"Jacob, gaueko langilea", Txalapartaren aurtengo komikia
Txalaparta argitaletxeak azkenaldian ia-ia urtero ateratzen du komiki bat. 2018an Lucio Urtubia anarkista nafar mitikoaren bizitza kontatzen zuen Gerezi garaia argitaratu zuen. Urtubiak bankuak lapurtu edo, bere hitzetan, "desjabetzen" zituen txiroenen artean banatzeko eta kausarako. Bada, aurten beste aberatsen desjabetzaile anarkista baten, zehazki Alexandre Jacob-en, bizitza dakarkigute komiki-formatuan: Jacob, gaueko langilea. Jacob-en bizitza bide-erakusle izan zen Urtubiarentzat, haren biografia oheburuko liburu baitzuen nafarrak. Eta esaten da Maurice Leblanc-entzat Arsène Lupin pertsonaia sortzeko orduan inspirazio ere izan zela (egileak ukatzen zuen arren; baina kointzidentzia gehiegi dira: pertsonaia sortu zuen garaian, Jacob-en epaiketaren berri ematen zuen Leblanc-ek lan egiten zuen egunkariak, lapur biek soilik aberatsei lapurtzen diete ohar ironikoak utziz...).
1879an jaioa, 11 urterekin itsasoratu zen Jules Verneren istorioek liluratuta, eta derrigortuta piraterian ere aritu zen. Garai horietan ezagutu zuen munduaren miseriaren kontzientzia hartuta, 15 urterekin anarkismoan militatzen hasi zen eta, beranduago, Robin Hood moderno baten gisara pobreei emateko aberatsei lapurtzen hasi zen.
Ikusten denez, bizitza zinez interesgarria izan zuen, komikian kontatzeko modukoa. Matz gidoilariak eta Léonard Chemineau marrazkilariak hartu dute beren gain egitekoa, eta ederto bete ere! Komiki aparta da, ongi kontatutako istorio batekin eta irudi ederrekin hornitua. Aurten euskaraz atera diren komikien harribitxietako bat.