Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog / Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka

e-gor 2011/10/14 03:17

Joan den ostegunean, Steve Jobsen heriotzaren berria zabaldu zenean, komunikabideak, sare sozialak eta Internet osoa dolu mezuz bete ziren, gizon handi bat hil zela esanez eta bere figura goraipatuz. Hori ikusita, bera eta berak egindakoak batere mirestekoak ez direla pentsatzen dugun batzuk ere saiatu ginen gure mezua zabaltzen sare sozialen bidez, baina oihartzun gutxi eta kritika askorekin. Joxe Arantzabalek, adibidez, esan zuen "arinkeria galantak" entzuten ari zela Jobsen aurka. Ez dakit zehazki nik esandakoei buruz ari zen, baina izan zitekeen lasai asko, ez bainintzen moztu Jobsez pentsatzen nuena esatean...

Suposatzen dut jende askori arinkeria iruditzen zaiola norbait hil berri denean hartaz gaizki esaka aritzea, baina nire iduriko zurikeria da bestela egitea horrela ez bada pentsatzen. Fraga edo Aitasantua ez ditu heriotzak hobeak egingo, eta ez dut uste horiek gizatxarrak direla pentsatzen duen inor, hiltzen direnean, berauek goresten hasiko denik... Beraz, zergatik jokatu beharko genuke ezberdin kasu honetan, Jobsek mirestekorik ezer ez duela pentsatzen badugu?

Bestela, arinkeria kontsideratzeko beste arrazoi bat izan liteke ez genuela arrazoitzen zergatik iruditzen zaigun hain gaiztoa Steve Jobs. Eta horretan arrazoia izan lezake, izan ere twitter-eko 140 karaktereek ez baitute argudio askorako tokirik ematen (baina orduan, arinkeria bera da "gizon handi bat hil da", besterik gabe, esatea, gehienek egin zuten bezala). Alabaina, Jobsen detraktoreoi, miresleei ez bezala, ez ziguten telebista, irrati eta prentsan minutu eta lerroak eskaini gure jarrera azaltzeko... Eta ez digute eskainiko, komunikabide tradizionalak sinistuta baitaude iPad-a eta applezaleen ordaintzeko ohitura direla beraien negozioaren azken salbabidea (eta gainera kazetarien mundua beti izan da maceroa). Beraz, gure blog xumeak dira geratzen zaigun adierazpide bakarra. Artikulu honetan azalduko dut zergatik ez ditudan Jobs eta Apple batere maite.

Hori bai, azalpenok zuzenduta doaz euskal munduko jendeari (badakizue zer esan nahi dudan, jende ezkerrekoa, alternatiboa, askatasunen aldekoa, kausa txikien defendatzailea, antisistema, euskaltzalea... orokorrean horietako ezaugarri bat edo batzuk betetzen duen jendea). Izan ere, nire argudioek bestelako jendea (eskuinekoa, kapitalista...) ziurrenik ez dute konbentzituko. Horiek Jobs mirestea normala iruditzen zait, baina beti harrigarria iruditu zait euskal munduko hainbeste jendek Steve Jobs eta sagartxoaren konpainiarengatik sentitzen zuen admirazioa. Beste alor batzuetan inola ere bultzatuko ez lituzketen balore eta printzipioak, informatikaren kasuan, liluratuta dituzte. Bihoazkie horiei azalpenok, ea bat edo bat iritziz aldatzea lortzen dudan.

