Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog / Dani Fano: “Psikostasia beste hainbat gauzaz hitz egiteko aitzakia izan da”

Dani Fano: “Psikostasia beste hainbat gauzaz hitz egiteko aitzakia izan da”

e-gor 2012/12/03 22:45
Dani Fanori Xabiroirako egin nion elkarrizketa, bertsio osoan. Anubis 3.0 bere album berriaz gain, komikigintzaz orokorrean eta partikularki euskarazkoaz, euskal kulturaz, kultura popularraz, digitalizazioaz... eta beste hainbat gaiz aritu ginen.

Daniri Xabiroi aldizkarirako Anubis 3.0 albumaren harira egin nion elkarrizketaren bertsio osoa dakart hona. Egiten nuen lehen elkarrizketa zen, eta nabari da: elkarrizketatuari galdera laburrak egin eta berari gauzak azaltzen utzi beharrean, galdera luzeak ere egin nituen nire iritzia emanaz... Nik berari elkarrizketa bat egin baino, bion artean izandako elkarrizketa bat da momentu batzuetan, Dani lagun izateak emandako konfidantzak bultzatuta... Tira, hala ere, Danik oso ongi ezagutzen du hemengo komiki-mundua eta gauza oso interesgarriak esan zituela iruditzen zait ez soilik bere albumaz, baita ere komikigintzaz orokorrean eta partikularki euskarazkoaz, euskal kulturaz, kultura popularraz, digitalizazioaz... Eta denak ez zuenez tokirik izan Xabiroin, hemen daukazue 45 minutuko elkarrizketa osoaren transkribapena. Xabiroiko elkarrizketan agertutako argazkiak ere sartu ditut, eta harako aldizkariko hainbat kolaboratzailek egindako Daniren karikaturak ere bai (Asisko, Adur, Lope, Iñaki G. Holgado eta Zaldieroa). Ongi esanak kontuan hartu eta gaizki esanak barkatu! (Daniren merituz dira lehenak, eta nire erruz bigarrenak)

Dani Fano: “Psikostasia beste hainbat gauzaz hitz egiteko aitzakia izan da”

Pertsonen arimaren pisua neurtuko lukeen makinarik bagenu, zer uste duzue esango lukeela bankari, publizista, kalakari, esplotatzaile eta antzekoez? Planteamendu hori dauka Anubis 3.0 komikiak, Xabiroin azken urteetan atalka argitaratu ondoren orain albumean aterako denak. Zientzia-fikziozko komikia izanagatik, gaurkotasun handiko gaia da, argi dago. Jende mota horien eta horiek kontrolatutako sistemaren aurka mendeku pertsonala hartzen du albumean Dani Fano egileak.

Anubis 1
Argazkia: Maite Landatxe

Anubis 3.0 komikian psikostasia deritzon gaia planteatzen duzu. Zer da psikostasia zehazki?

Psikostasia da arimaren pisatzea. Antzinako egiptoarrak hasi ziren arimaren pisatzea aipatzen mito bezala. Baina Anubis ez da psikotasiari buruz. Psikostasia izan da oso aitzakia polita beste hainbat gauzaz hitz egiteko. Duela hainbat urte (ez dut gogoan zenbat), nire eskuetan erori zen National Geographic aldizkariaren zenbaki bat, egiptoarren Hildakoen liburua aipatzen zuena. Orduan ni justu ari nintzen bilatzen istorio autokonklusiboak egiteko aitzakia bat. Eta perfektua iruditu zitzaidan. Arimarik gabeko jendea! Orduan, bada bai, psikostasia Anubisen aipatzen da, baina ez da komikiaren ardatza.

Komikian irudikatu duzu jendearen arima pisatzen duen makina bat, eta pisu horrek adierazten du pertsona bat ona edo txarra den. Etorkizunean kokatutako zientzia fikzioa da, beraz, baina gaurkotasun handiko istorioak kontatzen ditu.

