Asterix frankiziako hiru komiki berri aurton
Asterixen abenturen jatorrizko sortzaile eta egile René Goscinny eta Albert Uderzo duela urte dezente hilik egon arren, galiar heroiaren abenturek Salvat/Bruño etxearen eta beste egile batzuen eskutik aurrera jarraitzen dute, eta Idefix txakurtxoaren haurrentzako spin-offa ere hasi zuten. Bada, 2025ean Asterixen frankiziako hiru komiki berrik ikusi dute argia.
Alde batetik, Obelixen txakur txiki Idefixengan zentratutako Idefix eta menderakaitzak sailak (zeinak ETB3n eta Makusin animazioko seriea ere baduen) seigarren zenbakia kaleratu zen otsailean, Basoa argitan, Matthieu Choquet, Cédric Bacconnier eta Olivier Jean-Marieren gidoiarekin eta Jean Bastideren marrazkiekin; eta zazpigarrena urrian atera zen, Lutezian barrena, Lison d'Andréa, Philippe Clerc eta Olivier Serranoren gidoiekin eta Philippe Fenechen marrazkiekin.
Bestetik, Asterixen album berri bat ere atera zen urrian, Asterix Lusitanian. Zazpigarrena da Goscinny eta Uderzorik gabe egiten dutena, eta bigarrena Uderzoren aholkularitzarik gabe. Bigarrena da baita ere egile talde berak egiten duena: Fabcaro da gidoilaria eta Didier Conrad marrazkilaria (honek marraztu ditu Uderzo ondorengo zazpiak). Oraingo honetan Lusitaniara joan beharko dute, gaur egungo Portugalera. Jainkoen Egoitza abenturan ezagutu zuten esklabo ohi bat iritsi da galiar menderaezinen herrira, Asterix eta Obelixen (eta, jakina, edabe magikoaren efektu ahaltsuen) laguntzaren bila... Abentura berri bat hasi da gure lagunentzat!
Maddalen Arzallusek itzuli ditu Asterixena eta Idefixen seigarrena, eta Usua Lasak Idefixen zazpigarrena.

