Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa egingo da larunbat honetan, ekainak 7
Bueltan dugu Ziburuko Azoka, euskara hutsezko liburu eta diskoen azoka. Hasieratik beharrezko eta ederra izan den ekimen hau indartuz joan da urtez urte, eta egutegian ongi sendotu eta finkatuta dator 6. ediziora, inoiz baino argitaletxe eta egile gehiagorekin. Ohi bezala, aurkezpen eta ekitaldi ugari izango dira (egitarau osoa hemen). Aurtengo berritasunetako bat izango da Rolariak elkartekoen presentzia eta haiek antolatuko dituzten euskarazko rol jokoen partidak.
Urtero gisan, komikiek presentzia nabarmena izango dute: Xabiroi, Harriet eta Herrima argitaletxeen postuez gain, beste argitaletxe ugarik izango dituzte beraien katalogoetako komikiak bertan. Garbiñe Ubeda eta Ekaitz Agirre Garluk-ek Maurizia, biziminaren hotsa komikia aurkeztuko dute. Zirriborroka bertso-marrazki saioa egingo dute Amaia Karrere, Asisko Urmeneta, Haira Aizpurua Ibargarai eta Patxi Iriart-ek. Eta horiez gain, aurten euskarazko komikia sustatzeko ekimen berri bat iragarriko da bertan, hainbat komikizale eta komikigilek bultzatu duguna. Stay tuned! ;-)