Komikian ere berdintasunerantz
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian 2016/09/10ean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Komikiaren mundua tradizionalki gizonezkoen eremua izan da, kulturako, gizarteko eta ekonomiako beste arlo gehienen gisara. Baina horietan bezala komikigintzan ere azken urteotan gauzak aldatzen ari dira pixkanaka. Euskal Herrian ere izan dira eta dira emakume komiki egileak eta zaleak, gero eta gehiago. Komiki-eredu jakinen eta aurreiritzien kontrako borrokan saiatzen dira, komikiaren mundua aberasten eta berdintasuna helburu.
Emakumezko egileak, gutxi eta zokoratuak
Aurtengo Angulemako Komiki-Azokan egin zuen leher polemikak. Europako azokarik handiena den honetan, komikigile baten ibilbidea omentzen duen Sari Nagusirako 30 finalisten artean emakumerik bat ere ez zegoen. Gainera, azokaren 42 urteko historia osoan behin soilik eraman zuen sari nagusia emakume batek. Sexismoaren aurkako komikigile-talde batek boikotera deitu zuen, hainbat finalistek bertan behera utzi zuten euren izendapena... Antolatzaileek argudiatu zuten, hitzez hitz, “beraiek ezin dutela komikiaren historia aldatu”, eta komikiaren munduan egileen gehiengo nagusia gizonezkoak izan direla adierazi. Hala al da benetan?
Josune Muñoz bilbotarrarengana jo dugu horren inguruko iritzi eske. Josune genero ikerketetan aditua da, emakumeen kultura eta literaturan espezializatutako Skolastika kulturgunearen sortzailea, eta azken urteetan, komikizale amorratua izaki, buru-belarri ari da euskal komikigintzako genero-ikerketetan. Bere aburuz horrela da: “komikigintza, kultur arlo guzti-guztiak bezalaxe, gizonen esparrua, arloa, lekua, txokoa izan da”. Horren zergatia ulertzeko ez dago arloari espezifikoak diren arrazoiak bilatu beharrik, “gizarte patriarkaletan gizon eta emakumeen artean ematen den espazio, rol eta zereginen banaketa dago hor: gizonezkoek botere-esparru publiko guztiak eurenganatu dituzten bitartean, emakumezkoei etxeko espazioa soilik utzi zaie, ugalketa, zaintza, hezkuntza eta emozioekin zerikusia duten zereginak esleituz”.
Josune Muñoz: "Komikigintza, kultur arlo guzti-guztiak bezalaxe, gizonen esparrua, arloa, lekua, txokoa izan da"
Iritzi berekoa da Bego Montorio ere. Literatur-itzultzailea lanbidez eta komikizalea afizioz, biak uztartzen saiatu da, eta bera da gaur egun egiten diren komikien euskararako itzulpen gehienen itzultzailea, berak itzuli baititu Sauré argitaletxeko hainbat komiki, Astiberrik euskaratu dituen guztiak, Munduko bandarik txarrena, Corto Maltese, Asylum... “Oso mundu maskulinoa izan da komikiarena, kulturan, zientzian, politikan... emakumeen presentzia publiko urria egoteko egon daitezkeen arrazoi berberengatik: jendarte patriarkala, matxista, emakumeen ikusezintasuna...”. Gauza bera dio Yurre Ugarte komiki-gidoilariak ere. “Lehen emakume egile gutxiago zegoen eta egun ere halaxe da. Gauza jakina da emakumeak gizartean duen presentziak ez duela islarik izan arlo jakin batzuetan. Komikiari dagokionean, ez da erraza izan, bai aurrekari eskasengatik, bai emakumeak oro har gizartean orain arte jokatu duen rolagatik. Eta egon egon diren emakume egile askok ikusezintasuna jasan dute. Mundu mailan, adibide bat ematearren, nork ez du ezagutzen Robert Crumb? Eta aldiz, nork ezagutzen du Julie Doucet kanadiarraren lana?”.
Gainera, emakumeei mota jakin batzuetako komikiak egitea tokatu izan zaie eta beste mota batzuetakoak betatu. Muñozek azpimarratzen duenez, “botere edo ospe gehieneko generoak, komunikabideetako umore politikoarena adibidez, emakumeentzat debekatuta egon dira”. Horretarako Tirabirak erakusketa ibiltaria ikusi besterik ez dago, 1977tik gaur egunera bitarteko euskal gatazkaren inguruko komunikabideetako tira komikoak jasotzen dituena: “hamarnaka egileren artean, bakarra da emakumezkoa, Ainara Azpiazu Axpi, eta bere ekarpenak 2008tik ondorengo gutxi batzuk dira”.
Yurre Ugarte: "Mundu mailan nork ez du ezagutzen Robert Crumb? Eta aldiz, nork ezagutzen du Julie Doucet kanadiarraren lana?"
