Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
- (Elhuyar aldizkariko 2010eko azaroko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
LTDak aldaketa handia ekarri behar omen zuen telebistaren mundura. Eta ezin da ukatu badituela abantaila eta aukera interesgarriak: seinale digitalaren kalitate hobea, hainbat audio eta azpititulu izan ditzakete emisioek, telebistako programazioa ere igortzen da seinalean, kate gehiago izateko aukera... Baina telebista-kateek ez dituzte behar bezala aprobetxatu aukera horiek, eta kate gehiago izateak ez du ekarri aukera handiagoa, kate berriek ere lehengoen eredu berari jarraitzen baitiote. Bestalde, seinale digitalarenak badu bere ifrentzua: seinalea ona ez bada, okerrago ez, ez da ezer ikusten. Eta, batez ere, betiko programazio eta ordutegi zurrunei lotuta jarraitzen du telebista berri honek ere, elkarrekintzarako aukerarik gabe.
Internet bidezko ikus-entzunezkoen kontsumoa
Hala ere, LTDa atzo goizeko haur jaioberria dela esan dezakegu: duela bizpahiru urte jarri zen martxan eta aurten ordezkatu du erabat telebista analogikoa. Hortaz, ezin da ulertu nola ez zen planteamendu iraultzaileago bat bezala sortu, kontuan izanik garai horretarako jada nahiko hedatua zegoela Internet bidezko ikus-entzunezkoen kontsumoa, malgutasun handiagokoa eta elkarrekintzarako aukera handiagoarekin.
Bada urte mordoxka bat eskatu ahalako bideoez goza dezakegula Interneten. Aspalditik aurki ditzakegu nahi ditugun serie eta film guztiak P2P sareetatik jaisteko, baina azkenaldian gero eta ugariagoak dira streaming bidez hauek modu legezkoan ikusteko plataformak, dela ordainduta, dela publizitatearen truke. Kate eta ekoizpen-etxe askok ere Interneten jartzen dituzte beraien programak, eta Youtuben eta antzekoetan jendeak jartzen dituen bideo amateur eta pertsonalak gehitu behar zaizkie horiei. Horrelakoetan, gainera, ez gara kontsumitzaile huts: bideoak puntuatu egin ditzakegu, komentatu, partekatu...
Aukera horietaz gozatzeak baditu, baina, bere desabantailak: etxeko ordenagailua aparteko toki batean egon ohi da gehienetan, sofan ez bezala jende asko esertzeko tokirik egoten ez den lekuetan. Agian horrek ere mugatu du, orain artean, Internet bidezko ikus-entzunezkoen kontsumoa. Egia da, egon, aspalditik dagoela aukera ordenagailu bati media center software bat jarrita HTPC (Home Theater PC) bat muntatzeko eta Internet telebistan ere izateko, baina hori egitea ez da erraza, geek bat ez bazara, eta horregatik ez da gizartearen gehiengoa horretaz baliatu.
Google TV: Internet telebistara eta sofara eramaten
Agian orain amaituko da hori, Google-k udazken honetan AEBn atera duen eta 2011n munduan merkaturatuko duen Google TVrekin. Izatez, Android sistema eragile librearen egokitzapen bat da Google TV, telebista- eta bideo-grabagailuetarako moldatuta. Bi motatako hardwaretan etor daiteke integratuta: telebistara konektatzen diren kutxetan (deskodetzaileen antzekoak) edo telebistan bertan. Logitech eta Sony izango dira lehenak Google TVdun aparatuak merkaturatzen, kutxa- eta telebista-formatuan hurrenez hurren, baina denborarekin gehiago ere izango dira.
Google TVrekin, ohiko telebista-kateak ikusi ahal izango ditugu, baina baita Interneteko bideo-zerbitzuak (doako nahiz ordainpekoak) edo gordeta ditugun bideo eta bestelako multimedia-elementuak ere. Gainera, bilaketak egiten ditugunean, horien guztien barruan egingo da. Edozein webgunetatik nabigatzea ere posible izango da. Telebista eta Internet, biak aldi berean erabili ahal izango ditugu. Adibidez, pantailaren zati batean partida bat ikusi, eta, bestean, taldearen informazioa; edo, film bat ikusten ari garela, izkinatxo batean Twitter bidez partekatu. Telebistaren pantaila nagusia ere gure programa, telebista-kate eta webgune gogokoenekin pertsonalizatu ahal izango dugu.
Posible izango da, baita ere, gure Android telefono mugikorra urrutiko aginte gisa erabiltzea, eta, teklatua behar denean (bilaketetan, "tuiteatzean"...), haren ahots-ezagutzarako softwareaz baliatzea. Horrez gain, funtsean Android sistema eragilea duenez, harentzat garatutako aplikazio-sorta zabala eskuratu eta exekutatu ahal izango dugu (mugikorren hardwarea erabiltzen ez duena, noski), jokoak barne. Eta, denbora laburrean, Google TVrentzat berariaz garatutako aplikazio berri ugari aterako dira, ziur. Finean, ordenagailu pertsonal baten modukoa izango da telebista, eta nahi ditugun aplikazioak instalatu eta pertsonalizatu ahal izango ditugu. Aukeraz betetako mundu berri bat irekitzen du honek.
Android Apple-ren aurretik
Aurreko hilean kontatzen genizuen Apple-k jendarteratu eta ia monopolio bihurtutako produktu-mota jakin batzuei, smartphone eta tabletei, hain zuzen, aurre egiteko sortu zela Android sistema eragilea. Applek atera zuen bere Apple TV duela urte batzuk, baina askoz sinpleagoa da: soilik webgune gutxi batzuetako bideoak ikus edo eros daitezke, ezin da aplikaziorik instalatu, ezin da nabigatu... Oso urrun dago Googlek proposatzen duenetik.
