Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Bizitza goruntz

Elena Laka 2008/03/27 22:46

 

Mikrokezka: Paulo semea kexaka etorri da, Tximeleta gozoki-dendan pipa-poltsa prezioz asko igo dutelako: 25 zentimotik 35 zentimora. Euro t’erdiko pagan asko igarri du igoera.

 

Mikrohistoria: Pauloren adina neukanean, 10 urte, pipa-poltsa 2 pezetatan erosten nuen (0,0120 €). Y el toro dijo al morir: siento dejar este mundo sin probar pipas Facundo.

 

Mikroekonomia: Ordutik hona, 1976tik hona, bizitzak % 888,8 egin du gora, Kontsumo Prezioen Indizearen arabera. Pipa-poltsak berriz, % 2.811,50.

 

Liburuen mailegua

Elena Laka 2008/03/12 11:55

...eta kitto! aldizkarirako

 

Joan zen urteko San Juan egunean indarrean sartu zen irakurketa, liburua eta liburutegiak arautzen dituen Legearen arabera, Administrazio publikoek herritarrok liburutegiak izan ditzagula bermatu behar dute. Horren helburua, pentsamenduaren eta kulturaren zabalkuntza sustatzea, informazioa ezagutza bilaka dadin, eta kultura eta ikerkuntza garatu daitezen. Ikusten denez, asmoak behintzat ez dira bat ere apalak.

 

Legeak ekarri zituen berrikuntzen artean, ezarri zuen oro har titularitate publikoko liburutegiek ez zutela liburu-egileen baimenik behar izango liburuak maileguan emateko. Hala ere, nahiz eta egileek baimenik behar ez, Legeak zioen maileguan emandako liburuengaitik egileek ordainsari bat jasoko zutela, kanon esaten zaion hori, eta saria egile-eskubideak kudeatzen dituzten erakundeen bitartez ordainduko zela. Ordainketatik salbuetsita geratzen dira 5.000 biztanletik beherako herrietako udal liburutegiak, eta Espainiako irakaskuntza-sisteman sartuta dauden erakundeetako liburutegiak.

 

Salbuespen hauek kontutan izanda, duela bi aste jaso ditu CEDROk, eskubide hauek kudeatzen dituen erakundeak, lehen ordainketa: 1.300.000 euro, 2007 urtean Espainiako liburutegi publikoetan egindako maileguen truke. Hogei zentimo liburutegi publikoetan maileguan emateko erosten den liburu bakoitzeko. Nahiz eta ordainketa hori udalei egokitzen zaien, aurten Kultura-Ministeritzak ordaindu du, eta itxura denez, hurrengo urtean ere Ministeritzak zati bat ordainduko du.

Asteburua

Elena Laka 2008/03/10 13:41

 Hilketa guztiek ukitzen zaituzte, baina normala dena baino ahulago harrapatzen zaituztenean, oraindik eragin gehiago egiten dute zuregan.

Ostiral arratsalde osoa ospitaleko erreanimazio gelan pasa nuen, goizean egindako ebakuntza txiki garrantzibako anestesiatik esnatzen, ohe bat libratu zain. Laurehun metro inguruko gela bateko izkina batean baztertuta, erdi lo, erdi tontotuta, betaurreko eta lentillarik gabe ezer ikusten ez nuela. Gorputzetik kanporako harreman bakarra, alde batera eta bestera somatzen nituen erizainen berriketa, eta Kiss FM. Laurogei eta 90 hamarkadetako hit guztiak irenstarazi zizkidaten, nahiz eta anestesiagaitik buruko mina neukan, eta musika orratzen pare sartu buruan. Eta top pop abesti guztien artean, informaziozko flash bat: Arrasaten zinegotzi izandako bat hil dutela.

Hasieran ez nekien oso ondo benetan entzun nuen ala ez. Segituan konturatu nintzen ostera zer zen hura. Ez nuen ulertu baina zergaitik eta zertarako. Kanpoarekin harremanik gabe, nahikoa denbora izan nuen horri buruz pentsatzeko.