Diseinua eta marketina, baina teknologikoki meriturik ez

Jobsen asmakizun miragarriek mundua aldatu omen dute, komunikabideei kasu egiten badiegu: leihodun interfazeak, sagua, iPod-a, iPhone-a, iPad-a... Baina nik ez nieke asmakizun deituko horiei: baziren leihodun interfazeak Macintosh-aren aurretik, baziren saguak Macintosha-arenaren aurretik, baziren mp3 erreproduzigailuak iPod-aren aurretik, baziren internetdun smartphoneak eta ukipenezko pantailak iPhone-aren aurretik eta baziren tabletak iPad-aren aurretik. Teknologikoki, beraz, Jobs eta Applek ez dute egozten zaien meriturik. Aitortu behar zaiena da oso onak direla ideiak kopiatzen, diseinu erakargarri bat ematen, marketina egiten eta arrakasta izaten. Arrakasta horrek eraman du konpetentzia gauza bera egitera, gailu mota horiek gehiago popularizatzera eta, egia da, jendearen ohiturak eta mundua (lehen mundua behintzat) aldatzera. Ez da meritu makala, horrelako gauzak meritutzat badituzu. Baina horiek al dira miresten ditugun baloreak? Ona izatea kopiatzen, diseinu politetan, marketinean eta arrakasta izaten? Hurrenez hurren, klaseko kopiatzailea, haute couture, anuntzioak eta Belen Esteban miretsiko bagenitu bezala da...

Kontrol erabatekoa

Appleren produktuak urrezko kaiola bat dira. Politak, erabilterrazak, baina beraiek uzten dizutena soilik egin dezakezu. Beraien AppStore-ko aplikazioak soilik instalatu ditzakezu, beraiek erabakitzen dute zein aplikazio egon daitekeen AppStore-an (erotikoak ezabatzen dituzte, Wikileaks-en aplikazioa debekatu zuten, GKEei donazioak egiteko aplikazio bat ezabatu zuten, beraien aplikazioei konpetentzia egiten diten aplikazioak ezabatzen dituzte...), ia derrigortuta zaude musika, bideoak, egunkari eta aldizkarietarako harpidetzak beraien iTunes-en erostera (portzentaje ederrak kobratzen baitituzte, %30 arterainokoak), baldintza drakonianoak jartzen dituzte iTunes-en bidez zerbait saldu nahi dutenei, zentsura aplikatzen diete AppStore-ko produktuei, ezin duzu telefonoa liberatu garantia galdu gabe...

Neurri hauetako asko irabazi asmo hutsengatik dira, beste batzuk "gure onerako eta segurtasunerako" omen, beste batzuk ez datozelako bat beraien mundu ikuspegiarekin. Baina onartuko al genituzke gure bizitzako beste arloetan askatasun murrizketarik segurtasunaren izenean, (besteren) diruaren izenean edo zentsuraren izenean?

Elitista

Zaldieroak ostegunean bertan Euskalerria Irratian esan zuen "Jobsek... kendu zien informatika informatikariei eta jarri zuen jendearen eskuetan" (5:20 minutua). Ze gaiztoak gu informatikariak, eta ze ona Jobs! Ba barkatu, baina ez: Jobs Santuak informatika jarri du soilik bere produktu hipergarestiak erosteko gai diren lehen munduko aberatsenen eskuetan, gizateria osoaren %10 edo. Eta informatikari zitalok (edo gutako portzentaje handi bat bai behintzat), Software Librearen mugimenduaren alde ari gara, benetan informatika jende guztiaren eskuetara eraman dezakeen mugimendua.

Izan ere, Appleren edozein produktuk (ordenagailuak, iPhoneak, iPadak...) gauza bera egin dezaketen eta Applerenak ez diren pareko produktuen bikoitzetik gora balio dute (kasu askotan, esango nuke 4 eta 5 aldiz gehiago ere balio dezaketela). Nik aluzinatu egiten dut ikusten dudanean euskaldun jendea, ezkertiarra eta antisistema, Audi kotxe bat ez lukeena inoiz erosiko ez diruagatik baizik eta printzipioengatik, 600 euro gastatzen telefono baten!

