"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
Txikia nintzeneko serieetatik, Arturo Erregea izango da gehien gogoratzen dudanetako bat. Aspalditik nenbilen sarean eta eMulen bere bila (haurrentzat, noski ;-), eta duela gutxi aurkitu nituen seriearen 30 ataletatik 18 Euskal Encodings-en! Eta laster falta diren 12 atalak jarriko omen dituzte!
Duela urte eta erdi aurkeztu zutenean, ideia oso ona iruditu zitzaidan euskarazko bideoak ripeatu eta elkartrukatzeko web gune hau, baina orduan oraindik apenas zeukan edukirik... Lehengo egunean, Google-ek Arturo Erregea bilatuta bertara eraman ninduenean, harrituta gelditu nintzen bertan zegoen eduki guztiarekin! Gutxi batzuk aipatzearren: Arturo Erregearen 18 atal, Dragoi Bolaren 300dik gora atal, Pernando amezketarraren 26 atalak, Shin Chan-en 72 atal, Txirritaren 37 atal, Super heroien legioaren 12 atal, Tintinen 8 film, Jaun ta jaberen 5 atal... Eta hau lagin txiki bat besterik ez da, animaziozko nahiz irudi errealeko serie eta film mordoa dago. Gauza txar bakarra da gehienak eMule-ko estekak direla eta, jende gehiegi ez dabilenez, oso mantso jaisten dela dena... Tira, hemen horren berri eman eta gero agian jende gehiago hasiko da jaisten eta azkarrago joango da...
Telebista eta beste medioak entzunda, hainbat jendek pentsatuko du horrelako gauzetan ibiltzea ("pirateoa") legez kanpokoa dela. Ba ez da horrela, irabazi asmorik gabe bada filmak nahiz musika elkartrukatzea guztiz legala da. Edo agian batek baino gehiagok pentsatuko duzue, nire lagun batek uste duen bezala, euskal filmak pirateatzeak euskal ekoiztetxeak edo ETB kaltetzen dituela eta, beraiekin batera, baita euskara ere. Baina nire ustez, Euskal Encodings-ekoak kristoren lana egiten ari dira euskararen alde.
Batetik, Euskal Encodings-en dauden ia gauzarik gehienak ez daude euskaraz salgai. Noizbait telebistan edo zineetan bota zituzten, eta kito. Inongo ekoiztetxek edo banatzailek ez du DVDan merkaturatu. Edo merkaturatu baziren, aspaldi izan zen, edo tirada txikian, eta jada deskatalogatuta daude. Beraz, ez dut uste inori kalte egiten dionik... Alderantziz, uste dut ekoiztetxe horien jarrerak kaltetzen duela euskara. Euskarazko oso bideo gutxi aurkitzen dira dendetan edo liburutegietan. Haur txikientzat bai, badaude, baina koskortxoagoentzat edo gaztetxoentzat apenas dagoen ezer. Abenturazko edo super heroien serieak ikusi nahi dituzten haurrek beste hizkuntza batzuetan erostea beste erremediorik ez dute... Ziurrenik, ekoiztetxeek edo ETBk hori egiten dute horrelakoak haurrenak baino gutxiago saltzen direlako eta ekoizte eta banatze kostuak errentabilizatzea zailagoa delako, baina zergatik ez dituzte Internetetik jaisteko salgai jartzen, kostuak askoz txikiagoak baitira horrela?
Bestetik, serie eta film horien euskararako itzulpen eta bikoizketa gehienak ETBk ordaindu ditu, edo hobe esanda, guztion diru publikoaz ordaindu dira, euskararen onerako direlako. Beraz, ez al da zilegi eta euskararen onerako horiek behin soilik bota ordez nahi dugunean ikusteko aukera izatea?
Euskal Encodings-ekoek egiten duten lana ez da nolanahikoa. DVD deskatalogatuak nonbaiten erosi edo lortu eta ripeatu, edo DVDak beste hizkuntza batzuetan lortu eta telebistatik edo VHStik grabatutako audioa erantsi... Eta lan hori guztia, guk filmak eta serieak denon diruz ordaindu diren euskarazko bertsioan ikusi eta entzun ahal izan ditzagun... Benetan, Euskal Encodings-ekoek guztion esker ona eta aitortza merezi dute. Ziur egunen baten Euskararen bidegileak bilduman agertuko direla!
Eskerrikasko E-gor Euskal-encodings-en berri emateagatik. Benetan lan bikaina egiten ari direna eta etxean marrazki bizidun kontsumitzaileak ditugunontzat aukera bikaina! Gure alabak gehiago ikusten du Youtube telebista ortodoxoa baino, hor bere gustura joan daitekeelako marrazki bizidunak aukeratzen, baina euskarazko gutxi aurkitzen da hor, eta emulen ere orain arte euskarazko marrazki bizidunak ez genituen hain erraz aurkitzen. Hau pagotxa da eta erabiliko dugu, bai horixe! Arraroa euskal-encodings-ek aurretik propaganda gehiago ez egin izana ez? Ondo legoke Sustatun ateratzea zure post hau!