Herritar bat tiroz hil dute. Sarraski bat da eta ez du lojikarik ez gizalegerik. Herritar huts bat, zinegotzi ohi bat. Edozerk balio du, edozeinek balio du?

Eta nola bilatu dakioke lojika politikoa edo militarra horrelako ekintza bati? Zein mesede egiten dio herri honi, gu herritarroi, hauteskundeen gogoeta-egunean hilotz bat jartzeak mahaiaren gainean? Zeinen alde egiten da hori? Zer lortzeko? Gatazka konpontzeko? Nik ere nahi dut gatazka konpontzea, hitz egitea, herriaren burujabetza, baina ez nago prest auzokoa hil diezadaten bide horretan.

Atzo gauean Paca gelakideari baimena eskatu nion artean erabili ez genuen telebista pizteko. "Sí, pon a ver a quién vamos a tener". Hauteskundeen emaitzak triste ikusi nituen, galtzaile sentsazioarekin. Euskal herritar asko, boturik eman ezinda. Alderdi abertzaleak, botuetan behera. Alderdi txiki guztiak, galtzaile. Espainiako bi alderdi handi eta ia bakarren esku geratu gara. PSOEk atentatuari esker botu gehiago lortu ditu seguruasko. Eta PPko botu-emaileak, erabat mobilizatuta. Madrilen agertzen ziren irudi haiek ez ziren nireak. Laster itzali nuen telebista, ordurako Paca zurrungaka lo seko zegoen.

Melhor fado nâo terá

Elena Laka 2008/03/02 20:17

Asteleheneko Goienkaria

 

“Sharon Stonek, hilaren 10ean 50 urte betetzear dagoenak, irudi eder, sexi eta, harrigarriena, duela hamabost urteko Instinto básico hartako gaiztoak bezain gaztea ematen du. Berdin Kim Bassinger ederrak, 54 urterekin (…) Bederatzi urte gutxiagoko Demi Moorek hogei urteko baten gorputza erakusten du (…) Emakume guzti hauetan, beste edozein merezimenduren gainetik, betiko gaztetasuna lortzeko miraria lortu dutela azpimarratzen da. (…) Madonna bezala, Teri Hatcher bezala. (…) Gorputz glamurotsu eta aldi berean irreal hauek adin hedluko emakumeentzako presio bilakatu dira, eta osasun adituen iritziz, gero eta segurtasun-ez handiagoa dakarkie gorputzaren gainean”. El País, 08-3-2.

 

Egunkariak hauteskunde-kanpainaz beteta daude, hemengo ekitaldia, hango debatea, toki guztietako ego-puztea (onenak gara), ondokoentzako mespretxua (besteek gaizki egingo dute), berriketaren zarata baino ez da ikusten. Kalea ere politika giroaz josita dago, zakarrontziak paretetako karteletan, oldartzeko moduez inguratuta gaude. Egunkari eta kaleko paisaiari erreparatuz gero, irudiko luke politika eta hauteskundeak direla herritarron burua bueltaka ipintzen duena.

 

Baina badaude herrietan bertan beste toki batzuk, non politika esistitzen ez den, non herritarren kezkak erabat bestelakoak diren, herriaren eskizofrenia (ala  osasun ona) islatzen dutenak: bidai-agentziak eta edertze-aretoak. Lehenengoak lepo daude, nekeza garai honetan Aste Santuko oporretara joateko txartel bat topatzea. Bigarrenak, edertze-aretoak, sotilagoak dira oraindik, sekula ez delako jende asko ikusten barruan, baina sinistu, bertako erabiltzaile guztiek hauteskundeetan botua emango balute, porrota galanta abstentzioaren aldekoena.

 

Topikoa da gure gizartean irudiak duen garrantzia azpimarratzea. Denok ez dut esango, baina gehienok kezkatzen gaitu irudiak. Lehen emakumeok bakarrik, orain gizonak ere bai. Eta kezka nagusien artean dugunez, irudiak denbora eta dirua gastatzeko prest gauzka. Gorputz eta arpegirako tratamenduak, beltzaran ipintzeko bideak, guapo, dotore eta, ahal bada, gazte egotea da jende askoren helburu (ez dut esango bakarra) urte sasoi honetan.

