Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

CEAR Euskadi, Gehitu, Mugen Gainetik eta Cáritas Bizkaia elkarteen komikiak

e-gor 2021/12/28 10:44
"Alde egin edo hil", "Beste aldetik" eta "Konexio irekia" atera dituzte
CEAR Euskadi, Gehitu, Mugen Gainetik eta Cáritas Bizkaia elkarteen komikiak

Irudia: Susanna Martín / Xulia Vicente / Kike Infame

Azken urteetan, irabazi asmorik gabeko elkarte eta gobernuz kanpoko erakunde ugari ari da komikia baliatzen bere mezua zabaltzeko. Horren erakusgarri, 2021 urte honetan ateratako hiru komikiak.

Errefuxiatuen eskubideen alde jarduten duen CEAR Euskadi elkarteak Alde egin edo hil komikia argitaratu du. Susanna Martínek egin du, eta Honduras eta El Salvadorretik arrazoi ezberdinengatik ihes egin behar izan duten hainbat pertsonen istorioak kontatzen dira bertan: krimen antolatutik, biolentzia LGTBIfobotik, indarkeria matxistatik... Eta harrerako herrialdeetan aurkitzen dituzten diskriminazio eta aurreiritziak ere salatzen ditu. Komikia elkarteari postaz eska dakioke.

Bestalde, Gehitu Euskal Herriko LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko elkarteak eta Mugen Gainetik txirotutako herrialdeen garapenerako GKEak Beste aldetik – Hemengo eta hango trans emakumeen bizipenak komikian atera du. Bertan Ertamerika zein Espainiako 8 emakumezko egilek (Teresa Castro, Susanna Martín, Sydney Hilton, María José Manzano, Catalina Parra, Elsa Ruiz, Sara Soler eta Xulia Vicente) beste hainbeste trans emakumeren istorioak kontatzen dituzte, propioak edo testigantzaz jasotakoak. Komikia doan deskargatzeko moduan jarri dute.

Azkenik, Cáritas Bizkaia elkarteak Konexio irekia komikia egin du. 2021ean zehar Cáritas Bizkaiako Namasté taldeak tailer kulturanitzak antolatu zituen beste herrialde batzuetatik datozen eta sare soziala handitu nahi duten gazteen sormen-trebetasunak garatzeko helburuarekin, Kike Infamek gidatuta. Eta tailer horren emaitzetako bat izan da komiki hau, tailerreko parte hartzaileen gidoia eta Kike Infameren irudiak dituena. Komiki hau ere dohainik deskargatu daiteke.

"Jacob, gaueko langilea", Txalapartaren aurtengo komikia

e-gor 2021/12/21 08:45
Alexandre Jacob aberatsen desjabetzaile anarkistaren bizitza kontatzen da komiki aparta honetan
"Jacob, gaueko langilea", Txalapartaren aurtengo komikia

Irudia: Chemineau

Txalaparta argitaletxeak azkenaldian ia-ia urtero ateratzen du komiki bat. 2018an Lucio Urtubia anarkista nafar mitikoaren bizitza kontatzen zuen Gerezi garaia argitaratu zuen. Urtubiak bankuak lapurtu edo, bere hitzetan, "desjabetzen" zituen txiroenen artean banatzeko eta kausarako. Bada, aurten beste aberatsen desjabetzaile anarkista baten, zehazki Alexandre Jacob-en, bizitza dakarkigute komiki-formatuan: Jacob, gaueko langilea. Jacob-en bizitza bide-erakusle izan zen Urtubiarentzat, haren biografia oheburuko liburu baitzuen nafarrak. Eta esaten da Maurice Leblanc-entzat Arsène Lupin pertsonaia sortzeko orduan inspirazio ere izan zela (egileak ukatzen zuen arren; baina kointzidentzia gehiegi dira: pertsonaia sortu zuen garaian, Jacob-en epaiketaren berri ematen zuen Leblanc-ek lan egiten zuen egunkariak, lapur biek soilik aberatsei lapurtzen diete ohar ironikoak utziz...).

1879an jaioa, 11 urterekin itsasoratu zen Jules Verneren istorioek liluratuta, eta derrigortuta piraterian ere aritu zen. Garai horietan ezagutu zuen munduaren miseriaren kontzientzia hartuta, 15 urterekin anarkismoan militatzen hasi zen eta, beranduago, Robin Hood moderno baten gisara pobreei emateko aberatsei lapurtzen hasi zen.