Emakumezkoen komikigintza, tradizionalki, neskentzako komikira edo komiki erromantikora mugatu izan da. Horien adibide dira Purita Campos eta bere Esther, Gina edo Jana, Trini Tinturé eta bere Emma, Carmen Barbará eta bere Mary noticias... “Lehen aipatutako rol banaketak baldintzatu izan du emakumezkoek sortu eta irakurri zitzaketen komiki-motak ere”, Muñozek dioskunez. Baina ez da ekarpen edo genero hori gutxietsi behar. “Garaiko neskentzat egile hauek sortutako komikiek mutilentzat sortutakoek adinako errespetua eta arreta merezi dute, gutxienez kalitate berarekin funtzio bera betetzen baitzuten, ihesbiderako irakurketa arin eta entretenigarriak eskaintzea, alegia; neska abenturazaleen eta euren amodioen istorioak ez dira mutilen hegaldi eta borrokak baino duinezagoak”. Hala ere, neskentzako lehengo komiki horiek eta beraien egileak oraindik ere sarritan mespretxatzen dira. “Mortadelo y Filemón-en eta, orokorrean, Ibáñezen lanaren salmenta itzelak izendatzeko Ibáñez fenomenoa terminoa erabiltzen da, bere produkzio itzela, kalitatea eta denborazkanpokotasuna azpimarratuz; aldiz, Esther-en egungo berrargitalpenen salmenta ikaragarriak (ehun milaka ale saldu dira) izendatzeko Nostalgia fenomenoa terminoa erabili izan da, bere kalitate eta modernitateagatik komikia Europa guztian asko saldu zela ahaztuz eta Purita Campos egilea ikusezin eginez”. Iritzi berekoa da Yurre Ugarte: “Badaude genero jakin batzuk (intimista, feminista) jorratu dituztenak, genero horiek izan dira emakume komikilari askorentzat komikiaren munduan egin duten sarrera edota ekarpena. Baina genero horiek gutxietsi gabe esan beharko da hori, ze genero horietan etiketatu eta eremu horretara mugatzen dituztenak kanona ezartzen dutenak dira, gizonak alegia, eta noski, ordura arte gizonezko egileek landu ez zuten generoak ziren horiek. Beraz, betiko botere dinamikan murgiltzen da komikiaren mundua ere. Nùria Pompeia bezalakoak ere egon bazeuden aspalditik. Hala ere, esan behar da emakume artistak oztopoak besterik ez zituela, kanonetik kanpo zegoelako, eta Pompeiaren kasuan, lanak argitaratu ahal izan zituela senarra argitaletxe baten jabea zelako. Hau ez dut esaten Pompeiaren lana gutxiesteko, oso ona baitzen, baizik eta emakume artisten argitaratzeko zailtasunak edo haien ikusezintasunaren arrazoiak nabarmentzeko”.
Beste kontu bat ere azpimarratzen du Montoriok gai honetan: lehen komikiak batez ere eskuz koloreztatzen ziren (gaur egun, ordenagailuz) eta lan hori askotan emakumeek egiten zuten, baina lan hori bigarren mailakoa, errekonozimendurik gabekoa eta ikusezina zen.
Egoera hobetzen, baina oraindik gutxiengoan
Josune Muñoz: "Botere edo ospe gehieneko generoak, komunikabideetako umore politikoarena adibidez, emakumeentzat debekatuta egon dira"
Baina komikiaren historiaren zati handienean gauzak hala izan badira ere, Angulemako protesta hasi zutenen arabera badira urteak emakumeen presentzia gero eta handiagoa dena komikigintzan eta kalitate handiko emakumezko egile asko daudena.
Montoriok ere “egoera apurka-apurka aldatzen ari dela eta gero eta emakume gehiagok egiten dituztela komikiak” uste badu ere, “irakurleoi heltzen zaiguna, gehienbat, gizonezkoek egindakoa dela” iritzi dio. Muñozek ere uste du gero eta emakume gehiago dagoela komikigintzan, baina “gizonen esparrua eta botere-arloa izaten jarraitzen” duela dio. Biek ala biek uste dute komikigintzan oraindik berdintasunetik oso urruti gaudela, tamalez.
Emakumezkoek komiki feministaren generoa ere abiarazi zuten 70eko hamarkadan AEBtan, emakumezko komikigile talde batek (Trina Robbins, Aline Kominsky, Diane Noomin, Nancy Kalish...) It ain’t me baby eta Wimmen’s comix aldizkariak sortzean. Izan ere, konturatu ziren aurreko hamarkadan sortutako eta hainbeste aldarrikatutako underground komikiak “feministen borroka sozial eta kulturalak ikusezin bihurtu eta barregarri uzten zituela eta beraietan nonahikoa zen sexuaren tratamendua ordura arteko komikietakoa bezain sexista zela, misoginoa ez zenean”, Muñozek dioenez. “Aldizkari feminista horiek lorpen ikaragarriak egin zituzten: emakumeen izen eta lanak ikustarazi, emakumeen diskurtso eta proposamenak agertu, sexua emakumeen ikuspegitik landu... Beste espazio batzuetan proposamen grafiko eta tematiko ausart horiek ez lukete lekurik”. Haiek irekitako bidetik, gaurdaino jarraitu du komiki feministaren generoak. Hala ere, dio “komikietan ikuspegi feminista agertuz gero (salatzaile, aldarrikatzaile, kritiko, haserre…) erasoak agertzen dira: errespetu falta, irribarre ironikoak, errekonozimendu falta...”.