 

Irudi-kanpainak baina ez gaitzala engaina. Demi Moorek erakuslehio horretatik kremak saldu nahi dizkigunean, Monica Beluccik standetik sensualki makillatzera gonbidatzen gaituenean, haueskundeetako eskaintzak bezain faltsuak dira. Eskaintza ederragoak, bai, baina ez errealagoak.

 

Zeren edertasunaren kontu honetan (eta ez dakit politikaren kontu honetan ere ez ote den hala izango) plaentxiarrek zapatuan Elgetan kantatu zuten fadoak dioen moduan, “todos temos nosso fado e o que nasce mal fadado melhor fado nâo terá”. Daukaguna daukagu, eta hoberik, ba, ez dut uste edukiko dugunik.

 

Ikurrak

Elena Laka 2008/02/10 16:52

"Unibertsitatean zapia baimentzeko lehen urratsak eman ditu Turkiak.- Cevher-eta eta Tugç-ek goi mailako ikasketak egiteari uko egin zioten. Arrazoia, 1998tik indarrean zegoen debeku bat. Urte horretan, unibertsitatera beloarekin joatea debekatu zuten eta beraiek, musulmanak izanik, zapiarekin janzteko eskubidea aldarrikatzen zuten. Atzo, TurkiakoLegebiltzarrak lege hura indargabetzeko bi emendakin onartu zituen". Gara, 08-2-10.

 

Atentzioa eman zidan joan zen egunean Eibarren hogei urte inguruko neska batek zelako estiloarekin zeraman aurtengo modako poltsoa, “it bag”a, aurretik sekula ikusi ez bezala: besoa ukondotik tolestuta, esku-ahurra itxita, eta poltsoa ukondo parean katiatuta, gorputzari pegatu barik. Aurten modak agintzen duen arren, zaila estilo piska batekin eramaten, adibidez Sarah Jessica Parkeren argazkiren bat ez baduzu ikusi.

 

Poltsa ukondoan zintzilikatuta, eta burua zapi beltz batez estalita, musulmana. Harrez gero gehiagotan ere ikusi dut, batzuetan lagunekin, denak zapia buruan, denak modako poltsoarekin, baina estilotsuena, bera.

 

Euskal Herri osoan oro har, ez dago, momentuz, inolako arazorik nahi duten emakumeek burua estalita eraman dezaten. Ez eta nahi duten gizonek eraman dezaten: txapela ondo onartuta dago. Ez dago, ezta ere, trabarik monjek euren beloak, apaizek lepoko zuria, umeek urrezko kateak, futboleko kamisetak, eskolako uniformeak eraman ditzaten, neskatxoei jaioberritan belarriak zulatu diezaieten. Hori guztia onartuta daukagu eta normaltasunean sartzen dugu. Baina zer gertatuko litzateke, adibidez guraso batzuk behin eta berriro mutikotxo bat gonaz jantzita eramango balute? Gizarte-zerbitzuek esku hartuko al lukete neska jantzita daramaten mutiko baten gurasoen kontra?

 

Garai batean kaikuak debekatuta egon ziren, etorkizun hurbilean ez dakigu. Arropa guztiak dira ikur, tangak, markako arropak, modan dauden zapi palestinarrak, praka gainetik ikusten diren kaltzontziloak. Gainean daramagun gehiena da ikur. Galdetu bestela zergaitik datozen beti politikoak audi ilunetan, eta zergaitik horren beste gizonek (ia beti gizonak dira) imitatu nahi dituzten. Egiten ditugun gauza gehienak dira ikur edo sinbolo, kontua da zenbateraino egiten ditugun libre edo behartuta. Eta libreki egiten ditugula erantzuten badugu, zenbaiteraino garen zintzo geure buruarekin.

 

Horregaitik ez dit trabarik sortzen nire ondoko emakumeek zapia eraman ditzatela. Beraiek libreki erabaki badute, ez naiz ni izango ikur batzuk beste  batzuren gainetik ipiniko dituena. 

