Bi komiki-lehiaketa interesgarri
Komikiak egiten badituzu, udaberri honetan bi aukera polit dituzu zure lana bultzatzen eta ezagutarazten saiatzeko. Batetik, urtero bezala martxan da berriz ere Basauriko Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako 2008 komiki-lehiaketa. Martxoaren 31 bitarte dago lanak bidaltzeko aukera. Lehenengo saria 900€ dira, bigarrena 450€ eta hirugarrena 300€, eta horrez gain, 300 euroko sari bana dago euskarazko lanik onenari eta Basauriko lanik onenari. Oinarri zehatzak, epaimahaia eta informazio gehiago euren web gunean aurkituko duzu. Iaz ere izan genuen hizpide lehiaketa hori, partehartzaile guztien lan guztiak online ikusteko aukera eman zutela-eta.
Bestetik, Alhóndiga Bilbao elkarteak beka bat emango dio komikigile bati Angoulêmeko La maison des auteurs zentroan urtebetez aritzeko, Europako komiki-zentro entzutetsuenean alegia. Irabazleak urtebetez bertan komiki-sorkuntzan jarduteko aukera izango du, baldintza ezin hobeagotan. Zentroko ekipamendu eta baliabide guztiak erabiltzeko eta beste bekadunekin ideiak trukatzeko aukera izateaz gain, urtebeteko alojamendua ordainduko zaio eta soldata bat ere izango du. Beka lortu nahi dutenek 18 urte beteta izan behar dituzte eta komiki bat sortzeko proiektu bat aurkeztu beharko dute, paperean edo euskarri informatikoan, idatzizko garapen batekin eta irudiekin, apirilaren 14a baino lehenago. Epaimahaiaren burua Max komikigile ospetsua izango da, berriki Espainiako Komikiaren Sari Nazionala irabazi duena. Bekaren oinarri zehatzak web gunean dauzkazu irakurgai.
Zeren zain zaudete? Benga marraztera!