Maurizia Aldeiturriaga panderojole ikonikoari buruzko komikia
Xabiroi komiki-aldizkariak urtero album bat (noizbait bi) atera ohi du, normalean udazken partean, lehenago aldizkarian atalka ateratako istorioak biltzen dituztenak. Bada, aurtengoa udaberrian atera zen. Eta duela ez hainbeste Jazinto Rivas Elgetari buruzkoa atera zuen bezala, oraingo hau ere trikitiaren munduko beste euskal pertsonaia bati buruzkoa da. Eta hura bezala, hau ere EHTE Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin batera argitaratu dute.
Maurizia - Biziminaren hotsa komikia Maurizia Aldeiturriaga panderojoleari buruzkoa da. Euskal Herrian ikono bihurtua dugu Maurizia, punk-ak, feminismoak eta beste hainbat mugimenduk erreferentetzat izan eta miresten dutena. Garbiñe Ubedarena da gidoia eta Ekaitz Agirre Garluk-enak marrazkiak.
Ikonoa dugu, esan bezala, Maurizia, bere xumetasun eta naturaltasunagatik, erraietatik abesten zuelako, eta beste gauza askorengatik. Baina Ubedak idatzitako istorioan Maurizia pertsona ikusiko dugu, eta bere bizitzako zenbait pasarte ageri badira ere, une esanguratsu batean zentratzen da: urte luzez senar eta bikotekide artistiko izandako Benantzio Bernaola Karakol soinujolearen heriotzaren aurreko eta ondorengo garaietan, bizitzan aurrera nola egiten duen erakusten duena.
Garluk azken urteetan komikiak koloreztatzen espezializatu izan da, baina bazekien aurretik ere ederto asko marrazten ere, hemengo irudi ederretan ikusiko dugun bezala. Azala ikaragarri indartsua da irudi zein kolorean, eta trikitiak eta panderoak isurtzen dituzten soinuak modu original askoan irudikatu ditu.
Komiki handi bat, pertsonaia mitiko handi baten gizatasuna erakutsita handiago egiten diguna.