Euskarazko komiki-lehiaketak martxan: I. Kromiki lehiaketa eta XIII. Ibarra-Galtzakomik lehiaketa
Euskarazko komikientzako bi lehiaketak dituzte epeak zabalik egunotan. Batetik, lehenbizikoz egingo den Kromiki lehiaketa, Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak antolatuta. Lanek euskaraz egon eta Hernanirekin zerikusia izan beharko dute. Adinaren araberako hiru kategoria egongo dira. Epaimahaikideak hiru kromikilari izango dira (Hernaniko Kronikako komikigileak, alegia): Ana Almandoz, Alai Zubimendi eta Ainara Azpiazi Axpi. Sariak komiki sorta bat, komikia Kronikan argitaratzea eta epaimahaikideen ilustrazio pertsonalizatu bana izango dira. Lanak aurkezteko epea urriaren 16a da. Oinarri zehatzak Doberaren webgunean daude eskuragarri.
Bestetik, Ibarra-Galtzakomik lehiaketaren XIII. edizioa martxan da, Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarrako Udalarekin elkarlanean antolatuta. Hemen ere lanek euskaraz egon beharko dute, gaia librea da eta adinaren arabera banatutako lau kategoria daude, bakoitza babesle inoiz baino ugariagoek (Ibarrako udala, Xabiroi komiki-aldizkaria, Mahala, Tamayo, Ibarrako merkatarien elkartea, Danon Txokoa eta Eguzkilore tabernak, Babel liburu denda eta Elkar megadenda) emandako sari ezberdinekin. Lanak azaroaren 30a bitartean aurkez daitezke, eta oinarriak Galtzaundiren webgunean ikus daitezke.
Animatu, bada!