"Herio anderearen trapupean", piratei buruzko egia orain komikian
Piratei buruz betidanik eta edonondik jaso dugun irudia mapak, altxorrak, egurrezko hankak eta antzeko topikoez baterik dago, eta haien bizitzak krudelkeriak, odolzaletasunak eta lapurreta-goseak gidatzen zituztela erakutsi zaigu. Baina norbaitek zerbait badaki haietaz Marcus Rediker da. Pittsburgh-eko Unibertsitatean irakasle da eta Atlantikoko Historian aditu, eta pirateriari buruzko liburu aunitz idatzitakoa da. Eta berak guztiz bestelako irudi bat aldarrikatzen du.
Izan ere, piratak sortu ziren garai batean non Ozeano Atlantikoan kapitalismorik basatiena zen nagusi: batetik, itsasontzietan klasismoa zen nagusi, ofizial aberats anker eta marinel guztiz zapaldu eta esplotatuekin; eta, bestetik, haietako askok esklabo kargamentua zeramaten, egoera are askoz okerragoetan. Eta ontzi piratak matxinatutako marinel eta esklaboek osatu zituzten. Kapitaina eta ofizialak denen artean aukeratzen zituzten, denek ongi jaten zuten eta harrapakina denen artean banatzen zuten, emakumezkoak ere parekidetasunez jarduten ziren, eta adindu eta elbarrituentzat elkar zaintza eta babes sistema zeukaten. Herri xehearen babesa zuten, baina historiara pasa den kontakizuna nobleziak, aberatsek eta jabego pribatuak egin dute... Baina egiatan, Rediker-en arabera, demokrazia, sozialismoa, genero-berdintasuna, kultura-aniztasuna, internazionalismoa eta gizarte-segurantza praktikatzen zituzten, hitz eta kontzeptu horiek existitzen ez zirenean ere!
Rediker-en 2004ko Villains of All Nations: Atlantic Pirates in the Golden Age liburuan oinarrituta egin zuen Under the Banner of King Death - Pirates of the Atlantic komikia David Lester-ek 2023an, zuri beltzezko irudi gordin eta biolentoez ilustratuta, halakoa baitzen idealismoz betetako bizitza hura. Istorioa Piraten Urrezko Aroan, hau da, 1660-1730 tartean, zentratzen da; eta, zehazkiago, Afrikako Printzea ontzia hartu eta Gaueko deitu zuten pirata-taldean, John Gwin, Mary Reed eta Ruben Dekker-ek kapitaneatutakoa. Fikziozko istorioa da, baina egiazko pertsonaia eta ekintzetan inspiratua (Mary Read, John Rackham, Black Bart-en Bunce uhartearen hartzea...).
Orain, Farmazia Beltzak eta Ra-Ki elkarteak euskarara ekarri dute komikia, Herio anderearen trapupean - Atlantikoko piratak izenburua jarririk. Koldo Almandoz eta David Zapirain arduratu dira euskal edizioaz, David Zapirainek itzuli du eta Garbiñe Ubedak egin ditu maketazioa, diseinua eta errotulazioa. Komikia itzuli den zazpigarren hizkuntza da euskara, Rediker-ek euskarazko itzulpen honentzat berariaz egindako hitzaurrean dioenez. Ikusten duzuenez, komiki benetan interesgarri eta gomendagarria. A!, eta David Zapirainek itzulpenean Hertzainak, Benito Lertxundi eta Negu Gorriak-ei lekua ere egin die! ;-)

