"Sorgin seinalea" komiki-sailari buruzko erakusketa
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen barruan Euskadi Fantastikoa izeneko erakusketa bat egin ohi da, normalean euskal komiki edo komikigileren bati dedikatua. Aurtengoan Sorgin seinalea komiki-sailari buruzkoa izango da erakusketa.
Sorgin seinalea komiki-saila Gregorio Muro Harriet gidoigileak eta Daniel Redondo marrazkigileak egin zuten 1980ko hamarkadan, Habeko Mik komiki-aldizkariaren abaroan. Lau albumez osatutako euskal sorginen eta inkisizioaren inguruko sail hau oso arrakastatsua izan zen eta Europako zenbait herrialdetan ere argitaratu zen. 2017an Harriet argitaletxeak berrargitaratu zituen denak edizio oso batean.
Erakusketa Donostiako Udal Liburutegi Nagusian dago ikusgai urriaren 27tik eta bertan egongo da azaroaren 18ra bitarte, eta ondoren Irungo Carlos Blanco Aginaga Kultur Gunean ikusteko aukera izango da azaroaren 23tik abenduaren 12ra. Gainera, azaroaren 2an prentsaurrekoa izango da bi egileekin. Aukera ederra benetan merezi duen obra hau ezagutzeko, edo berari buruz gehiago jakiteko azalpenen eta irudi handi eta ederren bidez.