Itxitasunaren eta diru nahi aseezinaren eredu

Toki askotan esan dute Jobs izan dela informatikaren historian eragin handiena izan duen pertsonaia. Putza! Informatikaren mundua ezagutzen ez dutenek soilik esan dezakete hori, informatika tontoentzako jostailutxoak besterik ez direla uste dutenek. Erran nahi baita, informatika etxeko erabiltzaileentzako ordenagailuak eta telefonoak baino askoz gehiago dela: zientzia eta teknologiako ikerketan erabiltzen diren superkonputaziorako ordenagailuak daude, Interneteko web zerbitzariak, makina eta gailuak kontrolatzen dituzten sistema eragile eta programak... Horiek gabe mundua ez litzateke inondik inora gaur ezagutzen duguna. Eta badakizue zein den Appleren presentzia edo influentzia horietan? Zero. Nada. Niente. Nothing. Rien. Informatikaren historia izen handiz beteta dago, zeintzuk gabe Steve Jobsek ezin izango zukeen egin egin duena: Alan Turing, Brian Kerninghan, Alan Kay, Edsger W. Dijkstra, Claude Shannon, atzo hil zen Dennis Ritchie... Eta azken urteetara mugatzen bagara, Tim Berners-Lee (webaren asmatzailea), Linus Torvalds (Linuxen sortzailea) edo Richard Stallman (Software Librearen mugimenduaren sortzailea eta GNU C konpilatzailea eta Emacs bezalako programen sortzailea) askoz eragin handiagokoak izan dira nire ustez. Eta hori guztia printzipioetan ere Jobsen antipodetan daudelako. Hauek beraien asmakizunak patentatu eta aberasteko garesti saltzeari ekin izan baliote, weba ez litzateke existituko, edo ez gaur egun ezagutzen dugun bezala, webgune bat egitea eta ostatatze bat ordaintzea ez baitzen edozeinen eskuetan egongo. Eta ea nork erosiko zukeen iPhone bat, webik gabe!

Harroa

Steve Jobsen adierazpenei harrokeria darie sarri, konpetentziarekiko mespretxuz eta nagusitasunez hitz egiten du askotan: "pornoa nahi baduzu, erosi Android bat", "ez dugu Kindle-killer bat egingo jendeak jada ez baitu irakurtzen", "Microsoften arazoa da ez dutela gusturik", "Microsoftekin dudan arazoa da 3. mailako produktuak egiten dituztela"... Eta bere keynoteen telepredikatzaile kutsuaz zer esan... Bizitzako beste arloetako adibideekin konparatzen jarraitzeko, ez dut uste Berlusconi eta Aznarren harrokeria direnik guretzat eredu, ez?

Irudi publikoa soilik?

Hemen kritikatu ditudan jarrera eta ekintzak, ez dakit zenbateraino diren Jobsenak eta zenbateraino Applerenak. Izan ere, zaila egiten zait pentsatzea asmatutako produktu guztiak, hartutako erabaki guztiak, zuzen nahiz oker, pertsona bakar baten gauza direnik; enpresa handi bat dago hor atzean, besteek ere izango zuten parterik... Badaude ahotsak diotenak Jobs irudi publikoa besterik ez zela, beste batzuek diseinatu zituztela produktu guztiak eta bera saltzailea zela soilik. Ez litzateke harritzekoa ere, marketinean oso trebeak direla ezin baita ukatu. Hala balitz, nahi gabe izanik ere, Jobsen heriotza marketin operazio bikain horren azken kolpe aparta izan da, dohaineko publizitate mordoa eman baitie mundu osoko komunikabide guztietan. Edonola ere, ez dut teoria honen alde eskua sutan jarriko. Ukaezina da Jobsek sortu zuela Apple enpresa, egoera onean egotetik ia porrot egin zuela egon ez zenean eta itzuli ondoren berriz ere gora joan zela munduko enpresa garrantzitsuenetako bat izateraino, beraz zerbait egingo zuen Jobsek. Hala ere, niretzat ez du hainbesteko garrantzirik honek: egindakoak kritikatzen ditut, egilea bat Jobs ala Apple izan.

Korolarioa

Steve Jobs bisionario bat zela esan dute askok, eta hala zen. Mundua teknologikoki nolakoa izatea nahi zuen ikuspegi bat zuen, eta hori lortzen saiatu zen. Baina bere mundu ideal hori, oso polita izanagatik ere, berak kontrol eta aginte erabatekoa duen mundu bat da, eta elite batentzat soilik. Horrelako beste bisionario batzuen adibideak etortzen zaizkit burura eta ez dira prezisamente miresten dugun jendea... Zergatik informatikaren kasuan eta Jobsekin bai?

