Nanoheroiak denontzat, zientziaren astean
Azaroaren 6an, ostiralean, arratsaldeko 17:00tan izango da nanoKOMIK, nanokomikiak egiteko tailer bat San Telmo museoan, Donostian.
Zientziaren astea ospatzen ari gara, eta horren barruko proposamena da hau. CIC-nanoGUNE eta DIPC zentrokoek antolatu dute tailerra “nanobotereak” dituzten heroien komikiak egiteko. Marrazkilariak 12 eta 18 urte bitarteko gazteak izango dira, eta bi aholkulari berezi izango dituzte; batetik, CIC-nanoGUNE zentroko Jon Ander Arregi fisikaria izango da, eta, bestetik, Jose Carlos Torre Rumble aldizkariko marrazkilaria.
Parte hartzeko ez da eduki behar nanozientzia edo kimikigintzari buruzko jakintzarik” dio Arregik. Berak fisikako aholkuak emango ditu. Adibidez, heroi batek nolako nanobotere izan ditzakeen proposatuko die gazteei.
Superheroi klasikoen botereen jatorria ez dira zientifikoak izaten. “Hereditarioa izaten da, edo meteorio bat erori da…” dio Arregik. “Magiarik ez daukagun arren, ikusiko da nanozientziak eskaintzen dituen gauza batzuk ikusgarriak direla.
Jose Carlos Torrek aholkularitza artistikoa egingo die. Erraza izango da. Azken batean, denok dakigu komiki-hizkuntzak zer ezaugarri dituen. Adibidez, globoak, onomatopeiak eta abar. Gure lana izango da hori nola erabili marraztu nahi ditugun istorioak kontatzeko”.
Parte hartuko duten gazteen kopurua mugatuta da, eta, hortaz, aurrez izena eman behar da web orri honen bitartez.
Bestalde, Jon Ander Arregi eta Jose Carlos Torre Elhuyarrek egiten duen Norteko Ferrokarrilla irratsaioan izan ziren, Euskadi Irratian, eta bertan aurkeztu zuten tailerra. Hemen dago elkarrizketa entzungai.