Sistema eragileen guda berria
- (Elhuyar aldizkariko 2010eko urriko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Ordenagailu pertsonalen sorrera
80ko hamarkadaren hasieran, ordenagailu pertsonala ez zen existitzen, edo ez behintzat gaur ezagutzen dugun bezala. Etxeetan bazeuden egon ordenagailu batzuk (Sinclair-en ZX81-a edo ZX Spectrum-a, Commodore 64-a, Amstrad-a...), baina batez ere gazteek erabiltzen zituzten jolasteko edo informatika ikasteko; gaur egungo kontsolen papera betetzen zutela esan daiteke home computer deritzen hauek.
Lana egiteko ordenagailuak ikerketa munduan, erakunde handietan, enpresetan edo unibertsitateetan soilik zeuden, garestiegiak baitziren. Ekoizle gutxi batzuk menperatzen zuten merkatua (IBM, DEC, Xerox...), bakoitza bere sistema eragile propioarekin (Vax, Unix...). Saiakerak egon ziren hauen partetik ordenagailuak etxeetara eramateko, baina ez zuten benetako arrakastarik izan prezioaren erruz; eta beste ekoizle txikiago batzuk oso zaila zuten merkatu horretan sartzea, beste gauza batzuen artean sistema eragilea garatzearen kostua ere zeukatelako.
Orduan, IBM-k beste saiakera bat egitea erabaki zuen etxerako ordenagailu pertsonalekin, makina berri bat eta sistema eragile berri batekin. Makina PC-a izan zen (Personal Computer), eta sistema eragilea Microsoft enpresa berriari enkargatu zion. Honek MS-DOS (MicroSoft Disk Operating System) egin zion, baina gure mundua den bezalakoa izateko gakoa izan den tratua lortu zuen IBM-rengandik: Microsoft-ek baimena zuen MS-DOS beste ekoizle batzueri ere lizentziatu edo saltzeko. Ondorengoa historia da: ekoizle txiki askok PC-arekin bateragarriak ziren ordenagailuak egin zituzten atzeranzko ingeniaritza erabiliz, MS-DOS sistema eragilea jarri zieten eta kloniko merke hauen bidez ordenagailu pertsonalak guztion etxeetan sartu ziren.
Windows-en monopolioa ordenagailu pertsonaletan
Hasieran MS-DOSek ekoizle handien ordenagailuen eta sistema eragile garestien hegemonia hautsi eta ordenagailu pertsonalen popularizazioa ekarri bazuen ere, denborarekin, MS-DOS eta, batez ere, haren oinordekoa Windows, hegemoniko bihurtu da, ia monopolioa izateraino. Eta egoera hori baliatzen duenez bere beste produktu batzuk inposatzeko (Interneteko nabigatzailea, ofimatika-produktua...) merkatuaren kontrol erabatekoa lortu du, horrek dakartzan eragin negatibo guztiekin.
Bi lehiakide aipagarri soilik ditu Windows-ek. Bata, Apple-ren Macintosh ordenagailua, bere MacOS sistema eragilearekin; bestea, PCetarako Linux sistema eragile librea. Baina nekez egiten diote aurre Microsofti, monopolioak haustea oso zaila izaten baita. Apple-ren merkatu-kuota oso txikia da PCenaren aldean. Gainera, esan daiteke Apple-ren eredua gailenduz gero egoera Microsoft-ekin baino are txarragoa litzatekeela: sistema erabat itxi eta kontrolatua da, hardware oso garesti batekin. Linux-ekin, aldiz, badugu PCetarako alternatiba on eta merke bat, benetako askatasuna eskaintzen duena, baina, zoritxarrez, merkatu-kuota are txikiagoa du. Eta horrela dago egoera azken aldi luze honetan ordenagailu pertsonalen munduan, ad eternum luzatuko dela dirudien guda alferreko batean...
Gailu berrietan Apple eta iOS nagusi
Azken urteetan bi gailu mota berri agertu dira merkatuan, oso azkar zabaltzen ari direnak eta etorkizun hurbilean ia ordenagailu pertsonalak bezain hedatuak egongo direnak: smartphone-ak (Interneteko konexioa, WiFi-a, GPSa, ukipen-pantaila eta beste gauza asko dituzten telefono mugikorrak) eta tablet-ak (taula-itxurako ordenagailu ukipen-pantailadunak). Aparatu mota horiek Apple-k asmatu ez baditu ere, joera-sortzaile handia denez eta diseinu erakargarriak egiten asmatzen duenez, bera izan da lehena arrakasta lortzen, iPhone eta iPad-aren bidez.