Beno, bukatu dut. Azken aldian inguratzen nauen Jobsmania horri aurka egin beharra nuen eta barruak lasaitu. Eta bide batez, komunikabideek ez dutenez egiten, nonbait plasmatuta utzi Jobsen figurarekiko iritzi ezberdin bat. Badakit hau tanta bat dela adorazio artikuluen ozeanoan, ahuntzaren gauerdiko eztula, eta eragin hutsala izango duela, are gehiago kontuan izanik azken aste honetan idatzi eta esan diren guztiekin teknofoboenari ere iritsi zaiola Jobs eta Appleren bikaintasunaren mezua... Hala ere, poztuko nintzateke hemen esan ditudanek bat edo beste "alde iluna" uzteko konbentzituko balute. Baina ez dut esperantza handirik... Hainbat fanboyri (horrela deitzen zaie Appleren zaleei) komentatu izan dizkiet nire argudio eta arrazoiak, eta horiekin nahiko ados egon daitezkeen arren, "eske hain guay da nire iLokesea... mi tessooroooo...". Erlijio baten antza du: kontrakoaren frogak erakutsi arren, sinesten jarraitu nahi dute.

Ala, bota dut. Has zaitezkete desfolloweatzen, "Desatsegit" botoiari ematen edo erantzunetan despotrikatzen, eta Appleren hurrengo gadgeta erosteko aurreratzen. Good night, and good luck.

Txopi
Txopi dio:
2011/10/14 10:24

Diozun gehienarekin ados nago, guztiarekin ez esatearren. Eta gauza bat gehitu nahi nuke: Britaniar zientzialariek Apple-zaleen burmuinak MRI eskanerren bitartez aztertu dituzte eta Apple-ek extasi erlijiosoak kitzikatzen dituen burmuineko eremu berberak pizten dituela ikusi dute. http://www.bbc.co.uk/news/business-13416598

Ander (etxondoko)
Ander (etxondoko) dio:
2011/10/14 13:01

Bikaina artikulua. Amaieran diozunaren inguruan ulertu beharrekoa da produktu elitista batean dirutza bat utzi duenak zailtasun larriak izatea bere buruari harrika egiteko. Bizitza honetan joera handiegia dugu hartu ditugun erabakiak justifikatzen.

e-gor
e-gor dio:
2011/10/18 20:01

Nik ez dut uste hori App Store-aren meritua denik, baizik eta Android-ena. App Store-an ordainpeko apikazioen portzentajea askoz handiagoa da Androiden Market-ean baino (artikulu honen arabera, bikoitza, %57 Market-ean eta %23-28 App Store-an; artikuluak duela urte betekoa da, baina ez dut uste egoera hainbeste aldatuko zenik), eta ordainpekoak ere merkeagoak dira Market-ean (artikulu beraren arabera). Eta orokorrean, Appleren erabiltzaileak ohituago daude aplikazioengatik ordaintzera, normala, aparatuak ere garesti ordaintzera ohituta daudelako (beste artikulu honen arabera, App Store-tik deskargatzen diren aplikazioen %17 dira ordainpekoak, eta Market-etik %3a soilik). Beraz, Iker, zuk diozun tendentzia hori norbaitek sortzekotan Androidek sortu du, eta ez da hainbeste ematen Appleren erabiltzaileen artean...

Iker Etxebarria
Iker Etxebarria dio:
2011/10/18 15:54

Beste gauza bat ere lortu du Jobsek. Eta ez dut ezer irakurri honi buruz... Zera lortu du, hiztegi batek 19 euro kostatzea garestiegia eta sinesgaitza izatea lortu du. Eta ez nago hiztegiei buruz hitz egiten. Bere Apple Storeak, tendentzia sortu du aplikazioen salnehurrietan. Apple berak, beren software produktuen salnehurriak asko jaitzi ditu eta beste askok Apple-ren atzetik jarraitu dute... Ez dut esaten ez ona ez txarra denik. Nik egindako mus aplikazio bat 0,99 eurogaitik saltzen nuenenan garestiegia zela esan zidaten. ¿Garestiegia 0,99 euro? ¿Hau bera pentsatzen genuen App Store baino lehen?

i-mar
i-mar dio:
2011/10/14 16:32

Bikaina e-gor, bikaina. Gatxa argiau esatie esandakue, zorionak!

e-gor
e-gor dio:
2011/10/15 12:37

Artikulua gustatu zaizuenei, pozten naiz, eta eskerrik asko loreengatik, benetan!