Bai, hala da. Behin entzun nuen, Iban Zalduaren ahotan uste dut, zientzia fikzioa gaurko gauzez hitz egiteko modu bat dela. Eta horrekin ados egonda, nik ez nuen urrutiko etorkizun bat planteatu nahi. Noski, gaur ez dugu arima pisatzen duen makinarik (ez dakigu arima zer den edo dagoen ere!), eta horregatik kokatu behar nuen etorkizunean. Baina ez hain urrutikoa, 2030 inguruan gertatzen da, ze nik nahi nuen gure gaurko munduaz hitz egin, gure gaurko mundua populatzen duten ergel ugariez hain zuzen ere.

Aipatu duzun Hildakoen liburuan, arimaren pisatzea da pertsona bat hil ondorengo bizitzara joateko epaiketa, zintzoa edo gaiztoa izan den ikusteko. Zure komikiko pertsonaia guztiak (bankaria, enpresari esplotatzailea, tertulianoa...) epaiketatik oso gaizki ateratzen dira. Mendeku pertsonal bat hartu duzu hor?

"Lagun hurkoari ezikusiarena egin dioten pertsona horiek, noizbait beraien berekoikeria ordaintzen dutela pentsatu nahi dut"

Erabat! Ikusten da ulertu duzula komikia, kar kar kar... Nire amaren osabak esaten zuen bizitzan, ortuan bezala, ereindakoa jasotzen dela. Nik ez dakit hala den, ziur aski bai. Baina ziur aski ere, batentzat tomate goxoa dena beste batentzat kaka putza da; adibidez, niretzat lagunak izatea da onena, baina beste batek agian nahiago du Mercedes bat. Edonola ere, nire ametsetan, kabroiak izan diren eta lagun hurkoari ezikusiarena egin dioten pertsona horiek, noizbait beraien berekoikeria ordaintzen dutela pentsatu nahi dut. Bizitza errealean hala gertatzen den? Ziur aski ez, edo ez beti behintzat. Horregatik, komikian behintzat mendekua hartu dut.

Lasaiago gelditzen gara, halako justizia dibino bat badagoela pentsatuta.

Bai, hori da. Erlijiotan hori pentsatzen da. Eta hori zen egiptoarren asunto hori ere, egiazko bizitza hiltzean hasten dela eta orain bizi dugun bizitza azterketa bat edo gerokorako prestatzeko pasatu beharreko zerbait dela.

Zein pertsonaia aurkituko ditugu epaituak arimaren pisatzearen bidez?

Denetatik apur bat. AEBetako publizista bat, goi mailako kirolariak dopatzen dituen kirol mediku italiar bat, esatari politiko eta zutabegile ustel espainol bat, banku-langile euskaldun bat eta giza baliabideen zuzendari txinatar bat. Ospe zaleak, botere zaleak, eta diruzaleak. Ez dut emakumezko pertsonaiarik aukeratu. Larrutu nahi nuen pertsonaia, diruzale eta handizalea, ez nuen emakumezko itxuraz ikusten. Gidoiaren hasierako zirriborroan telebistako aurkezle frantziar bat ere sartu nuen, eta emakumezkoa zen, baina, azkenean, kentzea erabaki nuen. Boterea eta dirua, gizonezkoen esku izan da orain arte, eta ez zitzaidan bidezkoa iruditzen emakume bat arimagabe horien artean sartzea. Agian hemendik 50 urtera… Ez ditut buruarekin aukeratu, aukeratzea erraietatik zuzen-zuzen atera zait. Oso garrantzitsua izan da ere niretzat, “lehen” munduko leku ezberdinetakoak izatea, batez ere mendebaldekoak; azken mendeetan diruzaletasunaren kulturaren buru izan baita mendebaldea. Zoritxarrez, hazkunde ekonomikoan sutsu ari diren beste lekuetako herriek arima gabeen hazkundean ere neurri berean ari dira. Baina, horiek ere, hemendik 50 urtera izango lukete lekua Anubisen...

Robota da azkenean denetan "humanoena" agian. Zientzia fikzioan sarri erabiltzen da robotaren irudia gizatasunaz hausnarketa egiteko (Blade Runner, I, robot...).