Biek iOS sistema eragilea dute barnean, sistema hiperkontrolatu eta itxia: bertan zein aplikazio instala daitezkeen eta zein ez Apple-k erabakitzen du, programazio-lengoaia bakar batean idatz daitezke bertarako aplikazioak... Horrelako sistemak nagusi diren merkatu bat oso kaltegarria da guztientzat.
Baina iPhone-a oso ongi saldu zen 2007an atera zenetik, smartphone pertsonalen artean ia monopolioa izateraino (RIMek ere merkatu zabala du bere Blackberry-arekin, baina batez ere enpresa-erabileretarako). Eta beste lehiakideek oso zail zuten aurre egitea, batez ere euren sistema eragileetarako aplikazio-eskasiagatik. Izan ere, iPhone-rako segituan sortu zen aplikazio pila baten ekosistema aberats bat. Aurkariek, aldiz, hasieran aplikazio askorik ez badute, ez da erraza erosleak konbentzitzea; era berean, ez da erraza garatzaileek aplikazioak egitea merkatu-kuota txikia duen sistema eragile baterako. Nola atera gurpil zoro horretatik?
Alternatiba: Android sistema eragile librea
Google-k ekarri zuen erantzuna 2008aren amaieran: Linux-en oinarrituta, smartphone-etarako sistema eragile bat eta oinarrizko aplikazio-sorta bat garatu zituen, libreak, mugikorren edozein ekoizlek erabil zitzakeenak. Oso denbora gutxian fabrikatzaile askok integratu zuten Android beren smartphone-etan; garatzaileentzat ere plataforma erakargarri bihurtu zen, eta laster milaka aplikazio izan zituen. Android sistema eragilea aplikazio asko eta onak eta askatasun handia dituen alternatiba da gaur egun.
Hala, azken urtean Android-en salmentak %886ko igoera izan du, eta gaur egun Android duten mugikorrak iPhone-ak baino gehiago saltzen dira; jotzen da urtebetean edo bitan Android gehiago egongo direla iPhone-ak baino. iPad-arekin erreakzioa lehenago gertatu da, Android jada garatuta baitzegoen: iPad-a 2010. urtearen hasieran atera zen arrakasta handiz, baina handik hilabete gutxira bazeuden tablet-ak Android-ekin, eta gero eta gehiago daude. Horri guztiari esker, gailu mota berri horietan ordenagailu pertsonaletan baino panorama hobe eta libreago bat aurreikus daiteke.
Hala ere, oro ez da urre... Android duen smartphone libre bat erosiz gero, nahi duguna egin dezakegu berarekin, baina smartphoneak garestiak izaten dira. Aldiz, telefonia-operadore batek diruz lagundutakoetan bere interesen araberako murrizketak jartzen ditu operadoreak: ezin dira Skype moduko programak erabili, edo mugikorraren Internet konexioa PC batekin partekatu, edo sistema eragilea eguneratu... Murrizketak saltatu daitezke sistema eragilea berriz instalatuz, baina ez dira edonork egiteko moduko aldaketak, eta telefonoaren garantia galdu egin daiteke, gainera. Kontraesankorra dirudien arren, Android-en askatasunaz baliatzen dira telefonia-operadoreak askatasunak murrizteko. Goian ikusi ditugunetan bezala kasu honetan ere, konpainiak beti sistema eragileez baliatzen dira gailuen merkatua kontrolatzeko...
Artikuluaren ideiekin ados egon naitekeen arren, iruditzen zait artikulua betiko softwarearen librearen eztabaidara mugatzen dela, eta eztabaida horretan eguneroko erabiltzaileak (ezagutza aurreraturik ez dutenak) ahazten direla. Artikuluan software librearen aldeko betiko argumentuak erabiltzen ditu (irekia, askea,...), baina iruditzen zait librea/irekia=ona eta pribatua/itxia=txarra baino haratago eraman behar dela. Sistema eragile libreek bere badituzte bere arazoak. Linux-en esaterako hainbat periferiko instalatzeko arazoak daude (badakit ekoizleen jarrera izan daitekeela arazoa baina egungo egoera horrelakoa dela onartu behar da), eta "erabiltzaile adituok" gure gailu berria instalatzeko hainbat denbora pasatzeko prest egon gaitezkeen arren, erabiltzaile arruntak gailua martxan ikusi nahi du berehala, eta ez egunetan forotan bila ibili behar izatea. Mugikorren kasuan, nago erabiltzaile gehienentzat iOS, Android edo blackberry erabiltzea ia berdina dela, estetika edo modatik haratago. Denek dituzte aplikazio ugari dagoeneko, baina aplikazio erabilienak plataforma guztietara zabaltzen dira berehala. Bide batez, falta bota dut Symbian OS aipatzea, 2010ean saldutako smartphonen %43,5an datorrena, eta gainera 2010eko otsailetik open source dena.