"Margot": gatazka politiko-soziala, fantasia eta terrorea Landetako pinu-sartze garaian
Xabier eta Martin Etxeberria anaien bi komiki jaso ditugu oso denbora gutxian. Aurreko post batean Iñaki Holgadorekin egin duten Medium aipatu bagenuen hemen, oraingoan bi anaion gidoia eta Arianna Pisaniren marrazkiak dituen Margot dakarkizuegu, Liana Editorial argitaletxearekin atera dutena.
XIX. mendean, Landetan pinuak sartu dituzte nonahi, desertizazioari aurre egiteko eta egurgintzan oinarritutako industrializazio eta modernizazioa ekartzeko. Baina horrek lur-jabe handi berriak sortu eta aberastu ditu eta nekazariak pobretu, frantsesa ere bertako gaskoi hizkuntzari jazartzen zaio, eta gatazkak ernatu dira nonahi. Horrez gain, gertakari izugarriak ere ari dira gertatzen basoan, izaki misteriotsuak tartean direla. Eta horren guztiaren erdian suertatu dira Margot gaztea eta bere familia...

