Euskarazko Komikiaren Eguna, irailaren 29an
Euskarazko komikigintza sustatzeko asmoz, hainbat komikizale eta komikigilek Euskarazko Komikiaren Eguna ekimena abiarazi dugu. Aurten egingo da lehen edizioa, urtero egun berean jarraipena izateko asmoz. Eta ekimen hori ospatzeko eguna irailaren 29a izango da.
Izan ere, 1979ko irailaren 29an argitaratu zen Olariaga handiaren Zakilixut pertsonaiaren lehen zinta, geroztik milaka zinta izan dituena eta 45 urteren ondoren argitaratzen jarraitzen dena. Eta orduan, 70-80ko hamarkadetan, izan zuten hasiera euskarazko komikigintzaren ekimen garrantzitsu askok (Ipurbeltz, Habeko Mik, Napartheid...), gero beste batzuetan jarraipena izan dutenak (Xabiroi, H28...) eta gaur egungo euskarazko komikien oparotasun garaiotara ekarri gaituztenak. Horrela, iragana, oraina eta etorkizunaren lotura sinbolizatu nahi du egun honek.
Egun horretan egingo diren jarduera edota ekitaldiak ez dira modu zentralizatuan antolatu edo koordinatuak izango. Norbanako, elkarte, enpresa, erakunde eta komunikabide oro dago gonbidatuta ekarpenak egitera, bakoitza bere modura. Hona egin daitezkeen ekintzen adibide batzuk (bestelako ideiak ere ongi etorriak izango dira):
- Sortzaileak
- Sare sozialetan marrazki, argazki edo bideoak partekatu (adb. nire komiki kuttuna)
- Komiki gomendioak edo iritziak zabaldu
- #EuskalKomikiarenEguna etiketa erabili
- Dendak, banatzaileak, argitaletxeak...
- Euskarazko komikien promozio bereziak (deskontuak, opariak...)
- Euskarazko komikiak leku nabarmenetan bistaratu
- Sinadura-saioak edo aurkezpenak antolatu
- Komunikabideak
- Egunaren berri eman
- Ikastetxeak, liburutegiak...
- Komiki-tailerrak antolatu
- Komikigileak gonbidatu solasaldietarako
- Zaleak eta Irakurleak
- Gomendio eta iritziak partekatu sare sozialetan
- Euskarazko komiki iruzkinak egin
- Etiketaren erabilera sustatu
- Erakundeak
- Tokiko erakundeen babesaz herri mailako ekimenak bultzatu
- Eguna zabaltzen lagundu herri eta udalen artean
Badakizue ba, zauden tokitik hasi hor aipatutakoen moduko jarduerak antolatzen, edota bestela mezua zabaltzen!
(ekimenari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, idatzi euskalkomikieguna@gmail.com helbidera)