Josune Muñoz: "Neska abenturazaleen eta euren amodioen istorioak ez dira mutilen hegaldi eta borrokak baino duinezagoak"
Gizartearen zati handi batek oraindik ere emakume komikigileen lanak genero jakin batzuetara mugatzen direla uste du: aipatu ditugun garai bateko neskentzako komiki erromantikoak, oraintxe mintzagai izan dugun komiki feminista edo emakumeak protagonista dituzten komiki intimistak. Areago, emakumeek egindako komikia generotzat hartzen da sarri, esan ditugun hiru komiki mota horiek hartuko lituzkeena. Baina gure kolaboratzaileak ez daude inondik inora ados honekin. Montorioren iritziz, “hor badago tranpa bat, normaltzat edo estandartzat gizonezkoek egindako komikiak hartzen baitira: horiek dira komikiak, deiturarik gabe; haiek landutako genero, estilo eta gaiak askotarikoak dira, munduaren ikuspegi osoa ematen digute, eta hortik kanpokoak salbuespenak dira, anormalak (normaltasunetik ateratzen baitira), etiketatu beharrekoak; hala, emakume batek egindako komiki bat agertzen bada bestelako ikuspuntu batekin, ez da berez batzen komikien multzora, ez da araua zabaltzen duen ekarpentzat jotzen, aparteko sailkapena bilatzen zaio: komiki femeninoa”. Muñozek ere “emakumeak genero guztietan agertzen” direla diosku.
Gurean ere antzera samar, baina berezitasunekin
Oro har, Euskal Herrian ere berdintsu gertatu dela esan daiteke. Tradizionalki emakumerik apenas aritu da komikigintzan, eta azken hamarkadetan egoera hori apur bat hobetzen joan da, baina oraindik ere gutxiengoa dira.
Bego Montorio: "Egoera apurka-apurka aldatzen ari da eta gero eta emakume gehiagok egiten dituzte komikiak, baina irakurleoi heltzen zaiguna, gehienbat, gizonezkoek egindakoa da"
Gainera, Muñozen ustetan, emakumeen presentzia urriaren fenomeno hori areagotu egin da gurea hizkuntza gutxitu baten kasua delako eta euskal komikien argitalpenak urriagoak izan direlako. Eta beste nabardura batzuk ere ikusten ditu. “Gure komikigintzak zerikusi handiagoa izan du hizkuntz-irakaskuntzarekin eta emakumeen presentzia irakaskuntzan handiagoa izan ohi denez emakumeak beti egon dira; gainera, euskal komikigintza kultur minorizatu baten testuinguruan eman denez eta horrelako egoera batean guztien lana behar dela argiago ikusten denez, momentuan baloratua izan da; horrek ez du esan nahi egileak izan direnik, gehiagotan egon dira kudeatzaile, dinamizatzaile, bulegari, pedagogo... lanetan irudi-lanetan baino, eta euren ekarpena ez da kanonean geratu”.
Euskal emakume komikigileak
Josune Muñozek berak lagundu digu euskal emakume komikigileen zerrenda osatzen. Ezagutzen dugun lehen emakumezko komikigilea Ignacia Zabalo izan zen, gerra aurretik jardun zena. Ignaciaren anai nagusia Jon Zabalo Txiki ezaguna dugu, euskal egunkari eta aldizkari askotan karikaturista, kronista grafiko eta umore grafikoaren egilea, haurrentzako liburu asko ilustratutakoa (tartean Xabiertxo ezaguna), kartelgilea... 1925 eta 1931 bitartean aritu izan zen Ignacia anaiarekin lanean. Nor-nai ezizenez sinatzen zituen bere lanak eta estiloa anaiarenaren apur bat ezberdina zen, baina 70eko hamarkadara arte Txikiren beste ezizen bat zela pentsatu izan zen. Anonimotasuna mantendu beharrean izan zen Ignacia, garaiek behartuta.
Ezagutzen dugun lehen emakumezko euskal komikigilea, Ignacia Zabalo Nor-Nai, anonimotasuna mantendu beharrean izan zen, garaiek behartuta
Diktadura amaitu arte itxoin behar dugu gure komikigintzan emakumezko izen gehiago agertzeko. Hortik eta milurteko berrira arte euskarazko komikigintzaren erreferentzia nagusia komiki-aldizkariak eta beraien zenbaki bereziak izan ziren. Ipurbeltz aldizkariaren historia luzean zehar (1977-2008) hainbat emakume aritu izan ziren bertan komikiak egiten: Asun Balzola, Begoña Zia, Amparo Acarregui, Alazne Ribero, Beatriz Alvarez, Anna Fortino... Eta gidoigintzan beste hainbatek kolaboratu izan dute, hala nola Aizpea Goenaga eta Mertxe Ezeiza. Ipurbeltzen argitaratzaile Ereinek zenbaki berezi gisa ateratako hainbat albumetan ere gidoiak emakumezkoek eginak dira. Enkarni Genuarenak dira Errekamari (1979) eta Zezena plazan (1981) komikien gidoiak, eta Arantxa Urretabizkaiarena Albaniako konkista albumarena (1983).
HABEk ateratzen zuen Habeko Mik aldizkarian (1982-1991) ere aritu ziren hainbat emakume, baina beti bezala oso parte hartze txikia izan zuten. Ehunetik gora egiletik sei besterik ez ziren izan emakumezkoak: Amparo Acarregui, Mercedes Cendrero, Maria Jesus Cuende, Maria Consuelo León, Marta Palacios eta Arantxa Uriarte. Gainera gehienek behin edo oso gutxitan besterik ez zuten kolaboratu. Amparo Acarregui izan zen aldizkariaren lehen bi urteetako ia zenbaki denetan agertu zen bakarra. Bere lanak oso kritika onak jaso zituen: bere garairako apurtzaileak ziren tramak, koloreak, bineten konposaketa eskulturala, girotze surrealista eta onirikoa... Baina utzi egin behar izan zuen.
