Komiki lehiaketa berriak
Blog honen jarraitzaileek jakingo duzue Alfonso Zapico komikigile asturiarra (asturianuzko Uiquipediako sarrera), lagun izateaz gain (edo horregatik ere agian, nahiz ez dudan uste), oso gustuko dudala. Lau aldiz aipatu izan dut hemen: lehena 2007ko Angulemako komiki-azokatik nire furgonetan bueltan gentozela bere La guerre du professeur Bertenev albumean egin zidan dedikatoria ederragatik, bigarrena 2008an Astiberri Bilboko argitaletxearekin kaleratutako Café Budapest albumaren iruzkina egin nuenean, hirugarrena 2009an izandako berri on guztiengatik (sari-izendapenak, La guerra del profesor Bertenev Espainian argitaratu izana eta bere lan berria prestatzeko Angulemako La maison des auteurs etxeak beka eman izana) eta laugarrena aipatutako La guerra del profesor Bertenev-egatik 2010eko Bartzelonako komiki-azokan egile berriarentzako Josep Toutain saria eraman zuenean. Eta 2011n ere ezin aipatu gabe geratu... ;-)
Oraingoan albiste dugu Angulemako La maison des auteurs-en urte bete baino gehiagoz prestatzen egon den lana (eta bere blogean zatitxoak erakusten joan zaiguna) kaleratzear duelako Astiberrik: Dublinés, James Joyce-ren bizitzan oinarritutakoa. El País egunkarian iragarri du Álvaro Pons La cárcel de papel blogaren egileak, oso leku onean utziz. Horrez gain, albumaren lehen 20 orriak ikus daitezke egunkari horretan bertan eta, ezin zen bestela izan, itxura bikaina du. Ea komiki honek ere, orain artekoek bezala, harrera ona duen eta, zergatik ez, saririk irabazten duen! Zorionak Alfonso, eta zorte on!
2011ren hasiera honetan, hainbat komiki lehiaketa daude martxan.
Batetik, aurten laugarren aldiz (aurreko edizioen berri hemen), Bilboko Alhondegiak beka bat emango dio komikigile bati Angoulêmeko La maison des auteurs zentroan urtebetez aritzeko, Europako komiki-zentro entzutetsuenean alegia. Irabazleak urtebetez bertan komiki-sorkuntzan jarduteko aukera izango du, baldintza ezin hobeagotan. Zentroko ekipamendu eta baliabide guztiak erabiltzeko eta beste bekadunekin ideiak trukatzeko aukera izateaz gain, urtebeteko alojamendua ordainduko zaio eta hilean 1000 euroko soldata bat ere izango du. Beka lortu nahi dutenek 18 urte beteta izan behar dituzte eta komiki bat sortzeko proiektu bat aurkeztu beharko dute, paperean edo euskarri informatikoan, idatzizko garapen batekin eta irudiekin, martxoaren 1etik hasita eta apirilaren 1a baino lehenago. Bekaren oinarri zehatzak web gunean dauzkazu irakurgai.
Bestetik, abian da berriz ere, urtero bezala, Basauriko Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako 2011 komiki-lehiaketa. Lehenengo saria 900 € dira, bigarrena 450 € eta hirugarrena 300 €. Horrez gain, 300 euroko akzesit bana dago euskarazko lanik onenari eta Basauriko lanik onenari. Martxoaren 31 bitarte dago lanak bidaltzeko aukera. Oinarri zehatzak, berriz ere, beraien webgunean.
Azkenik, hirugarren urtez, komiki hezigarrien eskola programa antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak Sauré argitaletxearen laguntzarekin. Bertan Ziberkomikiak izeneko lehiaketa dago, Gipuzkoan Lehen Hezkuntzako 5. edo 6. mailan edo DBHko 1. zikloan ari diren ikasle guztiei zuzendua. Komikien bidez, kultura eta ondarearen inguruko balioak eta euskararen erabilera berezia lantzea bultzatu nahi ditu gazteen artean, teknologia erabiliz. Horretarako, sei gai aukeratu dituzte. Zumalakarregi Museoa eta XIX. mendeko Euskal Herria oro har izango dira gai nagusia, eta beste bostak Sauré-ren komiki-bilduma ezberdinei lotutako gaiak izango dira: Abentura olinpiko bat (atletismoa), Nayarit-eko altxorra (pilotariak), Izotz azpiko bidexka (alegiak), Pirata (egun bat ikasle baten bizitzan) eta Egiptoarrak (egiptoarren artea). Gai horietako bakoitzean komiki baten bunbuiloak bete beharko dituzte eta gaiarekin lotutako galdera batzuei erantzun. Lanak maiatzaren 4a baino lehen bidali beharko dira. Lehiaketaren oinarriak, hemen.
Marrazten badakizue, anima zaitezte!