Ralf König, istorioen kontatzaile aparta
Zenbat denbora da ez dudala komiki bat erosi? Ez dakit. Liburuak erosteari ere utzi diot neurri handi batean, eta (zer egingo diogu?) gauza hauek gertatzen dira!! Ziur nago berriz ere astinduko dudala kartera egunen batean, baina hori gertatu bitartean, nostalgia pixka bat ari da etxeko apaletan biltzen. Eta komikien apalean, nostalgiaren sekzioaren erdi-erdian Ralph König daukat. Kontatu ditut: König-en hamalau album ditut. Eta altxor bat balitz bezala dauzkat gordeta. Horretaz jabetu eta segituan e-gor bloga zabaldu nuen, eta ez nuen hari buruzko ezer aurkitu. Horregatik, animatu naiz idaztera blogerako. Eta ea zer esaten duzuen beste irakurleok... ezagutzen duzue Ralf König, ezta?
Ezagutzen ez duenarentzat, bi hitzetan aurkeztuko dut: homosexuala eta komikilaria. Bi gauza horiek definitzen dute ezin hobeto Ralf König. Bere komikiek gay-en giroa islatzen dute, gaur egungo Alemanian zein antzinako Grezian girotuta. Testuingurua edozein dela ere, "plus" bat ematen dio kontatzen duenari homosexualen ikuspuntutik aurkeztuta. Eta hori asko esatea da; baina ez da horretan bakarrik geratzen.
Königen lanaren definizioari nik hirugarren bat ezaugarri bat gehituko nioke: istorioen kontatzaile aparta dela. Istorioak eta ikuspuntuak originalak izateaz gain, erritmoa dute. Irakurtzen duzunean, aurrera eramaten zaitu ia nahigabe, eta denbora oso ondo neurtuta. Nik Asterix-ekin konparatzen dut; biñeta batean erromatarra jotzen du, bigarrenean gora begiratzen du eta hirugarrenean erori egiten da, eta hirurak marrazten ditu kolpeari erritmoa emateko. Nire iritziz, Königek gauza bera egiten du, batez ere dialogoekin. Biñeta bakarrean konta zezakeena batzuetan orrialde oso batean kontatzen du, eta irakurleak jasaten du elkarrizketaren erritmoa. Mundiala da.
A, eta umorezko komikiak dira (oraindik ez dut esan!!).
Königen zer komiki erosi edo irakurri? Beti bezala, oso zaila da gomendio bat egitea. Baina behintzat bada non aukeratu; album asko itzuli dira gaztelaniara eta gutxi batzuk behintzat euskerara ere bai. Ospetsua egin zen El hombre deseado, istorioa pelikula bihurtu zutelako. Mutil hetero guapo bat etxetik botatzen du bere neskak, eta gay-en taberna batean bukatzen du; ez du non lo egin, eta gay guztiek nahi dute etxera eraman. Istorioa hortik abiatzen da. König kexatu zen pelikula bihurtu zuena hetero zelako, eta nabaritzen zelako; hain zuzen ere, istorioaren indarretako bat da pertsonaia gay-ak askoz normalagoak eta zentzuzkoagoak direla heteroak baino.
Ez dakit El hombre deseado euskaraz argitaratu duten ala ez. Baina Königen bigarren komiki ezagunena bai: Kondoi hiltzailea (gainera nahiko eskaintza merke batean aurkitu dut albuma, 4-5 euro). Nobela beltz bat da (hau ere pelikula bihurtuta). Protagonista detektibe gay bat da, eta hiltzailea kondoi bat, hortzak dituena, eta biktimen zakilak txikitzen/jaten/suntsitzen dituena.
Bi horiek dira, beharbada, Königen lan ezagunenak, baina nire faboritoen artean Lisistrata, Yago eta Huevos de toro dira. Lisistrata antzezlan klasiko bat da, Aristofanes grekoak idatzita. Atenasen urteak daramate gerra luze batean, eta egoerari buelta emateko, hiriko emakumeak Akropolira sartu eta itxi egiten dute. Gizonek ez dute sexurik izango gerra bukatu arte. Königen bertsioan, egoera horretan, gizon homosexualek ikusten dute sekulako aukera, Atenasen emakumerik ez, eta gizonezko guztiak sexu eske. Oso dibertigarria.
Yago berez Shakespeareren Otelo obrako pertsonaia bat da. Shakespeareren garaian, antzezle guztiak ziren gizonezkoak, baita emakumeen paperak egiten zituztenak ere; Königen istorio batentzako planteamendu ezin hobea da. Eta Huevos de toro komikian, Königen pertsonaiak flipatuta daude Espainiako etorkin batekin (Alemanian); etorkina mutil-puska bat da, eta eraikuntzan egiten du lan.
Askoz ere komiki gehiago ditu Königek. Argitaratu dituen azkenekoak (Prototipo eta Arquetipo) ez ditut irakurri, baina badut gogoa harrapatzeko, Bibliaren pasarteak erabiltzen baititu istorioa montatzeko. Trilogia baten lehen bi zenbakiak omen dira (uste dut hirugarrenak Anti-tipo izango duela izenburua). Königen elkarrizketa batean irakurri diot gay-en istorioez nazkatu dela jadanik. Baina berdin du. Komiki berriak egiten baditu, ia ziur, oso ondo eginak egongo direla. Nire ustez, Ralf König istorioen kontatzaile aparta delako.
Nik daukadan bakarra "Kondoi hiltzailea" da, aspaldi erositakoa. König ezagutu ere ez nuen egiten, baina horrelako tematika eta sexuzko irudiekin euskaraz zerbait ikusteak harritu ninduen, eta hartu. Geroago kointziditu nuen lanean Emun kooperatiban komikia euskarara itzuli zuenarekin, Imanol Larrearekin.
Etxean daukadan bakarra hori bada ere, oso zalea den Imanol Miner lagunak utzita, mordo bat ditut irakurriak, ia guztiak uste dut (zuk aipatzen dituzun denak, azken trilogiakoak izan ezik, behintzat irakurriak ditut). Eta arrazoia duzu, oso istorio onak eta dibertigarriak dira!