Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

36 urteren ondoren, berriz ere euskaraz dugu Corto Maltese!

e-gor 2024/11/30 08:44
Haren lehen abentura "Itsaso gaziaren balada bat" atera du Astiberrik
36 urteren ondoren, berriz ere euskaraz dugu Corto Maltese!

Irudia: Hugo Pratt

Helduentzako komikien munduan pertsonaia ikonikorik bada, hori Corto Maltese da, aita Kornualleseko marinel bat eta ama Sevillako ijito bat dituen itsasgizona. Bere abenturak XX. mendeko lehen laurdenean kokatuta daude, eta garaiko pertsonaia eta gatazka errealak agertzen dira bertan, hala nola Lehen Mundu Gerra, Jack London, Irlandaren Independentziako Gerra edo Baroi Gorria. Hugo Pratt-ek idatzi zituen bere jatorrizko 29 istorioak 1967 eta 1988 bitartean.

Corto Maltese gure hizkuntzan aritua zen lehenago ere: 1986an Argiak atalka atera zuen lehen albuma, Itsaso gazituaren balada, eta 1988an Baionako Antxeta argitaletxeak euskaraz atera zituen Ethiopikoak, Afrikan kokatutako lau abenturak. Baina geroztik ez gehiago...

Bada, orain Astiberri argitaletxeak euskaraz atera du bere lehen abentura, Itsaso gaziaren balada bat, Irene Hurtado de Saratxok italieratik itzulita eta Umberto Ecoren hitzaurrearekin. Istoriorik luzeenetakoa eta, zalantzarik gabe, ezagunena dugu hau, sail osoaren aurkezpen modukoa baita. Bertan definitzen da pertsonaiaren izaera ziniko baina ongilea, eta agertzen dira gerora garrantzitsuak izango diren zenbait pertsonaia, Rasputin desertore errusiarra bereziki. Berri oso ona! Eta ondokoak ere etor daitezela!

Amaiurko setioari buruzko Oroz-en komikia

e-gor 2024/11/29 19:27
Mintzoak atera du, iazko Noaingo batailari buruzkoaren ondotik, jarraipena den "Amaiur 1522 - Inperioak berriz erasotzen du" hau ere
Amaiurko setioari buruzko Oroz-en komikia

Irudia: César Oroz

Duela urtebete atera zuen Mintzoa argitaletxeak César Oroz komunikabideetako umore grafiko egilearen Zirt-zart Nafarroan!! Noaingo bataila, 1521 komikia. Bada, orain haren jarraipena den Amaiur 1522 - Inperioak berriz erasotzen du atera du. Izenburuak dioen bezala, Noaingo bataila galdu ondoren etorri zen Nafarroaren konkista gauzatu ostean, Amaiurko Gazteluan Belatz kapitainaren gidaritzapean 100 nafarrek 500 soldadu espainiarren eskutik jasandako setio ezagunari buruzkoa da.

Txillidaren lana omendu eta ezagutarazteko komikia

e-gor 2024/11/28 09:37
David Martoren "Chillidaren mapa" atera du Norma argitaletxeak, artistaren jaiotzaren mendeurrenean
Txillidaren lana omendu eta ezagutarazteko komikia

Irudia: David Marto

Aurten bete dira 100 urte Eduardo Txillida eskultore donostiar ezaguna jaio zela, eta horren karira atera du Norma argitaletxeak Chillidaren mapa komikia, David Martok egina. Haren lana ezagutzeko gonbidapena da. Martak, aitonaren eraginez, Txillidaren obra miresten du txikitatik, eta aitona hiltzean harekin egin gabe utzitako bidaia hasten du Espainiako estatuan eta Euskal Herrian zehar barreiatutako Txillidaren zenbait eskultura ezagun bisitatuz. Lehenengo Toledo, Madril, Sevilla, Valladolid, Bartzelona eta Xixonen zehar ibiliz, Gasteiz, Gernika, Donostia eta Hernanin amaituko du bidaia, jakina, artistaren jaioterrian eta etxe-museoan.