Habeko Mik-en aritutako ehunetik gora egiletik sei besterik ez ziren izan emakumezkoak
Gauza bera esan daiteke Napartheid aldizkariaz ere (1988-2001), emakumezkoen parte-hartzea izan zuen baina proportzioan txikia. Baina 18. zenbakia emakumezkoen lanen antologia bat izan zen, Aizan... izenburukoa, Amaia Martiartu Napartheid-eko ohiko kolaboratzaileak zuzendu zuena. Bertan aritu zirenen artean Maite Martinez de Arenaza, Alazne Odriozola, Maria Colino, Irene Borda, Marie Kapretsz eta Eva Artazkoz aipa ditzakegu.
Mende honen hasieran Sauré argitaletxea abiarazi zuen Jean François Sauré-k. Album ugari argitaratu ditu geroztik, horietako asko zenbait gairen inguruko helburu didaktikoekin izan badira ere (hala nola historia, artea, ekologia...). Guztiak euskarazko eta gaztelaniazko edizio banatan, eta azken urteetan formatu digitalean soilik. Emakumezko euskal egile aunitz aritu izan dira bertan marrazkilari zein gidoigile lanetan, proportzio ezohikoki altuan. Marrazkilarietako batzuk Eva Garcés (Euskal labirintoak 2000, Euskal Herriko kostaldea 2002), Amaia Ballesteros (Pulpo fikzioa 2005, Gernika 2012), Maria Jose Mosquera (Harri pintatzaileak 2007, Babiloniarrak 2011) eta Sara Calzada (Trattoria saila, 2011 eta 2013) dira. Eta gidoilarien artean, Txani Rodriguez (Txanoa saila, 2005-2013), Inge Egiluz (Arte bizia bilduma, 2010-2015), Yurre Ugarte (Mapagilea 2010, Katu hegoduna 2013) eta Ainize Eguiarte (Bazen behin ipuin bat 2016).
Ainara Azpiazu Axpi: "Nerabezaroan nire eskura zeuden komikiak ez zitzaizkidan bereziki erakargarriak egiten gai aldetik"
Ikastolen elkarteak argitaratzen duen Xabiroi aldizkaria da gaur egun erreferentzia nagusia euskarazko komikigintzan. 2005etik ateratzen da hiruhilabetekari gisa, eta bertako istorio jarraituetako batzuk album gisa kaleratzen ditu, urtean bat. Marrazkigile gisa argitaratu dute bertan Ainara Azpiazu Axpik, Amaia Ballesterosek, Raquel alzatek, Arantza Sestayok, Maite Gurrutxagak eta Mai Egurzak, eta gidoigile moduan ibili izan dira Yurre Ugarte, Eider Rodriguez, Irati Jimenez, Arantxa Iturbe eta Katixa Agirre.
2009tik hona EHUk lagundutako RumblE!! aldizkarian argitaratzeko aukera izan dute beste hainbat egilek: Arantza Rey, Aintzane Arribas, Amaia Ballesteros, Oihane Sanchez, Ana García... Eta 2015ean Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoaren erantzun gisa sortu zen H28 sareko aldizkari satiriko hilabetekarian kolaboratzen dute zenbait emakumezkok, maiztasun finkoenekoa Ainara Azpiazu Axpi izanik.
Ainara Azpiazu Axpi: "Haurtzarotik beti izan dut faltan nesken rol interesgarriak zituzten marrazki bizidun zein komikiak eskura izatea"
Euskal panoraman, aipatutako komiki-aldizkariez eta Sauré komiki argitaletxeaz aparte, bestelako argitaletxe eta ekimenek noizbehinka ateratzen dituzten komikiak daude, eta jakina, horietan ere kaleratzen dituzte lanak bertoko emakumezkoek. Maite Gurrutxagak Txalapartaren eskutik atera zuen Habiak komikia 2013an, hurrengo urteko Ilustrazio arloko Euskadi Literatura Saria irabazi zuena. Amaia Ballesterosek ekonomia solidarioari buruzko Oletakorta komikia egin zuen iaz REAS elkartearentzat, eta sexu-erasoen prebentzioan laguntzeko hiru komiki ere eginak ditu Eusko Jaurlaritzarentzat. Raquel Alzate barakaldarrak Astiberrirekin atera zuen Cruz del Sur 2004an eta berrikiago La ciudad de Ys bi albumeko seriea (hauek lehenago Frantziako merkatuan atera ziren). Mai Egurzak El paseo de los sueños atera zuen iaz Norma argitaletxean. Eta azkenik, iparraldeari dagokionez, Marie-Christine Thiry Merlok Aitorren ametsa kaleratu zuen iaz Zortziko argitaletxearekin.
Yurre Ugarte eta Ainara Azpiazu Axpi
Emakumezko euskal komikigile biren iritziak eta esperientziak jaso nahi izan ditugu. Gidoigile bat, Yurre Ugarte, eta marrazkilari bat, Ainara Azpiazu, aukeratu ditugu.
