten ordez, bi azpimarratuko nituzke Espainiar guztien ordezkaritza seinalatzekotan: futbol selezkzioa ("la selección") eta Espainiako telebista kateak, publiko zein pribatuak. "La selección"en partiduak eta telebista espainolak dira, alde handiz, espainiar nortasunaren garatzailerik nabarmenenak, espainiar guztiak biltzen dituenak.


Ze bandera, ba tira, zuk jakingo duzu, irakurle, nolako erakarmena sortzen dizun.  Espainiako eskuma eta ezkerraren artean, azkenaldian ikusitakoaren arabera, ez dirudi ikur paketsua denik.  Nirea bai, zurea ez, nirea gehiago, harena ez. Harrotz eta inposatzaile gertatu zaigu aspalditik piperpotoa, hain beste, ezen legoko fitxetan horia eta gorria bata bestearen ondoan ikusterik ez dugun jasan; hain beste, ezen erropetan ere, horia eta gorriaren nahasmen txikiena agertzen zela, ez genuen erosten.


Gurean behintzat (ia) gehienontzat ez da ikur bandera famatua.
Baina "la selección"en partiduak? Zeinek ukatu Euskal Herriko kaleak husten direla bere partiduak ikusteko? Zeinek ukatu tabernetan elkartzen den jendetza  futbol hori ikusteko, eta lotsa sentitu barik, jokaldiak miresteko eta gaitzesteko? Gogoa piska bat makillatuta, hori bai, euskaldun asko dagoela selekzioan eta animoa merezi dutela, etab. Futbola gustatzen zaigula-eta, eta horregaitik ikusten dugula. Aitzaki-maitzaki. "La selección"en partiduak futbol soila dira bandera hori-gorria trapu soil bat den moduan, hau da, bata ez da bakarrik futbola, bestea ez da bakarrik trapua.

 
Telebista espainola da espainiar guztien batasunaren beste eragilea, guztion ikur eta erreferentzia. Halako garrantzia du Espainia kontzeptuaren hezurmamitzean, gaur egun ez dudala ulertzen Felipe IIak nola eutsi zion inperioaren batasunari telebistarik gabe. Zer ez ote zukeen egingo telebistarekin! Ze, izango dugu hezkuntza sistema propioa, izango ditugu euskal komunikabideak, baina Espainiako telebistari esker, mundura Espainiatik abiatzen gara: Espainiako notizietatik, kotilleotik, kiroletik, mapatik...  


Espainiako botereak badaki hori, eta maisuki erabiltzen ditu futbola eta telebista aberria egiteko. Banderarena amu hutsa da, bestearekin, orain arte bezala, konturatu ez gaitezen. Bitartean, jarraitzaile ugari izan zituen joan zen zapatuan "la selección"en telebistako partiduak, eta gaur gauean, "Mira quién baila".

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.