"Mundu digitala" atal berria egingo dut aurrerantzean Elhuyar aldizkarian
Aste honetan aurkeztu dute Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkari berritua. Maiatzeko aletik aurrera, hainbat aldaketa izango ditu Elhuyar Fundazioak ateratzen duen aldizkariak: diseinu eta formatu berriak, informazioaz gain hausnarketa, ulerterrazagoa, zorroztasuna galdu gabe ikuspegi berritzaile eta modernoago bat, komiki eta ilustrazioen presentzia handiagoa, eta atal eta kolaboratzaile berriak. Maiatzeko ale horren lagin bat hemen ikus dezakezue. Benetan aldaketa nabarmena egin dute, eta benetan lehen baino are interesgarriago eta erakargarriago bihurtu dute aldizkaria.
Aipatutako atal berri horietako bat Mundu digitala izenekoa izango da, eta kolaboratzaile berri horietako bat atal horretaz arduratuko naizen ni neu. Aurrerantzean, hilero pare bat orri idatziko ditut aldizkari horretan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei buruz. Informatikaren munduko azken aurrerakuntza edota tendentziak modu dibulgatzaile eta ulerterrazean azaltzen saiatuko naiz, eta lanbide ditudan hizkuntz teknologiek ere presentzia izango dute bertan. Lehenengo ale honetan, Web Semantikoari buruzko bi artikulutako serie baten lehenengoa irakurri ahal izango duzue.
Elhuyar aldizkariaren eduki guztia Zientzia.net webgunera ere eramaten da, baina paperezkoa ateratzen denetik bi hilabete pasatu bitartean, harpidedun izan ezean, sarreratxo bat soilik irakur daiteke, harpidedunentzako abantaila gisa. Nik ere tarte hori errespetatuko dut, baina bi hilabeteok iragan ondoren Mundu digitala atalerako idatzitako artikuluak hemen jarriko ditut, blogak duen Creative Commons CC-BY-SA lizentziapean. Beraz, uztailetik aurrera hilero IKTei buruzko artikuluok hemen irakurri ahal izango dituzue, eta lizentzia libreaz baliatuz nahi duzuenerako erabili, baldintzak betez gero noski (egiletza aitortu eta baimen beraren arabera partekatu). Ea gustuko dituzuen!
Bai, benetan aldizkari erakargarri eta interesgarria egitea lortu dutela iruditzen zait.