Komiki-berrien entsalada
Beste gauza batzuekin liatuta, komikien inguruko berriak pilatu egin zaizkit. Hona hemen guztiak batera, orden berezirik gabe.
Batetik, Arturo Kanpionek jasotako Gartxot Itzaltzuko bardoaren ipuin herrikoi ezagunean oinarrituta, marrazki bizidunetako film laburra egin dute Juanjo Elordik eta Asisko Urmenetak, Gartxot izenburuduna. Itzaltzun, istorioa kokatzen den tokian, estreinatu zuten, eta istorioko gertakariaren 900. urteurreneko urtean. Duela urte batzuk Gartxot komikia argitaratua zuen Urmenetak, Argiaren eskutik eta Marko Armspach eta Jokin Larrearekin batera. Eta etorkizunerako film luzea egiteko asmoa ere badute Urmeneta eta Elordik.
Bestetik, Tiza komiki elkartearen ekimenez, Nafarroako I. Komiki Azoka egingo da apirilaren 8tik 11ra. Sarrera doan izango da eta, ohikoa denez, tailerrak, erakusketak, proiekzioak, gonbidatuak eta abar izango dira. Informazio zehatzagoa azokaren webgunean duzue (gaztelania hutsean).
Bestalde, Gasteizko Krea kultur zentroak Komikiaren Gida argitaratu du hirugarrenez. Aurrekoak Abarrotsek eta Mauro Entrialgok egin bazituzten, oraingoan Joaquín Reyesek egin du, Muchachada Nui edota La Hora Chanante moduko saioengatik umorista gisa famatu egin den marrazkigilea. Gida euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz dago eta laster Krearen webgunean eskuratu ahal izango omen da. Gida hau otsailaren 4ean, arratsaldeko 19:00etan, Caja Vital Kutxa Fundazioa aretoan (Dendaraba Merkataritza Gunean) aurkeztuko da, eskolarteko 27. komiki lehiaketaren sari banaketa ere egingo den ekitaldian.
Horrez gain, Portugaleteko komiki-lehiaketaren XXIII. edizioko lan irabazleak biltzen dituen liburua argitaratu dute. Eta XXIV. edizioa martxan da jada, martxoaren 5a arte dago lanak bidaltzeko aukera. Sariz ederto hornituta dago gainera: 2.000 €, 1.450 € eta 900 € eta plaka bana lehen hiruentzat, 325 € eta plaka euskarazko egile onenari eta Portugaleteko egile onenari, 300 € eta plaka 18 urtetik beherako onenari, 200 € eta plaka 15 urtetik beherako onenari, 325 € eta plaka komiki-banda onenari, 110 € eta plaka 18 urtetik beherako komiki-banda onenari, 600 € eta plaka online komiki onenari eta 325 € eta plaka gidoi onenari. Informazio gehiago Portugaleteko udalaren webgunean.
Lehiaketen irabazleekin jarraituz, Barakaldoko umore grafikoko 9. lehiaketakoak eta Crash Comic 09koak ere jakinarazi dituzte. Barakaldokoan, lehen bi sariak Errumaniara joan dira (Constantin Pavel eta George Licurici), hirugarrena Kubara (Osvaldo Díaz Moreira), laugarrena Iranera (Mehdi Mohammadi Rouzbehani) eta bostgarrena Indonesiara (Tommy Thomdean). Lan irabazleak lehiaketaren webgunean ikus daitezke, aurreko urteetakoekin batera. Crash Comic-i dagokionez, Alberto Tejerok, Arturo Camposek eta Jorge Rodriguezek eraman dituzte 1., 2. eta 3. sariak hurrenez hurren, Javier Garcia Landak Arabako komiki onenarena eta Amaia Ballesterosek emakume gazte batek egindakoarena. Lan irabazleak ere erakusgai daude helbide honetan.
Amaitzeko, abian da berriz ere, urtero bezala, Basauriko Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako 2010 komiki-lehiaketa. Lehenengo saria 900 € dira, bigarrena 450 € eta hirugarrena 300 €. Horrez gain, 300 euroko akzesit bana dago euskarazko lanik onenari eta Basauriko lanik onenari. Martxoaren 31 bitarte dago lanak bidaltzeko aukera.