Piraten epaiketa

Elena Laka 2008/02/06 13:35

 

Sei emakume kitxua zeuden deituta epaiketara. Leporatzen zitzaien delitua: Cden kopia piratak saltzea Donostiako kalean. Atzeman zituztenean, emakumeak ez zebiltzan salmentan, baizik eta furgoneta batean sartuta, aparkatu nahian. Poliziakoek, furgoneta gerarazi eta miatu zutenean, bostehunetik gora CD kopia topatu zituzten, motxila batean. Polizia azkarrek ondorioztatu zuten emakume haretxek zirela kalean salmentan zihardutenak, korrika alde egin zutenak polizia ikusi zutenean, eta ondorioz, salaketa ipini eta epaitu egin zituzten.

 

Emakumeak epaiketan ezetz, eurak furgonetan zeudela aparkaleku bila, furgoneta lagun batek utzi ziela, ez zekitela barruan zer zegoen, eta eurak ez zirela izan kalean salmentan zebiltzanak.

 

Poliziakoek baietz, kalean emakume kitxua batzuk ikusi zituztela disko piratak saltzen. Konturatu zirenean polizia gertu zebilela manta jaso, diskoak bertan sartu, eta ospa egin zutela. Beraiek atzetik, metro gutxira, beti euren begiradapean, furgonetan sartzen ikusi zituztela, eta bertan atzeman zituztela, Cden kopiekin.

 

Emakumeen abokatua, poliziakoei zalantza sortu nahian: ziur al zaude saltzen ziharduten eta furgoneta barruan zeuden emakumeak berberak zirela? Poliziakoak baietz, bistatik galdu gabe segika ibili zirela, ez zegoela inolako zalantzarik. Abokatuak berriro:baina ondo begiratu, badaiteke zuretzako emakume kitxua gehienak berdintsuak izatea. Poliziakoek ezetz, oso ziur zeudela

 

Saltzaileek manta jaso, ihesean joan, polizia segika metro gutxira, begibistatik galdu gabe, furgonetan sartu, segundu gutxira poliziakoak miatu, nola da posible orduan Cdak motxila batean topatu izana, eta ez manta batean? Zelan izan zuten emakume horiek aukera bostehunetik gorako CD horrek mantatik atera eta motxilan sartzeko segundu gutxi horietan?

 

Joan zen astean ospatu genuen absoluzioa. Ez Ministeritza Fiskalak, ez SGAEko defendatzaileak ez dute epaiaren aurkako errekurtsorik aurkeztu.

Alarguntasun-saria: kontatu ez zigutena

Elena Laka 2008/02/05 17:18

 

Idatzi nuen Espainiako Gizarte Segurantzaren legedian alarguntasun-sarian egindako aldaketen gainean. …eta kitto! aldizkarirako zutabe bat zen, eta espazio kontuengaitik, ezin izan nuen kasuistika guztia agertu.

 

Azaldu ez nuen kasu horietako bat, aste honetan bulegoan tokatu zaiguna, bizitza bezain erreala: gaixotasun bat diagnostikatu berri dioten pertsona bat (ez da gaixotasun profesional bat), bikotekidearekin ezkontzen da eta urte bete pasa baino lehen, hil egiten da gaixotasun horren ondorioz. Ezkontideak pentsioa kobratuko luke seme-alabarik balu, baina bikote honek ez dauka. Beraz, alarguntasun-saria kobratu ahal izateko, egiaztatu beharko dute ezkontzeke eta ezkonduta egon diren denbora bi urtekoa izan dela gutxienez.

 

Bi urteko bizikidetza bikote batentzat behar bada ez da horren denbora luzea, baina frogatzea batzuetan ez da hain erraza. Harremanak askotan ez dira egun jakin batean hasten, bizikidetzak sarritan ez dauka hasiera-egun finkorik. Gauetan geratzen zara, astebururen bat,  kajoi bat okupatzen duzu, eta gero noiz izan den konturatu barik, bertan geratzen zara bizi izaten. Paperak beranduago: enpadronatu, bankuan kontu bat elkarrekin, ura eta argi-indarra noren izenean…

 

Lege honek kontzeptu berri bat ekarri dio alarguntasun-pentsioari: ez da nahikoa ezkonduta egotea eta Gizarte Segurantzan altan egotea, ezkondu aurretik bizikidetza ere frogatu behar da pentsioa kobratzeko eskubidea eduki ahal izateko.