Uste dut robotak jakinmina irudikatzen duela, xalotasuna. Aipatu dituzun horiek ere, neurri batean, gauza bera irudikatzen dutela esan daiteke; horiek eta 2001: A space odyssey filmeko HAL konputagailua, adibidez. Sinpleak dira, matematikoak. Gizakiak ezagutzerakoan ateratzen dituzten ondorioak erradikalak dira, dudarik gabekoak, eta gu, aldiz, dudaz beterik bizi gara; beti beldurrez. Gizakiaren izaera aztertzeko oso ikuspegi erakargarria izaten da beldurrik eta dudarik ez duen robotarena.

Anubis 3.0 arte, gehienbat landu duzun generoa umorearena izan da. Baina azken bietan, Anubisen eta Kortsarioen ostatuan (orain Xabiroin ateratzen ari zaretena, zeinaren gidoia idazten duzun), gai serioagoak landu dituzu, beste genero batzuk (zientzia-fikzioa eta abentura/historikoa hain zuzen ere). Zein duzu gustukoen? Eboluzio pertsonal bat dago hor, edo umorera itzultzeko asmoa duzu?

Nik uste dut gauza horiek guztiak daudela nire barruan. Idatzi izan dudanean (gaztetxotan-eta, olerkiak, ipuinak...), oso transzendentala jartzeko eta sakonkeria astunetan erortzeko joera izan dut. Baina bestalde, nik uste dut umorea maite dudala eta nire eguneroko bizitzan umoretsua naizela. Eta TeleAtoin (Xabiroin ateratako aurreko albuma) hori ateratzeko asmo zehatza izan nuen, alderdi transzendentala baztertuz. Komikigintzan hasi nintzenetik, umore grafikoa landu dut batez ere. Eta istorio luze bat planteatzerakoan, transzendentalismoa alde batera utzi nahi izan nuen; areago, justu plano pertsonalean garai transzendental bat bizitzen ari nintzelako. Baina Anubisekin hasi nintzenean, gorputzak eskatzen zidan hostiak banatzea. Dena den, uste dut Anubisek baduela bere umore puntua, umore beltza edo. Azken finean, obraren atzean beti dago autorea. Eta Kortsarioen ostatuan ere, istorio batzuk badute bere txistetxoa, nahiz eta honetan jo nahi nuen abenturara, edo abentura historikora, edo abenturara errealitate ukitu batzuekin.

"Ni oso eroso sentitzen naiz genero horietan guztietan: umorea, zientzia-fikzioa, abentura, historikoa... Baina askoz zailagoa da barre eragitea beste edozer sentimendu probokatzea baino"

Ni oso eroso sentitzen naiz genero horietan guztietan. Hala ere, onartu behar da egia dela beti esaten den topiko hori, askoz zailagoa dela barre eragitea beste edozer sentimendu probokatzea baino. Idaztea edo gauzak kontatzea sentimenduak probokatzea bada, umorea zalantzarik gabe zailenetakoa da, zailena ez bada.

Orain arte egin dituzun komikietan zu izan zara gidoilari eta marrazkilari. Kortsarioen ostatuan pasatu zara bakarrik gidoia egitera beste batek marrazteko. Ezberdina da? Zer moduzko esperientzia da?

Oso ezberdina. Prozesuko gauza asko berdin gertatzen dira, baina orokorrean oso ezberdina da. Eta kontrakoa tokatu zaidanean ere, beste baten gidoia marraztea alegia, oso ezberdina da. Hau da, oso ezberdina da gidoilari izatea, edo marrazkilari izatea, edo biak. Hor sartzen dira talde dinamikak, eta ni ohituta nago taldean lan egitera. Gero hori ongi joan behar da, eta Guillermorekin (Kortsarioen ostatuaren marrazkigilea da Guillermo Gonzalez), oso ongi doa. Zuk pentsatzea eta, lapitza ukitu gabe, Guillermoren irudi zoragarri horiek jasotzea, opari bat jasotzea bezala da. Orduan, ardura askoz gutxiago sentitzen da, gidoilari baten marrazkilaria zarenean baino; beste baten istorioa marraztean, nahiz eta zuri ere gustatu eta zurea egin, ez da gauza bera, erantzun behar diozu. Eta polita da, tirabirak ere egoten diren arren. Guillermo gaixoa erotzen dut dokumentazioarekin: kaia ez zen horrela, hau kendu, hau ezin da agertu... Baina oso aberasgarria da. Talde lanari buruz esaten diren topiko guztiak (bi buru jartzen direla martxan eta emaitza hobea dela, aberasgarria dela...) egia dira. Hori bai, nire joera, martzianoa eta ermitaua naizen aldetik, beti bakarkako lana egitea da, baina bestea gustura egiten dut. Anubisen adibidez Asiskok parte hartu du, atal batean bere gidoi bat marraztu dut (egia esan, ez da nabaritzen, ze oso ondo ulertu zituen istorioaren nondik norakoak) eta proiektuaren hasieratik egon gara elkarlanean.

