Komiki ikastaroak Bilboko Alhondegiaren eskutik
Bilboko Alhondegiak bi komiki ikastaro antolatu ditu aurtengorako.
Lehenengoa, 12 ordu Komikiarekin izenekoa, egun bateko ikastaro laburra da. Maiatzaren 12an izango da, goizeko 9etatik gaueko 21etara, Medialab 2ko Mediatekan, eta 30 euro balio ditu. Clara-Tanit Arqué eta Martín Romero, AlhóndigaKomik bekaren lehen bi edizioetako irabazleak, izango dira irakasleak. Parte-hartzaile bakoitzak istorio labur bat osatuko du, zatika; ondoren, taldeko gainerakoekin bat eginda, amaierako fanzine bat osatuko da.
Bigarrena, AlhóndigaKomik IV. ikastaroa, urte ia guztian zehar luzatutako ikastaro erdipresentziala izango da. Ikastaroan proiektu bat lantzen joango dira, aurrez aurreko eskolekin eta online jarraipenarekin. Eskoletan ezagutza teorikoak eta gidoia nahiz marrazkiak sortzeko prozesu ororen lehen definizioak jorratuko dira, bai eta lanaren azken fasea ere. Aholkularitza eta lanaren segimendua online egingo da. Ikastaroa Antonio Altarriba kritikari eta gidoilariak koordinatua da eta Antoni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo eta Roberto Bergado autoreekin batera emango du. Kostua 120 eurokoa da (90 euro gazte eta Alhondegiko bazkideentzat). Hau izango da programa zehatza:
- Martxoak 1: Hasiera. Izena eman duten ikasleek ikastaroaren helburuak, laneko metodoa eta egutegia biltzen duen dokumentazioa jasoko dute. Lehen helburua ezartzea.
- Apirilak 1: Ikasleek materialaren lehen partea entregatuko dute, eta dagokion zuzenketa pertsonalizatua egingo zaio.
- Apirilak 27 eta 28: Laneko bi egun, AlhóndigaBilbaon bertan. 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Medialab 2. Mediateka.
- Uztailak 1: Ikasleek materialaren bigarren partea entregatuko dute, eta dagokion zuzenketa pertsonalizatua egingo zaio.
- Irailak 10: Ikasleek materialaren hirugarren partea entregatuko dute, eta dagokion zuzenketa pertsonalizatua egingo zaio.
- Irailak 28 eta 29: Laneko bi egun, AlhóndigaBilbaon bertan. 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Medialab 2. Mediateka.
- Urriak 30: Ikasleek egindako lanak entregatuko dituzte.
- Azaroak 10: Irakasleek Alhóndigakomik beka irabaz dezaketen lanak hautatuko dituzte.
Ikastaro biei buruzko informazio gehiago duzue Alhóndiga Komik 2011ren programan.