Pradoko Giocondaren lapurreta Gerra Zibilean, "Ihes plana" komikian

e-gor 2024/11/27 18:38
Harriet etxeak argitaratu du Agustín Ferrer Casas-en komikia
Pradoko Giocondaren lapurreta Gerra Zibilean, "Ihes plana" komikian

Irudia: Agustín Ferrer Casas

Harriet argitaletxeak argitaratutako komiki berri honek, Agustín Ferrer Casas-en Ihes plana-k alegia, Gerra Zibilaren testuinguruan kokatzen du fikziozko arte lapurreta bat, nik ezagutzen ez nuen Pradoko Giocondarena zehazki (antza, Leonardo da Vinciren tailerreko ikasleren batek Giocondaren aldi berean egindako antzeko koadroa da).

Intrigazko trama polita ondu du Casasek, bi denbora-planotan kontatzen dena. Bat 1936an kokatzen da. Madril inguratu aurretik Errepublikako Gobernua Valentziara lekualdatu da, eta berarekin eraman ditu Pradoko Museoko lanik garrantzitsuenak. Horren jakitun, familia aberats batek lapurtu eta kopia batengatik ordeztu nahi du, ateratako diruarekin ihes egiteko. Baina hori lortu beharko du bonbardaketa gogorren erdian eta lehenbailehen, Gobernua eta artelanak berriz ere laster beste norabait eramango direla ziurra baita...

Gaur egungo denbora-planoan, arte aditu batek eta artelanen lapur batek balizko lapurreta/ordezkapen haren berri izan dute, eta lapurtutako jatorrizkoaren pisten atzetik dabiltza hura aurkitu nahian, horrek emango dien ospearen bila. Baina hau ere lehenbailehen egin beharko dute, Museoan dagoena zaharberritu behar baitute eta ziurrenik konturatuko baitira ez dela egiazkoa, beraiei primizia kenduz... Eta lapurrak, jakina, bere agenda propioa du...

Susanna Martinen komiki berri bat: "Paralinpikoak"

e-gor 2024/11/27 08:03
Basauriko Meeting Paralinpikoak atera du eta dohainik banatzen da
Susanna Martinen komiki berri bat: "Paralinpikoak"

Irudia: Susanna Martin

Basauriko Atletismo Paralinpikoko Javi Conde Klubak urtero proba paralinpikoak antolatzen ditu Basauriko Merkatari Elkartearen laguntzarekin, erreferente izanik estatuan. Iaz 25 urte bete zituztelako-edo, beraien lana ezagutarazi eta kirol paralinpikoaren inguruko kontzientzia hedatu asmoz, komikia atera dute aurten, Paralinpikoak. Susanna Martinek egin du eta lizentzia librearekin (CC BY-NC-ND 4.0) eta dohainik banatzen da. Internetetik ere deskarga daiteke.

Bertan zazpi atleta paralinpiko handiren istorioak kontatzen zaizkigu, denak mugen gainditze istorio zirraragarriak: Mikel García Agirrezabal, Rosalía Lázaro, Gilberto Alavez, Vanesa del Río, Javi Conde, Tania Castillo eta Carmen Giménez. Hitzaurrea Juan Manuel Montilla El Langui aktore eta raperoak egin du.

"Argia iraungi zen tokia": euskaldunak, espioitza eta esklaboen trafikoa eta matxinada Karibean

e-gor 2024/11/26 18:38
Harriet argitaletxeak atera du Mikel Begoña gidoilariaren komiki berria, Igor Sarralderen irudiak dituena
"Argia iraungi zen tokia": euskaldunak, espioitza eta esklaboen trafikoa eta matxinada Karibean

Irudia: Igor Sarralde

Paul Trévigne XIX. mendeko New Orleans-en kazetari eta eskubide zibilen aktibista izan zen. Haren aitona Joseph Tribinu ontzi-kapitain bizkaitarra zen, eta amona Margueritte Meunier askatutako esklaboa. Harriet argitaletxeak kaleratutako Argia iraungi zen tokia komiki honetan aiton-amona horien alegiazko bizitza posible bat kontatzen zaigu, non aurkituko ditugun Antilletako kolonia ingelesetako esklabo-trafikoa, esklaboen matxinadak, ornitologoz mozorrotutako espioi espainiar bat... Ez da aspertzerik Mikel Begoñak (Arditutakoak, Helize, Hiru etxe Santa Monikan...) ondutako istorio berri honetan, Igor Sarralderen marrazki eta kolore biziekin komikiratu duena, Harriet etxearen eskutik.