Komikigintzari dagokionez, ba al duzu beste lanik esku artean, edo etorkizuneko proiekturik?

Bai, beti daude gauzak esku artean eta buruan, egon behar dute. Orain Kortsarioen ostatuarekin badut denbora baterako. Gero ziurrenik ez dut Xabiroin beste sail luze bat egingo, Xabiroitik kanpoko proiektu luze batean bainago. Baina tarteka istorio laburren bat edo kolaborazio bat, gidoilari gisa edo marrazkilari gisa, egingo dudala pentsatzen dut. Eta noski, seme jaioberria, hori daukat orain proiekturik handiena.

Komikigintzaz gain, eta komikilari gehienak bezala, beste lan askotan ere aritzen zara: diseinua, animazioa, ilustrazioa... Zein atsegin duzu gehien? Zure pasioa komikia da eta besteak jan ahal izateko egiten dira, edo denak berdin maite dituzu?

Komikigileok sekulako suertea daukagu, gure txikitako edo gaztetako afizioa lanbide bihurtu dugu. Baina lanbide bihurtzen denetik ez da hain dibertigarria, kar kar kar... Irudigintzaren munduan, jakina, nik baditut nire preferentziak.

"Komikigileok sekulako suertea daukagu, gure txikitako edo gaztetako afizioa lanbide bihurtu dugu"

Adibidez, animazioa ez zait batere gustatzen, ni sinpletasunaren aldekoa bainaiz eta animazioak baliabide asko behar ditu. Aurreko enkarnazioan artisaua-edo izango nintzen, eta niri gustatzen zaizkit bizpahiru pertsonen artean, etxean, baliabide gutxirekin, brikolaje moduan egiten diren gauzak. Animaziozko pelikula ziztrinenak daukan aurrekontuarekin 30.000 Xabiroi egin daitezke!

Erosoena ilustrazioa da, gozamena da. Testu luze bat daukazu, hortik aukeratzen duzu irudi politena eta egiten duzu. Oso erosoa eta gustagarria da.

Baina ni asetzen nauena komikia da. Ilustrazioa motz geratzen da. Komikia lan oso neketsua da, gauza asko hartu behar dira kontuan: erritmoa, planoak... Hizkuntza konplikatuagoa da. Baina berez, nire joera komikirakoa da, gehiago asetzen nau.

Beraz, laburtuz: komikia gustukoen, baina tarteka, atseden hartzeko, ilustrazioa.

Eta Xabiroi aldizkariko koordinatzaile eta editore lana, zer moduzko esperientzia da?

Opari bat. Tira, gauzen buru edo arduradun egoteak baditu bere desabantailak, baina Xabiroiko lantaldearekin lan egitea oso erraza da. Kasu honetan topikoaren guztiz kontrara (komikigileak alperrak, bohemioak... direla), oso jende arduratsua da. Oso zaila da marrazkiaz bizitzea, eta marrazkiaz bizi dena derrigor izan behar da oso langile fina, arduratsua, epeak eta eskakizunak betetzen dituena. Horrez gain, kontatzeko gauzak dituen jendea da. Jende horrekin lan egitea opari zoragarria bat da. Bestalde, aldizkaria ez denez hilero ere ateratzen, ez da lan zaila. Eta Ikastolen Elkartearekiko harremanak ere oso onak dira hasieratik. Beraz, lan polita, erraza eta gustagarria.

Eta lan ona egiten duzuela gehituko nuke nik.

Eskerrik asko.

