"El eternauta" komikiaren inguruko solasaldia Egiako kultur etxean
Komiki argentinarrean dagoen lan edo pertsonaiarik ezagunenetakoa (Mafalda eta Inodoro Pereyraren baimenarekin) El Eternauta izango da ziurrenik. 1957 eta 1959 urteen artean argitaratutako zientzia-fikziozko lan honen gidoia H. G. Oesterheld-ena da (bere konpromiso politikoagatik 1977an Argentinako diktadurak bahitu zuena eta geroago, uste denez, hil zuena) eta irudiak F. Solano López-enak. Bertan, elurte misteriotsu bat hasi da bat-batean eta maluta soil bat ukitzen duen bizidun oro istantean ziplo erortzen da hilik. Etxe barruan zeudelako bizirik atera diren jende apurrak, buzoenen antzeko janzki isolatzaileak soinean jarrita kalera ateratzen hasten dira, bizirauteko beharrezko duten gauzen bila eta elurraren jatorria ikertzera. Eta aurkituko dute... Nahikoa! Irakurri komikia, merezi du eta.
Bada, kurtso honetan Donostiako Egia auzoko kultur-etxean zientzia-fikziozko lanen inguruko literatur solasaldiak antolatu dituzte, hilean behin izaten direnak, eta aukeratu duten lanetako bat El Eternauta da. Otsailaren 1ean izango da, gaztelaniaz. Aukera ederra komiki klasiko apart honen inguruan gehiago jakiteko eta solastatzeko.