 

Zer ote den publizitate-politika. Lege erreforma hau saldu zuten esanez egitatezko bikoteentzako eskubideak ekarriko zituela, alarguntasun-saria aitortuko zitzaielako hainbat kasutan. Gero gertatu da kasu horiek ez direla horren beste izan, eta ostera, ezkondutako bikoteei legearen erreformak murrizpenak ekarri dizkiela pentsioa kobratzeko orduan. Baina hori aho txikiarekin ere ez dugu entzun. Kasu errealek baino ez dakite horren berri.

 

 

Sinco

Elena Laka 2008/01/28 22:35

  

 

Aitortzen dut joan zen egunean Bilboko zentroko okulista trajedun haren kontsultan, entzun nionean Oierri “sinco” esaten zenbat urte zeukan galdetu ziotenean, lotsa apur bat sentitu nuela. Gauzek baina okerrera egin dezakete, eta okulistak, nonbait erantzuna entzuteke, berriro galdetu zionean “cuántos años tienes?”  mutikoak “tiengo sinco años” erantzun zuen. Errematea.

 

Onartu behar da, Oier gaztelera ikasten dabil, eta nahiz eta ondo samar ulertu, hitz egiterakoan askotan sartzen du hanka, aditz irregularrekin, artikuluekin, generoarekin, sintaxiarekin.

-          Tiengo sinco años

-          Quero un pelota

-          Ahí está cocodrilo uno

-          Tú no das daño a mí.

 

Ikasiko du, ez daukat dudarik, hori da nahi duguna, geure umeek ahalik eta gauza gehien ikas ditzaten.

 

Baina onartzen dut gazteleraz hain gaizki hitz egiteak batzuetan “kaxero” itxura ematen diola, oraindik oroitzen baitugu Txomin del Regato hura.

 

Ze umea berbetan oso ondo moldatzen da, baina euskaraz.

Tokatu izan zait epaitegietan berbetan oso ondo moldatzen zen jendea, komunikaziorako erraztasuna zeukana, epaitegian erabat ezjakin itxura eman zuena: gazteleraz gaizki dakitenak. Batez ere jende edadetua, gipuzkoar zein bizkaitar, ez nahitaez herri hain txikietakoa. Gauzak primeran azaltzen dituzte, euskaraz, baina gaztelera gutxi dakite. Ulertu bai, berba gutxi. Eta orduan, epai-sistema guztia erdalduna denez, euskaldunak ezjakin arlotea ematen du, “kaxero” bat. Itzultzailearen laguntzarekin batzuetan, itzultzailea onartu barik bestetan, bere ezjakintasuna hain nabarmen izan ez dadin, ozta-ozta erantzuten dio galdetutakoari, berba solteekin, loturarik ez daukaten esaldiekin, genero eta artikulu aldetik eskasa den kastellanoa erabiliz. Menperatzen duten hizkuntzan galdetzen ez dietelako. Epaitegia, beste toki asko moduan, erdalduna delako.

 

Txalotu, aupatu, diruz laguntzen ditugu euskara ikasten dutenak, geure hizkuntzaren maila apaltzen dugu beraiendako. Eta ez dago gaizki. Baina badaude baita ere meritua miresten diegun euskaldun berri horiek euskaraz bezain trakets hitz egiten dutenak gazteleraz. Horiek euskara (ona)  baino ez dakiten “kaxero”ak dira. Umeak eta zaharrak, gehienbat.

 

“Piska bat, es mucho”. Un poco, zenbat da?

