"Sua - Gauekoren aroa": manga bat euskal mitologiaren gaiarekin
Ilargiren desagertzeak izaki mitologikoen eta gizakien elkarbizitza kolokan jartzen du, orain inork ezin baititzake azken hauek Gauekorengandik babestu. Mari eta Sugaar-en seme diren Mikelats eta Atarrabik Suari eman diote bilaketaren enkargua, gizaki soila izan arren, Marik amets batean kuttun bat eman baitio. Eta bere lagun Idoia lamiarekin abiatu da misioan, non Eguzki, sorginak, Akerbeltz, jentilak eta beste aurkituko dituzten...
Horixe da Draco Somnium argitaletxeak atera duen Sua - Gauekoren aroa manga estiloko komikiaren trama. David Castelorena da gidoia eta Gabriela Rodriguezenak marrazkiak. Oihane Amantegik itzuli du euskarara, eta berak egin ditu bukaeran sartu dituzten pertsonaia mitologikoei buruzko informazio-fitxak. Eta kapituluen azalak eta komikiaren hasieran dagoen mapa zabalgarria Unai Gonzalezek egin du.