Yurre Ugarte: "Emakume komikilarien genealogia bat ez dugu, edota dagoen apur hori ez zaigu kontatzen, orduan ez da harritzekoa emakume-egile gutxi bideratzea komikiaren mundura, erreferente gutxi duelako, nahi edo behar izanez gero"
Ainara Azpiazu, Axpi ezizenez, komiki-marrazkilaria dugu, normalean bere gidoi propioekin aritzen dena. Umore grafikoa landu izan du Berria egunkariarentzat, eguneroko tirak eginez 2008 eta 2009an. Tirabirak euskal gatazkari buruzko erakusketan dauden komikigileetatik emakumezko bakarra bera da. Galtzakomik lehiaketa irabazi zuen 2012an, eta horrez gain beste sari eta akzesit batzuk eskuratu izan ditu. Hernaniko Kronikan tirak argitaratzen ditu 2005etik hona, baita Garako Gaur8 gehigarrian ere 2014 urtetik. Xabiroin kolaboratu izan du eta H28n finkoetakoa da. Eta Irrien lagunak aldizkarian ere kolaboratzen du 2015eko irailetik hona.
Zerk eramaten du bat komikigile egitera? Axpiren kasuan, “irudiaren bidez komunikatzeko beharrak; txikitatik izan dut irudiekin fijazioa, estetikarekin lilura bat, eta irudiak sortzearen bidez nire burua askeago sentitzeko joera; momentu batean irudi horiek "bestea"rekin, gizartearekin, komunikatzeko erabili nahi nituela konturatu nintzen, ariketa estetikoaz harago; eta konturatu nintzen komikia horretarako tresna egokia izan litekeela”. Baina ez zuen edozein komiki mota egin nahi: “nerabezaroan nire eskura zeuden komikiak ez zitzaizkidan bereziki erakargarriak egiten gai aldetik, haurtzarotik beti izan dut faltan nesken rol interesgarriak zituzten marrazki bizidun zein komikiak eskura izatea”. Horregatik, beste emakume askok bezala, “beste ikuspegi bat emateko gogoa nuen, gureagoa, interesgarriagoa eta errealistagoa izan zitekeena”.
Komikigintzatik, ematen duen aukera zabalak liluratzen du. “Testua eta irudiaren arteko jolasak, irudi sekuentziaren indarrak, planoek, kolorearen erabilpena narrazioaren mesedeetan egitea... Trebezia handia behar da komikiaren osagai guztiak ondo menderatzeko (hitza, irudia, erritmoa, perspektiba...) eta luzerako bidea da, baina aukera asko ematen duen medio bat da, oso aberatsa”.
Yurre Ugarte: "Komikigintzak, idazle bezala, ematen dit askatasun osoa nahi dudana ipini eta imajinatzeko, ez dago mugarik, salbu zure irudimenarena; ikusentzunezko gidoi batean ez daukazu askatasun hori, aurrekontua beti baitago hor"
Emakume batentzat komikigintzan aritzea erraza ote den galdetuta, beste galdera batekin erantzun digu: “erraza al da euskaldun izatea espainolak dominatutako lurraldean?”. Bere iritziz, “ariketa bat da, hegemonikoa ez den posizio batean jartzen zaituzte eta askotan horri kontra egiteko beharrean jartzen zaituzte, zure burua defenditu beharrean edo... baina hori itsasoari kontra egitea bezalakoa izan daiteke, beti kontran eta justifikazioan indarrak galtzen dira; orduan, hortik atera eta gauzak naturaltasunez egitea da kontua... eta zenbait gauzei jaramonik egin gabe gure tokia hartu eta hortik konplexurik gabe gure espazioa erabili, inori ezer justifikatu beharrik gabe, eskubide osoz”. Aurkitzen duen beste zailtasun bat da “erreferentzia falta; ni hasierako urteetan erabat autodidakta eta arreferentziala izan naiz ez nuelako aurkitzen emakumezkoen pertsonaiei dagokionez eredugarria zitzaidan komikirik, Euskal Herrian denda gutxi dagoelako, denda horietan dagoenak perfil bati jarraitzen diolako... baina pixkanaka hori aldatzen ari da”.
Yurre Ugarte gidoilaria da ogibidez, telebista kate ezberdinetarako telesailen gidoiak idazten ditu. Azken urteetan komikientzako gidoiak egiten ere ari da. “Gidoilari profesional moduan, komikietatik gertuen egon nintzen marrazki bizidunetako gidoi bat idatzi nuenean aspaldi eta beti gogoz nenbilen komikirako zerbait idazteko”. Katu hegoduna izan zuen lehen lana, Sauré argitaletxeak enkargatutakoa eta Joseba Larratxe Joseviskyk marraztu zuena. “Gidoiak halabeharrez katu bat eta museo famatu bat behar zituen eta hala Katu Hegoduna sortu nuen; enkarguaren baldintzak nire eremura ekarri nituen, nire egin nituen eta Joseba Larratxeren marrazkiak ederki egokitu zitzaizkion istorioari, emaitza ederra iruditu zitzaidan”. Geroztik, Xabiroirako hainbat marrazkigilerekin kolaboratu du: Alex Orbe, Joseba Larratxe, Mai Egurza...