Txopi: Applezaletasuna erlijio bat dela gero eta sinetsiago nengoen, eta orain zientziak konfirmatu dit. ;-)

Aitzol: Nik ez diot meritua ukatzen gauza batzuetan. Onartzen dut arrakasta izan duela eta esan dut "arrakasta horrek eraman du konpetentzia gauza bera egitera, gailu mota horiek gehiago popularizatzera eta, egia da, jendearen ohiturak eta mundua (lehen mundua behintzat) aldatzera". Baina meritu teknologikorik duenik ez dut uste, bere ekarpena diseinu aldetikoa izan da nire ustez. Eta zoritxarrez jendeak dena "maskatua" ematea nahiago duela arrazoi duzu, telebistako audientziak ikusi besterik ez dago...

Igor: Jarraitzen dut pentsatzen ez duela meritu teknologikorik. iPhone-aren aurretik baziren internetdun telefonoak eta ukipen pantailak eta tablet-a Microsoft-ek atera zuen askoz lehenago (Wikipediako estekek erakusten duten bezala), nahiz eta horiek popularizatu zituen lehena Apple izan, beti izan duen marketin onari esker. Eta noski berrikuntza eta ingeniaritza lana dagoela horien atzean, baina diseinu eta erabilerraztasun aldetik, ez teknologikorik. Zein teknologia berri garatu du Apple-k? Bat ere ez.

Zurikeriari buruz, badirudi ados gaudela gehienean, soilik Stallmanen esateko moduan dugu iritzi ezberdina. Nik jarraitzen dut pentsatzen ongi egin duela pentsatzen duena esatean. Horrek kalte egiten diola SLaren mugimenduari? Ez dut uste, baina hala balitz ere gizarte honetan hain zabalduta dagoen hipokresia, zurikeria eta politikoki zuzenaren ideiarengatik litzateke, eta esan dugu horrekin ez gaudela ados...

Ander: Guztiz ados, beti pentsatu izan dut hori!

Aitzol
Aitzol dio:
2011/10/14 11:45

Joe, Igor, hori astindua!

Ni izan naiz Jobs-en "alde" idatzi duen horietako bat. Alde komatxoen artean jarri dut, argi esaten bait dut ez nagoela ados Jobs-ek (Jobs=Apple ekuazioa aplikatuz) hartutako erabakiekin.

Baina nik bai onartzen diot egungo kontsumoko informatikan izan duen papera. 600 euroko sakeleko telefono hori merkaturatu ez balu izango genuke gaur egun Android sistema? Erabiltzaile interfazeari emandako inportantzia gabe eboluzionatuko bertin eboluzionatuko zuten gure mahai gaineko sistemak? Baliteke baietz, baina, bide horren garrantzia ikusten lehenengotakoa izan zela onartu beharko zaio.

Diozu ez duela ezer asmatu, bazirela xagu, lehidun interfaze, mp3 jogailu... Ados, ez zituen asmatuko baina aurrez beste batek egindako lana jaso eta zuk aurrera egitea beti egin dugun zerbait da.

Txorakeria asko esan direla argi dago, baina uste dut hori sarri gertatzen dela horren pertsona mediatikoekin

Bere produktuak elitistak, garestiak, itxiak eta komentatzen dituzun beste gauza horiek guztiak direla ere onartzen dizut, baina ez ahaztu, jende askok hori nahi duela, hau da zerbait kaxatik atera eta konplikazio gehiegirik gabe funtzionatzen jarri.

Aitzol

Julen
Julen dio:
2011/10/14 11:54

Borobila artikulua Igor. Hurrengorako badaukat jendea nora zuzendu Jobs-en gaineko nire iritzien xehetasunak azaltzeko.

