"Kontua eta zikina", XX. mende hasierako baserri giroko hilketa baten kontuak
1929an, baserri batean bakarrik bizi ziren ama-alabak era basatian hil dituzte. 1973an, baserri hura erre dela-eta, alabaren lagun izandako Rosaritori garai hartakoak gogora datozkio, eta bere alaba Karmeni esaten hasten zaio hilketako kontuak, aurreko istorioak, ondoko ikerketakoak eta baita urte asko geroago jakindakoak ere...
Hori da Ibai eta Eneko Iztueta Azurmendi anaiek idatzitako Kontua eta zikina - Euskal pop noir bat komikian kontatzen zaiguna. Benetako hilketa batean oinarrituta egonik, egiatan gertatu ziren kontuak daude, eta egiletzaz eta arrazoiaz kontatzen dutena ahoz aho pasatuta gaur arte herriaren memorian dagoen azalpenean oinarritzen da.
Baina izenburuak kontrakoa iradoki arren, komiki hau nobela beltz moderno bat baino gehiago da, ederto erretratatzen baitute Euskal Herriko XX. mende ia osoa, frankismoaren amaiera arte edo: baserriko bizitza, hirikoa...; nekazariak, neskameak, jauntxoak, poliziak, apaizak, emakume zigarrogileak, soldaduak...; euskal pizkundea, gerra, frankismoa... Guztia polito harilkatutako flashback-en bidez eta hizkuntza bizia erabiliz.
Aritz Vieites-ek egin ditu marrazkiak, kolore ezberdinak baliatuta garai ezberdinetarako, odolarentzako... Eta Txalaparta etxeak argitaratu du.