Ikusten denez, bizitza zinez interesgarria izan zuen, komikian kontatzeko modukoa. Matz gidoilariak eta Léonard Chemineau marrazkilariak hartu dute beren gain egitekoa, eta ederto bete ere! Komiki aparta da, ongi kontatutako istorio batekin eta irudi ederrekin hornitua. Aurten euskaraz atera diren komikien harribitxietako bat.

Jazinto Rivas "Elgeta" trikitixaren maisuaren bizitza komikiratu dute Ikastolen Elkarteak eta Trikitixa Elkarteak elkarlanean

e-gor 2021/12/04 20:45
Koldo Izagirrek egin du "Sasi artean Elgeta"ren gidoia, Dani Fanok marrazkiak eta Ekaitz Agirre "Garluk"ek koloreak
Jazinto Rivas "Elgeta" trikitixaren maisuaren bizitza komikiratu dute Ikastolen Elkarteak eta Trikitixa Elkarteak elkarlanean

Irudia: Dani Fano / Garluk

Azken urteetan atalka Xabiroin agertu ondoren, iritsi zaio ordua Sasi artean Elgetari album formatuan argia ikusteko.

Koldo Izagirrek idatzi, Dani Fanok marraztu eta Ekaitz Agirre Garlukek koloreztatutako komiki hau elkarlanean atera dute Ikastolen Elkarteak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Jazinto Rivas Elgeta XX. mendeko trikitilari mitikoaren bizitza kontatzen du: haurtzaroa, sozialismoa, gerra, kartzela, bizitza bohemioa, trikitixa kontuak... Bizitza berezi eta jakingarria, modu ederrean kontatua komiki bikain honetan.

Komiki formako beste aletxo bat gure historia ezagutzera emateko bidean. Ikusi ze bideo-trailer polita egin duten, eta hemen aurrerapen orri batzuk; ezin izango zara erosi gabe gelditu!

Dortokaren promesa 2

e-gor 2021/12/03 19:10
Stéphane Piatzszek eta Tiekoren sailaren bigarrena dakarkigu Harriet argitaletxeak
Dortokaren promesa 2

Irudia: Tieko

Iaz atera zuen Harriet argitaletxeak Stéphane Piatzszek gidoilariaren eta Tieko marrazkilariaren Dortokaren promesa, eta orain haren jarraipena dakarkigu, Dortokaren promesa 2. Bertan ikusiko dugu Quitt, Apolline eta Louiseren istorioaren jarraipena, frantziar gobernuak ingelesei kendu berri dieten Tortuga uhartera hango filibusteroekin populazioa finkatzeko bidalitako hiru emakume presoren abenturen jarraipena alegia.

"Bidea da borroka", Bertsolari aldizkariaren komiki berria

e-gor 2021/12/02 08:29
Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek egin dituzte, hurrenez hurren, gidoia eta marrazkiak
"Bidea da borroka", Bertsolari aldizkariaren komiki berria

Irudia: Unai Gaztelumendi

Nork, Nori eta Arditutakoaken ondoren, berriz ere Bertsolari aldizkariaren zenbaki bat komikia izango da. Beñat eta Unai Gaztelumendi anai bertsolariek egin dute elkarlanean Bidea da borroka, lehenak gidoia eta bigarrenak irudiak. BECeko finalera abestera doan Martin 35 urte inguruko bertsolaria da protagonista, eta bidean doala horraino eraman duen bide osoa gogoratuko du, hala belaunaldi horren eta egokitu zaien garai berri hauen analisi eta kronika umoretsua osatuz.

Harriet argitaletxeak Duhamel egilearen beste komiki bat dakarkigu: "Abelen bidaia"

e-gor 2021/11/30 19:24
Oraingo honetan, gidoia ere berea izan beharrean Isabelle Sivanena da
Harriet argitaletxeak Duhamel egilearen beste komiki bat dakarkigu: "Abelen bidaia"

Irudia: Duhamel

Harriet argitaletxeak aurretik hirutan argitaratu ditu gurean Bruno Duhamel egile frantziarraren komikiak: Itzulera, Inoiz ez eta #kontaktuberria_. Normalean istorioa zein marrazkiak berak egiten baditu ere, oraingoan Isabelle Sivanen gidoi batean oinarritutako Abelen bidaia dakarkigu, aurrekoak bezala samurtasunez betea eta landa-eremuko bizitzaren erretratua. Anai-arrebek alde egin zutelako desgogara egin behar izan zen Abel etxaldearen kargu, nahiz eta berak beti nahi izan duena alde egin eta bidaiatzea izan... Orain, zahartzaroan aurrera doala eta herritik inoiz atera gabea, Etiopiara joateko erabaki irmoa hartu du.

"Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta", Nabarralderen aurtengoa

e-gor 2021/11/30 07:43
Mikel Begoña eta Iñaketek egin dute XII. mendeko pertsonaia aski ezezagun honen inguruko komikia
"Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta", Nabarralderen aurtengoa

Irudia: Iñaket

Benjamin Tuterakoa XII. mendeko mendeko merkatari judua dugu, aski ezezaguna izan arren Marco Polok bere bidaia entzutetsua egin baino ehun urte lehenago gauza bertsua egin zuena. Bidaian ezagutu zituen gizarteen, euren ohituren eta bizimoduaren berri eman zuen Bidaien Liburua lanean. Mikel Begoñak idatzi du Nabarralderentzat Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta komikia, eta bertan Bidaien Liburuko zenbait pasarte esanguratsu kontatuko dizkio Benjaminek Antso Jakituna erregeari Gaztelako tropek bere erresumaren mendebaldeko aldea erasotzen zuten bitartean. Iñaketek egin ditu marrazkiak.

Gregorio Muro "Harriet"-en komiki berria: Mugako dragoiak

e-gor 2021/11/25 22:27
Iván Gil izan du gidoigile eta Garluk koloreztatzaile, eta Harriet argitaletxearekin atera du
Gregorio Muro "Harriet"-en komiki berria: Mugako dragoiak

Irudia: Iván Gil

Gregorio Muro Harriet mitikoaren komikigintzarako itzuleraren bigarren fruitua da Iván Gilen irudiak eta Ekaitz Agirre Garluken koloreak dauzkan Mugako dragoiak western hau. Urtearen hasieran Frantzian atera zena Glénaten eskutik saileko lehen albuma eta berriki bigarrena, eta orain Harriet argitaletxearen eskutik euskaraz atera da bi albumen bilduma. 120 orri dira guztira, azalpen historikoen 12 orri barne.

XVIII. mendearen amaieran, euskal jatorriko Juan Bautista Anza Mexiko Berriko gobernadorea da, eta larruzko dragoiak izenez ezagututako soldadu-taldeaz eta miliziano talde batzuez baliatuz, AEBen muga zaindu behar du, komantxeen erasoei aurre egin, lehorteak hilzorian jarritako herri eta tribu zenbait sorotsi... Komiki historikoa da, gertaera benetakoak baititu oinarri; baina Murok, ohi duen gisara, ikuspegi humanista batetik kontatu du.

"Sua", Su Ta Gar taldearen letretan oinarritutako komikia

e-gor 2021/11/23 20:51
Alex Telloren gidoia eta Julen Ribasen marrazkiekin, musika taldeak berak argitaratu du
"Sua", Su Ta Gar taldearen letretan oinarritutako komikia

Irudia: Julen Ribas

Su Ta Gar musika talde ezagunak komiki bat argitaratu du, Sua izenburuduna. Alex Tellok idatzi du istorioa eta Julen Ribasek marraztu. Baina, irudi lezakeen kontrara, ez da taldearen ibilbidea kontatzen duen komiki bat. Sua izeneko gazte baten istorioa dago komikian, eta istorio hori Su Ta Garren 36 kantaren letren zatien bidez kontatzen da. Taldeak bere kantuen bidez nola, hala islatu ditu komikiak ere Euskal Herriaren azken 30 urteen testuinguru soziopolitikoa, fikzioa, fantasia eta errealitatea uztartuz. Errutina, gizarte-injustiziak, polizia, tabernak, drogak, musika... hau da, gazte askoren bizitza erretratatuta ikusiko duzu 80 orriko komiki mardul, original eta bikain honetan.

"Jarraitu inurriari", Unai Elorriaga eta Alex Orbe

e-gor 2021/11/22 20:51
Harrietek argitaratu du komiki eder hau
"Jarraitu inurriari", Unai Elorriaga eta Alex Orbe

Irudia: Alex Orbe

Amaren bila, edo zain, erortzen ari den landetxe batean bizi diren aita ganorabakoa eta bera baino zentzudunagoa den 8 urteko alaba; burokraziak harrapatuta lanetik ezin atera dagoen emakume funtzionario gaztea; burua joaten ari zaion emakume nagusia... Pertsonaia eta istorio bitxi ezberdinak harilkatzen dira Unai Elorriaga gidoilariak eta Alex Orbe marrazkilariak ondutako eta Harriet etxeak argitaratutako errealismo magikoz zipriztindutako Jarraitu inurriari komiki eder honetan.

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10