Kasualitatez aurkitutako film kurioso bat, euskaldunak protagonista dituena: "El capitán intrépido"
Lehengo egunean, zapping egiten ari nintzela, "bakeradak" eman ohi dituzten kanal kutre horietako batera iritsi nintzen –bai, zer egingo diogu ba, hala ibiltzen naiz ni, ez dut streaming plataformetarako harpidetzarik eta nire telebista tentel horietakoa da (Smart TV ez direnei horrela deitu beharko zaie, ez?), TDTko kateak soilik ikus ditzaket–. Film bat orduantxe hasten ari zela ikusi nuen, kredituak gainjartzen baitzitzaizkien plano orokor batzuei. Cowboyen filmetako hasierako planoetan ohikoa denez, zaldun batzuk trostan zihoazen, baina paisaiak ez zirudien Far West-ekoa –tira, ezta Near-ekoa ere–, oso etxekoa baizik: zelai berde-berde bat mendiko maldan, erromara bat, garoa, pagoak... Kuriositatearen harrak harrapatuta, ez nuen, gehienetan ohi dudanaren kontrara, agintearen botoia sakatzen jarraitu. Eta hala, bitxikeriaz bitxikeria eraman ninduen untxi-zuloan barneratu nintzen...
Hurrengo planoan belar metak agertu ziren. Eta kredituak amaitzeaz bat herri bateko plazara iritsi ziren, iparraldekoa zirudiena, non txistulariak, dantzariak eta pilotariak zeuden. Argi zegoen filma euskaldunoi buruzkoa zela. Edo, hobe esanda, estereotipoen (benetako zein okerren) pot-pourri batez osatutako euskaldun moduko batzuen ingurukoa.
Eta hala ere, ikustearen esperientziak merezi izan zuen. Une barregarriak baziren: ustezko irrintzi erridikuluak, herriko plaza ondo-ondoan elkarri pega-pega jarritako belar meta saldoa, banakoa arku-dantzaren musikarekin dantzatzen, protagonista makil-dantza izorratzen erdian sartuta, euskal dantzetako hanka-altxatzearekin kickboxing moduko borrokak... (horiek guztiak lehen minutu eskasetan ziren, baina Dantzan.eus-ek azterketa sakon bat egiteko adina material dago hor! ;-) Ustekabeko une abertzaleak-edo ere bai: protagonistari (denbora-pasa Nafarroako mendietan lagunekin zaldian trostan aritzen den aberaskumea) amak lotsatuta aitortzen dionean bere aita ez dagoela hilda eta gaztelarra dela, eta semeak gutakoa ez zela aurpegiratzen dionean, adibidez; edo aitaren atzetik Mexikora joanda, taberna batean borroka bat izaten dute han zeuden batzuekin, eta azkenik ihesi doala hala moduzko irrintzi bat botatzen duenean, arestian etsai ziren horiek beste irrintzi batekin erantzun eta beren artean diotenean "zergatik borrokatu gara baina gutako batekin?", "etsaiaren bandokoa zelako!", "baina euskaldunak ezin du oker egon-eta!", "kar-kar-kar-kar-kar!".
Azkenean, mexikarrak lideratuko ditu soldadu espainiar ustelen kontra, antifaz batekin, meategia lehertuz, Z marka utziaz... Filmean inoiz izena aipatzen ez bada ere, argi dago El Zorron inspiratuta baino gehiago dagoela gure euskaldunaren pertsonaia. Eta, izan ere, 1963ko koprodukzio italiar-espainiar-frantses honen izenburu gaztelaniazkoa El capitán intrépido bada ere, italierazkoa Il segno di Zorro eta frantsesezkoa Le signe de Zorro dira.