Igor
Igor dio:
2011/10/14 12:31

Oso artikulu hona eta oso ondo arrazoitua gainera. Ni orokorrean bat nator argudioekin ez bait zait gustatzen Applen politika nahiz eta euren produkturen bat eduki (eta agian etorkizunean besteren bat erosi). Harrotasuna, erabateko kontrola eta itxitasunaren eta diru nahi aseezinen argudioekin guztiz ados nago. Elitista izatearena puntu bateraino ados, nik ustet azken aldi hontan nahiko eskura daudela Appple-en produktu batzuk lehen munduan bizi garenentzako, horrek esan nahi du elitista izaten jarraitzen duela baina ez lehen munduko biztanleentzako. Baina hori bai, teknologikoki merituak kentzearekin ez nago batere ados, izan ere uste dut Apple aintzindari eta eredu izan dala produktu batzuk sortzen eta merkaturatzen (iPhone-a eta iPad-a kasu) eta nik ustet ezin dala esan soilik kopiatu dituela, hori asko sinplifikatzea da, barrikuntza eta ingeniaritza lan handia dago atzetik.

Eta azkenik, zurikeriari buruz (Twit batzuk gurutzatu genituen honi buruz beste egunen) niri nekagarria iruditu zaizkit komunikabide tradizionaletan Jobsen figura goraipatuz publikatu diren artikulu guztiak. Nire ustez bere alderdi izkutu eta gaiztoak ere publikatu eta argi utzi beharko ziran baina hamendik Stallmanen hitzetara pausu handi bat dago eta hitz horiek ez diote batere mesede egiten software librearen munduari nire ustez.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira lau gehi lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
  • Harpidedunak:
  • e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Twitter-en jarraitu:
  • Erantzunen harpidetza
  • Harpidedunak:
  • RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Artxiboa
    2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
    Artikulu aipagarriak

    MythTV sorta
    2004/11

    "Pololoak" sorta
    2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

    Monoblogoa
    2005/01/11

    "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
    2005/01/25

    Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
    2005/04/18

    Firefox eta bere plugin zoragarriak
    2005/05/11

    "El País"-en komiki bilduma
    2005/05/15

    Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
    2005/05/25

    "Watchmen" sorta
    2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

    "La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
    2005/11/08

    "Goienkaria"-n agertu naiz
    2005/12/08

    Komikiak eta euskal rock-a
    2005/12/14

    Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
    2006/01/02

    Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
    2006/02/01

    "Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
    2006/08/05

    Argazkigintza eta DRM-a
    2006/10/09

    Paul Auster eta Euskararen Herria
    2006/10/29

    Angoulême sorta
    2007/01-02

    Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
    2007/04/23

    Hergé-ren defentsan
    2007/05/22

    Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
    2007/07/02

    OLPC sorta
    2007/12 - 2008/01

    Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
    2008/02/05

    Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
    2008/03/11

    Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
    2008/08/04

    "Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
    2008/08/25

    "Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
    2008/09/17

    "Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
    2008/10/14

    Pottokiek 50 urte!
    2008/10/22

    Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
    2008/11/12

    Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
    2008/12/04

    "Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
    2009/01/23

    I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
    2009/04/16

    Elkarrizketa egin didate 7K-n
    2009/06/03

    Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
    2009/10/06

    Asterix, heroi garaitua
    2009/10/29

    "Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
    2009/11/13

    Pololoak 3: The making of
    2009/11/22

    5 urte 5!
    2009/12/15

    Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
    2009/12/20

    "Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
    2010/01/13

    Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
    2010/01/19

    Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
    2010/01/27

    Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
    2010/02/09

    e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
    2010/05/20

    Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
    2010/06/02

    "Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
    2010/07/22

    Sistema eragileen guda berria
    2010/12/14

    Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
    2010/12/27

    Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
    2011/01/10

    "Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
    2011/01/13

    Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
    2011/01/27

    "Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
    2011/02/20

    Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
    2011/03/21

    Sare sozialetan preso
    2011/04/06

    Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
    2011/10/14

    Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
    2011/11/04

    Euskarazko 8 komiki berri
    2011/12/02

    Social networks killed the RSS star?
    2012/06/10