Beñat eta Unai Gaztelumendik "Bidea da borroka" komikiaren jarraipena dakarkigute: "Azken afaria"
Bertsolari aldizkariak azken urteotan komikiak argitaratzea ohikoa bilakatu da. Hala ikusi ditugu Nork, Nori, Arditutakoak edo 2021ean Beñat eta Unai Gaztelumendiren Bidea da borroka. Bada, orain azken horren jarraipena atera dute 140. zenbakitzat: Azken afaria.
Bidea da borrokan Gaztelumendi anaiek, Martin Artola bertsolariaren finalerako bidea aitzakia hartuta, beraien belaunaldiko euskal giroko gazteen kontuen inguruan hausnartu zuten: lehenagoko garaien borroka eta epikara berandu heldu eta galdu izana, aurreko belaunaldiei ez huts egiteko presioa, bazterrean utzitako lagunak, prekarietatea, gizonezkoen pribilegioak... Oraingoan, Martin gailurrera iritsi ondorengo erorialdi betean dago, eta lagunekin egiten duen afari batean ateratzen diren gaiek ematen diete egileei aitzakia 40en inguruan daudenen kontuez hitz egiteko: gurasotasun( behartu)az, burgesteaz, kanperrez, geopolitikaz, ekologiaz, bakardadeaz, komunitateaz... eta, esango nuke, batez ere laguntasunaz.
Horretaz guztiaz hitz egiteko pertsonaia (asko aurreko komikian ezagututakoak), bertso eta irudi ederto eginak eta istorio ongi harilkatua baliatzen dituzte, komiki atsegin eta aldi berean sakona osotuz.

