Harriet argitaletxeak lau komiki atera ditu aurten
Aurtengo lehen seihilekoan atera diren euskarazko komiki-nobedade denak (guk dakigula) Harriet argitaletxearen eskutik etorri dira. Guztiak ere Frantziako merkatuan ateratako komikiak dira.
Batetik, Autobusa berriro bera gabe abiatu zen egunekoa. Iaz atera zen Frantzian Markok marraztutako eta Békak idatzitako komiki hau, eta arrakasta handia izaten ari omen da bertan. Hortaz, zortekoak gara komiki hau horren goiz euskaraz gozatu ahal dugulako. Clémentine, bizitzan bere lekua aurkitu nahian, meditazio talde batean dabil. Hauekin aste bukaerako irteera bat egitera joaten den batean, landa inguruneko geldialdi batean autobusa galdu du. Baina bertan pasatu beharko dituen egunak ezusteko aurkikuntza izango dira...
Bestetik, Hegoak astinduz komikian, Frantzian Bamboo etxeak ateratako bi album daude, bilduma horretako 1. zikloko edizio osoa alegia. Gidoia Laurent Galandon-ena da eta irudiak Arno Monin-enak. II. Mundu Gerran kokatutako komiki honetan, Simon jatorri judutarreko haur umezurtz bat da Alemaniak okupatutako Frantzian, horrek esan nahi duen guztiarekin: handik hona ibiliko da, umezurztegitik erreformatoriora, basotik kontzentrazio-eremura...
Horrez gain, imajina ditzakezu istorio berean Jack Tripa-ateratzailea eta Far West-a? Ba hori da Wounded komikian planteatzen zaiguna. Loïc Malnatik marraztutako Damien Marieren istorio honetan, Jack Tripa-ateratzailearen Londreseko krimenak gertatu eta bi urtera, haien antzeko erailketak gertatzen hasiko dira Mendebalde Urruneko mugaldeko herri batean...
Eta bukatzeko, Laurent Galandon Hegoak astinduzen gidoilari berarengandik datorkigu XX. mende hasierako haurrentzako kartzelei buruzko Inozoen errua istorio latza, Anlor-ek marraztua. Egindako delituengatik lau gazte nekazari-lanak egiten diren haurren kartzela batera eramango dituzte. Bizitza gogorra aurkituko dute bertan, eta handik ihes egitea amestuko dute lau lagunek.
Urte hasiera bikaina! Eta ez da honekin amaituko, komiki gehiago daude Harriet-en planetan!