Nola ikusten duzu komikigintza orokorrean, gaur egun?

Bat nator Juanma Diaz de Gereñuk esaten duenarekin: komikizaleentzat eta irakurleentzat hau da inoiz izan den garairik onena. Inoiz baino aukera gehiago dago, formatu ausartagoak...

Irakurle helduentzat bai, baina haurrentzat kontrakoa agian...

Bai, horretan huts egiten du. Frantzian ziur aski ez da horrela, baina hemen bai. Eta AEBetan ere bai; Arthur Suydam-ek gauza bera zioen, komikigintza hazi egin dela garai bateko irakurleekin batera.

Baina aldi berean ez da haurrentzat ezer egiten. Badirudi haurrentzat ipuinak eta literatura besterik ez direla egokiak. Lehen komikiak batez ere haurrentzat ziren, zerbait bazegoen helduentzat, baina orain batez ere helduentzat egiten da eta haurrentzat oso gutxi dago.

Guztiz ados, eta hori zen Arthur-en kezka, Avilés-en entzun nion horri buruz hitz egiten. Adibide gisa superheroien komikiak jartzen zituen: 80ko hamarkadako gidoiak oso sinpleak dira, haurrentzakoak; eta gaur egungoak oso konplexuak dira. Irakurlearekin batera garatu dira, eta garapen hori oso ongi dago. Baina ez dute buelta osoa eman...

Ez dute harrobia lantzen. Ez bada jarraitzen haurrentzat zerbait egiten, etorkizunean ez da egongo nork irakurri...

Hala da. Horretaz oso kontziente dira Frantzian. Han jarraitzen dute haurrentzako komiki-aldizkariak egiten, defizitarioak izanagatik, inbertsio bat dela jakinik.

"Animazioa ez zait batere gustatzen; erosoena ilustrazioa da; baina ni asetzen nauena komikia da"

Txikitxoen mundua ez da hain zaila, gurasoek edozein gauza erosten baitute. Baina gaztetxoena, Xabiroiren helburu-publikoa hain zuen, oso zaila da. Gauza askoren eskaintza ikaragarria dute, gurasoek ez dute edozer gauza erosten, beraiek ez dute dirurik... Konpetentzia ikaragarria da orain. Estetikoki, adibidez, jauzi ikaragarria egon da. Star Wars eta Eraztunen Jaunaren artean kristoren diferentzia dago. Tira, eta Star Wars agian libratzen da, baina bideojokoek gaur egun duten sofistikazioa, estetika eta irudien maila izugarria da. Gazteak gaur ezin dituzu lau marrazkitxo sinplerekin limurtu, horiena berdindu behar duzu.

Hala ere, hor badago pertzepzio oker bat. Badirudi alderdi estetikoak edo sofistikazioak markatzen dutela produktu baten kalitatea, eta ez da horrela, film bat, bideojoko bat edo komiki bat ona izan daiteke aspaldikoa izanagatik edota teknikoki sinple eginagatik. Baina egia da zaila dela publiko hori erakartzea irudi sinpleekin...

Baina egin behar da hori ere, puntu bateraino. Gorde behar duzu Arranotxu, adibidez.

Anubis 2
Irudia: Asisko, Adur, Lope, Iñaki G. Holgado, Zaldieroa

Oso proiekzio polita egiten zuen Raquel Alzatek. Zioen nerabe bat pultsio sexual ibiltari bat dela, desioak eta irudiak mugitzen duena, eta irudiarekin erakarri behar duzula. Bere ustez, emakume gero eta gehiago sartu dira komikian azken aldian mangaren bidez. 80ko hamarkadako irudi-proposamena (Richard Corben eta), oso bideratuta zegoen gizonezkoengana. Emakumeak norekin maitemintzen dira, Conan El Bárbarorekin edo Corto Maltésekin? Cortorekin, hau da, sotiltasuna, lau marra. Eta hori da manga estiloa, lau marrarekin pertsonaia sotil bat.

Beraz, irudia zaintzea, modu batera edo bestera, sofistikazioaz edo sinpletasunaz, garrantzitsua da engantxatzeko, batez ere gaztetxoekin.