Publikoa eta pribatua

Elena Laka 2008/01/21 10:18

Asteleheneko Goienkaria

“Sare publikako irakasleek pribatukoek baino gehiago irabazten dute eta lan gutxiago egiten dute.- Bi sareen arteko alde ekonomikoa urteko 3.000 eurotik gorakoa da. Lan gehiago egiten dute eta gutxiago kobratzen dute. Hori da kontzertatutako sare pribatuko irakasleei gertatzen zaiena sare publikako  lankideen aldean. Konparazio iraingarria? Ez dute horrela ikusten sare publikoetako irakasleek, euren alde argudiatzen dituztelarik behin-betiko lanpostu bat lortu arte pairatzen dituzten mugikortasun urteak, eta gainditu behar izan duten oposizioa”. El Pais, 08-1-19.

 Sare publiko eta pribatuko beste langile batzuren adibideak: eskuan duzun astekari hau egiten duten langileak ez dira sare publikokoak. Herrigintzatik sortu den enpresa baten baitan daude, informazioaren zerbitzu publikoa dute helburu. Eta ziur naiz sare pubikoko informazio-enpresako langileek baino soldata txikiagoa dutela. Hala ere, beraien lanari esker, bailarako herritarrok astelehenero astekari hau irakurtzen dugu, urtean 38 euro ordaintzearen truke. Ostiraletako aldizkaria, telebista eta irratia ere badauzkagu, horiek dohainik. Zerbitzuak merezi du laguntza publikoa, zeren mende berriaren hasiera honetan inork jada ezin du Debagoiena pentsatu Goienak ematen duen zerbitzua kontutan izateke.

Aurretik euskara elkarteak izan ziren, herritar talde baten ekimenari eta lanari esker garatutakoak. Elkarteok, baliabide propioak sortu behar izan badituzte ere, diru eta lokal publikoari esker egiten dute aurrera. Hemen ere, langileek sare publikokoak baino merkeago. Ematen duten zerbitzua, publikoa, euskalduntzekoa, aisialdikoa, komunikaziokoa. Egun ez da zalantzan ipintzen baliabide publikoekin lagundu behar zaienik, herritar guztien onurarako lanean dihardutenik.

Elkarteen aintzinetik, herrigintzak herritarrei euskara irakasteari ekin zion, euskaltegiak izan ziren. Erakunde publikoak bereganatu zuen gero lan hau, HABE eta udal euskaltegiak sortu zituen. Berriro ere, sare publikoko langileen lan orduak pribatukoena baino merkeago. Hogeitamar urte beranduago, Euskal Herri osoak, erakunde publiko zein pribatuk, hunkituta ekiten dio korrika egiteari, euskarari eta herrigintzatikoari laguntzeko.

Publikoa eta pribatua bi norantzetako bidea baita. Titulartasun publikoaren eta pribatuaren artean zedarri zeharkaezina finkatzea interes artifizialekoa da herritarrentzako zerbitzuaz dihardugunean, are gehiago herritik sortutako ekimenez ari garenean. Makurra deritzot zubi bariko lubakiak eraikitzeari, modu horretan helburua ez delako zerbitzu publikoaren alde egitea, norberaren interes partikularren alde, besterenen kontra egitea baino, denon kalterako.

 

Blogerako koda

Bergaran uztailaz geroztik San Martin eskola publikoa erreibindikazioka dabil, Aranzadi ikastolak erabiltzen duen eraikin bat berak erabili nahi duelako. Erreibindikazioa oldarkor planteatu zuten, kaleko agerraldiak eginez, udaletxeko plenoetara joanez eta ikastolak bere zabalkuntza hipotekatzen zuela esanez. Eztabaida piztu zen herrian, kalean, koadrilletan, Goienkariko eskutitzetan, eskola publiko-ikastola ereduak eztabaidatuz.

