Gartxot filma ostiral honetan estreinatuko da hegoaldean
XII. mendean bizitako Gartxot Itzaltzuko bardoaren istorioa ipuin herrikoien bidez zabaldu zen mendetan zehar, 1917an Arturo Kanpionek idatziz jaso zuen arte. 2003an Gartxot komikia argitaratu zuen Argiak, Asisko Urmeneta, Marko Armspach eta Jokin Larreak egindakoa. Iaz marrazki bizidunetako film laburra egin zuten Juanjo Elordik eta Asisko Urmenetak, Somuga ekoiztetxearen bidez. Eta ostiral honetan Elordi eta Urmenetak beraiek egindako film luzea, Gartxot - konkista aitzineko konkista, hau ere Somugarekin, hegoaldeko lau hiriburuetan estreinatuko da, geroago iparraldean ere estreinatzeko esperantzarekin.
Itxura bikaina dauka filmak: grafismo oso originala eta berezia du, istorioa beti oso ederra eta erakargarria iruditu zait, musika Benito Lertxundiren Gartxoti buruzko abesti ezagunek osatzen dute, eta beste detaile piloa ditu film honek berezia egiten dutenak. Webgune ikaragarri txukunean ikus daitezke zehaztasun gehiago, trailerra barne, egileei elkarrizketak... Liburua ere argitaratuko du Elkarrek filmarentzat osatutako dokumentazioarekin.
Zorionak egileei, ez baita lorpen makala euskarazko marrazki bizidunetako film bat zine-aretoetan estreinatzea (haurrentzako ez bada). Ni ikusteko irrikaz nago! Eta zu, irakurle?
Ikusteko irrikitan. Beldur pittin bat ere bai, zergatik ez… Baina gogoz ikusteko. Ea itxurari eta mailari eusten dioten!