Xabiroiko egileei, marrazki surrealistak-eta sartzen dituztenean, galdetzen diet ea noiz iritsi ziren beraiek surrealismora. Ez al zuten 15 urterekin flipatzen Galactica eta Blade Runner ikusten? Maus hartuko du gaztetxo batek? Igoal irakurtzen duenean gustatuko zaio, baina hartuko du irakurtzeko? Hori da galdera. Eta guk daukagu literatura idatziak ez daukana: irudiaren indarra. Azal indartsu batek asko egiten du. Dei Gaztelumendiren azala duen Xabiroia agortuta dago, ez da alerik gelditzen! Guk irudiaren indarra daukagu eta erabili egin behar dugu.

Nola ikusten duzu komikigintzaren egoera Euskal Herrian?

Askotan, komikigintzari buruz hitz egiten denbora asko galtzen da eta ez da komikiei buruz hitz egiten. Komikigintza zer da? Apokaliptikoa jarriko naiz, nahiz eta ez nukeen nahiko (hainbestetan atera naute adierazpen apokaliptikoekin!), baina aitor dezagun: hemen komikigintza ez da existitzen! “Gintza” atzizkiak zerbait egiten dela adierazten du. Eta hemen ez dago ezer!

Ez dago industriarik, ez dago argitaletxerik komikietara dedikatzen dena...

Ez dago euskal komikigintzarik. Astiberri argitaletxea dago, Euskal Herrian finkatutakoa, baina bere produkzioaren %99 gaztelaniaz egiten du eta merkatua Espainia du.

Aurreko urtea ona izan zen euskarazko komikiarentzat, bai; inoiz baino euskarazko komiki gehiago atera ziren. Baina aurten ikusiko dugu ea hori zirkunstantziala izan zen edo joera bat dagoen. Joera bat bada, ongi etorria izan dadila. Hala ere, nik uste dut zirkunstantziala izan dela, gauza batzuk bai baitakizkit nola gertatu diren.

"Hemen komikigintza ez da existitzen [...] Aurreko urtean inoiz baino euskarazko komiki gehiago atera ziren; baina aurten ikusiko dugu ea hori zirkunstantziala izan zen edo joera bat dagoen"

Adibidez, Unai Iturriaga eta Alex Sanviren Udaberririk ankerrena komikia Durango 1936 Kultur Elkartearen ekimen puntual bat izan da. Ez da argitaletxe batek bultzatutako lana izan. Agian horregatik geratu da hain zoragarria eta freskoa, kar kar...

1512 – Nafarroa, amets urratua ere erabat zirkunstantziala izan da. Joseba Asironen iniziatiba bat, garai justua zelako. Indianoarena ere zirkunstantziala da, Galtzagorrik berreskuratu du aspaldiko komiki bat orain berriz argitaratzeko, baina gehiago?

Xabiroirena ez da zirkunstantziala, guk urtero ateratzen dugu bat. Eta De Rerum Naturarena ere ez, Elkarrek bi urtean behin Patxi Huarteren zinten bilduma bat egiten duelako. Baina gehiago? Denborak esango du.

Entzuten dira oihartzun batzuk, “badirudi ez dakit nork hasi nahi duela”, baina garai txarrak dira horretarako. Asmoak ba omen daude, baina sosik ez...

Aitortu behar da ere abiapuntua oso txarra dela. Euskal kulturgintzan aritu izan diren sustatzaileak (argitaletxeak, elkarteak...) ez dute izan komikienganako joerarik. Egon dira Habeko Mik, Ipurbeltz, Ikusager... eta ezer gutxi gehiago! Oso-oso gutxi egin da.

Eta gainera horiek denak 70 eta 80ko hamarkadetakoak dira, aspaldikoak, gaur egun ez daude...

Baina justu orduan hasi zen sortzen euskal literatura idatzia, eta inork ez zuen pentsatu “ez dugu komikirik”. Eta pentsatu zenean, haurrentzat pentsatu zen. Begira, gure komikiak askotan jartzen dituzte haurren txokoan eta ez komikien gunean. Zergatik? Euskaraz direlako.

Ez da izango komikiak direlako, eta jendeak oraindik pentsatzen duelako komikiak haurrentzat direla?

