Harrieten beste lau manga 2025eko lehen erdi honetan
Japoniako manga komikiak euskaratzen jarraitzen du Harriet argitaletxearen Kabe manga zigiluak, eta sail berri bat hasi zuen otsailean: Buztan eta guzti. Mizu Sahararen sail honetan ezberdina izateak sortzen dituen zalantzak eta minak eta laguntasuna dira gaia; izan ere, institutuko ikasle den Utsumik buztan txiki bat du, eta bere ikaskide Nachik sekretua jakin eta babestu egiten du...
Horrez gain, otsailean ere atera zen Yuya Kanzakiren Change the world sailaren bigarren albuma, non berak nola jakin gabe benetan serieko hiltzaile den polizia batekin gorputza elkartrukatu duen Yuichi Satoren abenturek jarraipena izango duten.
Eta apirilean beste bi sailen jarraipenak atera dira. Alde batetik, Tsukumizuren Girls' last tour dugu. Mundu post-apokaliptiko batean moto-traktorean janari bila bidaiatzen duten Chito eta Juri neska gazteen abenturek seigarren liburua ikusi dute. Bestetik, Itaru Kinoshitaren Dinosaurs sanctuary sailaren bosgarrena ere atera da, dinosauro berpiztuz betetako irla/parke batean Suzume zaintzailearen bizipen gehiagorekin eta dinosauroei buruzko jakingarri gehiagorekin.
Guztiak ere Iker Alvarezek japonieratik zuzenean ekarri ditu euskarara. Manga zale gazteentzako material ugari eta askotarikoa, zalantzarik gabe!