Kabe zigiluak beste lau manga atera ditu: Buztan eta guzti 3 eta 4, Otaku bat jainko lanetan 4 eta Dinosaurs Sanctuary 7
Harriet argitaletxearen Kabe manga zigiluak jarraitzen du komikiak erritmo harrigarrian ateratzen. Urtearen lehen erdian bik ikusi bazuten argia, udazken honen lehen hilabeteetan beste lau atera dira, eta oraindik ere beste hiru daude aurreikusita urtea amaitu baino lehenagorako! Baina goazen momentuz kalean dauden azken laurekin.
Batetik, Itaru Kinoshitaren Dinosaurs Sanctuary sailaren zazpigarren zenbakia atera da, non dinosauro bizien parke bateko zaintzaile den Suzumeren abenturen bitartez dinosauroei buruzko gauza interesgarri ugari ikasteko aukera izango dugun. Bestetik, Rootport eta Tomomi Usuiren Otaku bat jainko lanetan zientzi fikziozko sailaren laugarrena (azkena izango dena) ere argitaratu dute. Eta azkenik, Mizu Sahararen Buztan eta guzti sailaren hirugarren eta laugarren zenbakiak ere atera dira, honenbestez maitasunezko sail honi ere amaiera emanez.

