Urtearen lehen erdiko euskarazko komikiak
Bolada onean gaude euskal komikizaleok! Azken zenbakietan kontatu genizuenez, 2015 urtea izan zen, diferentzia handiarekin, azken urteetan euskarazko komiki gehien atera diren urtea. Eta 2016a ez dugu batere gaizki hasi! Nobedade gehienak beti udazkenean ateratzen badira ere (badakizue, Getxoko azoka, Durangokoa, Gabonak...), aurtengo lehen seihilekoan jada baditugu hiru komiki gehiago euskaraz! Hemen duzue horien inguruko informazio gehiago.
Alde batetik, Harriet argitaletxearen bi albumak ditugu. Gregorio Muro Harriet komikigile ezagunak iaz jarri zuen martxan bere abentura berria, Harriet argitaletxea sortzea hain zuzen ere, 80ko hamarkadako Justin Hiriart bere klasikoaren edizio osoa atereaz. Orain Txinara bidaia eta Indiara bidaia argitaratu ditu, gidoilaria Béka eta marrazkigilea Marko Xabiroiko kolaboratzailea dituzten bi komiki. Aurretik duela pare bat urte Frantzian Bamboo argitaletxearen eskutik ateratako komiki hauetan, bikote gazte batek herrialde horietara egindako bidai bana kontatzen dira tonu umoretsuan. Komikion aurkezpena asteazken honetan izango da, hilak 29, goizeko 11:00etan Donostiako Komikigunean.
Bestetik, Astiberriren nobedade hau dago. Paco Roca Espainiako komikigile ezagun eta arrakastatsuenetakoa da dudarik gabe. Bere azken urteotako lanek (Arrugas, El invierno del dibujante, Los surcos del azar...) salmenta onak, sariak, zinemarako adaptazioak eta abar izan dituzte. Horiek guztiak Bilboko Astiberri argitaletxearekin atera ditu, eta beharbada ezagunena dena euskaraz ere argitaratu zuen 2014an, Zimurrak hain zuzen. Iaz La casa kaleratu zuen, bere aita omentzen duen lan guztiz pertsonala. Martxoan Espainiako komiki-denden elkarteak 2015eko komikirik onenaren saria eman zion, eta oraindik ere gehiago eramango ditu, ziur. Orain lan eder hau euskaraz gozatzeko aukera dugu, Etxea alegia, benetako luxua.