e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
H28, euskarazko komiki-aldizkari satiriko digital berria!
Joe ze poza! Euskarazko komiki berrien argitaraketen berri ematera ohituta gaude blog honetan (urtean izaten dira batzuk), baina argitalpen periodiko berrien berri ematera ez hainbeste. Xabiroiren sorrera eman genuen duela urte asko, baina Ipurbeltzen itxiera ere bai geroago... Horregatik, be yeda de odguyo y satisfacion H28 euskarazko komiki-aldizkari satiriko digital honen albistea ematea!
Euskal komikien panoramako aurpegi ezagunek jarri dute martxan proiektu hau (Dani Fano, Asisko, Marko, Zaldieroa, Adur, Patxi Gallego, Exprai, Unai Iturriaga, Josevisky...), baina kolaboraziotarako irekita dago. Hilerokoa izango da, eta 28an aterako. Digitala eta onlinekoa izango da, eta momentuz ISSUUn dago, http://issuu.com/h28aldizkaria/docs/h28_saretirikoa helbidean. Twitter kontua ere badute, @H28aldizkaria. Arkatzak zorroztuta, ostiak ezker-eskuin banatzeko prest, lehen zenbakian ikusten den bezala!
Albiste bikaina da hau. Adierazpen askatasunaren aldeko ekintza benetakoa, ez Parisen argazkia atera eta gero argitalpenak bahitu, umoristak espetxeratu edo komunikabideak ixten dituztenena modukoa. Biba H28!
Xabiroiren bi zenbaki berri atera dira pasa den udazkenean
Ikastolen Elkartearen Xabiroi komiki-aldizkariak hiru zenbaki atera ohi ditu urtean (otsailean, ekainean eta urrian). Baina 2014an abenduan beste zenbaki bat kaleratu du, lehen zeukan urteroko zenbaki bereziaren tradizioa berreskuratuz. Bi horietako edukien berri emango dizuegu hemen.
33. zenbakian ondoko edukiak aurkituko dituzue:
- Dei Gaztelumendi Deisignen azala
- Neuk egindako Albisteen txokoa
- Adur Larrearen Xabiroienea umorezko banda
- Auzomorro umorezko orri bikoitza, Sanviren gidoi eta irudiekin
- Haur besoetakoa sailaren 8 orri, Unai Iturriagaren gidoia eta Sanviren irudiekin
- 5 orriko Info.eus istorioa, Asiskoren gidoia eta Jon Juarezen irudiekin
- Asiskoren Hor Konpost zinta
- Manu Ortegaren Haizea banda
- Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak zinta
- Unai Iturriaga eta Sanviri Haur besoetakoa albumaren inguruan egindako bi orriko elkarrizketa
- ZaldiEroaren Arranotxuren beste bi orri
- Mendozaren iztartekoa 6 orriko istorioa, David Zapirainen gidoia, Dani Fanoren irudiak eta Sedyasen koloreekin
- Egoitz Lasaren gidoia eta Loperen irudiak dituen Zonbiñe umorezko sailaren 3 orri
Eta 34.ean:
- Arthur Suydamen azala
- Neure Albisteen txokoa
- Adur Larrearen Xabiroienea zintaren beste entrega bat
- Sanviren Auzomorroren beste bi orri
- Frédéric Bertocchiniren gidoia, Marko Armspach eta Iñaki Holgadoren irudiak eta Nuria Sayagoren koloreak dituen Gaitzeko berria, hainbat kortsikarren Lehen Mundu Gerrako istorioak kontatzen dituen Aiò Zitelli! album atera berriaren istorioetako bat, 7 orrikoa
- Sanviren 4 orriko Bushido istorioa
- Asiskoren Hor Konpost zinta
- Manu Ortegaren Haizea banda
- Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak zinta
- Xabiroiri Getxoko Komiki-Azokak emandako sariaren inguruko erreportajea
- ZaldiEroaren Arranotxuren beste bi orri
- Javier de Isusiri egindako bi orriko elkarrizketa Baleak ikusi ditut dela-eta
- Joseviskyren Urrezko pasea bi orriko istorioa
- Mikel Begoñaren gidoia eta Adur Larrearen irudiak dituen The last shot 4 orriko istorioa
- Egoitz Lasaren gidoia eta Loperen irudiak dituen Zonbiñe umorezko sailaren 2 orri
Ez galdu! Eta gogoratu harpidetza egiteko aukera dagoela orain!