"Botere handi batek", edo euskal gatazka superheroiekin

e-gor 2024/11/26 07:35
Iban Zaldua eta Julen Ribasen komiki bikain hau da Xabiroiren aurtengo albuma
"Botere handi batek", edo euskal gatazka superheroiekin

Irudia: Julen Ribas

Nola izango litzateke superheroien komiki bat euskal gatazkaren testuinguru historikoan kokatuko bagenu? Edo nolakoa zatekeen euskal gatazka superheroiak tarteko baleude? Ariketa hori egin nahi izan du Iban Zalduak bere azken komikiaren gidoian, eta Julen Ribasek marrazkiak jarririk, emaitza Botere handi batek komikia dugu.

Aurretik Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi komiki-aldizkarian azken hiru urteotan-edo atalka argia ikusitako komiki honetan, Francoren gobernua superheroiak sortzen ari da Bardeetako base sekretuan, baina diktadorearen heriotzak eragindako nahaspilan, supergizakiek ihes egiten dute eta gatazkan parte hartzen dute bando ezberdinetan. Hala, fikziozko istorioa eta pertsonaiak agertzen zaizkigu (Fisio, Fusio, Depresore, Lady Toledo, Barrenero, Atari, Zatiki, Porlana, Makadama...), baina zenbait gertaera, ekintza edo toki historiko esanguratsuri erreferentzia argia egiten dieten episodioak ere badaude: La Cumbre, Zabalza, Yoyes, Ajuria Eneko Ituna, Lemoiz, Ryan, Monbar hotela, Hipercor, Blanco...

Bi egileek lehenago ere landu zituzten ukronia, errealitate alternatiboak, distopia eta denbora-bidaiak Azken garaipena lanean, Euskadi Literatura sari bat eramandako lehen komikian. Horrez gain, nabariak dira istorioan Watchmen-en eta Marvelen komikien eragina (izenburua barne), biak Zalduaren zaletasun aitortuak. Irudiei dagokienez, superheroien ohiko estetikatik ihes egin du Ribasek, eta estilo berri berezi bat landu, bere ohiko irudien bidetik baina istoriora ederto egokituta.

Superheroien lehen komikietan dena oso zuri edo beltz bazen (garapenik eta benetako pertsonalitaterik gabeko pertsonaia on-onak edo gaizto-gaiztoak), 60ko hamarkadatik aurrera Marvel etxearen komikietan eta ondorengoetan heroien bizitza, harreman eta arazo pertsonalak agertzen baziren, eta 80ko hamarkadatik aurrera Watchmen komikian eta horrek eragindako ondokoetan superheroien moralitatea eta zilegitasuna zalantzan jartzen baziren, Botere handi batek-en, are buelta bat gehiago emanaz, supergizakiek gure iragan hurbil errealeko jarrera politiko errealak eta are indarkeriaren aldeko hautuak hartzen dituzte.

Baina halere, ez dago komiki honetan hausnarketa filosofiko sakonik edo lezio moralik emateko asmorik. Oroz gain, abenturazko komikia da, asmo jostagarriz egina, sinpletasunetik ihes egiten duena baina superheroien tradizioan kokatzen dena, zientzia fikzioa, denbora-bidaiak eta guzti dituena. Marvelen zinema-unibertsoarekin hazitako belaunaldiari hizkuntza horretan paratutako entretenimenduzko keinu eder bat, gure belaunaldikoen historia hurbiltzeko.

Harriet etxeak "Lehoi-ogroa" sailaren hirugarrena atera du, "Azken lehoia"

e-gor 2024/11/25 18:49
Bruno Bessadiren animalia antropomorfodun genero fantastikoko seriea album honekin amaituko da
Harriet etxeak "Lehoi-ogroa" sailaren hirugarrena atera du, "Azken lehoia"

Irudia: Bruno Bessadi

Bruno Bessadiren Lehoi-ogroa sailaren hirugarren eta azken albuma, Azken lehoia, atera du Harriet argitaletxeak. Animalia antropomorfodun sail fantastiko honen aurreko albumetan ezagutu genuen Kgosi lehoia, zeinak ez duen ezer gogoratzen bere iraganaz eta ez dakien zergatik bihurtzen den animalia haragijaleak hiltzen dituen deabru. Baina bere lagun Wilt antxumeak, Othila sagu gerlariak eta Hind azeriak lagunduta, azkenik bere jatorria gogoratu du. Bigarren liburuaren amaieran jaioterrira itzultzeko bidean utzi genuen; han bere anaia Kagiso usurpatzailea garaitu beharko du, bere herria askatzeko eta animalia guztien arteko berdintasuna berriz lortzeko...

