"Buyan" komikiari buruzko solasaldia azaroaren 10ean 19:00etan Intxaurrondo Kultur Etxean
Astearte honetan, azaroak 10, arratsaldeko 19:00etan, COVID-19a dela-eta maiatzean bertan behera gelditutako solasaldia egingo da Intxaurrondo Kultur Etxean, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberriaren gidoia eta Aritz Truebaren marrazkiak dituen Buyan - Heriotzaren uhartea komikiari buruzkoa hain zuzen ere. Solasaldia neuk aurkeztu eta gidatuko dut, euskaraz izango da eta bi gidoilariak (Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria) bertan izango dira. Aukera ederra lehen eskutik ezagutzeko abentura luze baina arrakastatsu hau, euskaraz autoeditatu eta nazioartean ere argitaratu dena.
Solasaldian pandemiagatiko kultur ekitaldietarako segurtasun neurri guztiak (aforoa, distantzia, ordutegia...) beteko dira. Baina mugikortasunerako dauden mugak direla eta, Donostiarekin mugakide diren herrietatik soilik bertaratu ahalko da (Donostiako Udalak COVID-aren inguruan duten FAQ orrian estekatzen den maparen arabera, Orio, Usurbil, Zizurkil, Andoain, Lasarte-Oria, Hernani, Astigarraga, Errenteria eta Pasaia dira herri horiek). Aforo kontuengatik, komeni da aurrez izena ematea intxaurrondoliburutegia[abildua]donostia.eus helbidean, bide batez desplazamendua justifikatzeko balio lezakeen (ziurtasunik ezin eman) izen-emate paper bat izateko.