Ainara Azpiazu Axpi: "[Komikietan] 'Pottokinaren rola' bezala ikusten nuen emakumearen rola askotan, hau da, beste pertsonaiak ziren arotza, musikaria, kirolaria... eta neska neska zen, hori zen bere rola"
Komikigintza ez da arlo erraza Ugarteren ustetan. “Merkatu zabala duten herrialdeetan agian errazagoa da, baina hemen, nekez irabaziko duzu dirua”. Eta zailagoa al da emakume batentzat? “Pentsatu nahi dut gaur egun emakume batentzat gizonezko batentzat bezain erraza edo zaila dela komikiaren munduan aritzea, baina gero, errealitatean, emakume komikilarien genealogia bat ez dugu, edota dagoen apur hori ez zaigu kontatzen, orduan ez da harritzekoa emakume-egile gutxi bideratzea komikiaren mundura, erreferente gutxi duelako, nahi edo behar izanez gero”.
Gauza atsegingarriak ere baditu komikigintzak, jakina. “Komikigintzak, idazle bezala, ematen dit askatasun osoa nahi dudana ipini eta imajinatzeko, ez dago mugarik, salbu zure irudimenarena; ikusentzunezko gidoi batean ez daukazu askatasun hori, aurrekontua beti baitago hor”. Gainera, Ugarteren iritziz, “komikian testua eta marrazkiaren arteko uztarketa bikain bat lortu behar duzu, sekuentziazioak funtzionatu behar du, eraginkorra izan plastikoki nahiz narratiboki, eta erronka bat da”. Horregatik, jarraitzeko asmoa du: “jada badaukat idatzita nobela grafiko baterako gidoia eta marrazkilariak egin dituen bozetoak ikusteko irrikaz nabil orain; istorioak kontatzeko gogoa daukadan bitartean eta proiektua interesatzen zaidan bitartean, egingo dut”. Hala nahi dugu guk ere, Yurrek ahalik eta luzeen komikigintzan jarraitzea eta berak bezala beste emakume komikigile guztiek ere, euskaldunak zein ez, komikiaren mundua asko aberasten baitu emakumeen ekarpenak.
Emakumeak komikien protagonista gisa
Ainara Azpiazu Axpi: "[Milo Manara] teknikoki marrazkilari ona den arren edukiak erabat sexistak dira, eta erreferentzia bezala niri horrek ez dit ezertarako balio"
Interesgarria da ere aztertzea zein izan den emakumearen presentzia komikian protagonista gisa, hau da, nola agertu eta irudikatu izan den emakumea komikietan. Gure elkarrizketatuek ez dute zalantzarik: “mundu guztiz matxista da komikiarena”, Bego Montoriok dioskunez. “Komiki gehienetan ez dago emakumezko protagonistarik, bigarren edo hirugarren mailako pertsonaiak dira, gizonezko pertsonaiak baino asko gehiago sexualizatzen dira eta abar. Har ditzagun bi serie historiko, Asterix eta Tintin, eta gure inguruko askoren haurtzaroan presentzia nabarmena izan duten Mortadelo y Filemón. Bada, horiei aplikatuko bagenie sexismoa neurtzeko taula horietako bat –zein generotakoak dira protagonistak?, zenbat gizon/emakume agertzen dira?, zenbat aldiz hitz egiten dute euren artean gizonek/emakumeek?...–, ikaragarriak lirateke emaitzak, seguru nago.”
Axpik faltan botatzen zituen, lehenago esan dugunez, nesken rol interesgarriak dituzten komikiak. “Txikitan Asterix edo Mortadelo y Filemón bezalakoak ziren gertuen nituenak, anaiaren zaletasuna medio; "Pottokinaren rola" bezala ikusten nuen emakumearen rola askotan, hau da, beste pertsonaiak ziren arotza, musikaria, kirolaria... eta neska neska zen, hori zen bere rola”. Beste erreferentzia batzuk ere ez ditu gogoko izan, ikasteko Milo Manara aztertzea gomendatu ziotenean bezala: “harrituta geratu nintzen, teknikoki marrazkilari ona den arren edukiak erabat sexistak direlako, eta erreferentzia bezala niri horrek ez didalako ezertarako balio”.
Bego Montorio: "Aldaketaren bat ikusten da, aniztasun gehiago ikusten da, baina oraindik ere, esango nuke nagusi dela emakumearen tratamendu oso sexista"
Eta beharbada komiki-genero batzuk are sexistagoak direla esan daiteke? Montorioren ustez, “genero horietan aditua ez banaiz ere, esango nuke supereheroietan emakume guztiz sexualizatuak eta gizonen mendekoak agertzen direla, eta mangetan ere antzekoa, neskatila melengak, beti gizonen menpe. Guztiz bestelako manga batzuk ere irakurri ditut, baina irudi nagusia hori dela esango nuke”.
Josune Muñozek, bere ikerketa-lanetatik ikasitakoaz, ondorioztatu du emakumeak hiru ikuspegitatik erakutsi izan direla komikian: ikuspegi matxistatik (komiki tradizional eta europarrean eta superheroietan, non emakumea ia ez den agertzen edo ez duen rol garrantzitsurik edo erakusgarri sexualak dituen); ikuspegi misoginotik (pornoan eta); eta ikuspegi feministatik (emakumeek egindakoetan, edo ikuspegi feminista aldarrikatzaile batekin, edo emakumezkoen gaiekin). Baina emakumea ez al da inoiz, komiki feministaz harago, beste komiki motetan normaltasunezko edo berdintasunezko ikuspegi batetik tratatu? Bego Montoriok dioenez, “Josunek egiten duen hiru ikuspegien sailkapena, sailkapen oro bezala, eztabaidagarria izan daiteke; horrela, boteprontoan, kategoria horietan sartuko ez nituzkeen komiki batzuk badatozkit burura; baina horrek ikuspegi bakoitza definitzeko irizpideetara eramango gintuzke, eta erreportaje honetatik kanpo dauden eztabaidetara: ondo islatzen al dute hiru tipo edo ikuspegi horiek komiki produkzio guztia? matxismoa eta feminismoa continuum bereko bi muturtzat hartu behar dira?”. Muñozek berak honela erantzun digu: “Jakina egin daitekeena, eta adibide batzuk daude; trataera berria eta berritzailea da oso, baina egon badago, azken urteetan plazaratzen ari diren eleberri grafiko berrietan, alegia”.