Ez, ez! Okatxu, Piztia otzanak, Irati eta gureak bezalako beste gaztelaniazko komiki batzuk komikien gunean daude denda berean. Baina euskaraz badaude, haurren txokora! Eguneroko bizitzan bezala: helduekin gaztelaniaz, euskara haurrekin egiteko.

Euskarak, dena delako arrazoiengatik, ez dio eman aurpegia komikiari. Ze hemen komikigile onak garai guztietan egon dira... Baina hausnarketa honetara ez dugu komikigileok iritsi behar, kultura sustatzen aritu direnak egin behar dute.

Bai, bere garaian ikusi zen euskarazko telebista baten, literatura baten, egunkari baten... beharra, baina inork ez du ikusi euskarazko komikiaren beharrik.

Hori da. Ez da kasualitatea Habeko Mik ere euskara irakasteko helburuz sortu izana. Komikia beti da baliabide bat, ez berezko helburua. Haurrak irakurketara zaletzeko, euskaraz ikasteko... Eta komikigileok zirrikitu horiek baliatu ditugu berezko helburu diren komikiak egiteko. Hau da, Habeko Mik-eko komikiak ez dute helburu didaktikorik, sorkuntza hutsa ziren. Baina beti horrela ibili behar...

Horretan herentzia espainola daukagu. Orain hasi da Espainian komikia prestigioa hartzen, eta orduan gu atzetik, baina oso atzetik. Adibidez, nobela grafikoaren eztabaida ergel hori, espainolek gainditua dute jada, eta orain sartzen gara gu...

Baina pena da, espainolen ereduari jarraitzen ibiltzea, hor bertan dugunean Frantzia ere. Are gehiago, Euskal Herriko iparraldea ere jarrai genezakeen...

Hala da! Askotan hartu izan dugu eredutzat iparraldea, baina komikian ez, horretan oso espainolak gara. Eta espainolen eztabaidak izaten ditugu, adibidez nobela grafikoarena. Kultura frankofonoan ez da eztabaida hori egon, nobela grafikoa ez du inork aipatzen. BD (“Bande Dessinée”, hau da, komikia) egiten dute beraiek. Guy Delisleren webgunean sartzen zara eta ikusiko duzu berak egiten duela BD, ez “roman graphique” edo horrelakorik.

"Askotan hartu izan dugu eredutzat Euskal Herriko iparraldea, baina komikian ez; horretan oso espainolak gara"

Konplexuak daude nobela grafikoaren kontzeptuaren atzean, ez? Frantziarrek ez dute konplexurik, komikia maite dute eta komikia ona da berez. Hemen, aldiz, komikia egin nahi baduzu, beste izen bat eman behar diozu. Eta marketin kontuengatik ere egiten da, noski.

Euskarazko literatura idatzia sortu zenean, inork ez zuen sortu umorezko eleberririk. Intelektualtasuna zen nagusi, Leturiaren egunkari ezkutua eta, gauza sakonak. Kultura sakona izan behar baita... Kultura ez da sakona! Kultura gauza asko dira. Tom Sharpe ez al da literatura? Literatura eta oso ona gainera! Intelektualtasun egarri hori konplexuetatik sortzen da.

Bai, eta umorea bezala, genero beltza, beldurrezkoa edo entretenimenduzkotzat hartzen diren beste batzuk ere...

Bai, asko kostatu zaigu hori onartzea. Adibidez, hemen ez da Emilio Salgari bat inoiz aterako! Agian orain, pixkanaka... Egia da denbora behar dela gauzak aldatzeko.

Frantzian argi daukate hori, entretenimenduzkoa ona izan daitekeela. Niri ere, galdetzen badidazu zein den komiki hobea, Persepolis edo Asterixen Liskarra, ez dizut esango ez direla konparagarriak, ez. Argi esango dizut: Liskarra! Eta Maus edo El archivo corso? El archivo corso! Ez da soilik komikiak gehiago gustatzen zaizkidala, teknikoki ere hobeak iruditzen zaizkit, eta ez diot irudiagatik. Liskarrako barkuko eszenaren erritmoa, bineten trantsizioa... Edo Asterix Korsikan komikian “nire arrebari hitz egin diozu” bineta berdin horiek... Jenialtasun hutsa dira, eta han badakite apreziatzen eta euren ikono bihurtzen dute.

Gu, aldiz, konplexuz beteta gaude. Eta askotan egin ditugu gauza oso onak, ahaztuta gelditu direnak, bizkarra eman diegulako. Horregatik, abiapuntua oso eskasa da. Zerotik abiatu behar dugu. Edo minus 12tik!

Azken galdera bat: Zure ustez zer eragin izan dezake digitalizazioak (liburu elektronikoak, tabletak...) komikiaren munduan? Eta, bereziki, euskarazko etorkizuneko komikigintzari zertan erasan edo lagun diezaioke?

Digitalizazioak ekarriko duenaren inguruan gauza bakar bat dago argi: argitaratze prozesua merkatzen eta errazten duela. Horrek esan nahi du baliabide gutxiago behar direla argitaratzeko eta, beraz, abantaila guztiak sortzailearentzat izango dira. Bitartekari kopurua asko murriztu daiteke eta autoedizioa errazagoa bihurtzen da. Aukera asko irekitzen ditu honek. Orain arte oso zaila izan da komiki bat kaleratzea, oso garestia baita. Ez da nobela bat bezala, nobeletan papera askoz merkeagoa da, ez dago irudirik, ez dago kolorerik... Orduan, komiki bat ateratzeko argitaletxe baten bitartekaritza behar duzu, eta argitaletxeek komiki oso gutxi argitaratzen badute, odisea bat bizi behar duzu, milaka iragazki pasatu behar dira. Digitalizazioarekin oso erraz egin daiteke. Hori bai, oraindik bidea geratzen zaigu horretara iristeko.

Batzuk mehatxu moduan ikusten dute, baina mehatxua gehiago da batez ere argitaletxe, denda, banatzaile eta inprententzat...

Beldurra dago gauza berriei. Inork ez daki nola lortuko den kobratzea, pirateria hor dago...

Trantsizio-denbora bat beharko da...

Horretan hasi berriak baikara. Ematen du informatikan beteranoak garela, baina ume moko batzuk gara.

Jada existitzen diren industrientzat mehatxua izan daiteke, baina euskarazko komikigintza, esan dugun bezala, ez bada existitzen, digitalizazioak aukerak besterik ez dakartzala iruditzen zait.

Hemen ez dago pastelik, beraz ez dago zatirik banatzeko.

Baina gauza asko argitzeko daude. Oraindik ez dut argi funtzionatuko duen komiki digitalak. Angulemako azokan paper tonak eta tonak ikusten dira, haiek ez badira oraindik sartu... Liburu digitala errazagoa da, musikarena egina dago, baina komikia...

Irakurgailuek orain artean kolorerik ez zutelako, baina orain tabletekin...

Bai, iritsiko da hori ere. Etorkizuna hori da.

DANI FANO ARDANAZ (Donostia, 1968) Soin Hezkuntza ikasketak egina da, baina marrazkiak egitetik bizitzera jo zuen aspaldi, komikigintzan, ilustrazioan eta animazioan arituz. Ikastolen Elkarteko ikasmaterial asko ilustratu du, tartean Space Search ingelesa ikasteko CDa, Britainia Handiko ESU President's Award saria irabazi zuena. Umorezko
zintak egin zituen Ardi Beltza, Kale Gorria eta Mutxo aldizkarietan, eta horretan dabil Elhuyar aldizkarian. Ipurbeltzen Beto asmatzaileren istorioak egin zituen. Xabiroi aldizkaria koordinatzen du, eta bertan TeleAtoi eta Anubis 3.0 komikiak egin ditu atalka. Gaur egun Kortsarioen ostatua sailaren gidoia egiten ari da, Guillermo Gonzalezek marrazten duena.

Anubis 3
Argazkia: Maite Landatxe

Willy
Willy dio:
2012/12/10 21:25
Ondo, Igor... Zure galderak ez dira luzeak... ondo!!!
Eta Danik esaten duena, interesgarria. Ados nago sakona ez den kultura baloratu behar dela!!!!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10