Apple, noski, ez da lo geldituko eta Apple TV pixkanaka Google TVrantz eboluzionatzen joango da. Jada iragarri ditu Google TVren ezaugarrietako batzuk sartuko dituztela Apple TV-ren hurrengo bertsioan. Edonola ere, oraingoan aurreratu egin zaio Google Appleri, eta, beharbada, ITV izenaz bataiatu den munduan (Interactive TeleVision edo telebista elkarreragilea) ez dugu biziko Appleren produktu itxi, hiperkontrolatu eta garestien monopoliorik.
Apple ez den beste arazo bat ere sortu zaio, ordea, Google TVri, abiatu eta berehala. Estatu Batuetako hiru telebista-kate publiko nagusiek (ABC, NBC, CBS) lehenengo eta beste batzuek ondoren, blokeatu egin diete Google TVren erabiltzaileei euren Interneteko edukietarako sarbidea. Beraien negozio eredu zaharkitua defendatzen saiatzeko haurren kasketak...
>> Nik ez dut ukatzen software librea, estandar irekiak eta horrelakoen aldekoa eta kontrola, itxitasuna, DRMa eta horrelakoen kontrakoa naizenik...
Nik ez dut jarrera hori kritikatzen, ni ere software librea eta estandar irekien aldekoa naiz. Kritikatzen dudana da, Google-k ongi egiten dituenak esateko, askotan Apple aurrean jartzea honek gauzak zein oker egiten dituen leporatuz. Jarrera guztiz zilegia iruditzen zait, baina kritikagarria. Esan bezala, nire irudipena da horrek laguntzen duela gainontzeko alternatibak existitzen ez direlako irudia ematen. Beti arrain handiez ari bagara, nola haziko dira txikiak?
>> ...etorkizunean telebistetan tendentzia berri bat nagusitzen den bakoitzean ez dugu telebista berri bat erosi beharko hori izateko, instalatu eta listo.
Tendentzia berri horrek hardware eskakizunik ez duen bitartean...
>>...Iruditzen zait telefono eta tablet-etan funtzionatu duen eredua telebistara eramateak eta atzean Google egoteak arrakastarako aukera ematen diola honi, eta iraultza ekar lezakeela sofako telebista-kontsumo ohituretan...
>>Kable bat behar duzu, eta teklatu inalanbriko bat edo urrutiko aginte bat, eta ordenagailu eramangarri bat edo bestela bigarren ordenagailu bat, eta... Ez diot nik egin ezin daitekeenik, eta aspaldian gero eta errazagoa ez denik, baina horrelakoek ez dute apenas adopziorik izan. Esan dudan bezala, katxarro bakarrean eta dena erraz emanda, nik irudipena daukat (eta hori da, nire irudipena besterik ez) aukerak dituela iraultza ekartzeko.
Hain zuzen ere Google atzean egoteak arrakastarako aukera ematen badio, ez al da hark duen publizitate eta marketing ahalmenagatik, Iraultza bat delako baino? Arrazoia ematen dizut orain arteko gailuek ez dutela arrakastarik izan, eta inork gutxik ezagutzen dituela. Eta egia da Google TV-k hainbat berritasun dituela, baina azken finean Googlek proposatzen duena ez da ordenagailua egongelara eramatea? bere aplikaziodun sistema eragilearekin, telebista sintonizadorearekin eta pantaila erraldoi batekin? Horregatik iruditzen zait iraultza baina marketing-a dagoela honen atzean.
>>Oker zaude, Google-k ez zaitu behartzen bere mugikorra erostera urrutiko aginte bat izateko. Nik idatzi dut...
>> Beste ezer erosteko aukerarik ez dagoenean monopolio purua dago, baina ekoizle batek merkatu kuota oso-oso handia duenean ere de facto-ko monopolioak gertatzen dira. Windows-entzat beti egon dira alternatibak (Mac, Linux eta abar), baina praktika monopolistengatik kondenatu zuten...
>> Oker zaude, Android-ek ez du ezeren monopolio edo oligopoliorik ez baita enpresa bat. Sistema eragile libre bat da telefono enpresa askok bere telefonoetan sartu dutena, eta horri esker ez dago ez monopolio ez oligopoliorik, smartphone-ak eta tablet-ak erosteko aukera ikaragarria baizik.
Honen inguruan, nik ez dut esan Android-ek monopoliorik duenik, ezta oligopoliorik ere, komentario honen hasieran aipatu dudanaren ildo beretik zihoan kontua, hots, Google vs. Apple etengabeko alderatzeak bestelako alternatibak ezkutatzen dituela, eta horrek oligopolio baterako bidean jartzeko arriskua ekar lezakeela, baina ez gaur egun dagoenik, ezta gutxiago ere. Merkatu kuota ezberdinak begiratzea besterik ez dago horrelakorik ez dagoela konturatzeko.
Bestalde zure argumentazioan kontraesana dagoela iruditzen zait, esaten duzu Android ez dela enpresa bat, eta? zure argumentu bera erabiliz, Windows ere ez da enpresa bat, baina M$ praktika monopolistengatik kondenatu zuten... (pixkat maltzurra izatearren, hau ez hartu oso serio ere, behintzat Android-ek lizentzia librea du -ASL-).
Amaitzeko, Apple-en monopolioaren eztabaida oso luzea izan daiteke, eta bestela ere izango ditugu aukera gehiago horri heltzeko...