Filma lasaiago ikusi ahal izateko (esan dudan bezala, nire telebistan ezin da pausatu, grabatu, atzera bota eta horrelakorik egin), horrelakoetan beti jo ohi dudan tokira jo nuen: aMule-ra. (Bai, ongi entzun duzue, aMule, eMule-ren Linux-eko bertsioa. Bai, badakit Torrent azkarrago dabilela eta aspalditik hori dela erabili behar dena eta eMule hilda dagoela. Baina badakizue zer? Kaka zaharra! Torrent-ak azkenaldiko serie eta film arrakastatsuenekin soilik dabiltza ongi. Saiatu duela urte gutxi batzuetako serie batekin, edo film ez oso ezagun batekin, edo komiki zahar batekin, edo hizkuntza nagusietan ez dauden gauzekin... Torrent-etan edo ez dago, edo ez dabil. Aipatutakoen bezalako gauza asko eMule-n aurkitzen dira maiz, eta poliki bada ere jaisten dira.) Bada, aMule-n bilatuta film horren bi bertsio agertu zitzaizkidan eta, badaezpada, biak jarri nituen jaisten. Eta hortik beste bitxikeria bat: bietako bat Erresuma Baturako edo AEBrako ingelesez ateratakoa da, eta izenburua Duel at the Rio Grande izateaz gain (Zorrorekin copyright kontuak), zuzendaria Mario Caiano beharrean, auskalo zergatik, N. Juran dela jartzen du!

- Zuzendari ezberdinak!
Atentzioa eman zidan beste kontu bat gure Zorro euskaldunaren aktorearen izena izan zen: Sean Flynn. Izan ere, nire talde gogokoena den The Clash-ek izen hori duen abesti bat dauka! Eta horren inguruan peskizan hasita, Sean Flynn nor izango eta Errol Flynn ospetsuaren semea! Zuretik ezpala, Sean ere filmetan ezpatari eta akrobata. Are: bere lehen filma The son of Captain Blood (Blood kapitainaren semea) izan zen, bere aitaren Captain Blood ezagunaren sekuela!
Baina zergatik dedikatuko ote zion abesti bat Sean Flynn-i The Clash-ek, punk-rock konprometituaren ikurrak? Bada, Sean ez zelako aktore soilik izan. Oso gaztetan Europan 5 film egin zituen (gaur mintzagai dugun hau, bere bigarrena izan zena, barne), zinemaz aspertuta safarietan gidari aritu zen gero, diru beharrez beste 3 film errodatu zituen, eta hor amaitu zen bere aktore karrera. 1966tik aurrera argazki-kazetaritzan freelance gisa aritu zen, mundu osoko gatazka ugariren berri emateko, asko arriskatuz eta zaurituta suertatuz ere. Vietnamgo Gerran egon zen, Herrialde Arabiarren eta Israelen arteko Sei Eguneko Gerran, Kanbodiako Gerra Zibilean... 1970eko apirilaren 6an, Flynn eta kazetari talde bat Phnom Penhetik atera ziren Saigonen gobernuak babestutako prentsaurreko batera joateko. Flynnek eta Dana Stone lankideak motorrean joatea erabaki zuten, beste kazetari gehienek bidaiatzeko erabiltzen zituzten limusinetan egin ordez. Vietcong-eko gerrillariek atxilotu zituzten errepide-kontrol batean, eta inork ez ditu berriz ere inoiz ikusi. Hainbat iturriren arabera, Khmer Gorriek hil zituzten. 29 urte zituen Sean Flynn-ek desagertu zenean. Bere amak hiltzat jotzea lortu zuen 1984an. Zalantzarik gabe, bere bizimodua eta konpromisoa omendu nahi izan zuten The Clash-ekoek 1982ko Combat Rock beraien azken diskoan.
Horra, bada, El capitán intrépido filmaren karira izan dudan aurkikuntzez betetako bidaia. Zuek ere ikusi, plazer baduzue. Ez duzue artelan bikain bat ikusiko, baina barre dezente egingo duzue euskaldunok nola irudikatzen gaituzten ikusita eta ordu pare entretenitu eta atsegina pasatuko duzue. Denbora galtzeko ere bada eta!
Hemen trailer/iruzkin moduko bat:





