CEAR Euskadi, Gehitu, Mugen Gainetik eta Cáritas Bizkaia elkarteen komikiak
Azken urteetan, irabazi asmorik gabeko elkarte eta gobernuz kanpoko erakunde ugari ari da komikia baliatzen bere mezua zabaltzeko. Horren erakusgarri, 2021 urte honetan ateratako hiru komikiak.
Errefuxiatuen eskubideen alde jarduten duen CEAR Euskadi elkarteak Alde egin edo hil komikia argitaratu du. Susanna Martínek egin du, eta Honduras eta El Salvadorretik arrazoi ezberdinengatik ihes egin behar izan duten hainbat pertsonen istorioak kontatzen dira bertan: krimen antolatutik, biolentzia LGTBIfobotik, indarkeria matxistatik... Eta harrerako herrialdeetan aurkitzen dituzten diskriminazio eta aurreiritziak ere salatzen ditu. Komikia elkarteari postaz eska dakioke.
Bestalde, Gehitu Euskal Herriko LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko elkarteak eta Mugen Gainetik txirotutako herrialdeen garapenerako GKEak Beste aldetik – Hemengo eta hango trans emakumeen bizipenak komikian atera du. Bertan Ertamerika zein Espainiako 8 emakumezko egilek (Teresa Castro, Susanna Martín, Sydney Hilton, María José Manzano, Catalina Parra, Elsa Ruiz, Sara Soler eta Xulia Vicente) beste hainbeste trans emakumeren istorioak kontatzen dituzte, propioak edo testigantzaz jasotakoak. Komikia doan deskargatzeko moduan jarri dute.
Azkenik, Cáritas Bizkaia elkarteak Konexio irekia komikia egin du. 2021ean zehar Cáritas Bizkaiako Namasté taldeak tailer kulturanitzak antolatu zituen beste herrialde batzuetatik datozen eta sare soziala handitu nahi duten gazteen sormen-trebetasunak garatzeko helburuarekin, Kike Infamek gidatuta. Eta tailer horren emaitzetako bat izan da komiki hau, tailerreko parte hartzaileen gidoia eta Kike Infameren irudiak dituena. Komiki hau ere dohainik deskargatu daiteke.