Bego Montorio: "Nire belaunaldiko –eta baita geroagoko– neska askok umetan irakurri dituzten komiki bakarrak Tintin eta Asterix izan dira eta, sarritan, euren nebei edo lehengusuei oparitzen zizkietelako, ez beraiei"
Egoera hori aldatzen ari ote den galdetuta, Muñozek dio “mende oso bat behar izan dugu normaltasun, berdintasun edo oreka minimo batera heltzeko baina heltzen ari garela pentsatu nahi dut”. Montorioren ustez, “aldaketaren bat ikusten da, aniztasun gehiago ikusten da, baina oraindik ere, esango nuke nagusi dela emakumearen tratamendu oso sexista”. Eta hori nola alda daitekeen galderari, hau egin digu arrapostu: “Nire ustez, ez komikigintzan ez bestelako arteetan, kontua ez da politikoki zuzenak izatea, horrek guztiz ezabatuko bailuke sortzaileen askatasuna. Kezkagarria dena da emakumeen irudi topikoa, menpekoa eta beti bera ematea. Batzuetan kontua izaten da ohartu ere ez garela egiten, hain barrura sartua dugu eredu nagusia non ez garen konturatzen horrek ezkutatzen eta manipulatzen duen guztiaz, eta normaltzat hartzen dugu”.
Euskal komikiaren munduan emakumearen presentzia protagonista gisa ezberdina izan den edo ez azter daiteke ere. Horri dagokionez, gure elkarrizketatuetako batek ere ez du ezberdintasun nabaririk ikusten.
Emakumezkoen komikizaletasunaz
Josune Muñoz: "Zergaitik jarraitzen dute gizonezkoek emakumeek egindako komikietara (historiko zein gaur egungoetara) ez hurbiltzen?"
Egile eta protagonista gisa emakumea ez bada ongi tratatua izan komikiaren munduan, pentsatzekoa da zaletasunean ere eragin duela horrek, eta logikoki zaletasuna ere txikiagoa izango zela emakumezkoen artean. “Hala da, uste dut zaletasun txikiagoa egon dela nesken artean”, dio Bego Montoriok. “Komikiaren mundua, gainera, guztiz mundu arrotz eta ezezaguna izan da neska askorentzat. Adibidez, nire belaunaldiko –eta baita geroagoko– neska askok umetan irakurri dituzten komiki bakarrak Tintin eta Asterix izan dira eta, sarritan, euren nebei edo lehengusuei oparitzen zizkietelako, ez beraiei”. Halere, txikiagoa izan arren, Josune Muñoz kategorikoa da esaten zaletasuna egon egon dela.
Honetan ere, azken aldian esan daiteke egoera apur bat aldatzen ari dela emakumezkoen komikizaletasunari dagokionez. “Denon artean (egile, argitaletxe, kritikari, irakasle…) areagotzen ari gara, gero eta jende gehiago hurbiltzen eta irakurtzen ari da, nahiz eta berdintasunetik urruti egon”, diosku Muñozek.
Eta irakurtzen dituzten generoei dagokienez, Muñozek dio “Skolastikan prestatu eta eman ditugun ikastaroetan ikusi eta ikasi duguna da emakume komikizaleek era guztietako komiki-generoak irakurri eta irakurtzen dituztela, ustez emakumezkoentzat gehiago bideratutakoak (maitasunezkoak, shojo…) zein beste guztiak (abenturazkoak, fantasiazkoak, politikoak, zientzia-fikziozkoak…); hau da, neskek eta emakumeek emakume nahiz gizonen komikiak irakurri ditugu, eta mutilek edo gizonek irakurtzen ez duten beste genero bat ere, komiki feminista hain zuzen”. Alderantziz, ordea, ez da hori gertatzen bere ustez: “Zergaitik jarraitzen dute gizonezkoek emakumeek egindako komikietara (historiko zein gaur egungoetara) ez hurbiltzen? Emakumeen lan kultural guzti-guztiak bigarren mailakotzat hartu dira, liburuetatik desagertu, beren istorioak desitxuratu, faltsutu, barregarri utzi… Honen ondorioz, gizonek oso gutxitan izan dute benetako interesik emakumeen lan kulturaletan, eta zoritxarrez, askotan emakumeak kutsatu egin dira aurrejuzgu horiekin. Edonola ere, orokorrean emakume gehienek betidanik apreziatu, eskertu eta kontsumitu dituzte emakumeen mundua, esparrua, barne-munduak, bizipenak, begiradak, minak, nekeak... islatzen dituzten lanak, komikiak barne. Gizonek, aldiz, ez dute interes handirik erakutsi. Nire betiko galdera izan da: zer gertatzen zaie gizonezkoei humanitatearen erdiari gertatzen zaionari buruzko interesik ez izateko? Beraiek erantzun behar”.