Javier de Isusiren komikia behar bereziak dituzten haurren harrera familien errealitateaz

e-gor 2024/11/25 08:11
Astiberrik atera du "Goizero"
Javier de Isusiren komikia behar bereziak dituzten haurren harrera familien errealitateaz

Irudia: Javier de Isusi

Javier de Isusi bilbotarra oso egile ezaguna dugu estatu mailan zein nazioartean. Haren Los viajes de Juan sin Tierra tetralogia, Hego Ameriketan egin zituen bidaiek inspiratutako fikziozko istorioez osatua, hizkuntza askotara itzuli da, eta La divina comedia de Oscar Wilde lanarekin Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen 2020an. Bere ohiko argitaletxe Astiberrik euskaraz ere atera izan ditu Baleak ikusi ditut eta Asӯlum, eta hala egin du bere azken lanarekin ere, Goizero. Kalte emozional larriak dituzten haurrei harrera ematen dieten familien errealitatea ezagutarazten da bertan, Ana eta Laia lagunen fikziozko istorioaren bidez. Biek berariazko prestakuntza dute halako egoeran dauden haurren premiei erantzun ahal izateko, eta beren gain hartzen dute 24x7-ko dedikazioa eskatzen dien lan hori, bere alde on eta txar guztiekin.

"Mugako Dragoiak - Azote" komikia argitaratu du Harriet etxeak

e-gor 2024/11/24 20:45
Saileko bigarren komiki honen gidoilariak Gregorio Muro "Harriet" izaten jarraitzen du, baina oraingoan marrazkiak Pedro Camellok egin ditu eta koloreak Seijas-ek
"Mugako Dragoiak - Azote" komikia argitaratu du Harriet etxeak

Irudia: Pedro Camello

Mugako Dragoiak sailean, Gregorio Muro Harriet bere egileak gogora ekarri nahi ditu gaur egun AEBen hegoaldea eta Mexikoko iparraldea diren mugako lurraldeetan XVIII. mendean izandako gatazketako benetako kontakizunak, tartean euskaldun jatorriko protagonistak zirela. 2021ean ikusi zuen argia lehen liburukiak (izatez bi albumen bilduma zenak eta sailaren izenburu generiko hutsa zuenak), Iván Gil-en irudi eta Ekaitz Agirre Garluken koloreekin.

Bada, orain saileko bigarren liburukia atera da, Azote izenburua duena. Kasu honetan, bi albumez osatuko den azpisailaren lehenengoa dugu eta, beraz, jarraipena izango duen istorioa da. Eta gidoilaria izan ezik beste egileak berriak dira: marrazkiak Pedro Camellok egin ditu eta koloreak Seijas-ek. Eta Harriet etxeak eman du argitara, aurrekoak bezala.

Aurreko albumean ezagutu genituen Mexiko Berriko gobernadore Juan Bautista Anza hernaniarra eta haren dragoien taldeko kideak komiki honetan berriz azalduko dira, eta hemen ere pertsonaia historiko euskal herritar berri bat ezagutuko dugu: Cristobal Maria Larrañaga, Mexiko Berrian mediku aritua, lurralde haietan nafarreria edo baztangaren aurka haurrak txertatzen aitzindari izan zena. Baina beste gertakizun eta protagonista batzuk dakarzkigu komikiak. Texas-era joandako kanariar jatorriko kolonoen ondoko den Azuzena Acosta Azote ezizenarekin da ezagun, zartagailuarekin duen trebetasunagatik. Louisianako kontrabandista batzuei indiarren eraso batetik lagundu ondoren, haietako batekin, Armand Beaubien-ekin, ezkonduko da. Biek batera, Azuzenaren aitaren ganadu talde bat iparraldera daramate, ingelesengandik banatu nahi duten iparramerikarrei saltzeko, baina Espainia ere ingelesen aurkako gerran sartu da, eta horrek bidea are zailago egingo du...

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024 2025
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10