Saioa Maritorenak "Zeruaren margolaria" kaleratu du
Saioa Maritorena leitzar gazteak komikiaren medioa du pasio, baina akzioa baino poetikotasuna eta esperimentazioa bilatzen ditu bertan. Eta hori nabaria da bere lehenengo komiki luzean, Denonartean argitaletxearekin atera duen Zeruaren margolaria honetan. Urtzi protagonista egunean bizpahiru aldiz zerua margotzeaz arduratzen da. Bere lana monotonoagoa edo sortzaileagoa izango den, bere lau bizilagunek baldintzatzen dute, Ilazki, Eki, Hodei eta Eurik, hain zuzen. Baina berak benetako sen artistikoa du, eta aurora borealak eta ortzadarrak marraztea du maiteen. Baina halako batean, ilargia karratua agertuko da zeruan, eta haren arduradun Ilazki ez da inon ageri...