Bego Montorio: "Ohiko komikietatik ez datorren irakurle tipo bat ere inguratzen ari da nobela grafikoetara, literatur zaleez ari naiz [...] eta multzo horretan emakumeen kopurua esanguratsua dela esango nuke"
Montoriok ondokoa uste du: “Superheroien komikiek arrakasta askoz handiagoa dute gizonezkoengan emakumezkoengan baino (harritzekoa ere ez dena). Aldiz, mangak neska asko erakartzen ditu. Ezezagun samarra zait fenomenoa, baina ikusten dut neskatila dezente hurbiltzen dela horretara”. Eta azpimarratzen du euskararen gabezia alde horretatik: “Erabateko hutsunea dago horretan. Nik dakidala, ez dago euskaraz sorturiko manga edo antzekorik, eta erdaraz, berriz, produkzio ikaragarria dago, ehunka eta ehunka ale dituzten auskalo zenbat bilduma. Horiek euskaratu? Ezinezkoa iruditzen zait, oso kontsumo arineko produktuak dira askotan, eta gurea bezalako hizkuntza komunitate batek ezin dio erritmo horri jarraitu. Gabeziak, nolanahi ere, hor dirau, eta gaztelaniaz irakurtzen dituzte gure gazteek manga horiek”. Era berean, nobela grafikoen fenomeno berri samarrak honetan zerikusia dela uste du Montoriok. “Ohiko komikietatik ez datorren irakurle tipo bat ere inguratzen ari da nobela grafikoetara. Literatur zaleez ari naiz, agian txikitan komikiren bat irakurritakoak baina ez bereziki komiki zaleak. Era horretako irakurleak errazago hurbiltzen dira nobela grafikoetara bestelako komikietara baino, eta horretan hedabideek ere badute zeresana: literatur saioetan aipatzen dira, bestelako komikiei egiten ez zaien tokia egiten zaie... Eta multzo horretan emakumeen kopurua esanguratsua dela esango nuke”.
Komikizaletasun esperientzia pertsonalak
Justuki, gure lau elkarrizketatuek, egile, aditu zein itzultzaile izan, bi ezaugarri dituzte komunean: laurak direla emakumezkoak eta komikizale porrokatuak. Beraz, emakumezkoen komikizaletasunaz gehiago jakiteko, beraien iritzi eta gustu pertsonalak ezagutzea ederto etor daiteke.
Yurre Ugarte: "Txikitatik izan naiz komikizalea; zinemazalea eta literaturazalea izan naizen moduan, komikia bien arteko uztarketa perfektua iruditzen zait eta maite dut"
Zehazki, jakin nahi izan dugu zein komiki mota duten gustukoen pertsonalki. Bego Montoriori zaila egiten zaio zehaztea. “Agian errazagoa da zer ez dudan gustuko esatea. Superheroiak, batere ez, ez ditut irakurtzen. Manga, oso gutxi, ale bakanen bat. Mangetan nagusi ohi den irudi estiloa ez zait gustatzen, eta guztiz errepikakorra egiten zait. Manga oso interesgarriren bat ere irakurri dut, baina ez naiz ohitu. Gehien bat, komiki europarra irakurtzen dut, bai umorezkoak-ironikoak, bai abenturetakoak (gutxixeago), bai serie beltzekoak eta bestelakoak ere. Gustuko ditut serieak eta formatu handiko komikiak, baina nobela grafiko zenbaitekin guztiz maitemindu naiz. Lehen kolpean irudiak erakartzen edo uxatzen nau, eta ez naiz ‘linea zikina’ren bereziki zalea, baina estilo horretako istorio batzuek guztiz harrapatu naute. Labur esanda, nahiko orojalea naiz!”. Bere lanbideak baldintzatzen ditu neurri batean Josune Muñozek irakurtzen dituen komikiak. “Autobiografikoak, feministak, historikoak (aurreko hamarkadakoak, Esther y su mundo edo Habeko Mik, adibidez)... Horiek guztiak preziatzen ditut bereziki”.
Azkenik, komikia zergatik atsegin duten jakin nahi izan dugu. Muñozek, berriz ere, lanari lotutako arrazoiak ere baditu besteren artean: “Nire kasuan, plazer estetiko eta aisialdirako primerako materiala dela ezin ahaztuta, komikiek ekarri didaten aukera pedagogikoa zinez eskertzen dut. Berdin dio zein eduki, kontzeptu edo gai landu nahi duzun, horren inguruko irudi on bat izanez gero segituan kontatu eta irakatsiko duzu. Nire lan didaktikoari begira itzelezko aurrerapausoa izan da”. Montorioren hitzetan, “adierazpidea bera maite dut, testua eta irudia uztartze horrek sormenari eskaintzen dion mundu zabal hori; adierazpide berezia da, eta oso emankorra; baditu bere mugak eta bere ahalak, literaturak bezalaxe, zineak bezalaxe, pinturak bezalaxe...”. Eta Yurre Ugartek dioskunez, “txikitatik izan naiz komikizalea; zinemazalea eta literaturazalea izan naizen moduan, komikia bien arteko uztarketa perfektua iruditzen zait eta maite dut”. Ziur gure hiru lagun hauen adierazpenok edozein komikizalek sinatuko genituzkeela, emakumezko zein ez.