 

Nik orain arte ezin izan diot gaiari lasaitasunez heldu, nahiz eta hamaika aldiz egin dut ahalegin bat zerbait idazteko. Gertatutakoari buruz gezurrak entzun ditut, nik modu pertsonalean bizi izandakoari buruz, horregaitik orain, aukera izan dut patxadosoago zerbait esateko:

 

1. 2001etik 2005era Aranzadi ikastolako Zuzendaritza Batzordeko kide izan nintzen, azken bi urteak, lehendakari. Garai gogorrak tokatu zitzaizkigun, Victoriano Gallastegi alkateak Goardia Zibila ikastola hustera esaten zigunean bezalakoak, Egunkaria itxi zuten aste berean. Harrez gero ikastolarekin eta bere proiektuarekin oso inplikatuta sentitu nuen neure burua, patxadaz ezer idaztea galerazten zidana.

 

2. Zuzendaritza Batzordean ibili nintzen bitartean, eta gero ere, batzordeetan ibili naizenean, sekula ez diot ikastolako inori ezer entzun eskola publikoaren kontra. Ezta alde ere ez. Eskola publikoa beste erakunde bat zen, bere arazoak zituena. Geuk geureak, ez genuen inori begira jarduten.

 

3. Administrazio ezberdinekin izan genituen bilera guztietan (Udala eta Jaurlaritza) sekula ez zen ikastolaren etorkizuna eskola publikoaren menpe ipini, ezta alderantziz ere. Ikastolaren etorkizuna tratatzen genuen, ez beste inorena.

 

4. 2005eko udaberrian, Jaurlaritzaren Hezkuntza Ordezkariarekin ikastolak erabiltzen duen udalaren eraikinean obrak egiteko zenbakiak eta posibilitateak serioski landu genituen bilera ezberdinetan. Ez zegoen, beraz, handik irteteko bat ere agindurik, proiekturik edo eskaerarik, gero kalean entzun dudan bezala.

 

5. Garai hartakoak burura ekartzea bereziki mingarria egiten zait, momentuan familian geneukan egoera oso txarra zelako, jakina denez. Min berezia ematen dit garai hari lotutakoei buruz eztabaidan hasteak.

 

Urak apur bat baretuta daudela, albiste hau aitzaki hartuta, bidea izan dut gaiaz berba egiteko Asteleheneko Goienkarian. Pentsatu nahi dut lasaitasunez izan dela.

 

 

 

Berritasunak alarguntasun-sarian

Elena Laka 2008/01/14 23:41

 ... eta kitto! aldizkarirako

 

Urtarrilaren 1ean, indarrean sartu da Gizarte Segurantzako gaietan neurri berriak ezartzen dituen Legea. Besteak beste aldaketak xedatu ditu aldi baterako eta behin betiko lanerako ezgaitasunean, jubilazioan, eta alarguntasun-saria jasotzeko baldintzetan.

 

Azken gai honi dagokionean, aldaketa nabarmenena da orain izatezko bikoteak alarguntasun-saria kobratu ahal izango dutela, nahiz eta ez denak eta ez kasu guztietan.

 

Izatezko bikoteei aitortzen zaien eskubide hau berria da, zeren Lege honen indarraldirarte, alarguntasun-saria jaso ahal izateko halabeharrez ezkonduta egon beharra zegoen. Ezkontza formalik gabe, saririk ez.

 

Egun ostera alarguntasun-pentsioa eskuratu ahal izango dute gutxienez bost urteko elkarbizitza iraunkor eta nabarmena froga dezaketen bikoteek (enpadronamendu-ziurtagiri bitartez), edota dagokion Erregistroan izatezko bikote moduan gutxienez bi urtez izena emanda daramaten bikoteek.

 

Ezkondutakoen kasuan alarguntasunezko saria kobratzeko eskubidea ia unibertsala delarik, izatezko bikoteen kasuan, eskubidea bizirik geratzen den bikotekidearen dirusarreren araberakoa da. Seme-alabarik izatekotan, bizirik geratzen denak azken urtean hildakoaren eta bere dirusarren baturaren %50 baino dirusarrera txikiagoak zituela frogatu beharko du pentsioa jaso ahal izateko. Seme-alabarik ezean, ehuneko hori %25ean finkatzen da. Hala ere, saria jaso ahal izango dute baita ere Lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,5 aldiz dirusarrera txikiagoak egiaztatzen dituzten bikotekide alargunek.

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.